190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTIKA

Ordenantza, Artikako Kontzejuko hilerria arautzen duena.
Behin betiko onespena

Artikako Kontzejuak, 2021eko ekainaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Artikako hilerria arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia 2021eko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 15ean, eta legeak ezarritako jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta testu osoa ematen da jarraian.

Artikan, 2021eko uztailaren 27an.–Kontzejuko burua, Cristina Recalde Vallejo.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA, ARTIKAKO HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 39. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Artikako Kontzejuari dagokio hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Zerga-egitatea da hilerriko zerbitzuak ematea, eta lurra edo nitxoak lagatzea denbora tarte baterako. 23. artikuluan ezarri dira ordain beharreko tasak.

3. artikulua. Subjektu pasiboa. Tasen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak, eta izan daitezke pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

b) Ehorzteko eskubideen ordainarazpenetan, ehorzketak antolatu edo hilotzak hilerrira eramaten dituzten ehorztetxeak dira zergadunen ordezkoak.

4. artikulua. Zerga-oinarria zehaztuko da zergapeko egintzaren izaeraren arabera, eta, ordenantza honen ondorioetarako, honako hauek izanen dira:

–Ehorzketak.

–Desobiratzeak.

–Lurrak eta nitxoak lagatzea.

5. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

6. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek eskabidea aurkeztu beharko diote Artikako Kontzejuko Alkatetza-Kontzejuko Burutzari.

7. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira Kontzejuko biztanleria zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

8. artikulua. Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

9. artikulua. Hilerrian, lur ematen ahalko zaio ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi, kasu hauetakoren bat bada:

a) Heriotza egunean Artikan erroldatutako herritarren hilotzak.

b) Herrian gutxienez ere 5 urte (frogaturik) bizi izan direnen hilotzak.

c) Goiko baldintzak ez bete arren, aurreko ahaideak edo ondorengoak Artikako hilerrian lurperatuta dauzkatenen hilotzak.

Halaber, legezko izapideak bete behar dira eta, ehorzteko eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu behar dira zerbitzuagatik.

Artikako Kontzejua arduratuko da hilobia, nitxoa edo kolunbarioa ehorzketarako prestatuta edukitzeaz.

10. artikulua. Ezin izanen da zementuzko itxiturarik edo lauzarik jarri. Ordenantza hau onesteak ez dakar berekin hilobien gainean jada jarrita daudenak kendu behar izatea, beharrezko kasuetan izan ezik.

11. artikulua. Kontzejuak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko, hilerriaren esparruan gertatzen diren lapurretengatik edo kalteengatik, halakorik gertatuz gero.

12. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak egiteagatik tasak ordaindutakoan erabiltzen ahalko dira hilerriko lurrak, lurreko hilobietarako, nitxoetarako edo kolunbarioetarako, 25 urterako gutxienez.

13. artikulua. Titularren ardura da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura egoera egokian mantentzea.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Kontzejuak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzaten. Epe hori iraganik, Kontzejuak berak eginen ditu lan horiek, eta sortzen den kargua titularrei ordainaraziko die.

14. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik ere buka daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

II. KAPITULUA

Ehorzteak, desobiratzeak, lekualdatzeak eta autopsiak

15. artikulua.

1.–Hilotzak edo gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraituko zaie.

2.–Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; beste gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

3.–Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak atera edo ehorzteko, hilerri honetara edo beste hilerri batera eraman nahi direnean, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua).

Nolanahi ere, osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

16. artikulua. Hilotzak edo gorpuzkiak hilerrian bertan lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da. Hilotzak edo gorpuzkiak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

17. artikulua. Hilobitik ateratzea, ehorzketa berriak egiteko.

Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da, eta ezarritako errotazioari jarraikiko zaio; hurrenkera hori ezin izanen da aldatu, jada badiren panteoien kasuan izan ezik, panteoiaren jabe den familiak argi adierazten badu bertan ehortzi nahi dituela hildako senitartekoak. Gorpuzkiak hobitik ateratzeko arrazoia denean han edukitzeko epea amaitu dela, horren berri eman beharko zaie aldez aurretik senitartekoei, epea amaitu baino urtebete lehenago. Panteoien kasuan, epea iraungitzen bada edo ezarritako errotazio txanda aplikatzen bada, jabe den familiak lehen aipaturiko adierazpen argia egin beharko du.

Ezinezkoa bada senitartekoekin harremanetan jartzea epe horretan, prozedurarekin jarraituko da.

18. artikulua. Beste hilerri batetik ekarritako hilotz edo gorpuzkiak ehorzteko ezin izanen da lur berria okupatu; hildako senitarteko baten beste hilobi batean jarri beharko dira.

