188. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

73E/2021 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako artisautza enpresen sustapenerako dirulaguntzen 2021eko deialdia. DDBN identifikazioa: 576035.

Artisautza sektorearen berezitasuna kontuan izanda, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren ustez ezinbestekoa da sektoreko enpresak bultzatzen jarraitzea eta, helburu horrekin, zenbait laguntza-neurri hartzea enpresa horien garapena indartzeko, merkataritza sustatzeko jarduketak bultzatzeko eta lanbide trebakuntza hobetzeko, eta baita 2020ko deialdiko zenbait kontzeptu diruz lagungarriri eustea ere, egungo osasun krisiak eta krisi ekonomikoak sektorean dituen ondorioak leuntzeko.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazten dira portzentaje bat aplikatuz jarduketa diruz lagungarrietarako gastuari, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski portzentaje horren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, hainbanatu eginen da deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua .

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko dirulaguntzen 2021eko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 55.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 2021eko partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83130-4701-431402 “Artisautzako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Nafarroako artisautzaren sustapena eta prestakuntza” izenekoa.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko uztailaren 19an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

NAFARROAKO ARTISAUTZA ENPRESAK SUSTATZEKO DIRULAGUNTZEN 2021EKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako artisautza enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien lehiakortasuna bultzatzearren, haien produktuak merkaturatu eta sustatzeko jarduerak bultzatuz, bai eta haien langileen prestakuntza maila hobetzen duten jarduerak ere, haiek garatu eta indartze aldera.

Dirulaguntzen onura publikoa artisautza enpresak eta horien produktuak sustatzean datza, horrela sektorea dinamizatzeko eta indarberritzeko; izan ere, beharrezkoa da artisautza bizirik mantentzea eta hura dinamizatzea, gizartea kulturalki aberasten baitu, eta Nafarroako ondare immaterialaren zati garrantzitsu bat osatzen baitu. Gainera, artisautzari aitortza egitea ere sustatzen da, artisautzak berekin baitakar tradizioa, kalitatea, diseinua eta benetakoak, bakarrak eta jatorrizkoak diren produktuak eskuz egitea, industrialki, seriean edo mekanikoki egindako produktuen aldean.

Halaber, enpresa hauek aurrera ateratzeko zailtasun handia dute COVID-19ak osasunean, gizartean eta ekonomian eragin duen krisi egoera honetan, eta, sortzen dituzten produktuen berezitasuna ikusirik, laguntza hauen bidez lortu nahi da enpresa horien iraupena sendotzea.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

55.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.

3. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epea.

Jarduketak 2020ko azaroaren 17tik 2021eko azaroaren 12ra bitarte gauzatu beharko dira, egun horiek barne. Ondorio horietarako, ulertuko da jarduera gauzatu dela epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. oinarria.–Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea entitate onuraduna izateko ezarritako debeku egoera batean, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Pertsona fisiko edo juridikoen elkarte bat eratzen duten eskatzaileek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko egoeraren batean daudenek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Gainera, berariazko beharkizun hauek bete beharko dituzte:

1.4. Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan izena emanda egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Erregistro hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari atxikirik dago.

1.5. Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa bat dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea. Enpresa horiek, diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoan bete beharko dituzte artisautza enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak. Horrenbestez, soilik onartzen ahalko dira artisautza enpresek betebehar horiek betetzen dituzten epean eta aipatu txartela indarrean dutela egiten dituzten jarduketak.

1.6. Hala badagokio, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik aurkeztu izatea artisau enpresaren izaera berritzeko eskabidea.

2. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak ziurtatuko du berariazko baldintzak betetzen direla.

5. oinarria.–Jarduketa mota diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Jarduketa mota diruz lagungarriak.

Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

a) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.

b) Sustapen eta publizitateko jarduketak.

c) Berariazko prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea.

d) Lokalak alokatzea artisautza tailerra jartzeko.

e) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak.

f) Lehengaiak eta beste material batzuk eskuratzea.

2. Jarduketa mota bakoitzaren arabera diruz lagungarriak diren gastuak:

a) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.

a.1) Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

–Inskripzioa, tokiaren eta standaren alokairua.

–Standa muntatu, apaindu edo instalatzeko gastuak. Erakustoki, saltoki edo standetan erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatu eta errotulatzeko gastuak diruz lagungarriak izanen dira; zehazki, diseinuari, produkzioari eta inprimatze prozesuei edo antzekoei buruzko gastuak onartuko dira, bai eta lan horiek egiteko euskarria edo materiala erostekoak ere.

