179. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena etxeetako hondakinak eta gisakoak biltzeko, tratatzeko eta aprobetxatzeko edo desegiteko eta zerbitzu horri loturik dauden gainerako jarduerak egiteko. Behin betiko onespena

Sakanako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2021eko apirilaren 29an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen honako ordenantza fiskal honen aldaketa 2021eko ekitaldirako: Ordenantza fiskala, 2021. urterako tasak arautzen dituena etxeetako hondakinak eta gisakoak biltzeko, tratatzeko eta aprobetxatzeko edo desegiteko eta zerbitzu horri loturik dauden gainerako jarduerak egiteko.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egun baliodunean, aurrez iragarkia argitaraturik 2021eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 10ean, eta toki erakunde honen iragarki-taulan. Jendaurreko epea iragan denez inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeren 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lakuntzan, 2021eko ekainaren 23an.–Mankomunitateko burua, David Oroz Alonso.

ORDENANTZA FISKALA, 2021. URTERAKO TASAK ARAUTZEN DITUENA ETXEETAKO HONDAKINAK ETA GISAKOAK BILTZEKO, TRATATZEKO ETA APROBETXATZEKO EDO DESEGITEKO ETA ZERBITZU HORRI LOTURIK DAUDEN GAINERAKO JARDUERAK EGITEKO

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako toki erakundeei aplikagarri zaien araudi fiskalak ematen dizkien ahalmenen babesean eta haiekin bat ezartzen da ordenantza fiskal hau.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xedea tasak ezartzea da, etxeetako hondakinak eta gisakoak biltzeko, tratatzeko, aprobetxatzeko edo desegiteko zerbitzua egiteagatik eta horrekin zerikusia duten gainerako jarduerengatik.

Ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala, hortaz, martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluak aipatzen dituen zerbitzuak egiteko tasena da.

III. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

3. artikulua. Ordenantza hau Mankomunitatea osatzen duten udalerrien mugarte guztietan aplikatuko da, baldin eta zerbitzu hori benetan ematen bada.

Halaber, Mankomunitatekoak ez diren entitate edo pertsonei ere aplikatuko zaie, baldin tasa hauen bidez finantzatzen diren zerbitzuak hartzen badituzte.

IV. KAPITULUA

Zerga-egitatea

4. artikulua. Ordenantza honen xedeko zerbitzu edo jarduerak eskura izateak eta/edo erabiltzeak dakar zerga-egitatea. Zerbitzu eta jarduera horiek ondotik aipatzen dira eta beren tasak sortzen dituzte:

1. Etxeetako hondakinak eta gisakoak bildu, eta garraiatzeko nahitaezko zerbitzua eskura izan edo/eta erabiltzea, Hondakinei buruzko Legeari jarraituz, kasu hauetan:

a) Etxekoak.

b) Zerbitzuak.

c) Merkataritza eta industriakoak.

d) Bulego publikoak.

e) Ikastetxeak.

f) Osasun zentroak.

g) Egoitza zentroak.

h) Hiri-hondakin solidoak biltzeko edukiontzia izatea.

Tarifa bakoitzean sartutako jardueren zerrenda ez da zehatza, eta beraz, espresuki aipatu gabeko beste jarduera berdintsuak sartzen dira, antzekoak badira.

2. Borondatezko zerbitzu hauek ematea:

a) Bilketa zerbitzu berezia, ohiko nahitaezko zerbitzutik kanpo.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboa

5. artikulua.

1. Ordenantza honetan ezartzen diren tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasibotzat hartuko dira, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko nahiz juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak eta, lege nortasunik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten eta zerga ezar dakiekeen bestelako entitateak, baldin eta, edozein tituluren bidez, etxebizitzak, lokalak edo establezimenduak okupatu, erabili edo ustiatzen badituzte edo bertan bizi badira, eta horietarako egiten edo horien esku jartzen bada nahitaezko zerbitzu orokorra.

Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 104.2 a) artikuluaren arabera, zorduna ordezten duten subjektu pasiboak dira udal bakoitzeko katastroko erregistroan agertzen direnak edo eraikin horien Hiri-lurreko Ondasunen gaineko Erregistro Fiskalean jabe gisa. Tasa ordezten dutenei igorriko zaie eta horiek, kasuan kasuko onuradunei erasaten ahalko diete.

2. Borondatezko zerbitzua izanik, pertsona edo erakunde eskatzaileak eta hondakinen titularrak dira zergak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboak.

Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo.

Ordaintzeko borondatezko epea akituta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.

Norbaitek eskuratu nahi badu ustiategi edo ekonomia jarduera baten titulartasuna, eskubidea izanen du Mankomunitateari eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondoriozko tributu-zorren ziurtagiri zehatza, titularrak aldez aurretik baietza emanda.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua.

1. 4. artikuluko 1. apartatuan ezarritako zerga-egitateetarako, honako hau da tarifa aplikatzeko zerga-oinarria:

–1-A zerga-egitaterako: bizitegia den edo izan litekeen katastro unitatea. Bizitegitzat hartuko da, hasiera batean, katastroko edozein unitate, salbu eta Udalak ziurtatzen badu aurri egoeran dagoela.

Etxebizitza bat ekonomia-jardueren gaineko zergari (EJZ) lotutako jardueraren baten kokalekua bada, tasarik handiena aplikatuko da:

–1-B, 1-C, 1-D, 1-E, 1-F eta 1-G zerga-egitateetarako: establezimendu-unitate edo jarduera bat, baldin ekonomia-jardueren gaineko zergan inskribaturik badago, baldin eta lokal batean gauzatzen bada (EJZ, edo funtzionatzen ari bada, egon gabe ere zerga horren menean. Establezimendu-unitatea dagoela ulertuko da katastroko unitatea dagoenean).

–4.1.2.a) artikuluko zerga-egitaterako, emandako zerbitzuaren kostua.

–1-H) artikuluko zerga-egitaterako: edukiontzien kopurua, haien edukiera eta bilketaren maiztasuna.

2. Establezimendu bera ekonomia-jardueren gaineko zergaren bi epigrafe edo gehiagotan inskribaturik badago, zenbatekorik handiena duen tarifa aplikatuko da.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean organo eskudunak ezarriko ditu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tasa eta tarifak, eta ordenantza honen eranskinean agertuko dira, haren zati gisa.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuota

8. artikulua. Tasa bakoitzaren tributu-kuota kalkulatzeko, honako hau eginen da: zerga-oinarriari dagokion tasa edo tarifa eta indize zuzentzailea aplikatu eta kuotaren zati finkoa gehitzea –erabilera bakoitzari dagokiona–.

Ateratzen den kuotak, guztira, ezin izanen ditu eranskinean adierazitako gehieneko zenbatekoak gainditu.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek une oro finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeetan espresuki aipatzen direnak izanen dira onartuko diren salbuespen eta hobari bakarrak.

X. KAPITULUA

Hobariak

11. artikulua.

1. Kuota berezia, Gizarte Segurantzak edo Nafarroako Mendekotasun Agentziak ordaindutako prestazioen onuradunendako (alargunak eta/edo erretirodunak).

Etxeko tarifak sortutako tributu-kuotan %100eko hobaria izateko eskubidea izanen da, baldin ordaintzera beharturik dagoena bada Gizarte Segurantzaren onuraduna (alarguna eta/edo erretiroduna) edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren prestazio baten onuraduna, eta haren zenbatekoa ez bada handiagoa Gizarte Segurantzako Ministerioak urte horretarako lanbide arteko gutxieneko soldata (14 ordainsari) baino, edo 1,35 aldiz zenbateko hori baldin ezkontidea badu, edo antzeko bizikidetza harremana duen pertsona, bien diru-sarrerak batuta. Ezkontidea ez den beste ezein familia-kargarik izanez gero (adingabeak, 23 urte arteko seme-alabak –adin hori barne– baldin ikasketak egiten ari badira edo legezko langabetu badira, edo dibertsitate funtzionala duten seme-alabak, diru-sarrerarik gabeak), bada, halakoetan aipatutako diru-muga horiei mendeko lagun bakoitzagatik delako zenbatekoa 0,23 aldiz gehituko zaie.

