189. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

29/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 10ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen. Foru agindu horretan, mantendu egin zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekita egoteko ordu muga, 01:00ean itxi behar baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egin zen gaueko zirkulazioa, ordu horretatik goizeko 06:00ak arte, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuaren arabera arrisku oso handian zeuden udalerrietan (hau da, 14 eguneko intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunekoa). Orobat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ezarri ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan aplikatzekoak, hala nola kalejiretan (Nafarroako udalerri batzuetan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan bildu daitekeen pertsona kopurua ere mugatu zen: 10 lagun gehienez. Salbuetsita gelditu ziren, ohi bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateak eta baimena duten taldeak, orain aldatzen den foru aginduan jasotako mugekin bat etorriz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko Autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik (“Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”). Izan ere, ez ziren identifikatu neurri horrek ukituko zituen udalerriak, eta horrek galarazi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak baimentzea.

Gero, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz aldatu zen Osasuneko kontseilariaren 22/2021 Foru Agindua, eta pertsonen gaueko zirkulazioa mugatu egin zen egun jakin batzuetarako. Beharrezkotzat jo zen pertsonen gaueko zirkulazioa mugatzea (baina ez galaraztea) asteburuetan, jaiegunetan eta herriko jaiak eginen ziratekeen egunetan, udalerri jakin batzuetan, hots, 14 eta 7 egunean neurtutako intzidentzia metatuaren balioak muturreko arrisku egoeran zituzten udalerrietan (arrisku oso handia, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren dokumentuan).

Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 23ko 108/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu egin zen ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, epaileek baimendutako aldaketa guztiak barne, eta hein batean aldatu ziren bertan bildutako neurri batzuk. Bestalde, foru aginduaren 40. puntua aldatu zen, gaueko zirkulazioa murrizteko neurriak aplikatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien zerrenda gehituz. Ezarri ere egin zen udalerrien zerrenda hori astero eguneratu eta argitaratuko zela, bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai Gobernu Irekiaren Atarian, eta epaileek astero berretsi beharko zutela; izan ere, intzidentzia metatuak denbora laburrean aldatzen dira datu epidemiologikoen arabera. 2021eko abuztuaren 5era arte indarrean egotea erabaki zen. Foru agindu hori osorik baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, uztailaren 29ko 111/2021 Autoaren bidez.

Azkenik, abuztuaren 3ko 27/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu egin zen, abuztuaren 12ra arte (egun hori barne) ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia. Horrez gain, aldatu ere egin zen gaueko zirkulazioa mugatzeko neurria (egun eta ordu jakin batzuetan) aplikatzekoa zaien udalerrien zerrenda. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abuztuaren 4ko 113/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, 7 egunean metatutako intzidentzia-tasa behera doa poliki-poliki. Aste honetan, 273,12 kasu berrikoa da 100.000 biztanleko, eta horrek esan nahi du oraindik ere arrisku oso handian edo muturrekoan gaudela (125 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko). Ratioa 2,4koa da. 12 urte bitartekoen eta 12-29 urtekoen intzidentzia-tasak Estatuko altuenen artean daude oraindik ere. Intentsitate ertaineko zirkulazio epidemikoko egoera dugu, eta intzidentziek, poliki-poliki, beherantz jarraitzen badute ere, oraindik ere 250 kasu izaten ari dira batez beste egunean azken astean.

Positibotasuna beherantz doa poliki, eta %12,6koa da orain. Antigenoen test azkarretan, ordea, %14,4koa da, eta %11,6koa PCR probetan; hau da, uhin honen aurretik geneukan positibotasunaren (%5ekoa) oso gainetik gaude.

Egia bada ere oraingo uhin honetan ospitaleratzen diren kasuen ehunekoa txikiagoa dela, honako arau hau berdin betetzen ari da: intzidentzia-tasak gora egiten duenetik 2-3 astera, gora egiten du ospitaleetan eta ZIUetan sartzen direnen kopuruak, eta, gero, baita heriotzen kopuruak ere. Gaixo akutuek eta ZIUetakoek okupatutako ohe kopurua egonkor mantentzen da, igoera bat izan ondoren.

