181. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

71/2021 FORU DEKRETUA, uztailaren 29koa, zeinaren bidez sortzen baitira, batetik, Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea, eta bestetik, Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa.

2021eko martxoaren 25ean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, 72. zenbakian, Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa.

Lege organikoak erantzun juridikoa, sistematikoa, orekatua eta bermatzailea eman nahi dio eutanasiaren auziari, egungo gizartearen eskaera iraunkorra baita, gure ordenamendu juridikoan eskubide indibidual gisa sartuta.

Arau horren arabera, eutanasia da pertsona bat zuzenean eta nahita hiltzea eragiten duen jarduera, kausa-efektu erlazio bakar eta berehalako baten bidez, pertsona horrek informatuta, berariaz eta denboran zehar behin eta berriz hala eskatuta, eta gertatzen dena gaixotasun edo pairamen sendaezin baten ondoriozko oinazea dagoenean, zeina pertsonak onartezintzat jotzen baitu eta ezin izan baita arindu beste bitarteko batzuen bidez. Horrela definituta, eutanasia Konstituzioak babesten duen pertsonaren oinarrizko eskubide batekin lotzen da, bizitza, alegia, baina beste eskubide eta ondasun batzuekin ere uztartu behar da, horiek ere Konstituzioak babesten baititu, hala nola pertsonaren osotasun fisiko eta moralarekin (Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua), giza duintasunarekin (EK, 10. artikulua), askatasunaren balio gorenarekin (EK, 1.1 art.), ideologia- eta kontzientzia-askatasunarekin (EK, 16. artikulua) edo intimitaterako eskubidearekin (EK, 18.1 artikulua). Erabat gai eta aske den pertsona batek aurre egiten dionean bere ustez bere duintasuna, intimitatea eta osotasuna urratzen dituen bizi-egoera bati, konparazio batera, goian deskribatutako testuinguru eutanasikoa definitzen duenari, bizitzaren balioa ahuldu daiteke harekin haztatu behar diren gainerako ondasun eta eskubideen mesedetan; izan ere, Konstituzioaren arabera, ez dago bizitza kosta ahala kosta ezartzeko edo tutelatzeko eginbeharrik, bizitzeko eskubidearen titularra denaren borondatearen aurka joaz. Arrazoi horregatik beragatik, adierazten da Estatua behartuta dagoela beharrezko bermeak eta segurtasun juridikoa ezarriko dituen araubide juridikoa ematera.

Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoaren V. kapituluak berme eta ebaluazio batzordeak aipatzen ditu. Batzorde horiek autonomia-erkidego guztietan eta Ceuta eta Melilla hirietan sortu behar dira, lege honen xedeetarako. 17. artikuluan adierazten da horietako bakoitzaren osaera diziplina anitzekoa izanen dela, eta gutxienez zazpi kide izan beharko dituela; horien artean, medikuak, erizainak eta legelariak egonen dira. Era berean, ezartzen du batzorde horiek eratu behar direla aipatutako 17. artikulua indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean; arau hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartu zen indarrean, legearen gainerako atalak ez bezala.

Bestalde, Lege Organikoaren 16. artikuluak aitortzen du hiltzeko laguntza ematearekin zerikusi zuzena duten profesional sanitarioek kontzientzia-eragozpena izan dezaketela, eta ezartzen du osasun administrazioek sortu behar dutela kontzientzia-eragozle diren profesional sanitarioen erregistro bat, eta erregistro horretan jasoko direla laguntza hori emateko kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak. Erregistro horren helburua izanen da osasun administrazioari beharrezko informazioa ematea, hiltzeko laguntzaren kudeaketa egokia berma dezan. Erregistroak bete beharko ditu konfidentzialtasun zorrotzaren printzipioa eta datu pertsonalak babesteko araudia.

Horretarako, Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa garatzeko, eta hartan aitortzen diren eskubideak Nafarroan bermatu ahal izateko, foru dekretu honen bidez Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea sortzen da, bai eta Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa ere.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseilua entzunik, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko uztailaren 29an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek sortu eta arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea, eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta bestetik, Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa, lege organiko horren beraren 16. artikuluan aurreikusita dagoena.