Ezin izanen da tarifa honetaz baliatu, baldin bestelako diru-sarrera gehigarriak jasotzen badira, denera gehiago direnak, urtean, delako zenbateko hori bider 1,13 baino, eskatzailearen eskutik zein etxebizitza berean bizi direnen eskutik. Orobat, eskatzailearen edo bizilagunen ondare higigarria nahiz higiezina ez da izanen handiagoa 21.000 euro baino, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.

Aipatu baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskaera.

b) Hartzen den laguntzaren ziurtagiria.

c) Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo hura aurkeztera beharturik ez daudela dioen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, baita eskatzailearen edo bizilagunen diru-sarrerak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak ere.

d) Bizikidetzako ziurtagiria, udal erroldakoa.

e) Hobaria eskatzen den ekitaldiaren aurreko ekitaldiko datu fiskalak, Nafarroako Zerga Ogasunak luzatuak, hiri higiezinen gaineko informazioa jasotzen dutenak.

Hobari hori jaso dezakete errentamendu kontratu baten titularrek, aurreko baldintzak betez gero, baldin eta frogatzen badute, errentamendu kontratuaren bidez, etxebizitzaren titularrak haiei jasanarazten diela etxeari dagokion tasa.

Sakanako Mankomunitateak noiznahi ikuskatzen ahal du tarifa horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren, eta tarifa osoa aplikatuko die baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunei, baita egiaztatzeko dokumentuak eskatu eta haiek aurkezten ez dituztenei ere.

2. Kuota berezia, errenta bermatuaren hartzaileentzat eta horren pareko egoeretan daudenentzat.

Ordaintzera beharturik daudenek eskubidea izanen dute ohiko etxebizitzan etxeko tarifak sortutako tributu-kuotan %100eko hobaria izateko, baldin eta honako egoera hauetako batean badaude:

–Errenta bermatua jasotzen dute.

–Aurkezten dutenean gizarte zerbitzuek luzaturiko agiria, adierazten duena beren diru-sarrerak eta ondarea ez direla errenta bermatua eskuratzeko baldintzatzat hartzen diren zenbatekoak baino handiagoak.

Aurreko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskatzaileek honako hauek ekarri beharko dituzte:

a) Eskaera.

b) Jasotako prestazioaren ziurtagiria edo agiria, gizarte zerbitzuek luzatua, adierazten duena beren diru-sarrerak eta ondarea ez direla Errenta Bermatua eskuratzeko baldintzatzat hartzen diren zenbatekoak baino handiagoak.

c) Erroldatze-ziurtagiria.

Eskatzailearen edo bizikideen ondare higigarria nahiz higiezina, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta, 21.000 eurotik gorakoa bada, ez da tarifa berezia emanen.

Tarifa hau emanen da errenta bermatua jasotzeko aldi bererako. Aldi hori zehazterik ez badago, tarifa emateko epea 6 hilabetekoa izanen da.

Hobari hori jaso dezakete errentamendu kontratu baten titularrek, aurreko baldintzak betez gero, baldin eta frogatzen badute, errentamendu kontratuaren bidez, etxebizitzaren titularrak haiei jasanarazten diela etxeari dagokion tasa.

Sakanako Mankomunitateak noiznahi ikuskatzen ahal du tarifa horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren, eta tarifa osoa aplikatuko die baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunei, baita egiaztatzeko dokumentuak eskatu eta haiek aurkezten ez dituztenei ere.

3. Aurreko hobarien eskubidea izateko, eskaera egin beharko zaio Mankomunitateari, baita aurreko apartatuetan ezartzen diren beharkizunak frogatu ere, organo eskudunek luzaturiko ziurtagiri eta txostenaren bidez.