–Materialaren garraioa eta bidaia norberaren ibilgailuan egitearen ondoriozko gastuak: diruz lagungarritzat joko da materiala eraman eta ekartzeko egindako kilometro bakoitzeko 0,33 euro aplikatu ondoan lortzen den zenbatekoa; zenbateko horri bidesarien gastuak gehitu behar zaizkio. Kilometro kopurua kalkulatzeko, Google Maps aplikazioa erabiliko da, eta kontuan hartuko da zer distantzia dagoen enpresa eskatzailearen artisautza tailerretik azoka eginen den herrira.

–Materialaren garraioa eta bidaia beste bitarteko batzuk erabiliz egitearen ondoriozko gastuak: diruz lagungarritzat onartzen da erabilitako garraiobidearen gastua edo alokatutako ibilgailuarena, erregaiaren eta bidesariaren gastuak barne.

–Artisautza enpresa bakoitzeko pertsona bati ostatu ematea.

–Artisautza enpresa bakoitzeko pertsona baten mantenu-gastuetan 5. oinarrian ezarritako kalteordainak aplikatuko dira.

a.2) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Artisautza enpresak jarduketa horietan parte hartuko du soilik bere artisautza tailerrean egindako produktu propioekin, eta ezin izanen du birsalmentarik egin. Halaber, produktu horiek enpresak aitortua duen artisautzako lanbideari dagozkionak izan beharko dute.

Dirulaguntza zer azokatarako eskatzen den, deialdia kudeatzen organoak eskubidea du informazioa eskatzeko horien antolatzaile den edozein erakunderi, ziurtatze aldera lehen aipatu den baldintza betetzen dela. Betetzen ez bada, kasuan kasuko azokari dagozkion gastu guztiak ezetsiko dira.

b) Sustapen eta publizitateko jarduketak.

Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

b.1) Sustapenerako materiala argitaratzea.

–Artisautza enpresak prestatutako produktuak aurkezteko edo artisauen lanbidea hedatzeko katalogoak, triptikoak, flyerrak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Diseinuari, konposizioari edo/eta maketazioari, banaketari eta produkzioari buruzko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

–Publizitate tarteak komunikabide eta hedabideetan, artisautza enpresa bultzatu, hedatu eta ezagutzera emateko. Publizitate tarte horiek diseinatu, ekoitzi eta txertatzeko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

–Argazkigintza lanak, artisautza tailerrei edo artisautza enpresaren lanari buruzkoak, dibulgaziorako, sustapenerako, edo salmenta hedatzeko egiten direnak.

b.2) Marketin digitaleko ekintzak.

–Publizitatea sare sozialetan, bilatzaileetan (SEM) edo edukien marketina.

–Sare sozialen kudeaketarako aholkularitza teknikoa, publizitatea egin, artisau produktuak sustatu eta erosleak erakartzeko.

b.3) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak:

Kanpoan uzten dira artisautzako produktuari, lanbideari edo enpresari buruzkoak ez diren dibulgazio, propaganda edo publizitateko material eta iragarki guztiak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen produktuak saltzeko edo erakusteko beharrezkoak diren bilgarri, kaxa, kutxatila edo antzekoak erosteko gastuak, ez eta bisita txartelen edo antzekoen diseinuari eta produkzioari buruzkoak ere.

c) Berariazko prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea.

c.1) Diruz lagungarritzat jotzen dira honako ikastaro hauetara artisau enpresa bakoitzetik pertsona bat joateagatik egiten diren gastuak (izan online ikastaroak nahiz presentzialak):

–Prestakuntza eta trebakuntza teknikoko ikastaroak, Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioan aipatzen diren lanbideetako baten hobekuntza profesionala helburu dutenak; baimendutako zentro ofizialek edo horretarako kualifikatutako enpresa edo profesionalek antolatu edo eman beharko dituzte, eta lagundu beharko dute artisau lanetan aritzeko lanbide gaitasunak hobetzen.

–Gaikuntza digitalerako prestakuntza-ikastaroak, beharrezkoak direnak informazioaren eta komunikazioaren teknologiako tresna berriak erabiltzeko; esaterako, xede dutenak sare sozialak erabiltzea, online salmenta edo online marketina egitea, etab.

c.2) Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

–Akademikoak, matrikulakoak eta material didaktikokoak.

–Joan-etorrikoak.

–Ostatukoak.

–Mantenukoak.

Joan-etorriko, ostatuko eta mantenuko gastuei dagokienez, artisautza azoketan parte hartzeagatik aplikatzen diren irizpide berberak aplikatuko zaizkie gastu horiei eta trataera bera emanen zaie.

d) Lokalak alokatzea artisautza tailerra jartzeko.

Diruz lagungarritzat jotzen da artisautza tailerrak hartzen dituzten lokalak eta instalazioak errentan hartzea, baldin eta jarduera hori egiten bada 2020ko azarotik 2021eko urrira bitarteko hilabeteetan, biak barne, eta baldintza hauek betetzen badira:

–Artisautza tailerrak egon behar du etxebizitza partikularra ez den higiezin batean.

