190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60/2021 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ematen baitira aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena Cortesko udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko 1,45 MWp-ko “Atalaya eguzki instalazio fotovoltaikoa” izeneko instalaziorako.

1.–2020ko apirilaren 1ean egindako eskaera.

2020ko irailaren 1ean, Ríos Renovables SLUk aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen Cortesko udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko 1,45 MWp-ko “Atalaya eguzki instalazio fotovoltaikoa” izeneko instalaziorako.

Eskaerarekin batera aurkezturiko proiektuaren arabera, elementu hauek osatuko dute instalazio fotovoltaikoa:

–3.625 modulu fotovoltaiko.

–34,8 kWp-ko 41 jarraitzaile, eta 23,2 kWp-ko jarraitzaile bat.

–Transformazio/inbertsorearen estazioa: 1,5 MVAS (transformadorea) / 1,263 MVAS (inbertsorea).

–Behe tentsioko linea elektrikoak eta lurpeko linea elektriko bat (13,2 kV), eguzki-instalaziotik ebakitze zentroraino.

Instalazioa 41 jarraitzailetan banatuko da. Horietako bakoitzak 29 moduluko 3 string izanen ditu, zutik. Hartara, 87 modulu egonen dira jarraitzaile bakoitzean, eta instalatutako potentzia 34,8 kW-ekoa izanen da. Halaber, jarraitzaile batek 29 moduluko 2 string izanen ditu, zutik. Hortaz, 58 modulu egonen dira jarraitzaile horretan, eta instalatutako potentzia 23,2 kW-ekoa izanen da.

Sortutako energia ebakuatzeko, Cortes TBA azpiestazioko 13,2 kV-eko ingurabideko 1. linea erabiliko da, ebakitze zentro baten bidez.

Instalazioa Cortesko 8. poligonoko 775. lurzatian kokatuko da.

Ez da aurreikusten sarbide berririk, ez eta daudenak zabaldu edo hobetu beharrik ere, dagoen sarearen ezaugarriak aski baitira makineria lurzatietara sartzeko.

Jarduketaren aurrekontua 754.005,30 eurokoa da.

2.–Proiektuaren informazio publikoa.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat etorriz (errege dekretu horren bidez, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak arautzen dira), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Ríos Renovables SLUk egindako eskaera, iragarkia argitaratuz 2020ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23koan, zein Diario de Navarra egunkarian, 2020ko ekainaren 24koan, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.

Ez da alegaziorik jaso.

3.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Cortesko Udalari eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalari.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, 2020ko ekainaren 4ko txostenean, adierazi zuen beteko duela alorrean eskuduna den organoak Atalaya parke fotovoltaikoaren ingurumen-ukipenetarako baimenaren prozeduran xedatzen duena.

Cortesko Udalak, 2020ko abuztuaren 4ko txostenean, adierazi zuen ados dagoela proiektuarekin (Esp.: 376/2020).

Bestalde, proiektuaren separatak igorri zitzaizkien Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF) eta Nedgia Navarra SAri.

Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF), 2020ko uztailaren 7ko S3-V0-0-107 txostenean, adierazi zuen ez diela inongo eragozpenik jarriko instalazioaren eskatzaileak proposatutako zehaztapen teknikoei, baldin eta betetzen badira Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko Legea, Trenbide Sektoreari buruzko Legea eta haren erregelamendua, eta ADIFen etorkizuneko proiektuak ukituta gelditzen ez badira, eta, halaber, enpresa titularrari dagokiola egoki den baimena eskatzea ADIFi.

Separata bidali zitzaion Nedgia Navarra SAri, txostena eman zezala eskatuz (2020ko ekainaren 19ko eta uztailaren 27ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.

4.–2020ko irailaren 11ko proiektuko aldaketaren aurkezpena.

2020ko irailaren 11n, Ríos Renovables SLUk proiektuko aldaketa bat aurkeztu zuen, Cortesko Udalak eskatu baitzuen alda zedila instalazio fotovoltaikoaren kokalekua, lurzati beraren barnean.

Aurkezturiko proiektuko aldaketaren arabera, elementu hauek osatuko dute instalazio fotovoltaikoa:

–3.248 modulu fotovoltaiko.

–49,28 kWp-ko 26 jarraitzaile, eta 24,64 kWp-ko 6 jarraitzaile.

–Transformazio/inbertsio zentro 1, 1,5 MVAS-koa (transformadorea).