4. Kuota berezia, hutsik dauden etxebizitzetako titularrentzat.

%70eko hobaria hartzeko eskubidea dute hutsik dauden etxebizitzetako titularrek, urtero frogatzen badiote Mankomunitateari etxebizitza horietan ur eta argi zerbitzurik ez dutela. Egiaztapena eginen da zerbitzu horiek ematen dituzten enpresen edo entitateen ziurtagirien bidez.

5. Kuota berezia, eraisteko lizentzien kasuan.

%100eko hobaria izanen da etxea botatzeko lizentzia emana bada beste etxe bat egiteko eta etxe berri hori eraikitzen ari den bitartean. Gorabehera horren egiaztapena egin beharko da eraispenaren udal lizentziaren kopia bat aurkeztuta edo propio horretarako Udalak emaniko ziurtagiriaren bidez.

6. Kuota berezia, distantzia handien kasuan.

Bidezkoa izanen da ondoriozko tarifaren %100eko hobaria, tasaren xedea den etxebizitza edo lokala zaborrontzitik 500 metro baino gehiagora dagoenean. Hobari honetarako eskubidea sortzeko, ezinbesteko baldintza izanen da subjektu pasiboak aurretik hala eskatzea.

7. Salbuespen eta/edo hobari guztiak aplikatzekoak izanen dira ematen diren hiruhileko berean.

Hobaria indarrean egonen da ematen den unetik urte naturala bukatu arte. Urtero berritu beharko da, eta eskabidea egin beharko dute horretarako eskubidea dutela uste duten guztiek, dagokion agiriak aurkeztuta. Hobaria urteko lehen hiruhilekoan eskatuko zaio Mankomunitateari, eta epe hori luzaezina da.

Berritzeko behar horretatik at geldituko dira 11.2 artikuluan aipatutako tarifa erabiltzen dutenak, erabiltzaile horiek emateko epea bukatu aurretik eskatu beharko baitute berritzea, horretarako eskatutako agiriak aurkeztuta.

Ez berritzeak hobaria galtzea ekarriko du.

XI. KAPITULUA

Sortzapena

12. artikulua.

1. 4.1 artikuluan ezarritako tasak hiruhileko naturaleko lehenbiziko egunean sortuko dira, eta kuotak ezin izanen dira ez murriztu ezta hainbanatu ere.

2. Borondatezkoak diren gainerako zerbitzuetarako tasak, interesdunak zerbitzua egiteko eskatzen duen unean berean sorraraziko dira.

XII. KAPITULUA

Ordainarazpena

13. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak honako arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1. 4.1) artikuluan aurreikusitakoak hilabetean edo hiruhilekoan behin.

2. Borondatezko zerbitzuak emateko tasak sortzen diren unean ordainaraziko dira.

XIII. KAPITULUA

Diru-bilketa

14. artikulua.

1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 86. artikuluan xedatuari jarraikiz, 4.1 artikuluan ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabeko” gisa hartuko dira.

2. 4.1) artikuluan aurreikusitako tasek sortzen dituzten tributu-zorrak, 13. artikuluaren arabera ordainarazi eta gero, isilbidez jakinarazitzat hartuko dira ordaindu behar diren lauhileko naturalaren lehenbiziko hilabetearen lehenbiziko egunean. Egun horretatik aurrera, 30 egun baliodun izanen dira borondatezko aldian ordaintzeko.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren egunetan ordainarazpenen zerrendak prest ez badaude, Mankomunitatearen iragarki-taulan argitaratzen diren egunetik aitzina hasiko da kontatzen borondatezko aldia.

3. Borondatezko zerbitzuetarako ezarritako tasak, jarduera edo zerbitzuaren eskaera egiten den unean ordainduko dira.

15. artikulua. 14. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 84. artikuluan ezarritako moduan ordaindu beharko dira.

