190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANUE

Taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Anueko Udalak, 2021eko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Taxi zerbitzua arautzen duen udal ordenantza.

Erabaki hori 2021eko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantza fiskalaren aldaketa behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Anuen, 2021eko uztailaren 29an.–Alkatea, Miguel Larrayoz Vidan.

ORDENANTZA, TAXI ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da osorik Anueko udal-mugartean egiten diren hiriko taxi zerbitzuak arautzea, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeari eta haren aldaketei jarraikiz.

2. artikulua. Administrazio eskuduna.

Anueko Udalari dagokio Anueko udal-mugartean taxi zerbitzua batera antolatu eta kudeatzea.

Lizentzia, gaitasuna ematen duen titulua.

3. artikulua. Lizentziak.

1. Hiriko taxi zerbitzua udal-mugartean egin ahal izateko, behar den lizentzia eskuratu beharko da aitzinetik.

2. Anueko Udaleko alkatearena da Anueko udalerrian taxi zerbitzua egiteko lizentzia emateko eskumena.

4. artikulua. Erreferentzia-indize orokorra.

1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorraz den bezainbatean, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 8.etik 11.era bitarteko artikuluetan xedatua aplikatuko da Anuen.

2. Erreferentzia-indize orokorraren aldaketa, betiere, lege horren 9. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz eginen da.

Lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna

5. artikulua. Emateko prozedura.

1. Udalak emanen ditu hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentziak, lehiaketa bidez, horiek eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei eman ere.

2. Udalak lehiaketa deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira segitu beharreko prozedura eta adjudikazioetarako baloratu beharreko merezimenduak, betiere printzipio hauek bermatuko dituztenak: publikotasuna, aukera-berdintasuna, lehia librea eta bereizkeriarik eza. Nolanahi ere, emakumea taxiaren sektorean sartzea bultzatzeko jarduketak eginen dira emateko prozeduran. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

3. Lehiaketa egin ondoan, puntu berdinketarik bada hainbat lehiatzaileren artean, eta haien kopurua eman daitezkeen lizentzien kopurua baino handiagoa bada, gelditzen diren lizentziak deialdiaren oinarrietan zehazten den gisara emanen dira.

6. artikulua. Lizentzien titulartasuna.

1. Lizentziaren titularrak debeku du hura laga edo errentan ematea, egitatezko edo zuzenbidezko edozein formula erabilita ere, batere ukatu gabe lizentzia eskualdatu ahal izatea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluaren arabera.

2. Lizentzia baten titularra izateko, erantzukizun zibila estalirik izan behar da gutxienez ere 300.000 euro arte.

7. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.

1. Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez identifikatuko da.

8. artikulua. Indarraldia.

1. Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, haien titulartasun eta ustiapenerako funtsezko baldintzak bete beharko dira betiere.

2. Udalak noiznahi begiratu ahal izanen du taxi lizentziak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak betetzen ote diren, eta horretarako horien gainean beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkie titularrei, aldez aurretik eskatu ere.

9. artikulua. Ikus-onespena.

1. Lizentziaren ikus-onespenaren bidez Udalak urtero egiaztatzen du betetzen direla lizentzia emateko hasiera batean arrazoi izan ziren eta hura baliozko egin zuten baldintzak, baita hasieran eskatu gabe ere orobat bete behar direnak ere, hori guztia batere ukatu gabe Udalak ikuskapena noiznahi egiteko duen ahalmena.

2. Alkatetzaren ebazpen baten bidez arautuko dira lizentziak ikus-onesteko behar diren tramiteak, agiriak eta gainerako baldintzak.

3. Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin bada, ikus-onespena emateko nahitaezko baldintza izanen da, betiere, administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak ordaindu izana.

10. artikulua. Etetea.

1. Lizentziaren titularrek lizentzia etetea eskatu ahal izanen dute, bi urterako gehienez. Frogatu beharko dute eri daudela, istripua izan dutela, ibilgailua hondatua dagoela edo hilabetetik gorako aldian zerbitzua egitea eragozten dien beste zerbait gertatu dela.

2. Eteteko eskariarekin batera, eskaeraren oinarri den egoeraren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

3. 9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluaren kasuan, lizentzia etenda geldituko da harik eta oinordekoak zuzenean ustiatu edo eskualdatzen duen arte.

Lizentzia eskualdatzen duena 5 urtean ez da beste lizentzia baten titular izaten ahalko.