–Lokalaren erabilera ez da izanen etxebizitzarako, Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen Zerbitzuan dauden datuen arabera.

–Lokala errentan hartzeko kontratu bat izan behar da, artisautza enpresaren izenean.

e) Online salmentarako plataformetara, market place plataformetara edo antzekoetara atxikitzeko kuotak.

Diruz lagungarritzat hartzen dira online salmentarako plataformetara (ecommerce) atxikitzeko hilabeteroko kuotak, baita market place plataformetara edo online salmentarako beste kanal batzuetara atxikitzekoak, horien bidez artisautza enpresak espazio bat izan baitezake produktuak ikusgai jartzeko, horiek erakustea errazteko eta salmenta prozesua azkartzeko.

f) Lehengaiak eta beste material batzuk eskuratzea.

Diruz lagungarritzat hartzen da lehengaiak, kontsumigarriak eta artisautza produktuen ekoizpen prozesuan erabiliko diren beste material batzuek eskuratzea.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

a) Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira inbertsio diruz lagungarriaren gainean (BEZa kanpo), gehieneko zenbatekoa gainditu gabe:

JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIAREN MOTA

DIRULAGUNTZA (%)

GEHIENEKO ZENBATEKOA

A) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea

70

1.700 euro azoka bakoitzeko eta guztira 6.000 euro

B) Promozioa eta publizitatea

50

2.000

C) Berariazko prestakuntzako ikastaroak

70

2.000

D) Lokalak alokatzea artisautza tailerra jartzeko

50

1.200

E) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak

70

600

F) Lehengaiak eta beste material batzuk eskuratzea

30

2.000

b) A) eta C) motako jarduketetako ostatu gastuetan, diruz lagungarritzat hartzen da artisautza enpresa bakoitzeko pertsona baten ostatu gastua, 60 euro izanik pertsona eta eguneko gehieneko kopurua.

c) A) eta C) motako jarduketen kalte-ordain gisa honako dirulaguntza hauek emanen dira:

AZOKA MOTA

KALTEORDAINA AZOKAREN IRAUPENAREN ARABERA

DIRULAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA

Estatuko azokak

30 euro azoka egun bakoitzeko

15 euro egun erdiko azokako

150 euro azoka bakoitzeko

Nazioarteko azokak

40 euro azoka egun bakoitzeko

200 euro azoka bakoitzeko

d) Deialdi honetan gehienez ere 8.000 euro eman dakizkioke enpresa bati.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2021eko irailaren 20tik 2021eko urriaren 8ra artekoa izanen da.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Comercio+y+artesania/ (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste erregistroetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

3. Eskaerak eginen dira erabiliz laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskabide ereduak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta de minimis laguntzei buruzkoa (11. oinarrian aipatzen dira).

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

4.2.1. 2020ko azaroaren 17tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Azoka edo erakusketetan parte hartzea: Memoria bat horietako bakoitzeko, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa jasoko duena.

a.1) Dirulaguntza eskatzen bada azoka edo erakusketetan parte hartzeagatik, baina, bakar-bakarrik, materiala garraiatzeagatik, aurkezten den dokumentazioan behar bezala frogatu beharko da artisautza enpresak ekitaldian parte hartzen duela; besteak beste, honako hauek aurkeztuko dira: antolatzailearen ziurtagiria, publizitate-iragarkien kopia, azokako liburuxkak edo katalogoak edo antzeko dokumentazioa.

a.2) Standak muntatzeko edo apaintzeko erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatzeko dirulaguntzen kasuan, lehenik, standaren eta olanen, eguzki-oihalen edo publizitate euskarrien argazkiak aurkeztu behar dira, horien bitartez egiaztatzeko ea bete den jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela jakinarazteko betebeharra.

b) Sustapen eta publizitate jarduketen kasuan, jarduketa bakoitzeko fitxa bana aurkeztu beharko da, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa eta eragin dituen gastuak jasoko dituena.

Horrez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Sustapenerako argitaratutako katalogo, eskuorri, triptiko, flyer, ikus-entzunezko edo beste edozein materialen ale bat.

–Komunikabide eta hedabideetan iragarkirik egin bada, iragarkiaren kopia eta hedabidearen azalarena aurkeztuko dira.

–Sare sozialetan publizitatea edo iragarkiak hedatu badira, horien pantaila-argazkiak edo estekak aurkeztu beharko dira.

c) Prestakuntzako jarduerak: Memoria bat horietako bakoitzeko, laguntzen fitxako eredu berariazkoan eskatzen den informazioa jasoko duena.

d) Artisautza tailerren alokairua: Artisautza tailerra dagoen lokala errentan hartzeko, artisautza enpresaren izenean eginiko kontratua.

e) Online salmentarako plataformetara edo market place plataformetara atxikitzeko kuotak: Egin diren jarduketei buruzko memoria bat, laguntzen fitxako berariazko ereduaren araberakoa.

f) Artisautza produktua egiteko behar diren lehengaiak edo materialak eskuratzea: Egin diren jarduketei buruzko memoria bat, laguntzen fitxako berariazko ereduaren araberakoa.

g) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, dirulaguntzaren onuradun den enpresaren izenean jaulki beharko dira.

