182. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

53E/2021 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, industria-sektoreko ETEen eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko deialdiaren laguntzen zenbatekoa eta indarraldia aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 475110.

Apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren bidez, industria-sektoreko ETEen eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programa arautu zen (2019ko 89. Estatuko Aldizkari Ofiziala, apirilaren 13koa).

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren irailaren 25eko 5E/2019 Ebazpenaren bidez, industria sektorean 2019an efizientzia energetikoko jarduketak egiteko laguntzen programaren deialdia egin zen (2019ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa).

Abenduaren 29ko 1186/2020 Errege Dekretuak apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretua aldatu zuen (foru dekretu horrek industria-sektoreko ETEen eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programa arautu zuen, eta 2020ko 340. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ekoan). Aldaketaren ondorioz, 12. artikuluaren 1. apartatua honela geratu zen:

“1. Laguntza programa honek indarra izanen du errege dekretu hau “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza eskaerak aurkezten ahalko dira autonomia erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoek beren deialdietan adierazten duten unetik aurrera eta haietan ezartzen den moduan, deialdiaren indarraldia bukatu arte (2021eko ekainaren 30a, aurreikuspenen arabera), egoera hauetako bat gertatzearen ondorioz:

a) Jasotako eskaeren ondorioz, aurrekontu erabilgarria ahitzea.

b) 2021eko ekainaren 30ean, aurkeztutako eskaerek baliagarri dagoen aurrekontua ahitu ez badute.”

Horren ondorioz, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 12ko 1E/2021 Ebazpenaren bidez (30. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 9koan), deialdiaren 9. oinarria aldatu zen, esandako norabidean, eta indarraldia 2021eko ekainaren 30era arte zabaldu zen.

Ekainaren 22ko 440/2021 Errege Dekretuaren bidez (149. Estatuko Aldizkari Ofiziala, ekainaren 23koa), apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretua aldatu zen (dekretu horrek onetsi zuen laguntza programa bat, industria arloko ETEak eta enpresa handiek energia efizientziaren arloko jarduketak egin ditzaten).

Artikulu bakarrean, bat apartatuan, xedatzen du apirilaren 12ko 263/2020 Errege Dekretuaren 12. artikuluaren 1. apartatua aldatzen dela (dekretu horrek arautzen du laguntza programa bat, industria arloko ETEak eta enpresa handiek energia efizientziaren arloko jarduketak egin ditzaten). Apartatu hori honela geldituko da:

“1. Laguntza programa honek indarra izanen du errege dekretu hau “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza eskaerak aurkezten ahalko dira autonomia erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoek beren deialdietan adierazten duten unetik aurrera eta haietan ezartzen den moduan, deialdiaren indarraldia bukatu arte (2023ko ekainaren 30a, aurreikuspenen arabera), egoera hauetako bat gertatzearen ondorioz:

a) Jasotako eskaeren ondorioz, aurrekontu erabilgarria ahitzea.

b) 2023ko ekainaren 30ean, aurkeztutako eskaerek baliagarri dagoen aurrekontua ahitu ez badute.”

Horiek horrela, bidezkoa da berriz aldatzea industria-sektoreko ETEen eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programaren 2019ko deialdiaren 9. oinarria, esandako norabidean (deialdia Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren irailaren 25eko 5E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 12ko 1E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zen).

Ekainaren 22ko 440/2021 Errege Dekretuaren artikulu bakarrean, bi puntuan, apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren I. eranskina aldatu da, baita ere.

Industria-sektoreko ETEen eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programaren 2019ko deialdiaren 5. oinarriak hauxe ezartzen zuen:

5. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

5.1. 263/2019 EDren I. eranskinean ezartzen da laguntzen zenbatekoa.

5.2. Eskaerako 750.000 euroko laguntza emanen da gehienez.

5.3. Laguntza hauei Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak (EB) ezartzen dituen baldintzak eta mugak aplikatuko zaizkie (erregelamendu horretan barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria ezartzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

Ekainaren 22ko 440/2021 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren bigarren puntuan aurreikusitakoaren arabera, bidezkoa da deialdiaren 5. oinarria aldatzea esandako norabidean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren irailaren 25eko 5E/2019 Ebazpenak onetsitako deialdiaren 9. oinarria, “Programaren indarraldia”, aldatzea (ebazpen hori Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 12ko 1E/2021 Ebazpenak aldatu zuen). Honela idatzita geldituko da:

“Laguntza eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta deialdiak indarra galtzen duenean bukatuko da, hau da, kasu hauetan:

a) Jasotako eskaeren ondorioz aurrekontu kreditua ahitzen denean.

b) 2023ko ekainaren 30ean, aurkeztutako eskaerek aurrekontu erabilgarria ahitzen ez badute.

Indarraldia bukatu ondoren, ez da eskaerarik onartuko.

Aurrekontu erabilgarria ahitzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus).”

2. Deialdiaren 5. oinarria (“laguntzen zenbatekoa”) aldatzea. Honela idatzita geldituko da:

“Laguntzen gehieneko zenbatekoa, jarduketa bakoitzerako, ondorengo hiru hauen arteko txikiena izanen da:

a) Proiektuaren inbertsio hautagarriaren %30, eta jarduketa-tipologia bakoitzerako apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako muga bereziekin.

b) 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 38. artikuluan (EB) energia-efizientziaren jarduketetarako ezartzen den gehieneko zenbatekoa, proiektua zer eskualdetan dagoen eta enpresa sustatzailearen tipologiaren arabera. Muga hori ezartzeko aintzat hartuko da xede berberarekin jasotako beste edozein laguntza. Ondoko koadroak erakusten ditu aplikatzekoak diren portzentajeak, oro har diruz lagungarria den kostuan aplikatuko direnak:

Oro har:

ENPRESA HANDIA

ENPRESA ERTAINA

ENPRESA TXIKIA

%30

%40

%50

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuaren c) letraren baldintzak betetzen dituzten alde lagunduak, Europako Batzordeak onetsitako Eskualdeetako Laguntzen Maparen arabera, aplikatzekoa dena errege dekretuaren indarraldian.

ENPRESA HANDIA

ENPRESA ERTAINA

ENPRESA TXIKIA

%35

%45

%55

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuaren a) letraren baldintzak betetzen dituzten alde lagunduak, Europako Batzordeak onetsitako Eskualdeetako Laguntzen Maparen arabera, aplikatzekoa dena errege dekretuaren indarraldian.

ENPRESA HANDIA

ENPRESA ERTAINA

ENPRESA TXIKIA

%45

%55

%65

c) Eskaerako 750.000 euroko laguntza emanen da gehienez.”

3. Ebazpen hau Trantsizio Energetikoaren Zerbitzura igortzea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko uztailaren 13an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2111221