188. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGA

Ordenantza, laguntzak arautzen dituena etxebizitzak eraikitzeko
eta zaharberritzeko, eraikinen energia-efizientziarako
eta autokontsumoko instalazioetarako

Larragako Udalak, 2021eko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, laguntzak arautzen dituena Larragako udalerrian etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko, eraikinen energia-efizientziarako eta autokontsumoko instalazioetarako.

Hasierako onespenaren iragarkia maiatzaren 18an argitaratu zen, 2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jendaurrean egoteko legeak aurreikusten duen aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta haren testua osorik argitaratzen da, lege beraren 326. artikuluan xedatua bete dadin. Orobat, ohartarazten da behin betiko onespen honen aurka bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Larragan, 2021eko uztailaren 19an.–Alkatea, Carlos Suescun Sotés.

ORDENANTZA, LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA ETXEBIZITZAK ERAIKITZEKO ETA ZAHARBERRITZEKO, ERAIKINEN ENERGIA-EFIZIENTZIARAKO ETA AUTOKONTSUMOKO INSTALAZIOETARAKO

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da udal honek ezarritako laguntzak arautzea. Laguntza horiek dira bizitegi-erabilerako edo jarduera ekonomikoetarako eraikinak zaharberritzeko eta eraikitzeko Larragako hirigune historikoan eta, hala badagokio, Barne Eraberritze eta/edo Babeserako Plan Berezi batean sar daitezkeen udalerriko beste area edo eremu batzuetan, baita eguzki-energia fotovoltaikoa eta haize-energia ekoizteko instalazioak egiteko ere, autokontsumorako eta etxebizitzen birgaitze energetikorako, betiere ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta ezaugarriak betez.

Ordenantzan xedatuaren ondorioetarako, Larragako hirigune historikotzat jotzen da Larragako Udal Plan Orokorreko 1. sektoreak halaxe mugatutako eremua.

Udalak sustatuko du eremu horiek Lehentasunez zaharberritzeko eremu deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan aurreikusitako baldintzetan (foru dekretu horren bidez arautzen dira etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak; 2013ko 185. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 25ekoa), edo hura ordezkatzen duen xedapen edo figura juridikoan aurreikusitako baldintzetan.

2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

2.1.–Larragako hirigune historikoan, eta Barne Eraberritze eta/edo Babeserako Plan Berezi batean sar daitezkeen udalerriko beste area edo eremu batzuetan:

a) Etxebizitzak zati batean edo osorik zaharberritu edo konpontzea (fatxadak konpontzeko lanak, kanpoko arotz-lanak, estalkiak, berreraikuntzak, eraikinaren egitura sendotzeko eta idangarriak jartzeko obrak...), baldin eta lan horiek gainditzen badituzte kontserbazio hutsera bideratutakoak, Eraikingintzaren Kode Teknikoak zehazten dituen bezala, eta betiere ohiko etxebizitza izateko.

b) Zati batean eta/edo osorik konpontzea ekonomia-jardueretara bideratutako lokalak edo bizitegi-erabilera nagusiari lotutako eraikuntza osagarriak.

c) Lehendik dauden eraikinak ordeztea (eraitsi eta berriz eraikitzea).

d) Oin berriko obrak orubeetan, ohiko etxebizitza izateko.

e) Eraikinaren inguratzailearen isolamendu termikoa hobetzeko obrak (fatxada eta estalkia).

f) Barnealdean egiten diren obrak edo jarduketak etxebizitzak egokitzeko, irisgarritasuna hobetzea helburu, arkitektura-oztopoak kenduz.

g) Etxebizitzen egokitzapen funtzionalerako obrak, haien bizigarritasuna helburu, definitzen den bezala Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen 142/2004 Foru Dekretuan, edo hura ordezten duen xedapenean.

h) Jarduera ekonomiko, administratibo, kultural edo aisialdikoetara bideratutako lokalen egokitzapen funtzionalerako obrak, aplikatzekoa zaion araudian ezarritakoari jarraituz.

2.2.–Udal-mugarte osoan:

–Etxebizitzen inguratzailea hobetzea, fatxadak, estalkiak eta forjatuak isolatuz eta/edo zubi termikoak ezabatuz, baldin eta etxebizitzaren ziurtagiri energetikoa letra bat igotzen bada.

–Etxebizitzaren kanpoko arotzeria ordeztea, baldin eta transmitantzia termiko globala (markoa + beira) 1,7 W/m²K edo gutxiago bada.