Mankomunitateak zorrak geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

16. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

a) Ordainketak helbideratu dituzten subjektu pasiboen kasuan, horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxako kontuan kargatuz. Zorra ordaintzen ez bada zergadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, Mankomunitateak berak kobratzeko gaitzen dituen banku edo aurrezki kutxetan. Ordainagiri hauetako bakoitzean tasaren zenbatekoa euro bat gehituko da, kudeaketa gastuak berdintzeko. Gainera, Mankomunitateak ordainagiria berriz bidaltzeko eskatzen badute, 0,50 euro ordaindu beharko dute tramite hori egiteagatik.

b) Ordainketak helbideratu ez dituzten subjektu pasiboentzat, Mankomunitateak berak kobratzeko gaitzen dituen banku edo aurrezki kutxen bulegoetan. Ordainagiri horiek borondatezko epearen barruan ordaintzen ez badira, egunean ez egoteko egoera jakinarazteko gastuengatik euro bat ordaindu beharko dute. Mankomunitateak ordainagiri hori bidaltzeko eskatzen badute, 0,50 euro ordaindu beharko dute kudeaketa-gastuengatik.

XIV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean arau-hauste eta zehapenen gainean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Sakanako Mankomunitateak zuzenean likidatu, kudeatu, ikuskatu eta bilduko ditu ordenantza honetako tasak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Orain arte ezarritako arau guztiak indarrik gabe gelditu dira, baldin eta maila berekoak edo txikiagokoak badira eta ordenantza honetako xedapenei aurka egiten badiete, haiekin bat ez badatoz edo bateraezinak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

1.–Etxebizitzak eta erretiratuen elkarteak (etxeetakoak).

–Tarifa finkoa: 93,97 euro.

2.–Profesionalen bulegoetakoa.

–Tarifa finkoa: 157,30 euro.

–Gestoriak.

–Agentziak.

–Kabineteak.

–Notariotzak.

–Erregistroak.

–Bankuak.

–Elkarte gastronomiko pribatuak (urtean 100 m³ bitarte ur kontsumitzen dutenak).

–Ile-apaindegiak.

–Irabazi asmorik gabeko kultur elkarteak eta erretirodunen elkarteak.

–Norberaren produktuarendako hotz kamerak.

–Iturgintza eta elektrizitate arloko paratzaileak, pintoreak eta gainerako profesionalak, jendea hartzeko establezimendurik ez dutenak.

–Akademiak.

–Bestelako tarifetan sartuak ez dauden lanbide liberaletako lokalak.

3.–Merkataritza erabilera.

–Tarifa finkoa: 235,93 euro.

–Kioskoak eta liburu-dendak.

–Botikak.

–Bitxi-dendak-erloju-dendak.

–Tabako-dendak.

–Ogi saltokiak.

–Opari-dendak.

–Dolareak eta ardandegiak.

–Litxarreria-dendak.

–Beilatokiak.

–Kalez kaleko azokako postu finkoa eta horretarako biltegiak.

–Gasolindegia.

–Elektrizitate-dendak.

–Edari biltegiak.

–Ogia eta horren eratorriak saltzeko denda.

–Zapata-dendak eta jantzi-dendak.

–Burdindegiak.

–Drogeriak.

–Mertzeriak.

–Gisako lokalak, merkataritzakoak zein industriakoak, beste tarifetan sartzen ez direnak.

4.–Merkataritza erabilera.

–Tarifa finkoa: 267,41 euro.

–Ordezko piezen dendak.

–Ostatu-etxeak.

–Komentuak.

–Kontserba lantegiak.

–Inprimategiak.

–Fruta eta barazki biltegiak.

–Etxetresna elektrikoen dendak eta kiroletarakoak.

–Altzari-dendak.

–Janari-dendak (barazkirik saltzen ez dutenak).

–Elikagai-dendak (barazkirik saltzen ez dutenak).

–Harategiak.

–Prestalekurik gabeko gozotegiak.

5.–Merkataritza erabilera.

Tarifa finkoa: 378,55 euro.

–Arrandegiak.