2. artikulua. Datu pertsonalak babestea.

Foru dekretu honen eraginpeko datu pertsonalen tratamendua honako hauetan aurreikusitakora egokituko da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datuon zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

II. KAPITULUA

Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea

3. artikulua. Izaera, atxikipena, araubide juridikoa eta lurralde eremua.

3.1. Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea administrazio organo bat da, kide eta diziplina anitzekoa, eta osasun arloan eskumena duen departamentuari atxikia dago.

3.2. Batzordearen jarduketa eremuak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean jarduten duten edo dauden pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatu guztiak hartzen ditu, baldin eta Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoan ezarritako baldintzak eta prozedura betetzen badituzte.

4. artikulua. Osaera.

4.1. Batzordearen osaera diziplina anitzekoa izanen da. Gutxienez bederatzi kide izanen ditu, eta horien artean, nahitaez, honako hauek:

a) Medikuntzako hiru profesional eta erizaintzako bi, bioetikan eta/edo gaixotasun larri edo sendaezinen tratamenduan prestakuntza edo lan esperientzia dutenak.

b) Zuzenbidean lizentziatutako hiru pertsona, osasun zuzenbidean eta bioetikan prestakuntza eta esperientzia dutenak.

c) Arlo psikosozialeko profesional bat edo bi, bioetikan eta/edo gaixotasun larri edo sendaezinen tratamenduan prestakuntza edo lan esperientzia dutenak.

4.2. Batzordearen osaera genero parekotasuneko irizpideen araberakoa izanen da; irizpide horiek, behar izanez gero, prestakuntza eta/edo esperientzia arloko eskakizunen ondoriozko mugen mende egonen dira.

4.3. Batzordeko kideek eta aholkulari gisa aritzen direnek borondatez parte hartuko dute batzordean, eta betiere bermatu beharko da Eutanasia arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako araudietan ezarritakoa. Era berean, batzordeko kideak ezin dira izan hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozleak.

5. artikulua. Izendapena.

5.1. Batzordeburua eta batzordekideak osasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko ditu, lau urterako, eta izendapen hori behin bakarrik luzatzen ahalko da epealdi bererako.

5.2. Hala proposamenean nola izendapenean hiru ordezko adierazi beharko dira Batzordean jasotzen den lanbide arlo bakoitzeko bat. Ordezko horiek jardunen dute kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean, edo justifikatuta dagoen legezko beste edozein arrazoi gertatzen denean.

5.3. Batzordeak idazkari bat izanen du, zuzenbidean lizentziaduna. Osasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko du, eta batzordearen bileretan hitza izanen du, baina botorik ez. Idazkaria ez da batzordeko kidetzat hartuko.

6. artikulua. Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak.

Izendapenaren epea bukatzeaz gain, hauek dira batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak:

a) Norberak borondatez uztea.

b) Eginkizunak betetzeko ezintasuna.

c) Eginkizunak betetzeko gerora sortutako bateraezintasuna.

d) Eginkizunen ez-betetze larria.

e) Epai irmo baten bidez deklaratutako ezgaitasuna.

f) Delitu bat egiteagatik kondena jasotzea epai irmo baten bidez.

Borondatez uko eginez gero, postuan jarraituko dute beste kide bat izendatu arte.

7. artikulua. Eginkizunak.

Bat etorriz martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoaren 18. artikuluan ezarritakoarekin, hauek dira Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordearen eginkizunak:

a) Gehienez ere hogei egun naturaleko epean ebaztea sendagile arduradunak hiltzen laguntzeko eskaera ukatu dien pertsonen erreklamazioak, eta sor daitezkeen interes-gatazkak ebaztea, 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Halaber, hogei egun naturaleko epean ebatziko ditu lege organiko horren 10. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen diren erreklamazioak, baina horien ebazpenean ezin izanen dute parte hartu hiltzen laguntzeko eskaerak baldintzak betetzen ote dituen egiaztatzeko hasiera batean izendatutako bi kideek.