–Etxebizitzetan gasolio, elektrizitate edo gas galdararen ordez jartzea kondentsazioko gas galdara, biomasa galdara edo aerotermia.

–Ondasun higiezinetan eguzki-energia fotovoltaikoa eta haize-energia ekoizteko instalazioak jartzea autokontsumorako, sarera konektatuak (soberakinekin) zein isolatuak izan, haien potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, bat etorriz II. eranskinean ezarritako definizioekin.

3. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen honelako jarduketak:

–Udal Planeamenduaren kontrakoak, bai eta oro har aplikatzekoa den ordenamendu juridikoaren kontrakoak ere, eta hirigintza araudiaren eta zaharberritzeari eta bizigarritasunari buruzko araudiaren kontrakoak, eta bereziki, “antolamenduz kanpoko” eraikinetan edo “antolamenduz kanpoko” elementuak dituzten eraikinetan egiten diren obrak.

–Minusbaliotasuna duten pertsonek erabil ditzaten, eraikinak egokitzeko helburua duten jarduketak, ez dutenean erabat lortzen egokitzea irisgarritasun unibertsalari eta ororendako diseinuari buruzko berariazko araudira, eraikinaren sarreratik hasi eta etxebizitza guztietara, salbu eta teknikoki edo ekonomikoki bideraezina den kasuetan, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera (foru dekretu horren bidez arautzen dira etxebizitzen arloko jarduketa babesgarriak; 2013ko 185. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 25ekoa).

–Babesten ahal den aurrekontuaren barnean ez da sartuko igogailuaren aparatuaren kostua, lehendik dagoen bat ordezkatzeko bada.

–Laguntzetatik baztertuta daude etxebizitzak zaharberritzeko edo oin berrikoak eraikitzeko sustapen-jarduketak, gero saltzeko edo alokatzeko badira, errentariak eskatzen ez baditu eta gutxienez ere 5 urtez okupatzeko konpromisoa badute, eta oro har, eskatzailearen ohiko etxebizitzarako edo, kasua bada, jarduera profesionalerako ez diren jarduketa guztiak.

–Birgaitzeko dirulaguntzetan ez dira sartuko eraikinean aldaketa estetiko hutsak bakarrik ekarriko dituzten zaharberritzeak. Energia-efizientzia, segurtasuna, irisgarritasuna, eta abar hobetzeko obrak izan beharko dute.

–Eguzki-energia fotovoltaikoa edo haize-energia autokontsumorako ekoizteko instalazioen kasuan, ez dute inola ere dirulaguntzarik jasoko dauden araudiak aplikatzearen ondorioz nahitaezkoak diren instalazioek.

4. artikulua. Aplikazio eremua eta aurrekontu-zuzkidura.

Laguntzak aplikatuko zaizkie udal zerbitzu teknikoen aldeko txostena lortu duten jarduketei soilik, horietan 2. artikuluan aipatutako obrak egiten direnean.

Urtero, Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat bideratuko du horretarako; zenbateko hori ez da izanen Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuan –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.

5. artikulua. Onuradunak.

5.1.–Aurreko 2.1 artikuluan ezarritako laguntzen onuradunak izanen dira pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta SE-1 jarduketa eremuko etxebizitzen jabeak badira edo, halakorik bada, Barne Eraberritze eta/edo Babeserako Plan Bereziren batean sar daitezkeen udalerriko beste area edo eremu bateko eraikinen edo etxebizitzen jabeak, bai eta, jabeak ez izanik ere, badirenen berariazko baimena dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa. Azken kasu horietan, onuradunek 7. artikuluko lehen paragrafoan ezarritakoa betetzen dutela egiaztatzeko moduan egon beharko dute, kontratu bidez eta beste dokumentu fede-emaile baten bidez, zeinaren bidez frogatzen baita dirulaguntzaren xedeko etxebizitza erabiltzeko ahalmena duela, aipatutako apartatuan ezarritako baldintzetan.

Ezin izanen dira laguntzen onuradun izan udalarekiko zerga-betebeharrak edo bestelako betebehar publiko edo pribatuak egunean ez dituzten pertsonak edo erakundeak; betebehar hori familia-unitateko kide guztiendako izanen da. Ordenantza honen ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko dira higiezin berean bizi diren pertsonak, erroldako orri berean daudenak, alegia.