11. artikulua. Iraungipena.

1. Taxi lizentziak legeetan ezartzen diren arrazoiengatik iraungiko dira.

2. Lizentziak iraungitzeko, administrazio espediente bat ireki beharko da eta hura, interesdunak berme handiagoa izan dezan, zehapen prozedurari buruzko arauak erabiliz tramitatuko da.

3. Prozedura abiarazteko eskumena duen organoak, prozedura tramitatu bitartean, lizentzia eskualdatzea debekatu ahal izanen du, edo ibilgailua prezintatzeko agindu, edo ematekoa den ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko egokitzat jotzen duen beste edozein neurri hartu ahalko du, ebazpen arrazoituaren bidez, behin-behineko neurri gisa.

4. Komenigarria izateagatik lizentzia errebokatzen bada, iraungitzeko behar den espedientea ireki aitzin eskainiko da titular interesdunek beren lizentziari uko egiteko aukera, zer baldintzatan errebokatuko den, horiexetan beretan.

12. artikulua. Eskualdatzea.

1. Udalak aitzinetik baimena emanez gero eskualdatzen ahal dira hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak, baldin eta eskuratzaileak betetzen baditu ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak.

2. Ez da taxi lizentzia bat eskualdatzeko baimenik ematen ahalko baldin eta eskualdatzailea lizentziaren titular egin zenetik bi urte baino gehiago iragan ez badira. Eskualdatzea baimentzeko baldintza izanen da honako jarduketa hauek egitea:

–Lizentziari atxikitako ibilgailuari baja eman beharko zaio taxi gisa, lizentziarekin batean eskualdatu ezik.

–Zer ezaugarri eta baldintzari esker eman zen lizentzia, haiexei kontu beharko die ibilgailu berriak, non ibilgailua eskuratzen ez den lizentziarekin batean.

–Aldez aurretik, eskualdatzaileak ordainduak izan beharko ditu toki erakundeak eskatzen ahal dituen tributuak, taxi zerbitzuaren jarduerarekin berarekin ikusteko duten neurrian, eta, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin badu, ordainduak izan beharko ditu administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak.

3. Lizentziak ez dira eskualdatzen ahalko eskualdatzea debekatzeko behin-behineko neurri baten eraginpean badira, edo enbargo baten eraginpean badira, debekua edo enbargoa kentzen ez diren bitartean. Eskualdatzea ere ez da baimenduko baldin eta lizentziaren titularrak kitatu gabe baditu Udalarekin taxi zerbitzuarekin ikusteko duten zorrak.

4. Eskualdatzeko eskaera batera egin beharko dute titularrak eta eskuratzaileak. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

5. Lizentzia eskualdatzen duena 10 urtean ez da beste lizentzia baten titular izaten ahalko.

6. Hona hemen eskualdatzea baimentzeko prozedura:

a) Eskuratzaileak eta eskualdatzaileak sinaturiko eskabidea eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6. eta 12. artikuluetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea.

b) Behin-behineko baimena.

c) Gainerako agiriak aurkeztea, bereziki 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluko 5. atalari dagokiona.

d) Behin betiko baimena.

Lizentzia eskualdatzeko eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da baldin eta bi hilabeteko epean Udalak ez badu berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, salbu eta indarreko legedian xedatutakoa urratzen denean.

7. Lizentziaren eskualdaketa ez da inola ere kostu bidezkoa izanen.

13. artikulua. Lizentzien erregistroa.

1. Lizentziak Taxi lizentzien erregistro batean inskribaturik egonen dira, eta hartan jasoko da:

–Lizentzia zenbakia eta titularraren identifikazio datuak.

–Lizentzia adjudikatzeko berezko ezaugarriak eta baldintza berariazkoak.

–Hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena, halakorik bada, baimena zein egunetan eman zen eta zenbat denboratarako balio duen adierazita.

–Lizentziari atxikitako ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, mota eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia; zer egunetan matrikulatu zen lehen aldiz eta zer egunetan atxiki zitzaion lizentziari; ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT) zenbat denboratarako balio duen eta azken azterketa zer egunetan egin zen; ibilgailuaren aseguruaren datuak, jarleku kopurua, ibilgailua egokiturik ote den aulki gurpildunean ibiltzen diren erabiltzaileak garraiatzeko; erabiltzen duen erregai mota, eta lehiaketan eskaini diren ezaugarriak.

