186. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROMANTZATUA

Ordenantza, arautzen dituena Erromantzatuko toki berezietarako sarbideak eta horietan aparkatzea (Arbaiungo arroila, Ugarrongo arroila eta Napalgo haitza). Behin betiko onespena

Erromantzatuko Udalak, 2021eko maiatzaren 20an egindako osoko bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen, legez behar den gehiengoa izanik, ordenantza bat, arautzen dituena Erromantzatuko toki berezietarako sarbideak eta horietan aparkatzea (Arbaiungo arroila, Ugarrongo arroila eta Napalgo haitza).

Aipatu erabakia 2021eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 1ean.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat.

Erromantzatuan, 2021eko uztailaren 14an.–Alkatea, Aitor Sola Ochotea.

Ordenantza, arautzen dituena Erromantzatuko toki berezietarako sarbideak eta horietan aparkatzea (Arbaiungo arroila, Ugarrongo arroila eta Napalgo haitza)

Zioen azalpena

Erromantzatuko toki berezienetara (Arbaiungo arroila, Ugarrongo arroila eta Napalgo haitza) gero eta turista gehiago joaten denez, beharrezkoa da haien sarbideak arautzea, natura ondarearen balioak zaintzeko, egoki mantentzeko eta auzotarren eta bisitarien arteko bizikidetza bermatzeko.

Ordenantza berri bat behar da sortu diren azpiegitura berrietarako, azpiegitura berriak sortu baitira aipatu naturguneetako sarbideak kontrolatzeko eta haietara joateko herrietan (Usun, Napal eta Berroia) ibilgailuen masifikazioa prebenitzeko.

Arbaiungo arroila, Natura 2000 Sareko natura-erreserba (RN-16) eta Batasuneko garrantzizko leku denez (BGL), badu jadanik arau esparru bat eta, bertan, jarduera batzuk egiten dira haren babesa, zaintza, leheneratzea eta hobekuntza bermatzeko; baina araudi horrek alde batera uzten ditu eremu periferikoa eta sarbidea, eta, hain zuzen ere, ordenantza honek eremu hori arautzen du, Ugarrongo arroilarako eta Napalgo haitzerako sarbideekin batera. Bere helburua da uztartzea bisitariek Erromantzatuko naturguneez gozatzeko duten eskubidea eta bertako biztanleen eguneroko bizitza.

Horretarako, ordenantza honek arau orokor batzuk ezartzen ditu aipatu naturguneetako sarbideak antolatzeko eta erabiltzeko, arau-hausteak zehazten ditu eta dagozkien zehapenak tipifikatzen.

Azken batean, ordenantzak ezartzen ditu arau batzuk babeste aldera ibarreko leku bereziak (Arbaiungo arroila, Ugarrongo arroila eta Napaleko haitza) eta jendea bizi den lekuak (Usun, Berroia eta Napal), saihestu dadin natura-ingurunea masifikatzea eta aldatzea.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Esparrua.

Ordenantza honen xedea da araubide bat ezartzea honako hauetarako sarbidea arautzeko: Arbaiungo arroilarako (Usungo NA-2161 errepidetik), Ugarrongo arroilarako (NA-2110 Arbontze - Murelu Berroia errepidetik) eta Haitzerako (NA-2162 Orradre - Napal errepidetik). Orobat, aparkatzeko egokitutako lekuak arautzea.

2. artikulua. Helburua.

Aurreko artikuluan mugatutako esparruetan Udalaren jarduna bideratuko da arautzera aparkalekuetarako, harrerarako eta informaziorako egokitu diren eremuen sarbideak eta haien erabilera publikoa.

3. artikulua. Udal eskumenak.

1 Ordenantza honen esparruan, Erromantzatuko Udalari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Ordenantza hau betetzen dela begiratzea.

b) Adierazitako helburuak lortzeko beharrezkoak diren xedapen eta ekimenak hartzea, bere eskumenak erabiliz.

c) Behar diren zerbitzuak ezartzea, naturgune horietarako sarbideen helburuak betetzeko.

d) Beharrezko kasuetan baimenak eta egiaztapenak ematea, ordenantza honen arabera, eskaeraren inguruabarrak kontuan hartuta.

e) Aparkatzeko egokitutako eremuak aldatzea, hautematen diren beharren eta aukeren arabera. Horretarako, aplikatu beharreko baimenak izapidetu beharko dira aldez aurretik.

f) Ordenantzaren aurkako arau-hausteak zehatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritako mugen barrenean, izapidetu ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz.

II. TITULUA

Erabiltzeko eta kudeatzeko xedapenak

4. artikulua. Aparkatzea.

1. Aparkalekuetarako gune berekiak sortuko dira, kasuan kasuko seinaleztapen bertikal eta horizontalarekin; ingurunean integratuko dira, paisaiaren harmonia hautsi gabe, eta aurreikusitako zonifikazioaren arabera.

2. Aparkaleku kopurua egokituko da horretarako prestatutako harrera eremuaren gaitasunera.

3. Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere gainerako ibilgailuei; bereziki zainduko da non uzten den, eta begiratuko, ez dadin mugi gidaria kanpoan delarik.

4. Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

5. Aparkatu behar da gainerako ibilgailuei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

6. Debekatuta dago aparkatzea ibilgailu astunen zirkulazioa errazteko sortutako errepideetako areketan edo ihesbideetan, baita etxebizitza, nabe edo bordetako ateetan ere.