Ez da 20 euro baino gutxiagoko (BEZa barne) fakturarik onartuko, salbu eta aparkaleku, erregai edo bidesarien gastuetan.

h) Ordainketaren banku-egiaztagiriak.

Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela.

Espediente bakoitzeko, 500 euro arte (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileek sinatu eta zigilatutako hartu-agiriak aurkezten baditu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

i) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

j) Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek zerbitzua ematen duten kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintza hautatu izana justifikatu beharko du eskaera inprimakiko «Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa» apartatuan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

4.2.2. Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2021eko azaroaren 12ra arte aurreikusitako jarduketetarako, dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Deskripzio-memoria xehatu bat, egin beharreko jarduerak jasotzen dituena, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa. Aurreikusitako gastuen zerrenda xehatua bilduko du.

b) Aurrekontuak edo proformako fakturak, egin beharreko jarduketenak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Zehazki, azoketan parte hartzeak dakarren gastuaren aurreikuspena baloratzeko, ontzat emango dira antolatzaileen berrespenak.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.

2. Azkenean onartzen diren eskaerei dagokien dirulaguntza honela emanen da:

a) Laguntza har dezaketen ekintzei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa 5. oinarrian ezarritakoaren arabera kalkulatuko da.

b) Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada aurreko puntuan zehaztutakoaren ondoriozko dirulaguntzen batura baino, deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendutako kreditua hainbanatu eginen da diruz lagungarritzat jotzen den gastuaren zenbatekora arte.

3. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia da dirulaguntzak ematea ebazteko organo eskuduna.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Enpresa onuradunen zerrenda eta diruz lagungarria den jarduketa mota bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

4. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

5. Diruz laguntzen ahal den jarduketa mota bakoitzaren barrenean onartutako jarduera multzoari emanen zaio dirulaguntza eskatzaile bakoitzari eta ordainduko zaio. Jarduketa horiek 5. oinarrian daude zehaztuta.

6. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.–Jarduketen justifikazioa

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Egindako jarduketen justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:

a) 2020ko azaroaren 17tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jarduketen kasuan, dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da justifikazioa.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita 2021eko azaroaren 12ra arte egindako jardueren kasuan, 2021eko azaroaren 12a bera izanen da justifikazioa aurkezteko azken eguna.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 6. oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) 2020ko azaroaren 17tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, eskaeraren inprimakia aurkeztuko da 6.4.2.1 oinarrian ezarritako dokumentazioarekin batera.

b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2021eko azaroaren 12ra arte egindako jardueren kasuan, justifikazioaren inprimakia aurkeztuko da 6.4.2.2 atalean ezarritako dokumentazioarekin batera.

9. oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituztela frogatzen duen txostena.

2. Bi ordainketa egin ahal izanen dira, aurkeztutako justifikazio partzial bakoitzeko bat, baina prozedurak erraztu eta administrazio eraginkortasuna hobetze aldera, organo kudeatzaileak bi ordainketak pagamendu bakarrean batzen ahalko ditu.

3. Laguntza ordaintzeko ebazpena 2021eko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

b) Diruz lagundutako jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.

c) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, baldin eta diruz lagundutako jarduketa ez bada gauzatu behar diruz lagundutako aldian.

d) Publizitatean behar bezala adieraztea dirulaguntza honen xede diren jardueren finantzaketa publikoa dela. Hortaz, dirulaguntzaren xede den euskarri orotan honako esaldi hau agertuko da lehentasunez: “Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa”, edo euskarriak horretarako aukerarik ematen ez badu, Nafarroako marka turistikoa, laguntzaren fitxan eskuratzen ahalko dena.

e) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

f) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) 10.1.a) oinarrian ezarritako gardentasun betebeharra duten onuradunek 59/2013 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, eta, betiere, 2021eko azaroaren 12ra arte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da, eta, aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Bigarren epeko justifikazio agiriak aurkezten badira 2021eko azaroaren 13tik 2021eko azaroaren 29ra bitarte (bi egun horiek barne), %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Dirulaguntzaren xedeko jarduketetan ez badira betetzen publizitate betebeharrak, ez da onartuko publizitate-euskarri horiei dagokion gasturik.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak jarduketa beretarako ematen dituen bestelako dirulaguntzekin.

Hala ere, bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zergaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresa txiki eta ertain eskatzaileek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

13. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2111339