–Soldatapeko gidaria, halakorik bada, eta haren ezaugarrien gaineko datuak, lan-araubidea, eta dedikazio mota, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluko 1. atalari jarraikiz.

–Ibilgailuan erabiltzen den taximetroa, marka eta modeloa, fabrikatzailea, paratu duen lantegia, taximetroaren identifikazio zenbakia, azken ikuskapena zein egunetan egin zen eta zenbat denboratarako balio duen adierazita.

–Bestelako elementuak ibilgailuan, hala nola GPSa, ordainagirien inprimagailua, txartel bidez ordaintzeko sistema, manparak edo bestelako segurtasun neurriak.

–Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.

–Lizentziaren gainean izan daitezkeen kargak.

–Lizentzien ikus-onetsiak, aparteko azterketak (halakorik bada), zein egunetan egin ziren eta zenbat denboratarako balio duten, egindako errekerimenduak eta horiek bete diren ala ez.

–Lizentzia bakoitzari dagozkion salaketa, espediente, zehapen eta errekerimenduak.

–Zerbitzu berezietarako baimenak eta ezar daitezkeen beste batzuetarakoak, baimenaren eta balioaren datak eta guzti.

–Lizentziari dagozkion beste datu batzuk, hala nola eteteak, eskualdatze baimenduak eta haien zenbatekoa, lizentziaren iraungipena etab.

14. artikulua. Zerbitzu ematea.

1. Lizentzien titularrek berek edo soldatapeko langileek jardun ahalko dute zerbitzuan, bat etorriz ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean xedatuarekin.

2. Lizentziaren titularrak gehienez ere gidari bat kontratatu ahalko du haraneko orduetarako, asteburu, jaiegun eta jaiegun-bezperetarako, gertakari berezietarako, herriko jaietarako eta antzeko aldietarako.

3. Kontratupeko langileak urtean guztira egiten duen zerbitzu denbora ezin izanen da lizentziaren titularrak egiten duena baino gehiago izan.

4. Soldatapeko langileak kontratatu aitzin, Udalak baimena eman beharko du. Baimena lortu denean, hilabeteko epean, aurkeztuko ditu langilearen kontratuaren kopia eta Gizarte Segurantzako altaren edo autonomoen araubideko altaren kopia.

5. Taxi zerbitzua behar bezala egiten ez bada, lizentziaren titularra izanen da erantzulea Udalaren aurrean.

6. Betiere, gidariek indarreko araudian eskatzen den motako gidabaimena eduki beharko dute.

15. artikulua. Dedikazioa jardueran.

1. Taxi zerbitzua egitean jarraitutasuna bermatzeko, lizentziaren titularrek zerbitzua eginen dute bat etorriz Udalak zerbitzua antolatzeko ematen dituen arauekin, ordutegiari, egutegiari eta atsedenaldi eta oporrei dagokienez.

Zerbitzua egitea eragozten duen gorabeherarik gertatzen bada, idatziz jakinaraziko zaio Udalari.

2. Salbuespenez, eta zerbitzua behar bezala beterik dagoenean, Udalak ematen ahalko du lizentziari dagokion zerbitzua egitetik gelditzeko baimena.

Zerbitzua egitetik gelditurik gutxienez ere 2 hilabetez egon daiteke eta gehienez ere 6 hilabetez. Azken epe hori iraganik, lizentziaren titularrak zerbitzura itzuli beharko du. Dagokion baimenean aipaturiko epean ez itzultzea parekatuko da Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 14. artikuluaren d)1 apartatuan iraungitzeko ezarritako kasuarekin.

Zerbitzua egitetik gelditurik epe bat buruturik, hiru urte iragan arte ez da berriz ere eskatzen ahalko.

3. Ibilgailuak ordenantza honetako zerbitzuak egiteko erabili beharko dira, eta debeku da bestelako xede publiko edo profesionaletarako erabiltzea.

16. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

1. Baimenduko diren ibilgailuek gutxienez ere bete beharko dituzten baldintzak:

–Ibilgailuek turismo-ibilgailu gisa sailkatuta egon behar dute ezaugarri teknikoen fitxan eta bildu behar dituzte indarrean dagoen araudian eskatutako ezaugarriak; bestetik, bete behar dituzte aulki gurpildunak erabiltzen dituztenei egokitutako ibilgailuetarako baldintzak eta zehaztapenak.