Betebehar hori jabeendako ere bada, baldin laguntza eskatzen dutenak sustatzaileak, maizterrak, errentariak edo erabiltzaileak badira.

Ordenantza honetako apartatu horretan ezarritako laguntzen onuradun izateko, familia-unitateko edo erakunde juridiko eskatzaileko kide guztiek udalerrian erroldatuta egon beharko dute, edo alta eman beharko dute laguntza eskatzeko unean.

5.2.–Eguzki-energia fotovoltaikoa edo haize-energia autokontsumorako ekoizteko instalazioen kasuan, eta etxebizitzen zaharberritze energetikorako jarduketen kasuan (2.2 artikulua), onuradunak izaten ahalko dira sustatzaileak oro har, nahiz eta lehen etxebizitza ez izan, eta baita jabeen erkidegoak ere, baldin eta egunean badituzte udalarekiko zerga-betebeharrak edo bestelako betebehar publiko edo pribatuak eta betetzen badituzte ordenantza honetan laguntzak jasotzeko ezarritako gainerako baldintzak.

6. artikulua. Jarduketen baldintzak.

6.1.–Udal laguntzak jaso ahal izanen dituzte 2.1 artikuluan adierazitako tipologiako obrek, baldin eta posible badira, aplikatuz hirigintza-araubidea, lurzati bakoitzerako aplikatu behar dena Larragako Udal Plan Orokorreko 1. sektorearen (Larragako hirigune historikoa) arabera eta, udalerriko beste area edo eremu batzuen kasuan, Barne Eraberritze eta/edo Babeserako Plan Bereziaren arabera.

Gainera, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:

–Zaharberritze obren kasuan, 50 urtetik goragoko eraikinetan egitea. Antzinatasuna zehaztuko du katastroan adierazitako datak.

–Obra gauzatzeko aurrekontua 10.000 eurokoa izatea gutxienez.

–Egin beharreko obren artean, beti jasoko da jardueraren bat egitea fatxada zaharberritzeko eta fatxadaren elementuak egokitzeko Larragako Udal Plan Orokorreko 1. sektoreko (Larragako hirigune historikoa) araudira eta ordenantzara; herriko beste area edo eremu batzuen kasuan, dagokion Barne Eraberritze eta/edo Babeserako Plan Berezira egokituko dira.

–Era berean, obrak gauzatzerakoan aurreikusiko da hondakin-uren saneamendu-sareak eta euri-uren sareak behar bezala bereiztea, eta inola ere ezin izanen da hondakin-urik isuri euri-uren sarean, eta alderantziz. Baldin lizentziaren xede den etxebizitzan, eraikinean edo instalazioan era horretako disfuntzioren bat badago, nahitaez zuzendu beharko da eskatutako obra egiten denean, Udalaren txosten teknikoek adierazten duten moduan.

–Obrak osotara egin behar direla jasota egotea Udaleko Hirigintza arloko Aholkularitza Taldeak espediente bakoitzerako egin beharko duen nahitaezko txosten teknikoan. Txosten horrek zehaztuko du ea obrak egokitzen diren 2. artikuluan (3. artikuluarekin lotuta) eta 6. artikulu honetan jasotako kasuetara, obrak bere osotasunean gauzatzen diren eta dagokien obra lizentzia lortzen duten.

6.2.–Eguzki-energia fotovoltaikoa edo haize-energia autokontsumorako ekoizteko instalazioen kasuan, 2.2 artikuluan ezarritakoetan, bertan ezarritakora egokitzeaz gain, arau hauek aplikatuko zaizkie:

a) Ordenantza honetan araututako autokontsumorako instalazioei zuzenean aplikatuko zaizkie eraikinak, multzo arkitektonikoak, inguruneak eta paisaiak zaintzeko eta babesteko hirigintzako arauak, ondarea babesteko katalogo edo planetan jasotako horiei guztiei dagokienez.

