179. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2021 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, 2021eko irailaren 1era arte luzatzen duena, Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunpekoak izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuen eskaintza osoa berriz ezartzeko epea.

Garraioko zuzendari nagusiaren ekainaren 21eko 95/2021 Ebazpenaren bidez, erabaki zen berriz ezartzea errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko zerbitzu guztiak, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak direnak, 2020ko martxoaren 14a baino lehenago ematen ari ziren bezala eta kontzesio titulu bakoitzean agertzen den zerbitzuen eskaintzaren arabera.

2021eko ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, garraio zerbitzuen kontzesioa duten zenbait enpresak eskatu dute epe hori 2021eko irailaren 1era arte luzatzea, alegatuz zailtasunak dituztela behar diren antolaketa neurriak ezartzeko 2021eko uztailaren 5erako zerbitzu guztiak berriz ezarriak izan daitezen 2020ko martxoaren 14a baino lehenago ematen ari ziren bezala.

Administrazio honek, ikusirik eskaera horietan azaldutakoa eta kontuan harturik alegatutako zailtasun berak izan ditzaketela, Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunpekoak izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuen kontzesioa duten gainerako enpresek, bidezkotzat jo du zerbitzu guztiak berriz ezartzeko epea 2021eko irailaren 1era arte luzatzea; izan ere, egun horretan eskaria handituko da eskola-garaia hasten delako.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin,

EBAZTEN DUT:

1. 2021eko irailaren 1era arte luzatzea Garraioko zuzendari nagusiaren ekainaren 21eko 95/2021 Ebazpenean ezarritako epea, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko zerbitzu guztiak berriz ezartzekoa, 2020ko martxoaren 14a baino lehenago ematen ari ziren bezala.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko zerbitzua ematen duten enpresei adieraztea ezen, zerbitzuak berriz ezartzeko aurreko atalean adierazitako eguna baino lehen Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak erantzun beharreko mugikortasun beharrak detektatzen baditu, behar den errekerimendua eginen diela enpresa ukituei, eta enpresa horiek Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak adierazten dituen epeetan eta baldintzetan egin beharko dutela zerbitzua.

Errekerimendu hori betetzen ez bada, behar diren jarduketa administratiboak irekiko dira, eta kontuan hartuko da Garraioko zuzendari nagusiaren abenduaren 1eko 365/2009 Ebazpenaren 1.1 atalean xedatutakoaren ondorioetarako.

3. Zerbitzuak ematen dituzten enpresei adieraztea ezen Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiari, ukitutako udalei, autobus geltokiei eta erabiltzaileei behar bezala jakinarazi beharko dietela zerbitzuen mailaz mailako berrezarpena.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunpekoak izanik, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuak ematen dituzten enpresei.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, ebazpen honek bide administratiboa amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, honako hau argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko uztailaren 2an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2110754