Nolanahi ere, bermatuko da gutxienez ibilgailu egokituaren lizentzia bat izatea.

–Oro har, gehienez zazpi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak, gidariarena barne dela. Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak ematen ahalko dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean.

–Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen.

–Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte.

Salbuespenez, mugikortasun murriztuko pertsonak eramateko moldaturiko ibilgailuek gibeleko eta/edo alboko aldean ate bat izaten ahalko dute erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legediari jarraikiz beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, taxiek aulki gurpildunean dauden bi bezero biltzeko bezainbat edukiera izan dezaten.

–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

2. Udalak atal hauen gainean ematen ahalko ditu arauak:

–Motorizazioa.

–Tarifen sistemaren instalazioa.

–Konexioen zigiluak.

–Zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatzea.

17. artikulua. Ibilgailu egokituak.

1. Ibilgailu egokituen ezaugarriak bat etorriko dira horiei buruz indarrean dagoen araudiarekin. Udalak ezaugarri gehiago zehazten ahal ditu honako bi betekizun hauek bermatzeko:

–Aulki gurpildunean ibiltzen direnak taxian erosotasun eta higiene egokiz sartzea.

–Aulki gurpildunean ibiltzen diren pertsonek bidaiatzea segurtasun baldintza egokietan –aulkiaren ainguratzea eta segurtasun-uhalak barne, indarrean dagoen araudiarekin bat– eta ibilgailu barnearekin interakzio osoan.

2. Taxi egokituak mugikortasun urria duten pertsonen zerbitzurako izanen dira lehentasunez, baina ez erabilera horretarako soil-soilik.

18. artikulua. Ezaugarriak.

1. Zerbitzu hau eginen duten ibilgailuek aurreko ateetan hamar zentimetroko zabalera duen zerrenda horizontal gorri bat (pantone 221) eramanen dute, bai eta Anueko Udalari dagokion logoa ere. Ibilgailuek ez dute artikulu honetan aipatzen ez den bereizgarririk eramanen.

2. Ibilgailuaren barneko aldean zein kanpoko aldean, haren lizentziaren zenbakia paratuko da, erabiltzaileak ikusteko moduko tokian. Orobat, ibilgailuaren barnean ikusteko moduko tokian, plaka bat ezarriko da jarleku kopurua agertuko duena.

3. Udalak zehaztuko du zein izanen diren ezaugarriak eta zein tokitan eraman beharko dituzten taxiek erakundearen nortasun korporatiboaren bereizgarrietan.

4. Ibilgailu egokituek, eko-taxi izenekoek, ordezkapenak egiteko taxi-ibilgailuek eta ezaugarri bereziak dituzten ibilgailuek –hala nola txartel irakurgailua eta GPSa– bereizgarri osagarri bat eramanen dute Udalak erabakitzen dituen tokietan eta halabereko ezaugarriekin.

5. Udalak zehaztuko ditu, irratien edo zerbitzua kontratatzen duten bestelako enpresen informazioaren eremu eta ezaugarriak, ibilgailuaren barnean nahiz kanpoan.

6. Era berean, taxi lizentzien titularrek publizitatea kontratatu eta ibilgailuetan jarri ahalko dute, eta debekaturik dago ibilgailuan publizitate sexista edo bestelako oro jartzea, baldin eta pertsonaren duintasunari eraso egiten badio edo Konstituzioan aitorturiko balio nahiz eskubideak urratzen baditu, bai eta prostituzioarekin zerikusia duena ere. Halaber debekatzen da osasun fisiko edo mentalerako kaltegarriak diren produktu edo zerbitzuen publizitatea, hala nola tabakoarena, alkoholarena, estupefazienteena edo jokoarena.

19. artikulua. Dokumentazioa.

1. Taxi zerbitzua egiten duten ibilgailuek agiri hauek eduki behar dituzte beti, ibilgailuaren barnean, eskatu nahi dituzten erabiltzaileen eta zerbitzuaren ikuskatzaileen eskura:

A) Ibilgailuari buruzkoak:

–Udalaren lizentzia.

–Halakorik izanez gero, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako garraio baimena.

–Taximetroaren egiaztagiria, entitate eskudunak emana.

B) Gidariari eta ibilgailuari buruzkoak:

–Une horretan zerbitzua egiten duen gidari baimenduaren argazkia, lizentziaren titularra nahiz soldatapekoa izan.

