188. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Jenáriz, Linte eta San Marcos II haize-parkeek ukitutako ondasunen desafektazioa. Jendaurreko epea

Faltzesko Udalak, 2021eko uztailaren 28an egin osoko bilkuran, Udalbatzako kideen gehiengo osoarekin, erabaki zuen desafektazio espedientea hastea Jenáriz, Linte eta San Marcos II deitutako haize-parkeek eta Erriberriko azpiestazioarekin lotzeko linea elektrikoak ukitutako udal ondasunen eta eskubideen gainean. “Agrowind Navarra 2013 SL” merkataritzako enpresa da sustatzailea.

Orobat, osoko bilkuran onetsi zen aipatu desafektazioa arautzeko baldintza-agiria, ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda eta balorazioa biltzen dituena, baita dagozkien plano eta fitxak ere. Den-denak 205/2021 udal espedientean ageri dira.

Erabaki zen desafektazio espedientea jendaurrean jartzea hilabete bateko epean, aurretik iragarkiak argitaratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, egokiak juzgatzen diren erreklamazioak edo alegazioak aurkez daitezen. Hori guztia, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2 artikuluaren l) letrarekin eta 81. artikuluarekin, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin.

Argitaratzeko agintzen da, behar diren legezko ondorioak izan ditzan.

Faltzesen, 2021eko uztailaren 30ean.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

Iragarkiaren kodea: L2111886