–Barazkiak saltzen dituzten elikagai-dendak.

–Prestalekua duten gozotegiak.

6.–Merkataritza erabilera.

–Tarifa finkoa: 496,44 euro.

–Harakindegia, urdaitegia, barazki-dendak edo arrandegia duten supermerkatu eta autozerbitzuak. (Bakar-bakarrik 150 metro koadro baino gehiago dutenak).

7.–Merkataritza erabilera.

–Tarifa finkoa: 399,68 euro.

–Jatetxeak, hostalak eta ostatu-etxeak jatetxearekin.

8.–Merkataritza erabilera.

–Tarifa finkoa: 403,66 euro.

–Hotelak, kanpinak.

9.–Merkataritza erabilera.

–Tarifa finkoa: 346,49 euro.

–Ostatuak, kafetegiak, gizarte klubak, gastronomia elkarteak (urteko ur kontsumoa bada 100 metro kubikotik gorakoa), diskotekak, kirol elkarte ostatudunak, kasinoak.

10.–Herriko etxeak, kontzeju etxeak, bulego publikoak, erakunde publikoak, liburutegiak, museoak, kultur etxeak, epaitegiak, elizak.

–Tarifa finkoa: 104,88 euro.

11.–Ikastetxeak, haurtzaindegiak.

–Tarifa finkoa: 225,47 euro.

–Jatetxea badute aurreko tarifa %35 garestituko da.

12) Ospitale, klinika, anbulatorio eta osasun etxeetako sanitarioak.

–Tarifa finkoa: 226,17 euro.

13.–Egoitzak, kuartelak eta zahar etxeak.

–Tarifa finkoa: 440,45 euro.

14.–Industriak eta lantegiak.

–Industriak eta lantegiak (<30 langile): 258,77 euro.

–Industriak eta lantegiak (30-60 langile): 313,26 euro.

–Industriak eta lantegiak (>60 langile): 449,34 euro.

–Baskulan emandako pisua: 5,50 euro pisaldi bakoitzeko.

15.–Landetxeak.

–Tarifa finkoa: 102,72 euro.

TARIFEI ZUZENEAN APLIKATZEKO XEDAPENAK

–Hiri hondakin solidoak (HHS) sortzen dituen establezimendu-unitate bati –halakotzat hartuko da sartzeko ate bat bakarra duena– tarifa multzo bat baino gehiago badagozkio, aplikatzen ahal zaizkion tarifetatik handiena baizik ez zaio aplikatuko.

–Ikuskatze lana eginik, ofizioz edo interesdunak eskaturik, tarifa aldatzen ahalko da, errealitatea nabarmen bertzelakoa denean, egiaztatu den erabilera egiazkoaren arabera fakturatu dadin.

–B-C-E-F eta G tarifetan aurreikusi jardueretan, hondakinak batez bestekoa baino franko gehiago direnean –eta halakotzat hartuko dira modu esklusiboan edukiontzi bat edo gehiago erabiltzen bada–, erabilera esklusiboko edukiontziaren tarifari emanen zaio lehentasuna.

–Lau hilabetetik beheitiko “denboraldiko” jarduerek hiruhilekoko kuota bakar bat sortuko dute, jarduerari dagokion tarifan.

–Kalez kaleko azokako postu finkoak kasuan kasuko udalari ordainduko zaizkio zuzenean, bilketa berezia behar dutenean. Gehieneko kuota ez zaio aplikatuko erabilera esklusiboko edukiontziaren tarifari.

Hiri lurzoru finkatuan ez da erabilera esklusiboko edukiontzirik emanen, ez bada eskatzaileak egunean 800 litrotik gorako hondakinak sortzen dituelako.

–9. epigrafeko jarduerei dagokienez, 300 biztanletik beheitiko udalerri batean badaude eta soilik asteburu eta jaiegunetan irekitzen badira jendearentzat, bigarren multzoko tarifa aplikatuko zaie (profesionalen bulegoetakoa).

Iragarkiaren kodea: L2110269