–Ibilgailuaren lizentzia zenbakia.

–Ibilgailuaren matrikula.

–Gidari mota (titularra edo soldatapekoa) eta, behar izatera, kontratu araubidea (lanaldi osoan, lanaldi partzialean, etab.).

–Nahitaezko aseguruaren poliza eta ordainagiria.

–Erantzukizun zibileko asegurua.

–Indarrean den gidabaimena edo haren fotokopia konpultsatua.

C) Zerbitzuari buruzkoak:

–Ordenantza honen ale bat.

–Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen ale bat.

–Bi eranskailu, gibeleko ateetako bi lehiatiletan jarriak, eta haietan indarrean dauden tarifen egitura eta mailak. Eranskailuek eguneratuak eta egoera onean egon beharko dute, erabiltzaileek aise irakur eta informazio egokia izan dezaten.

–Erreklamazio liburua.

–Ordainagiri eta fakturen taloitegi bat, Udalak baimendua, eta hartan, inprimaturik edo zigilaturik, lizentzia zenbakia.

–Lizentziari loturiko beste batzuk, hala nola txartelaren bidezko ordainketa etab.

20. artikulua. Taximetroa, modulua eta pilotua.

1. Anueko udalerriko taxiek taximetroa eduki behar dute, behar bezala zigilatua, homologatua eta egiaztatua, metrologiaren arloan indarrean dauden arauei jarraituz.

2. Taximetroa ibilgailuaren aginte-mahaiaren erdian egonen da, eta beti argiztatuta edukiko da. Horrela erabiltzaileek noiznahi ikusi ahal izanen dute garraioaren prezioa.

3. Taxi ibilgailuak ikus-sistema eduki behar du, erabilgarri dagoen ala ez adierazteko: kanpoaldean, argi-sistema ezarriko da sabaian, haren bidez taxia zerbitzurako prest dagoenean pilotu berdea piztuko baita, edo Udalak ezartzen duen beste sistema bat; barnealdean, berriz, kartel batek taxia zerbitzurako prest dagoela adieraziko du, haizetakoaren barnealdean ezarrita, kanpotik ongi irakurtzeko maneran.

4. Orobat, modulu bat eduki behar du kanpoaldean, indarrean dauden tarifak agertuko dituena.

21. artikulua. Ibilgailuen urteak eta haien berritzea.

1. Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.

2. Taxi lizentziei eta baimenei atxikitako ibilgailuak berritu egin beharko dira lehenengo matrikulaziotik hasi eta hamar urteko antzinatasunera iritsi baino lehen, baina beste bi urtez ere luzatu ahalko da epe hori. Ibilgailuak, betiere, bete beharko ditu garraio publikoko ibilgailu baterako beharrezkoak diren osasungarritasun eta segurtasun baldintzak.

3. Ibilgailua berritu edo lizentzia berria eskuratu nahi izanez gero, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena, eta hura emanen da baldin eta egiaztatzen bada lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzak gutxienez mantentzen direla, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzak egokiak direla eta zerbitzua egiteko beharrezko agiriak zuzen daudela. Horretaz gainera, proposatutako ibilgailua berria izanen da: berritzat joko dira hamabi hilabete baino gutxiago dituztenak, lehen aldiz matrikulatu zirenetik kontatzen hasita.

4. Eskariak tramitatuko dira Administrazio-Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarritako prozedurari jarraituz.

5. Udalak behartzen ahalko du ibilgailua berritzera, haren egokitasun eza behar bezala frogatua bada eta, horren ondorioz, egiten duen zerbitzua interes orokorrerako desegokia denean.

6. Lizentzia duen ibilgailua egokitua bada, horren ordezko ibilgailua ere egokitua izanen da.

22. artikulua. Eko-taxiak.

1. Eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez baldintzak ezartzen ahalko dira gutxiago kutsatzen duten motor eta erregaien programetan sartzen diren taxi ibilgailuei eko-taxien kalifikazioa eta bereizgarria emateko.

23. artikulua. Geralekuak.

1. Udalak, elkarte profesionalekin, kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin mintzatu eta gero, taxi geralekuak finkatuko ditu udal-mugartean.