Gainera, erabakitzen bada egiaztatzeke dagoen eskaeraren bat osoko bilkuran aztertzea izendatutako kideen artean irizpide desberdinak daudelako eta, horren ondorioz, ezinezkoa delako aldeko edo kontrako txostena egitea, horiek ere epe berean ebatziko ditu.

Ebazpena hiltzen laguntzeko eskaeraren aldekoa bada, Berme eta Ebaluazio Batzorde eskudunak zazpi egun naturaleko epea emanen dio zentroko zuzendaritzari eskatu den laguntza eman dezan, zentroko beste mediku baten bidez edo kanpoko profesional sanitarioen bidez. Hogei egun naturaleko epea igaro eta ebazpenik eman ez bada, eskatzaileek eskubidea izanen dute ezetsitzat jotzeko hiltzen laguntzeko eskaera, eta irekia geldituko da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa jartzeko aukera.

b) Egiaztatzea, gehienez ere bi hilabeteko epean, ea hiltzeko laguntza eman den aipatutako lege organikoan aurreikusitako prozeduren arabera.

Egiaztapen hori, oro har, bigarren dokumentuan jasotako datuetan oinarrituta eginen da. Hala ere, zalantzarik izanez gero, batzordeak gehiengo soilez erabakitzen ahalko du anonimotasuna kentzea eta lehenbiziko dokumentua irakurtzea. Anonimotasuna kendu ondoren, ukitutzat jotzen bada Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideren baten inpartzialtasuna, kide horrek borondatez uzten ahalko du prozesua, edo errekusatua izan daiteke.

Halaber, aipatutako egiaztapena egiteko, batzordeak gehiengo soilez erabakitzen ahalko du mediku arduradunari eskatzea pazientearen historia klinikoan jasotako informazioa, hiltzeko laguntza ematearekin zerikusia duena.

c) Aipatutako lege organikoan ezarritako betebeharrak betetzean sor daitezkeen arazoak hautematea, eta, hala badagokio, hobekuntza zehatzak proposatzea, jardunbide egokien eskuliburuetan eta protokoloetan txertatzeko.

d) Aipatutako lege organikoa aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo galderak ebaztea, bere lurralde eremu zehatzean organo aholku-emaile gisa jardunez.

e) Urteko ebaluazio txosten bat egitea eta argitaratzea, aipatutako lege organikoak bere lurralde eremuan izan duen aplikazioari buruzkoa. Txosten hori osasun arloan eskumena duen organoari igorri beharko zaio.

f) Gehienez ere bi eguneko epean, batzordeko bi kide izendatzea, medikuntzako profesional bat eta legelari bat, egiazta dezaten ea beren ustez betetzen diren hiltzeko laguntza eskatzeko eta jasotzeko eskubidea zuzen erabiltzeko ezarritako betebeharrak eta baldintzak.

Batzordeko buruak beste pertsona batzuk deitzen ahalko ditu bileretara, baldin eta batzordearen helburuak betetzeko ekarpen interesgarria egin badezakete, jakintza-arlo espezifikoetako adituak diren aldetik.

8. artikulua. Sekretua gordetzeko betebeharra.

Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordeko kideek isilpean gorde beharko dituzte beren eztabaiden edukiak, eta batzordeko kide gisa profesional sanitarioei, gaixoei edo haien ahaide eta hurbilekoei buruz ezagutu dituzten datuen konfidentzialtasuna babestu beharko dute.

Betebehar hori batzordearen bileretan aholkularitza-lanak egiten dituzten pertsonei eta bilerak prestatzen laguntzen dutenei ere aplikatuko zaie.

9. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Batzordeko kide izatea ez da ordainduko.

10. artikulua. Funtzionamendua.

Berme eta Ebaluazio Batzordeak bere barne-araudia egin eta onetsi behar du, eta hartan zehaztuko du nola funtzionatu behar duen. Nolanahi ere, bat etorri behar du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean administrazio publikoen kide anitzeko organoentzat ezarritakoarekin.

11. artikulua. Laguntza teknikoa eta administratiboa.

Osasun Departamentuak behar duen laguntza tekniko eta administratiboa emanen dio Berme eta Ebaluazio Batzordeari, behar bezala funtziona dezan.

III. KAPITULUA

Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa

12. artikulua. Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa sortzea.