–Behe tentsioko linea elektrikoak eta lurpeko linea elektriko bat (13,2kV), eguzki-instalaziotik ebakitze zentroraino (Maniobra eta banaketa azpiestazioa).

–Sun Grow SG250HX motako 5 inbertsore.

–Neurri eta babes zentroa.

Instalazioa 26 jarraitzailetan banatuko da. Horietako bakoitzak 28 moduluko 4 string izanen ditu, zutik. Hartara, 112 modulu egonen dira jarraitzaile bakoitzean, eta instalatutako potentzia 49,28kW-ekoa izanen da. Halaber, 6 jarraitzailek 28na moduluko 2 string izanen dituzte, zutik. Hortaz, 56 modulu egonen dira jarraitzaile bakoitzean, eta instalatutako potentzia 24,64kW-ekoa izanen da.

Sortutako energia ebakuatzeko, Cortes TBA azpiestazioko 13,2 kV-eko ingurabideko 1. linea erabiliko da, ebakitze zentro baten bidez.

Instalazioa Cortesko 8. poligonoko 775. lurzatian kokatuko da.

Ez da aurreikusten sarbide berririk, ez eta daudenak zabaldu edo hobetu beharrik ere, dagoen sarearen ezaugarriak aski baitira makineria lurzatietara sartzeko.

Jarduketaren aurrekontua 652.235,65 eurokoa da.

5.–Proiektuko aldaketak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsultak.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien berriz Cortesko Udalari eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalari proiektuko aldaketari buruz.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak, 2021eko apirilaren 27ko 0001-OT01-2020-000040 txostenean, aldeko txostena egin dio proiektuari, eta zenbait determinazio zehaztu ditu, ingurumen-ukipenetarako baimenean jasotzen direnak.

Cortesko Udalak 2020ko urriaren 7ko txostenean, adierazi zuen ados zegoela proiektuko aldaketarekin (Esp.: 376/2020).

Bestalde, proiektuaren separatak igorri zitzaizkien Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF) eta Nedgia Navarra SAri.

Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF), 2020ko urriaren 15eko S3-V0-0-168 txostenean, adierazi zuen ez diela inongo eragozpenik jarriko instalazioaren eskatzaileak proposatutako zehaztapen teknikoei, baldin eta betetzen badira Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko Legea, Trenbide Sektoreari buruzko Legea eta haren erregelamendua, eta ADIFen etorkizuneko proiektuak ukituta gelditzen ez badira, pentsatzekoa baita aurkeztutako proiektuko aldaketak ez dituela funtsean aldatzen eskatu beharreko gurutzaketaren baldintzak eta, halaber, enpresa titularrari dagokiola egoki den baimena eskatzea ADIFi.

Nedgia Navarra SAk, 2021eko apirilaren 16ko E-NAV-20200017 txostenean, adierazi du ezen, Nedgiaren jabetzako gas instalaziorik ez dagoenez baldintza hauen xedeko proiektuaren eremuan, pentsatzekoa dela ez dela baldintza teknikorik aplikatu behar.

7.–Ingurumen-ukipenetarako baimena.

Espedientean jasota dago Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 20an eman 145E/2021 Ebazpena, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Atalaya eguzki parke fotovoltaikoaren proiekturako, Cortesko udalerriko 8. poligonoko 775. lurzatian (Ríos Renovables SLk sustatu du proiektua), non eskatzen baita ingurumen eta hirigintza arloko zenbait neurri hartzeko.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ondorioztatu du prozedura behar bezala egin dela, eta proposatu aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea, Ríos Renovables SLUk eskatu dituenak.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea Cortesko udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko 1,45 MWp-ko “Atalaya eguzki instalazio fotovoltaikoa” izeneko instalaziorako.

2. Aurkezturiko proiektuak onestea (“1,45 MW-ko sarera konektatuta ‘Atalaya’ eguzki instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektua” eta “1,45 MW-ko sarera konektatuta ‘Atalaya’ eguzki instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektuko aldaketa”), Javier de Pedro Iñigo industria ingeniari teknikoak izenpetu dituenak, eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematea obrak egiteko.

3. Instalazioak aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Eskaera horri obra amaierako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian adierazitako gainerako dokumentazioa ere.

5. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari eta Ingurumen Eraginaren Atalari.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau Ríos Renovables SLUri, Nedgia Navarra SAri eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF) jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau Cortesko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko uztailaren 20an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2111352