Txertaketa aurrera doa, eta biztanleria osoaren %70,2k dosi bat dauka jadanik, eta %62,9k pauta osoa. Ahalegin handia egin da 60-69 urte bitartekoen txertaketa osatzeko: honezkero %94,6k dosi bat jarrita dauka, eta %92,4k pauta osoa. Adin-tarte horrek arrisku handia du koronabirusak eragindako infekzioa dela-eta konplikazioak izateko. Bestalde, txertaketaren estaldura nahiko baxua da oraindik ere 30-39 urtekoen eta 20-29 urtekoen taldeetan (%61,6k eta %30,6k du pauta osoa, hurrenez hurren), nahiz eta kopuru hori handituz joan abuztuan zehar. Gaur egun, 12 eta 15 urte bitartekoen taldean hasi da txertoa jartzen.

Gizarte-interakzio handiak eta herritarren joan-etorriek COVID-19aren transmisio maila altuak ekarri dituzte. Intzidentzia-tasa handiagoa da txertoa hartu ez dutenen artean eta pauta osoa ez dutenen artean. Txertaturik dauden pertsonen kasuan, gehienetan, Delta aldaera da kutsatzearen erantzulea. Txertaketa murrizten ari da uhin epidemiko berri honen inpaktua, kasu larrien intzidentziari begiratzen badiogu. Hala ere, ikusita metatutako kasuen kopurua handia dela eta intzidentziak gora egin duela 75 urtetik gorakoen artean, aurreikusten da ospitaleratze kasuak ugaritu eginen direla datozen asteetan.

Oso garrantzitsua da herritarrek prebentzio neurriak sendotzea: tarte fisikoa, maskara behar bezala erabiltzea, eskuen higienea, aireztapen egokia eta kontaktu mugatuak, bai eta txertaketaren eskaintzari erantzutea ere.

Gainera, hartu diren hiru neurri garrantzitsuenei esker (hau da, ostalaritzako jarduera eta bestelako jarduera batzuk murriztea, 01:00ean itxita; gaueko ordutegia 01:00etik 06:00etara mugatzea asteburuetan, jaiegun orokorretan eta udalerri bakoitzeko jaiegunetan; eta gehienez ere 10 lagun elkartu ahal izatea eremu publikoan), modu sinergikoan eragiten baitute, eta txertaketa osoarekin batera, zeinak erakutsi baitu eraginkortasun eta inpaktu handia dituela kasu larrien prebentzioan, birusaren transmisioari modu egokian kontra egitea lortzen da.

Hori horrela, oraindik ere beharrezkotzat jotzen da gaur egungo neurri murriztaile horiei guztiei eustea, barnean sartuta gaueko ordutegiaren muga, 01:00etik 06:00etara, intzidentziak gaur egungo beheranzko joerari jarrai diezaion, bosgarren uhina hasi aurreko oinarrizko egoerara iritsi arte. Neurri horietariko edozein kentzeak, abuztua bezalako hilabete batean, berekin ekar dezake oreka hori eta beheranzko joera haustea, izan ere mugikortasun eta interakzio sozial handiko sasoia dugu hilabete hau, hilabete honetan izaten baitira jaiegun eta oporraldi gehienak. Bestalde, komenigarria da ahalik eta baldintzarik onenetan iristea heldu den ikasturtera.

Egoera epidemiologikoa gertutik behatuz segituko da, ezarritako neurrien ondorioak ikusteko eta neurri berriak hartu behar diren baloratzeko, beharrezkoa izanez gero.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenaren arabera, komunitatean hartutako neurri berriei esker eta txertaketa-planean egindako aurrerapenari esker, kasu berrien goranzko joera geldiaraztea lortu da, bai eta jende gehiago ospitaleratzea eta ZIUetan sartzea. Alabaina, oraindik ez da geldiarazi heriotzen kopuruan izandako igoera, bi arrazoirengatik: batetik, kutsatu berrien, ospitaleratutakoen eta hildakoen bilakaeraren eragina, eta bestetik, kutsatutakoen adinaren eragina.

Bosgarren olatuaren jaitsiera bere igoera baino motelagoa izaten ari da, eta intzidentzia- eta positibotasun-tasak altu mantentzen dira; larrialdietako, ospitaleetako eta kritikoetako jarduera maila, berriz, beherantz doa, baina altua da oraindik ere. ZIUetako okupazioa aste batean edo bitan mantenduko da, pazienteek unitate horietan izaten duten batez besteko egonaldia aintzat hartuta. Nabarmentzekoa da ospitaleratze kasuen jaitsiera ez dela nabari 65 urtetik gorakoetan: azken astean izandako ospitaleratzeen %48,4 izan da. Adin-talde horretan handiagoa da gaixotasunagatik ospitaleratzeko eta hiltzeko dagoen arriskua. Kezka berezia sortzen dute infekzio berriek zentro soziosanitarioetan.

