179. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

168E/2021 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Zangozako udal-mugartean energia elektrikoa ekoizten duen instalazio baten ingurumen baimen integratua berrikusten baita. Instalazioaren titularra Acciona Energía SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0879/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 358E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 Erabakiaren bidez; erabaki horretan errekuntza-instalazio handietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Horregatik, 2020ko martxoaren 5ean, titularrak instalazioa egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu zuen, Batzordearen 2017/1442 Betearazpen Erabakian ezarritako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak betetzearren, eta, horren ondorioz, instalazioaren baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioa hasi zen. Erabaki hori bat dator abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritakoarekin.

2020ko ekainaren 8an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur komisarioak txostena eman du espedienteari buruz, eta ibilgu publikora isurtzeko baimenean jasotako baldintza batzuk berrikusi ditu bertan.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 Betearazpen Erabakiak eskatutakora egokitu dela, salbu eta erregaia hautatzeko plan bat edukitzeko eta biomasaren nahiz gas naturalaren zenbait parametro kontrolatzeko betebeharrei dagokienez; baldintza horiek azaltzen dira, hain zuzen, ebazpen honetan.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Berrikustea Zangozako udal-mugartean energia elektrikoa ekoizten duen instalazio baten ingurumen baimen integratua, instalazioa egokitzeko Batzordeak uztailaren 31n emandako 2017/1442 Betearazpen Erabakira, zeinetan teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri baitziren; hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gain, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazio horren titularra Acciona Energia SAU da.

Bigarrena.–2021eko abuztuaren 17a baino lehen, titularrak bete eta abian jarri beharko ditu instalazioa egokitzeko neurriak, ebazpen honen II. eranskinean aurreikusitakoak, eta, horren aurretik, abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira, titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, egokitzapena abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Acciona Energia SAUri, Zangozako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2110671