2. Geralekuek behar bezalako zerbitzua eginen dute, Udalak une bakoitzean zehazten duenaren arabera.

3. Lizentzia bat baino gehiago ematen denean:

A) Taxi ibilgailuak ailegatu ahalean kokatuko dira geralekuan, eta ordena horretan erantzunen diote erabiltzaileen eskaerari, salbu eta bertan diren taxi-gidariek bestelakorik adosten badute edo ibilgailuaren moldaketa dela-eta minusbaliatuek beste ibilgailuren bat erabili behar badute.

B) Ibilgailuak geralekuan eginen dituen lanorduetan, gidariak bertan egon beharko du, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Bestela, ez dagoen gidariak txanda galdu eta azken lekua hartu beharko du.

24. artikulua. Zerbitzua eskatzea bide publikoan edo irratien edo beste sistema batzuen bidez.

Interesdunak taxi zerbitzua eskatu ahal izanen du, libre dagoen taxi bati gidaria ohartzeko moduko keinua eginez. Taxilariak erabiltzailearen eskaera onartu beharko du, non eta ez duen bide segurtasuna kolokan jartzen, trafikoari traba egiten edo ibilgailuari kalte egiteko arrisku nabarmena eragiten.

Desgaitasuna duten pertsonen kasuan izan ezik, erabiltzaileak ezin izanen du zerbitzua eskatu taxien geltoki hurbilena 25 metro baino gutxiagora badago eta bertan taxiren bat badago, edo beste erabiltzaileren bat taxiaren esperoan.

Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik jaso bidaiari-garraioetako geltokien inguruetan, edo tarteka erabiltzaile anitz biltzen diren beste instalazio batzuen inguruetan, baldin eta gisa horretara eragozten badute taxi geralekuetan esperoan dauden erabiltzaileak jasotzeko ohiko funtzionamendua.

Erabiltzaileak telefonoz edo beste sistema teknologiko batzuen bidez eskatu ahalko du taxi zerbitzua, bai eta mugikortasun urria duten beste pertsona batzuentzat bereziki egokiak diren beste sistema batzuk erabiliz ere.

Baimenduko da zerbitzuak webguneko edo mugikorretarako aplikazio homologatu bidez kobratzea, bai eta aplikazioaren bitartezko aurretiazko kobrantza ere.

25. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.

Arau orokor gisa, erabiltzaileak geralekuan lehen tokian dagoen taxia hartu behar du, bertan diren taxilari guztiek besterik adostu ezik; mugikortasun murriztua dutenendako ibilgailu egokituaren beharra dagoenean beste ibilgailu bat hartu ahalko da.

Betiere, ibilgailua hautatzeko lehentasuna izanen dute, erabiltzaile gisa, mugikortasun murriztua dutenek.

26. artikulua. Zerbitzuaren kontratazioa.

1. Araubide orokorra. Taxi zerbitzuak egin behar dira ibilgailuaren edukiera osoa kontratatuta.

2. Taxi zerbitzu erregularra edo eskatu ahalekoa, jarlekuka banan-banan ordaintzekoa. Biztanle gutxiko aldeetan, garraio publiko kolektiborik ez bada edo behar adinakoa ez bada, Udalak baimena eman ahalko du, hiriko taxi zerbitzuak, erregularrak nahiz eskatu ahalekoak, jarlekuka kontratatu eta banan-banan ordaintzeko.

3. Taxi zerbitzuak erabiltzaileei emanen zaizkie, beren ekipajeak eta guzti. Horri dagokionez, gidariek baimena eman beharko dute erabiltzaileek ibilgailuan maletak edo bestelako ekipajeak eraman ditzaten, baldin eta ibilgailuko maletategian sartzen badira, hura kaltetzen ez badute eta horrekin indarreko araudia hausten ez badute.

4. Taxi zerbitzuak egin behar dira ibilgailuaren edukiera osoa kontratatuta.

Taxi zerbitzuak erabiltzaileei emanen zaizkie, beren ekipajeak eta guzti. Horri dagokionez, gidariek baimena eman beharko dute erabiltzaileek ibilgailuan maletak edo bestelako ekipajeak eraman ditzaten, baldin eta ibilgailuko maletategian sartzen badira, hura kaltetzen ez badute eta horrekin indarreko araudia hausten ez badute.

Aparteko kasuetan eta taxi zerbitzuaren prestazio egokian eraginik ez duenean, enkarguak ere garraiatzen ahalko dira, aldeek hori espresuki adosten badute eta ibilbide liburuan behar bezala jasota geratzen bada, Taxiei buruzko Legean ezarritako moduan. Enkargu horiek aldi berean kontratatzaile bakar batentzat soilik egiten ahalko dira, eta abiapuntu bakarra eta helmuga bakarra eduki beharko dute, eta ezin izanen dira bidaiarien garraioarekin batera egin.