Ezin da alde batera utzi ezen bilakaerak eta aurreikuspenek hobera egin badute, araudi berriari eta hura betearazteari esker izan dela. Murrizketak eteten badira, horiek ezarri aurreko asteetako bilakaera negatiboa berehala berreskura daiteke.

Hurrengo asteak mugikortasun handiko eta arrisku handiko aldiak dira, jaiegunei eta bestelako ospakizunei lotuak.

Birusak mundu mailan duen zirkulazio maila ikusita, kontuan izan behar dugu aldaera bat ager daitekeela eragina izan dezakeena txertoen eta aldez aurreko infekzioaren babesaren gainean.

Testuinguru horretan, kasuen jaitsiera nabarmen bat gertatu arte eta osasun sistema jasaten ari den presioa lasaitu arte, beharrezkoa da prebentzio komunitariorako neurriak mantentzea, batez ere arrisku handieneko kolektibo, testuinguru eta inguruneetan. Beharrezkoa da mugak jartzea kutsatzeko ahalmen handiagoa duten birus aldaerak sartu eta hedatu ez daitezen eta ospitaleetan eta ZIUetan jende gehiago sar ez dadin.

Denbora irabazi behar da txertaketa-prozesua biztanleria babesteko moduko atalase batera iritsi dadin, eta, Delta aldaeraren kutsagarritasuna ikusirik, atalase hori igotzea aztertzen ari dira.

Beharrezkoa da ospitaleetako inpaktua mailarik apalenetan mantentzea, COVID-19ari lotua ez dagoen jarduera eta osasungintzako profesionalen atsedenaren plangintza ez ukitzeko.

Aurreko guztia ikusirik, beharrezkoa da 2021eko abuztuaren 19ra arte luzatzea (egun hori barne) gaueko zirkulazioa murrizten duen neurria. Neurri hori aplikatuko da ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren (geroago aldatu zenaren) 40. puntuko irizpideak betetzen dituzten udalerrietan. Izan ere, argi geratu da neurri egokia dela, eraginkorra delako. Neurri hori hartu zenetik, beherantz egin dute kutsatzeek eta ospitaleratzeek, eta une honetan, komenigarria da hori sendotzea, arrisku handian jarraitzen baitugu, hala adierazten duenez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak. Txosten horretan adierazten denaren arabera, oraindik ere beharrezkotzat jotzen da gaueko ordutegiaren muga mantentzea, 01:00etik 06:00etara, ezarritako irizpideak betetzen dituzten udalerrietan, intzidentziak gaur egungo beheranzko joerari jarrai diezaion, bosgarren uhina hasi aurreko oinarrizko egoerara iritsi arte. Neurri horietariko edozein kentzeak, abuztua bezalako hilabete batean, berekin ekar dezake oreka hori eta hasitako beheranzko joera haustea, izan ere mugikortasun eta interakzio sozial handiko sasoia dugu hilabete hau, hilabete honetan izaten baitira jaiegun eta oporraldi gehienak. Bestalde, komenigarria da ahalik eta baldintzarik onenetan iristea heldu den ikasturtera, 12 urtetik beherakoek ez baitute txertotik hartu, eta txertaketaren estaldura ez da behar bezain handia izanen irailean 12 eta 15 urtekoen artean.

Orobat, beharrezkoa da neurri horri eustea, are gehiago bizi dugun une zail honetan, zeinean mugikortasuna eta interakzio soziala handi-handiak baitira. Egiaztatu ahal izan denez, kutsatzeak eta agerraldi superkutsatzaileak eragin ditzakeen interakzio sozialari eusteko neurririk eraginkorrena izan da kasu jakin batzuetan gaueko zirkulazioa murriztea, eta horrekin batera ostalaritzako ordutegiak mugatzea eta eremu publikoan elkar daitezkeen taldeak txikiagotzea. Aurretik hartutako neurriak, berriz, ez dira nahikoak izan, aurreko batzuetan azaldu den bezala.