19. artikulua. Kontzejuak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean nitxoak edo kolunbarioak egiteko, horietan hilkutxak edo hilotz erraustuen ontziak jar daitezen (errauts kutxatilak, ontziak, etab.).

Horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

20. artikulua. Hilotz erraustuen kutxatilak edo ontziak beste hilobi batek okupatutako lur eremuan ehorzten ahalko dira, baldin eta hildako senitarteko batena bada, eta okupatutako hilobiaren titularraren hurbileneko familiak eskatzen badu. Kasu horretan, ehorzketa zaharraren data izanen da baliozkoa antzinatasunari begira, hilotzak hobitik atera eta ehorzketa berriak egiteko. Horregatik, eta kontuan harturik 18. artikuluan aipatutako errotazioak ehorzketa berrian eragina izan dezakeela, Artikako Kontzejuak baimena ez ematea erabakitzen ahalko du, uste badu laburregia dela berriz hilobitik atera arte gelditzen den denbora tartea.

III. KAPITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

21. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistro bat dago; honako hauek jasotzen ditu:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-deiturak.

d) Eskualdaketak, honako hauek adierazita: eskualdatze data, titular berriaren datuak, eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: hilotza den pertsonaren izen-deiturak, eta jarduketaren eguna.

f) Gorabeherak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen beste gertaera oro.

Kontzejuko Idazkaritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko ditu datuen segurtasuna bermatzeko, eta horiek aldatzea, galtzea edo inor baimenik gabe haietara iristea eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez.

IV. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik.

22. artikulua. Berdinak dira tributu tasa edo kuota eta zerga-oinarria; azken hori ordenantza honen 23. artikuluan zehazten da.

23. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1.–Ehorzketak.

a) Artikako Kontzejua ez da ehorzketaz arduratuko ordenantza honen 9. artikuluan aipatzen diren kasuetan. Ehorzketaren kostua eskatzailearen gain geldituko da beti.

b) Ordenantza honen 9.a) artikuluan jasotako egoeretan, titular eskatzaileak 150 euro ordaindu beharko dizkio Artikako Kontzeju honi. Ordenantza honen 9.b) artikuluan jasotako egoeretan, titular eskatzaileak 250 euro ordaindu beharko ditu, eta 9.c) artikuluan jasotako egoeretan, titular eskatzaileak 350 euro ordaindu beharko ditu, lur eremua 25 urtez erabiltzeko eskubideengatik. Tasa urtero eguneratuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera.

2.–Hilotz erraustuen ontziak ehorzteko tasak.

Ordenantza honetako 9. artikuluan jasotako egoera guztietan, titular eskatzaileak jarraian aipatzen den zenbatekoa ordaindu beharko dio Artikako Kontzejuari, ehorzlekua 25 urtez erabiltzeko eskubideengatik. Tasa urtero eguneratuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera.

Hilobietan hobiratzen badira, 9. artikuluan jasotakoak.

a) Heriotza egunean Artikan erroldatutako herritarren hilotzak, 50 euro.

b) Herrian gutxienez ere 5 urte (frogaturik) bizi izan direnen hilotzak, 150 euro.

c) Goiko baldintzak ez bete arren, aurreko ahaideak edo ondorengoak Artikako hilerrian lurperatuta dauzkatenen hilotzak, 250 euro.

3.–Hobitik ateratzeak.

Hilerriko hilobi guztietarako: eskatzaileak ordainduko du zerbitzuaren kostua.

4.–Hilerriko beste lan batzuk.

Horien kostua eskatzailearen gain geldituko da.

5.–Luzapena.

Luzapena eskatzen bada aurreko paragrafoan adierazitako emakidarako, baldintza hauetan emanen da:

a) Nitxoak: luzapen bakarra, 25 urterako.

b) Lurran ehorztea: luzapen bakarra, 25 urterako.

Aipaturiko luzapenak emateko, 25. artikuluan adierazitako prezioak ordaindu beharko dira, eta horretan ez da salbuespenik onartuko. Emakida zer egunetan bukatzen den, luzapena 2 hilabete aitzin eskatu behar da gehienez ere, eta gutxienez ere 15 egun lehenago.

24. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izango dira.

25. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertako beste batean ehortziz gero, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagozkion tasak baizik ez dira ordainduko.

26. artikulua. Zerbitzuak egin aurretik ordainduko dira 23. artikuluan ezarritako tasak, premia larria dagoenean izan ezik.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Hileta Osasunari buruzko urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2111669