Horrelako enkarguak egiteko, bidaiarien zerbitzuetarako eskatzen diren tarifa-baldintza berak izanen dira.

27. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.

1. Udalak zerbitzua antolatu eta koordinatzeko arauak ezartzen ahalko ditu ordutegi, egutegi, atseden eta oporren gainean, bermatzeko taxi zerbitzua ematean behar den jarraitutasuna.

2. Orobat, behartzen ahal du halako eremu, geraleku, egun eta orduetan zerbitzu egitera, eta horretarako taxi lizentzien titularren artean behar diren koordinazio arauak ezarri, segurtatzeko zerbitzu horiek berdintasun irizpideen arabera emanen direla.

3. Udalak behar diren neurriak hartuko ditu bermatzeko ibilgailu egokituen gutxieneko zerbitzua.

28. artikulua. Zerbitzuaren hastapena, taximetroa abiaraztea eta zerbitzua ordaintzeko bideak.

1. Erabiltzaileak taxia bide publikoan geldiarazten badu, ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean jarriko da martxan taximetroa.

2. Zerbitzua telefonoz edo gisako baten bidez eskatzen bada, orduan ere ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean abiaraziko da taximetroa. Taximetroan adieraziko den azken zenbatekoari, erantsiko zaio Udalak tarifen definizioan ezarriko duen zenbateko finkoa. Taxia nondik eskatu den, horren araberakoa izanen da zenbateko hori.

3. Matxura edo istripurik gertatuz gero, bai eta agintaritzako agenteek ibilgailuaren gidaria geldiaraziz gero ere, hura ohartarazteko edo salatzeko, taximetroa geldituko da. Zerbitzua burutzerik ez badago, erabat ezinezkoa delako edo erabiltzaileak hala nahi duelako, erabiltzaileak ordaindu beharko du taximetroan adierazten duen zenbatekoa, kobratu beharreko gutxienekoa kenduta.

Erabiltzaileak hala eskatzen badu, gidariak beste taxi bat jarriko du haren esku. Kasu horretan, erabiltzailea bigarren ibilgailuan sartzen den unean hasiko da tarifa berria kontatzen.

4. Erregaia ezin izanen zaio zerbitzua egiten den bitartean bota, salbu eta bidaiariak berariazko baimena ematen badu.

5. Egindako zerbitzua ordaintzeko, bide hauek erabiliko dira:

–Eskudirutan: gehienez ere 50 euroko billeteak onartuko dira.

–Txartelaren bidezko ordainketa, halakorik duten ibilgailuetan, edo Bizum eragiketen bidezko ordainketa.

6. Nahitaezkoa izanen da egindako zerbitzuaren ordainagiria ematea, erabiltzaileak hala eskatzen badu.

7. Egindako zerbitzuaren ordainagiria erabiltzaileari emateko, honako bide hauek erabiliko dira:

–Ordainagirien inprimagailua baliatuz, halakorik duten ibilgailuetan.

–Ordainagiri eta fakturen taloitegi baimendua baliatuz.

8. Hiri zerbitzuei dagokienez, zerbitzuaren kostua izanen da Anueko Udalak horretarako onesten dituen tarifen araberakoa. Hiriarteko zerbitzuen kostua izanen da Nafarroako Gobernuak onesten dituen tarifetan zehaztutakoa.

29. artikulua. Itxaronaldia.

1. Bidaiaria ibilgailutik aldi baterako ateratzen bada, noiz itzuliko zain gelditzen den gidariak eskatzen ahal dio, berme gisa eta ordainagiria jaulkita, ordaintzeko eginiko ibilbidea gehi ordu erdiko itxaronaldiari dagokion zenbatekoa, hiri eremuan bada, edo ordubeteko itxaronaldiari dagokiona, hiriarteko eremuan bada. Epe horiek iraganda, gidariak zerbitzu hori amaitu duela jotzen ahalko da, salbu eta bestelakorik adostu bada.

2. Bidaiariak gidariari aparkatzeko muga duen lekuren batean egoteko eskatu badio, gidariak eginiko zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko dio, zerbitzua jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora muga baino laburragoa bada.

