190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKABARTE

Ordenantza fiskala, arautzen duena trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Behin betiko onespena

Ezkabarteko Udalak, 2021eko apirilaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, arautzen duena trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren aldaketaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

EZKABARTEKO UDALAREN ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko IV. kapitulua, 159. artikulutik 166. artikulura bitartekoak, biak barne (foru lege horrek Nafarroako Toki Ogasunak ditu hizpide).

Ezaugarriak eta zerga-egitatea

2. artikulua.

1. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga da zuzeneko tributu bat, karga ezartzen diena horrelako ibilgailuen titularrei, hain zuzen ere bide publikoetan ibiltzeko gai diren halako ibilgailuen titularrei, edozein izanik ere mota eta kategoria.

2. Zirkulatzeko gai den ibilgailutzat hartzen da egoki den erregistro publikoetan matrikulatutakoa, horietan baja ematen ez zaion bitartean. Zerga honen ondorioetarako, zirkulatzeko gai diren ibilgailutzat hartuko dira, orobat, aldi baterako baimenak eta matrikula turistikoa dituztenak.

3. Ibilgailuek ez dute zerga hau izanen baldin erregistroetan baja eman bazaie modeloa zaharregia izateagatik, nahiz eta baimena izan salbuespenez zirkulatzeko, erakustaldietarako, lehiaketetarako edo horrelako ibilgailuetara mugatutako lasterketetarako.

Salbuespenak

3. artikulua.

1. Honako hauek daude zerga honetatik salbuetsiak:

a) Nafarroako Foru Komunitatearen, Estatuaren eta toki-erakundeen ibilgailu ofizialak.

b) Bulego kontsularren eta Espainian akreditazioa duten karrerako funtzionario kontsularren ibilgailuak, baldin horiek beren herrialdeetako hiritarrak badira, eta, orobat, baldin kanpotik identifikaturik badaude eta elkarrekikotasunik bada kopuruan eta graduan.

Era berean, Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen ibilgailuak, bai eta haietako funtzionarioen edo estatutu diplomatikoa duten kideenak ere.

c) Anbulantziak eta osasun laguntza emateko zuzenean erabiltzen diren gainerako ibilgailuak, Espainiako Gurutze Gorriarenak eta DYA Elkartearenak direnak.

c’) Desgaitasuna duten pertsonak eramateko ibilgailuak, irabazi-asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutakoak.

d) Bereziki egokitutako ibilgailuen titularrak. Salbuetsirik egonen dira, halaber,%33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenen izenean matrikulatutako ibilgailuak baldin, desgaitasunaz gain, ezaugarri hauetakoren bat badute:

1. Mugikortasun murriztua izatea, bat etorriz abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin. Errege-dekretu horrek hizpide du desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedura.

2. Defizit kognitiboa, intelektuala edo nahasmendu mentala izatea.

3. Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

4. Adingabea izatea.

Muga hauek izanen ditu zerga-salbuespenak: gehienez 12 zaldi fiskal dituzten ibilgailuak, eta ibilgailu bat pertsonako.

e) Garraio publikoari atxikitako hiri barneko autobusak, baldin kontzesio administratiboaren araubidea badute eta araubide hori onartu badie zerga ezartzen duen udalak berak edo, zerbitzu hori zenbaiten artean ematen denean, araubide hori onartu badie elkarte horren barnean dagoen toki-erakunde batek.

f) Nekazaritzako inskripzio txartela duten traktoreak, atoiak, erdi-atoiak eta makinak.

2. Baliatu ahal izateko artikulu honen 1. apartatuko d) eta f) letretan aipatzen diren salbuespenak, interesdunek eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onura izateko arrazoia. Toki-erakundeak salbuespena deklaratu ondoren, hala dela frogatzen duen agiri bat eginen da.

3. d) apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, interesdunek aurkeztu beharko dituzte, eskabidearekin batera (hartan adieraziko da zerga-salbuespenerako ibilgailuaren matrikula), honako agiri hauek:

–Nortasun agiriaren fotokopia: NANa edo AIZa (atzerritarraren identifikazio-zenbakia).

–Desgaitasun mailaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emana.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

Zergaren subjektu pasiboak honako hauek dira: pertsona fisiko nahiz juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak eta bestelako erakundeak baldin, nortasun juridikorik izan gabe, unitate ekonomikoa edo ondare banandua badira eta zirkulazio baimenean beren izenean agertzen bada ibilgailua.

Kuota

5. artikulua.

1. Urtero indarrean den tarifen koadroarekin bat eskatuko da zerga.

2. Udalak honako hobari hauek ezartzen ditu zerga-kuotan:

a) %50eko hobaria ECO ibilgailuetarako.

b) Zergaren %100eko hobaria, matrikularen 1. urtetik 5.era bitarte, eta %50ekoa, 6. urtetik aurrera, hori barne, 0 isurpeneko ibilgailuetarako.

3. a) “EKO ibilgailuak” dira:

Turismoak eta merkataritzako ibilgailu arinak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Nolanahi ere, gainera, parametro hauek bete beharko dituzte: gasolina erregaia duten ibilgailuak, EURO 4/IV, 5/N edo 6/VI emisio-mailakoak, edo diesel erregaia, EURO 6N1 emisio-mailakoa.