Orain luzatzen den erabakia neurrizkoa da; izan ere, modu selektiboan aplikatzen da, hots, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntuko baldintzak betetzen dituzten udalerrietan baizik ez da aplikatzen, egun eta ordutegi jakin batzuetan, behin egiaztaturik lehenago hartutako neurriak ez direla aski agerraldiei eusteko, eta zirkulazioa murrizteko neurria eraginkorra izan dela aurreko beste olatu batzuetan. Foru aginduaren eranskinean jasotako udalerri hauek (besteak beste, Nafarroan biztanle gehien dituztenak: Iruña, Tutera, Barañain, Atarrabia, Zizur Nagusia, Burlata, Lizarra, etab.) arrisku oso handiko intzidentzia metatuak dituzte, eta, gainera, departamentuak emandako datuen arabera, oraindik ez dute behar adinako txertaketa estaldurarik, zeina, orain, Delta aldaerarekin, %80 eta %90 bitartekoa baita.

Neurria indarrean mantentzearekin, gainera, jarduera ekonomikoaren interesak eta pandemiaren kontrola uztartu nahi dira; izan ere, neurri honek jarduera ekonomikoa egunez irekita egotea ahalbidetzen du, gau berandura arte, eta horrela saihesten da gizartean eta ekonomian eragin handiagoa izanen luketen beste neurri murriztaileago batzuk hartzea.

Era berean, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren 15.2 puntua ere aldatzen da, halako moduz non puntu horretan ezarritakotik salbuetsita egonen dira baimendutako lehiaketak (foru aginduaren 15.2 puntuan ezarri zen ezen erabilera kolektiboko dutxak edukiaren %50 errespetatuta erabiltzen ahalko direla, eta ezin izanen direla erabili alboko dutxak). Baimendutako lehiaketetan, taldeak kirolari kopuru jakin batekin osatuta daude. Aldaketa gutxi izaten dira talde horietan lehiaketan zehar, eta kirolariek elkarrekin egiten dituzte jarduera guztiak: entrenamenduak, lehiaketak, etab. Jarduera horietan, gainera, elkarreragin pertsonala izaten da askotan, eta horregatik, burbuila-taldetzat har daitezke talde horiek. Horregatik, eta dutxen erabilerari dagokionez, arrazoizkoa dirudi biztanleria orokorrarentzat ezarritako murrizketak ez egotea.

Azkenik, 35.5 puntua ere aldatu da, “bide publikoa” gehituta, bat etorriz atal bereko lehenengo puntuan xedatutakoarekin. Horrela, bateratu egin dira zezen-ikuskizunak egiteko aurreikuspenak, ekitaldia egiteko lekuaren irizpideari dagokionez. Hori guztia, xede honekin: egoera seguruak lortzea, eskatutako baldintza higieniko-sanitarioak bete ditzaketenak epidemia heda ez dadin.

Neurri horiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Beraz, bidezkoa da 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntuaren indarraldia luzatzea eta, horrenbestez, jendearen zirkulazio askatasuna mugatzea gauez eta foru agindu honen eranskinean agertzen diren udalerrietan, goian adierazi denaren ildotik.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea 2021eko abuztuaren 19ra arte, egun hori barne, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 40. puntuaren indarraldia, baldintza berberetan. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren eranskinean agertzen den udalerrien zerrenda, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 3ko 27/2021 Foru Aginduan sartu zena. Udalerri horiek dira foru agindu honetan ezarritako irizpideak betetzen dituztenak, eta, beraz, gaueko zirkulazioa foru agindu honen 40. puntuan ezarri bezala murrizteko neurria udalerri horietan aplikatuko da.

Hirugarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren lehen ataleko 15.2. puntua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“15.2. Debekatuta dago saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea. Kirol errendimenduko kirolariek espazio horiek erabiltzen ahalko dituzte haien prestakuntza fisikoaren osagarri gisa, aldez aurretik hitzordua eskatuz eta banaka erabiltzeko. Baimenduta dago aldagelak eta dutxak erabiltzea. Erabilera kolektiboko dutxak edukiaren %50 errespetatuta erabiltzen ahalko dira, eta ezin izanen dira erabili alboko dutxak. Neurri hau ez da aplikatuko baimendutako lehiaketetan”.

Laugarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren (geroago Osasuneko kontseilariaren uztailaren 27ko 26/2021 Foru Aginduak aldatu zuenaren) lehen ataleko 35.5 puntua aldatzea; honela idatzita geratuko da:

“35.5: Edonola ere, ez da baimentzen zezen ikuskizun herrikoiak egitea, hala nola basabereak libratzea edo antzekoak, bide publikoan”.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari baimen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; eta igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Seigarrena.–Foru agindu honek 2021eko abuztuaren 13an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 10ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca (Osasuneko kontseilariaren ordez sinatzen du, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 26ko 40/2021 Foru Dekretuarekin bat).

ERANSKINA: COVID-19AK ERAGINDAKO MUTURREKO ARRISKU-EGOERAN DAUDEN UDALERRIEN ZERRENDA, ABUZTUAREN 10EAN EGUNERATUA

UDALERRIA

14 EGUNEAN METATUTAKO INTZIDENTZIA

7 EGUNEAN METATUTAKO INTZIDENTZIA

Abartzuza

1.672,862

185,873

Altsasu

698,643

416,498

Ameskoabarrena

414,364

138,121

Antzin

890,207

296,735

Andosilla

947,867

401,020

Antsoain

535,401

156,927

Araitz

781,250

781,250

Arakil

750,267

321,543

Arantza

1.675,041

1.005,025

Arroitz

475,737

380,589

Artaxoa

358,208

298,507

Atetz

465,116

465,116

Aiegi

760,777

211,327

Azagra

1.196,981

858,704

Bakaiku

828,729

276,243

Barañain

470,320

188,128

Barillas

467,289

467,289

Baztan

1.813,038

630,063

Berriobeiti

647,739

303,197

Berriozar

623,441

220,602

Betelu

2.185,792

2.185,792

Bidaurreta

1.840,490

613,496

Buñuel

540,784

270,392

Burlata

413,699

162,337

Cárcar

654,817

654,817

Zarrakaztelu

400,801

160,320

Cascante

1.475,155

983,436

Kaseda

1.848,049

308,008

Castejón

480,422

144,126

Cintruénigo

620,017

253,068

Zizur

514,403

180,041

Corella

828,001

238,364

Donamaria

1.616,628

692,840

Doneztebe

1.042,873

695,249

Elgorriaga

454,545

454,545

Lizarra

1.238,233

514,120

Esteribar

1.036,269

444,115

Etxalar

861,008

492,004

Etxauri

769,230

153,846

Ezkaroze

653,594

653,594

Fitero

1.044,256

1.044,256

Funes

573,770

163,934

Garinoain

801,603

200,400

Gesalatz

462,962

462,962

Uharte

605,548

211,237

Igantzi

312,989

156,494

Iguzkitza

923,076

307,692

Irañeta

4.069,767

2.325,581

Irurtzun

940,438

134,348

Iturmendi

1.985,111

1.240,694

Larraun

525,762

420,609

Lekunberri

325,520

130,208

Lerin

1.101,449

695,652

Lezaun

826,446

413,223

Ledea

684,931

684,931

Lodosa

1.017,441

207,641

Martzilla

909,727

384,884

Mélida

545,702

272,851

Mendabia

563,856

140,964

Milagro

995,316

439,110

Miranda Arga

1.311,084

1.191,895

Elo

418,410

209,205

Murchante

433,317

168,512

Murillo el Cuende

902,255

300,751

Nabaskoze

757,575

757,575

Noain (Elortzibar)

468,750

156,250

Olaibar

529,100

529,100

Olazti

4.096,709

1.678,979

Orkoien

419,028

197,190

Iruña

505,819

212,741

Azkoien

729,679

254,539

Gares

598,591

387,323

Zare

751,879

751,879

Saldias

819,672

819,672

San Adrián

1.271,455

826,446

Sartaguda

1.216,730

228,136

Sunbilla

888,888

296,296

Tebas-Muru Artederreta

495,049

330,033

Tutera

885,321

455,071

Uxue

1.098,901

549,450

Ultzama

483,968

362,976

Urzainki

1.190,476

1.190,476

Eguesibar

634,229

293,449

Valtierra

331,674

165,837

Viana

807,792

261,344

Atarrabia

529,204

127,401

Zizur Nagusia

443,131

208,137

Zubieta

990,099

660,066

Iragarkiaren kodea: F2112341