Halakoetan, enpresa sustatzaileak instalazio horien bateragarritasun azterketa aurkeztuko du, ordenantza honen 9. artikuluan xedaturiko dokumentazioarekin batera. Udal-organo eskudunak egiaztatuko du instalazioak arau horietara egokitzen diren, baloratuko du haien integrazio arkitektonikoa, eta dagokion txostena eskatuko dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko arkitektura ondarearen arloko organo eskudunari, hala dagokionean.

b) Debeku da espresuki fatxadetan ikusten den inolako hodirik, kablerik edo bestelako elementurik trazatzea, salbu eta eskabidean zehatz-mehatz eransten bada eraikuntza-irtenbide bat, bermatzen duena horiek eraikinaren estetikan ongi integratzea.

c) Instalazio fotovoltaikoak egin beharko dituzte gaitutako enpresa instalatzaileek, “Behe Tentsioa sortzen duten Instalazioak” espezialista kategoria dutenek, eta beteko dituzte Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan eta aplikatu beharreko araudi sektorialean eskatzen diren eskakizun guztiak.

d) Lanak bukatu ondoren, gaitutako enpresa instalatzaileak instalazio elektrikoaren ziurtagiria egin beharko du.

e) Autokontsumorako instalazioei alta eman beharko zaie Nafarroako Gobernuko energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioen Erregistro Administratiboan.

f) Eguzki-energia fotovoltaikoa eta/edo haize-energia autokontsumorako ekoizteko eraikin eta eraikuntzetan jarritako instalazioak beti egokituko zaizkio Eraikingintza-ordenantzetan eta Larragako Plan Orokorreko gainerako determinazio aplikagarrietan ezarritakoari.

6.3.–Etxebizitzetako zaharberritze energetikorako jarduketak, 2.2. artikuluan jasotakoak, artikulu horretan bertan ezarritakoari lotuko zaizkio eta 10.2 artikuluari jarraituz justifikatuko dira.

7. artikulua. Mugak.

Ordenantza honen 2.1 artikuluan jasotako laguntzak izan dituzten etxebizitzak ez dira inola ere lagatzen ahalko, bost urteko epean, laguntzak jaso dituzten obrak bukatzen direnetik zenbatzen hasita, non ez zaion Udalari itzultzen jasotako diru guztia.

Dirulaguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, eraikuntza bererako eta kontzeptu beragatik, nahiz eta, aurreko apartatuan aurreikusitakoaren arabera, lagapen edo eskualdaketa bat gertatu.

8. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

8.1.–Udal laguntza hauek jasoko dituzte 2.1 artikuluan adierazitako tipologiako obrek:

a) Obra gauzatzeko aurrekontuaren %4, sustatzailea jabea bera denean eta bere lehen etxebizitzarako bada.

b) Obra gauzatzeko aurrekontuaren %3, sustatzailea errentaria denean eta bere ohiko etxebizitzarako bada, 5. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintzetan.

Edonola ere, 5.000 euroko muga orokorra ezartzen da diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzeko.

8.2.–Eguzki-energia fotovoltaikoa edo haize-energia autokontsumorako ekoizteko instalazioetarako eta etxebizitzen zaharberritze energetikorako jarduketetarako udal laguntzak, 2.2 artikuluan aurreikusitakoak, izanen dira eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) likidatzeko aurkeztutako zerga-oinarriaren %4, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoarekin. Nolanahi ere, laguntza 400 eurokoa izanen da gehienez instalazio bakoitzeko.

9. artikulua. Espedienteak izapidetzea.

9.1.–Oro har, Udalak interesdunei jakinaraziko die, horiek hala eskatuta, ohiko publizitate bitartekoen bidez edo obra-lizentziak eskatzen direnean, laguntzak badaudela eta zein diren horiek jasotzeko baldintzak eta aurkeztu beharreko agiriak, bai eta, hala badagokio, behar den dokumentazio teknikoa ere.

Halaber, interesdunek Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegora jo dezakete informazioa jasotzeko. Ikuskapena egin ondotik, halakorik beharrezkoa bada, Zaharberritze Bulegoak argibideak emanen dizkie interesdunei alderdi hauen gainean:

–Zer obra egin behar diren.

–Kasu bakoitzean zer agiri tekniko behar den.

–Zer laguntza jaso daitezkeen.

Hori guztia, ordenantza honen babesean eta ordenantzari berari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren laguntza orokorretatik aparte, halakorik baldin badagokie.

9.2.–Interesdunak Larragako Udalean aurkeztuko du eskabidea, laguntzak eskatzeko eredu ofizialaren arabera (I. eranskina), erregistra dadin, eta adierazi beharko du dirulaguntzak zer banku entitatetan hartu nahi diren, baita kontuaren zenbaki osoa ere. Horrekin batera honako hauek aurkeztuko ditu:

–Eskatzaileak duen ordezkaritza egiaztatzeko agiria, hala badagokio.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena onuraduna ez dela sartzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuetako bakar batean ere eta, hala badagokio, adierazten duena etxebizitza hori jabearen edo maizterraren ohiko etxebizitza dela edo izanen dela, ezertan ukatu gabe 5. artikuluan ezarritakoa.