7. Debekatuta dago ibilgailu motordunak baimenik gabe igarotzea aparkatzeko guneetatik aurrera, eta Usungo, Napalgo eta Berroiako herriguneetan sartzea. Horiek oinezkoentzako gunetzat hartuko dira.

8. Ibilgailuen eguneroko aparkatzeko eremua erabiltzeko tasa Erromantzatuko Udalaren Osoko Bilkurak zehaztuko du eta berak eguneratuko du urtero.

9. Erromantzatuko Udalak erantzukizunik ez du izanen baldin aparkatzeko eremuan uzten diren ibilgailuetan inork lapurretarik, basakeriarik edo hondaketarik egiten badu.

5. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua.

2. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean, partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste astuntzat hartuko baitira.

6. artikulua. Baimenak.

1. Usungo, Napalgo eta Berroiako herriguneak oinezkoentzako eremu dira. Bertan ibilgailu motordunez sartzeko edo ibiltzeko, hango bizilaguna izan beharko da, edo baimena eduki, dermio horietan diren lurren jabea izateagatik. Berdin haien lursailetan eremu horietan barna bakarrik sar daitezkeenen kasuan ere. Aipatu jabeek nahitaez beharko dute Erromantzatuko Udalaren baimena, egiaztagiri gisa baliatuko dutena.

2. Baimen bereziak emanen dira Usungo turismo establezimenduetan ostatu hartutako bezeroek erabiltzen dituzten ibilgailuetarako.

3. Usungo, Napalgo eta Berroiako herriguneetan sartzeko eta aparkatzeko txartela lortzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Erromantzatuko Udalean.

4. Herriguneetan sartzeko eta aparkatzeko baimenak Alkatetza-Udalburutzak edo hark eskuordetutako pertsonak emanen ditu, eskatutako betekizunak ofizioz aztertu ondoren.

5. Erromantzatuko Udalak emandako sartzeko eta aparkatzeko berariazko baimen-txartela duten ibilgailuen kasuan, baimena jarri beharko da kanpoaldetik ikusteko moduko lekuan. Agerian jarri beharreko baimena ez jartzeak zehapena ekar dezake.

6. Ibilgailu hauek dute igarotzeko baimena: inguruan lanak egiten ari diren zerbitzu-enpresen ibilgailuak, suhiltzaileen ibilgailuak, anbulantziak, larrialdietako osasun-langileak, Gurutze Gorriko eta DYAko langileak, polizia, Nafarroako Gobernua eta hiri-hondakinak biltzeko enpresak, zerbitzua ematen ari direnean.

III. TITULUA

Babes araubidea

7. artikulua. Erabileren mugak.

a) Ibilgailu motordunen zirkulazioa eta aparkamendua: aparkaleku gisa gaitutako eremuetatik aurrera, baimena izan ezean.

b) Sua eragitea edo egitea, bai egurrarekin bai su txikian eta antzekoetan, eta zigarrokinak edo zigarro-puntak piztuta botatzea.

c) Txakurrak eta etxeko beste animalia batzuk aske eramatea, bai eta lagun egiteko animalien gorozkiak ez garbitzea ere espazio publikoetan. Behar bezala identifikatuta eta txertatuta dauden txakurrak eta lagun egiteko beste animalia batzuk bakarrik sar daitezke.

d) Kanpatzea, karabanetan edo beste egitura mugikor batzuetan gaua igarotzea, berariazko baimenik izan ezean.

e) Bolumen handiko musika-aparatuen edo zaratak sortzen dituen beste edozein iturriren funtzionamendua, gai horretan aplikatzekoa den araudia urratzen badute.

f) Zaborrak horretarako prestatutako ontzietatik kanpo uztea. Horrelakorik ez bada, bisitariek edo txangozaleek sortzen dituzten hondakinak jaso beharko dituzte.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuko dira:

–Arau-hauste arintzat hartuko dira ordenantza honen 7. artikuluan ezarritako erabilera-mugak urratzen dituzten ez-betetzeak eta ekintzak, administrazio baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea eta, oro har, ezarritako betebeharrak edo debekuak ez betetzea.

–Arau-hauste astuntzat hartuko dira arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

–Arau-hauste oso astuntzat hartuko dira arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea.

Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunaren ardurapean jarriko dira.

9. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen aurkako arau-hausteak Alkatetza-Udalburutzak zehatuko ditu, indarrean den legerian ezarritako mugen barrenean, honako paragrafo hauetan ezarritakoaren arabera:

Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.

Isunak jartzeko eta mailakatzeko, kontuan hartuko dira arau-haustearen izaera, arau-hauslearen asmoa eta eragindako kaltearen larritasuna.

10. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Prozedura izapidetuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

2. Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalen barnean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari, eta berariazko ebazpenik eman behar izan gabe buka daiteke prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

3. Ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzeko eskumena Erromantzatuko Udaleko alkateari dagokio, eta eskumena du arau-hausteak zehapen organo eskudunari jakinarazteko.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta alor honetako legeria indarduna.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

ERANSKINA

Tasak, Usungo aparkalekuan aparkatzeagatik - Arbaiungo arroilerako sarbidea

Prezioa eguneko:

–Motozikletak: 2 euro.

–Autoak: 3 euro.

–Autokarabanak: 5 euro.

Aparkalekurako zehaztutako prezioek dagokien BEZa barne dute.

Tokiak erreserbatzeko esteka: https://reservas.redexploranavarra.es/esp-usun/usun

Iragarkiaren kodea: L2111186