8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC), gas natural likidotuz (GNL) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Nolanahi ere, ibilgailuen emisio-maila EURO 6/NI izatea ere bete beharko dute, erregai-mota edozein izanda ere.

Ibilgailu arinak (L kategoria), Ibilgailuen Erregistroan 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu hibrido entxufagarri (PHEV) gisa sailkatuta daudenak, edo entxufagarriak ez diren ibilgailu hibridoak (HEV).

Edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak halakotzat sailkatutako beste batzuk.

b) “Zero isurpeneko ibilgailuak” dira: ziklomotorrak, trizikloak, kuatrizikloak eta motozikletak; turismoak; furgoneta arinak, 8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, bai eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak halakotzat sailkatutako beste batzuk ere.

4. Hobari horiek lortzeko, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldaturik, eta hobaria eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia, eta frogatu beharko dute adierazitakoa egia dela, frogagiriak aurkeztuta.

5. Hobaria jasotzeko, Udalak aldez aurretik onartu egin beharko ditu, eta ondorioak izanen ditu eskaera egin eta hurrengo zergaldian. Nolanahi ere, matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute, Trafiko Burutzan alta hartzen dutenetik, hobaria eskatzeko, urte horretan bertan ondorioak izateko.

6. Gainera, hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean egotea zergaren ordainketan; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.

Zergaldia eta sortzapena

6. artikulua.

1. Zergaldia, oro har, bat etorriko da urte naturalarekin. Ibilgailuak lehen aldiz erosten direnean, erosketarekin batera hasiko da aldi hori.

2. Zergaldiaren lehen egunean sortuko da zerga.

3. Hiruhileko naturalen arabera hainbanatuko da zerga-kuota, lehen erosketaren kasuan edo ibilgailuari behin betiko baja ematen zaionean.

4. Transferentzia egiten bada, edo helbide aldaketarik bada eta horrek eraginik badu tributazioan, kuota ezin izanen da murriztu, eta zerga ordaintzera behartuta dagoena izanen da urtarrilaren 1ean ibilgailuaren zirkulazio-baimenean agertzen den titularra, eta, lehen erosketako kasuetan, erosketa egiten den egunean zirkulazio-baimenean agertzen den titularra.

Kudeaketa

7. artikulua.

Ezkabarteko Udalari dagozkio kudeaketa, likidazioa, ikuskapena eta diru-bilketa, baita tributu-kudeaketan izandako egintzak berrikustea ere, baldin ibilgailuaren zirkulazio-baimenean ageri den helbidea Ezkabarteko udal-mugartean badago.

8. artikulua.

1. Autolikidazio araubidean kudeatuko da zerga hau baldin ibilgailuek tributuan alta hartzen badute matrikulatzearen eta birgaitzearen ondorioz, ibilgailuak baja hartu duenean Probintziako Trafiko Burutzaren Erregistroan, aldi baterakoa nahiz behin betikoa, edo frogatu beharra denean zergaren ordainketa baldin Udalak ez badu oraindik likidatu.

2. Zerga ordainduko da autolikidazioa aurkezten denean edo zenbatekoa ordainduz Udalak baimendutako finantza-erakundeetan.

3. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ordaindu izanaren frogagiria, edo zergatik salbuetsia egotearena, Probintziako Trafiko Burutzan aurkeztu beharko dute ibilgailua matrikulatu, birgaitu edo transferitu nahi dutenek.

4. Autolikidazioa behin-behinekoa izanen da, harik eta udal-administrazioak egiaztatzen duen arte behar bezala egin dela, zergaren araudiak egoki aplikatuta.

9. artikulua.

1. Ibilgailua jada matrikulaturik badago edo zirkulaziorako gai deklaratua aurreko ekitaldietan, ordainagiria emanez kobratuko dira kuotak, oinarri harturik urteroko errolda edo matrikula bat, non agertuko baitira zergari lotutako ibilgailu guztiak, bat etorriko direnak egoki den erregistro publikoan Ezkabarteko udal-mugartean helbideratutako pertsonen edo erakundeen izenean inskribatutako ibilgailuekin.

2. Ordainagiriak ordainduko dira Udalak baimendutako finantza-erakundeetan.

10. artikulua.

1. Ibilgailuari behin betiko baja ematen zaionean, edo behin-behineko likidazioan gehiegi ordaindu denean, subjektu pasiboaren aldeko kuota proportzionalak subjektu pasiboei itzuliko zaizkie, ibilgailuaren behin betiko bajaren eta matrikulazioaren frogagiriak aurkezten dituenean.

2. Orobat, egoki den erregistro publikoan ibilgailuari aldi baterako baja ematen zaionean, ebasketagatik, galtzeagatik edo borondatezko bajagatik, halakoetan ere kuota hainbanatu eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Udalak onetsitako ordenantza fiskal orokorra.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz indargabetzen edo aldatzen ez den bitartean.

Ezkabarten, 2021eko uztailaren 28an.–Alkatea, Pedro Lezaun Esparza.

Iragarkiaren kodea: L2111824