–Egin beharreko obren deskripzio-memoria, materialen kalitatea eta aurrekontu xehatua barne (neurriak, kalitateak eta prezioak unitateka adieraziz) edo, bestela, ikus-onetsitako proiektu teknikoa, obra motaren arabera, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legeari jarraituz.

–Obra-lizentziaren eskabidea.

–Jabearen edo erkidegoak duen ordezkariaren NANaren edo IFZaren fotokopia, eta horien berariazko baimena obrak egiteko sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa, eta kasu horietarako 5. artikuluan berariaz aipatzen diren agiriak.

–Jabekideen erkidegoaren erabakia: obrak egitekoa, laguntza-espedientearen kudeaketarako ordezkaria izendatzekoa, eta jabekide bakoitzak obran duen ehunekoa zehaztekoa, hala badagokio.

–Babestutako Zaharberritzearen behin-behineko edo behin betiko kalifikazioa.

9.3–Eskaera Tafallako Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoaren (EEBB) bitartez izapidetzen bada, esku-hartzeak baldin badu babestutako zaharberritzearen behin-behineko kalifikazioa, behin betiko kalifikazioaren eskaerarekin batera, bulego horrek Udalari igorriko dio behar den dokumentazio guztia, bere txosten teknikoarekin batera. Txosten horrek 6.1 artikuluaren azken paragrafoan aipatutakoa ordeztu ahal izanen du, Udalak hala irizten badio.

9.4.–Ahal dela, laguntza-eskaera aurkeztuko da obra-lizentziaren eskaerarekin batera, baina horren ondoren ere edozein unetan aurkeztu ahal izanen da, edo hura amaitu ondoren, betiere obrak ordenantza hau indarrean jarri ondorengo lizentzien babesean egin badira, amaitu zirenetik hiru hilabete baino gehiago igaro ez badira eta ordenantza honetan eskatutako dokumentazio osoa aurkezten bada.

Ez da laguntzarik emanen, ordea, eskatutako lizentzia lehenago emandako beste baten luzapena bada, babes harturik Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 197.8 artikuluan aurreikusitakoa; testu bategin hori onetsi zen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez.

Obra-lizentziaren eskaerarekin batera eskatzen bada, hura emateko nahitaezko txosten teknikoak, gainera, laguntzaren aldeko edo kontrako proposamena jasoko du, kuantifikatu gabe, eta sustatzaileari helaraziko zaio lizentziarekin batera, salbu eta lizentziari ezezkoa ematen bazaio.

9.5.–Laguntza noiz eskatzen den alde batera utzita, Udalak eskabidea zuzentzeko eta/edo hobetzeko eskatu ahal izanen du prozedura bukatu aurreko edozein unetan, eta interesdunei jakinaraziko dizkie espedientean azken emaitzari dagokionez eragina duten inguruabarrak, bai eta entzunaldia emanen ere, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin.

10. artikulua. Laguntzak ematea.

10.1.–Laguntzak urtero ebatziko dira Alkatetzaren Ebazpen bidez, obrak bukatu eta interesdunak kasu bakoitzari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren.

10.2.–Honako hauek dira obren bukaera justifikatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

Lehen okupazioko lizentzia, hirigintzako araudiaren arabera beharrezkoa denean.

Obraren bukaerako ziurtagiria edo akta, teknikari eskudunak sinatua, obra motagatik esku hartu behar izan duenean eta lehenengoz okupatzeko lizentziarik behar izan ez denean, barnean dela horien benetako kostua egiaztatzen duen dokumentu teknikoa.

Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, baldin teknikari eskudunak esku hartzea nahitaezkoa ez bada.

Agiri teknikoa, egiaztatzen duena 2.2 artikuluko baldintzak betetzen direla, hala badagokio.

Jarduketen EIOZren zerga-oinarriarekin bat datozen fakturak eta ordainagiriak.

–Nafarroako Foru Komunitateko Autokontsumoaren Erregistroan erregistratu izanaren egiaztagiria, hala dagokionean.

Obrak etxebizitzaren bizigarritasun-zedula lortzeko badira, zedula hori izapidetu, lortu eta aurkeztu beharko da (martxoaren 22ko 5/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena, edo hura ordezten duen xedapena).

Babestutako Zaharberritzearen behin-behineko edo behin betiko kalifikazioa.