Sortzen da Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpenak dituzten profesional sanitarioen Erregistroa, bat etorriz Eutanasia arautzen duen 3/2021 Lege Organikoaren 16. artikuluarekin.

13. artikulua. Erregistroaren xedea eta helburuak.

13.1. Erregistroaren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko arlo publikoan zein pribatuan aritzen diren profesional sanitarioen aitorpenak inskribatzea, baldin eta, hiltzeko laguntza emateko prozesu batean zuzenean ukituak izanik, adierazten badute, kontzientzia-arrazoiengatik, uko edo errefusa egiten diotela laguntza emateko prozesu horretan parte hartzeari.

13.2. Erregistroaren helburuak.

Hauek dira erregistroaren helburuak:

1. Hiltzeko laguntza ematearen kontzientzia-eragozpena deklaratzen duten profesional sanitarioen identifikazio datu pertsonalak biltzea eta zaintzea, bai eta eragozpen hori adierazten eta deklaratzen duen dokumentua ere.

2. Osasun administrazioari beharrezko informazioa ematea, hiltzeko laguntzaren kudeaketa egokia berma dezan.

14. artikulua. Nor inskriba daitekeen.

Erregistroan inskribatzea eskatzen ahalko dute hiltzeko laguntza ematearekin zuzenean inplikatuta dauden profesional sanitarioek, baldin eta hiltzeko laguntza eskaera gauzatzeko ezinbestekoak diren ekintza beharrezkoak eta zuzenekoak egiten badituzte aurretik edo aldi berean.

15. artikulua. Inskriba daitezkeen datuak.

Erregistroan honako datu hauek inskribatuko dira:

a) Identifikazio datuak:

–Izen-deiturak.

–Nortasun agiri nazionala edo agiri baliokidea.

b) Lanbideari buruzko datuak:

–Titulazioa.

–Espezialitatea.

–Zerbitzuak ematen dituen zentroa.

–Atxikia dagoen zerbitzua.

c) Kontzientzia-eragozpena eta, kasua bada, atzera-egitea zein egunetan aurkeztu zen.

d) Kontzientzia-eragozpenak dituen ezaugarri bereziak, halakorik bada.

16. artikulua. Inskripzio prozedura.

1. Kontzientzia-eragozpena Osasun Departamentuaren webgune instituzionalean dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko da.

2. Erregistroaren antolaketa telematikoa izanen da, eta osasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak emanen duen foru agindu baten bidez arautuko da.

3. Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozpena inskribatzeko, aldatzeko edo atzera egiteko prozedura arautuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz.

17. artikulua. Erregistrorako sarbidea.

Horretarako gaikuntza duten osasun zentroen kudeatzaileak erregistroan inskribatutako adierazpenetara sartuko dira erregelamenduz ezarriko den bezala, konfidentzialtasun berme guztiak errespetatuz eta datu pertsonalak babesteko araudia betez.

18. artikulua. Ondorioak eta indarraldia.

1. Kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak balioa izanen du eskaera behar bezala aurkezten den unetik, eta hura aurkezten den unean ematen den agiriak frogagiri gisa balioko du.

2. Kontzientzia-eragozpenaren adierazpena indarrean egonen da profesional interesdunak borondatez eta idatziz uko egiten ez dion bitartean.

3. Ofizioz eguneratuko da erregistroa.

19. artikulua. Datuen konfidentzialtasuna eta babesa.

1. Erregistroa ez da publikoa izanen, eta konfidentzialtasun zorrotzaren printzipioaren mende egonen da.

2. Honako hauetan aurreikusitako guztia aplikatuko da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

Xedapen gehigarri bakarra.–Batzordea eratzeko epea.

Arau honek indarra hartu eta hurrengo 15 egunean eratu beharko da batzordea.

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaikuntza.

Osasun arloko eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko uztailaren 29an.–María Chivite Navascués, Nafarroako Gobernuko lehendakaria.–María Carmen Maeztu Villafranca, Eskubide Sozialetako kontseilaria, Osasuneko kontseilaria ordezkatuz (Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 26ko 40/2021 Foru Dekretua).

Iragarkiaren kodea: F2111840