3. Zerbitzua telefonoz edo gisako bide baten bitartez eskatzen bada, gidariak 10 minutu baino gehiago ez itxaroteko eskubidea izanen du, taxi-gidaria hitzartutako puntura iristen den unetik kontatzen hasita.

30. artikulua. Azterketak.

1. Ibilgailuen azterketak.

A) Aldez aurreko azterketa.

Ezin izanen du zerbitzurik egin beharrezko baimenik ez duen ibilgailuak. Horretarako, udal organo eskudunak aldez aurretik aztertuko du zertan diren haren segurtasuna, kontserbazioa eta dokumentazioa.

B) Ohiko azterketak eta azterketa bereziak.

Ordenantza honen xedeko ibilgailuek urteko ohiko azterketa eginen dute, bai eta udal organo eskudunak deitutako bestelako aparteko azterketa guztiak ere. Egiten zaizkien azterketak gainditzen ez dituzten ibilgailuek ezin izanen dute zerbitzurik eman harik eta ikusitako akatsak konpondu arte, eta ikuskapen zerbitzuek hala berretsi arte.

2. Taximetroak emandako datuak.

Lizentzien titularren ardura da Udalak beharrezkotzat jo dituen datuak aldian-aldian eta ezartzen den prozeduraren bitartez ematea.

3. Taximetroaren ikuskapena.

Entitate eskudunek taximetroei egiten ahal dieten azterketa ukatu gabe, Udalak noiznahi egiten ahal die azterketa berezia taximetro guztiei edo batzuei, edo horretarako agindua ematen ahal du, honako hauek egiaztatzeko:

–Aparatuak kanpotik eta urrutitik ikusteko maneran erakusten duela ibilgailua erabilgarri dagoen ala ez.

–Argi eta garbi adierazten duela bidaiaren zenbatekoa, indarra duten tarifa ofizialen arabera.

–Zigiluak erraz ikusteko maneran direla, karrikan ikuskatuz gero.

–Zigilu ofizialak egoera onean daudela.

–Gurpil-azalen diametroa dela aparatuaren libretan jasotako azken egiaztapen ofizialean adierazten den huraxe.

–Aparatuak ez duela zulo edo mailaturik edo haren kaxa bortxatu edo manipulatua izanaren edo kolpeak eman izanaren aztarnarik.

4. Taximetroaren akatsak.

Taximetroen urteko edo aparteko berrikuspenen ondorioz akatsen bat ikusten bada taximetroaren kokapenean, funtzionamenduan edo bestelako baldintzetan, berehala kenduko da ibilgailua zerbitzutik, eta ezin izanen da itzuli, akatsa ikusi duten udal agintariek edo zerbitzuek egin beharreko zuzenketari oniritzia ematen ez dioten bitartean.

5. Taximetroaren akatsen salaketak.

Egiaztapen ofizialak ukatu gabe, taxiaren edozein erabiltzailek salaketa paratzen ahalko du Udalean edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetan, akatsen bat ikusiz gero taximetroaren egoeran edo funtzionamenduan nahiz zerbitzuan.

Salaketa berresten ez bada, salatzaileak zerbitzuaren zenbatekoa ordainduko du, baita haren ondoriozko egiaztapen ofizialak eragindako gastuak ere.

Egiaztapen horretan, errore marjina txikia onartuko da tresnaren funtzionamenduan, baldin eta indarreko araudian ezarritakoa baino txikiagoa bada.

31. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.

1. Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra eramanen du. Liburu hori, Anuen hiriarteko garraioari eskatzen zaion berdina da eta kontrol agiriei buruzko araudian xedatutakoari jarraituko dio. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da. Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia bat igorri beharko du, nahitaez, Anueko Udalera, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barnean. Erreklamazio orriarekin batera, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahal du, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

2. Erreklamazioa aurkeztuta, haren kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan 10 eguneko epean. Erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak biltzen dituen idazkia ikusirik, Udalak, komenigarri iruditzen bazaio, zehatzeko ahalmena erabiliko du.

32. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.

Gidariek, zerbitzu bakoitza bururatu eta gero, ibilgailua barrenetik arakatuko dute, erabiltzaileari deus bererik ahantzi zaion egiaztatzeko. Hala bada, udal bulegoetan utzi beharko du, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barnean.

Ordenantza honetan jaso ez den orotan jarraituko zaio indarrean dagoen legedian ezarritakoari.

Azken xedapena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2111854