182. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

179E/2021 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, iraungitzat deklaratzen duena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 12ko 525E/2013 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, hots, Navagesproy SLk sustaturik Cabanillasko udal mugartean oilaskoak gizentzeko hegazti-ustiategi bat instalatzekoa.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 12an emandako 525E/2013 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zen oilaskoak gizentzeko hegazti-ustiategi horren proiektua gauzatzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluak ezartzen duenez, bi urte iragaten badira ingurumen baimen integratua eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte iragaten badira hura bukatu gabe eta jarduera abian jarri gabe, ulertuko da baimena iraungi dela eta ondoriorik gabekoa dela.

2021eko otsailaren 9an, instalazioaren titularrak jakinarazi du proiektatutako instalazioa ez zela gauzatu. Gainera, egiaztatu da proiektua ez dela egikaritzen hasi eta kokagune horretako lurzatiak nekazaritzarako lantzen direla oraindik. Bertan ez dago inolako eraikuntzarik, eta ez dago obrak egin izanaren inolako aztarnarik.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Iraungitzat deklaratzea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 12ko 525E/2013 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, hots, Navagesproy SLk sustaturik Cabanillasko udal mugartean oilaskoak gizentzeko hegazti-ustiategi bat instalatzekoa.

Bigarrena.–Eraginik gabe uztea instalazio horretarako ingurumen baimen integratuan sartu ziren baimen eta inskripzioak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Navagesproy SLri, Cabanillasko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2110895