10.3.–Udalak eskatuko du hirigintzaren arloko Udal Aholkularitza Taldearen aldeko txosten tekniko bat, egindako obren zuzentasunari buruzkoa eta lizentzia-eskaerarekiko egokitasunari buruzkoa, edo, hala badagokio, Udal Zerbitzuen txostena.

10.4.–Eskaera Tafallako Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoaren (EEBB) bidez izapidetu bada, horrek Udalari igorriko dizkio 9.3 artikuluan aipatutako dokumentazioa eta bukatutako obren zerrenda (aurrekontu-ekitaldiaren aurreko urteko abenduaren 1aren eta une horretako urteko azaroaren 30aren artean bukatutakoak), baldin eta Zaharberritze Babestuaren behin betiko kalifikazioa lortu badute, horren kopiarekin batera; hori guztia, alde batera utzi gabe datu pertsonalen babesaren eta eskubide digitalen bermearen arloan aplikatu beharreko legeria.

10.5.–Eskabide asko aurkeztu direlako ekitaldi bakoitzean dagoen aurrekontu-partida gainditzen bada, laguntzak proportzionalki murriztuko dira, horren muga agortu arte, dirulaguntza jaso dezaten aldeko txostena duten jarduketa guztiek.

11. artikulua. Laguntzak jasotzea.

Espediente bakoitzari dagozkion laguntzak gehienez ere hilabeteko epean ordainduko dira, kontzesiotik zenbatzen hasita.

12. artikulua. Bateragarritasuna.

12.1.–Ordenantza honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira, helburu bererako beste administrazio batzuetatik edo pertsona edo erakunde pribatuetatik lortutako beste dirulaguntza ororekin. Dirulaguntzen guztizko zenbatekoak ezin izanen du inola ere gainditu instalazioaren kostua.

12.2.–Obra berak egiteko laguntzak eskatu edo lortu badira, edo ondoren eskatzen badira, une horretan bertan jakinarazi beharko da, eta ordenantza honen xede den dirulaguntza eman aurretik.

13. artikulua. Laguntza galtzea.

13.1.–Ordenantza honetako baldintzak eta eskakizunak ez betetzeak, eta zehazki, obrak ez gauzatzeak, bai eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean, bai eta, hala badagokio, zehapenak ezartzea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako tipifikazioarekin eta prozedurarekin.

13.2.–Halaber, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan ezarritakoa, itzulketei dagokienez.

13.3.–Laguntzen itzulketa indibiduala izan daiteke, baldin eta ez-betetzea bizilagunen erkidegoa osatzen duten pertsonetako batek bakarrik egin badu.

14. artikulua. Xedapen osagarriak.

14.1.–Oro har, eta ordenantza honetan berariaz jasota ez dauden egoera partikular guztietarako, kontuan hartuko da Nafarroako Gobernuak jarraitutako irizpidea aplikatzeko irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua edo hura ordezten duen xedapena (foru dekretu horrek arautzen ditu etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak; 2013ko 185. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 25ekoa).

14.2.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotarako, aplikatuko dira, modu osagarrian, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorra eta bat datorren legedia.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek, behin betiko onetsita 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu lege beraren 326. artikuluan xedatuarekin bat, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta iragaten denean Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea.

I. ERANSKINA

Laguntzen eskabidearen eredu ofiziala (PDFa).

II. ERANSKINA

Definizioak, eguzki-energia fotovoltaikoa eta haize-energia autokontsumorako ekoizteko instalazioei dagokienez

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, hona zer diren:

Autokontsumoa: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumitzea kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazio batzuetatik datorren energia elektrikoa. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Sarera konektatutako instalazioa: kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako sorkuntza-instalazio bat, kontsumitzaile batekin sarera konektatzeko azpiegiturak partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bidez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere hartuko da sarera konektatutako sorkuntza instalaziotzat. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Instalazio isolatua: inoiz gaitasun fisikorik ez duena garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko, ez zuzenean, ez zeharka, norberaren edo besteren instalazio baten bidez. Etengailuen edo gisako gailuen bidez saretik deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu hau aplikatzearen ondorioetarako. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Soberakinak dituen autokontsumo modalitatea: modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek autokontsumorako energiaz hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. (244/2019 ED, 4. artikulua).

Potentzia nominala: inbertsorearen gehieneko potentzia izanen da, edo, bestela, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.

Iragarkiaren kodea: L2111337