178. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Tokiko Gobernu Batzarrari kontratazio alorrean eskuordetutako eskumena bereganatzea

5/2021 Dekretua, ekainaren 25ekoa.

Alkatetzaren uztailaren 8ko 6/2020 Dekretuaren bidez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutako kontratazioak Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetu zitzaizkion, aipaturiko dekretuan adierazitako baldintzetan.

Europako funtsekin finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatu eta gauzatzeko, beharrezkoa da administrazio-prozedurak arintzea, txikiagoak izan daitezen tramitazio eta ebazpen denborak eta tresna arinagoak eta eraginkorragoak izan ditzagun kontratazio alorrean, batez ere.

Gauza bera gertatzen da Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen deialdien ondoriozko kontratazio prozedurekin.

Apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege-dekretuaren bidez, zeinak premiazko neurriak onetsi baitzituen Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko, Nafarroako Gobernuak neurriak xedatu zituen, besteak beste kontratazio arloan.

Toki entitateei esleitutako eskumenak erabiliz, Tafallako Udalak bere arintze neurriak erantsi nahi ditu, ahal den neurrian murriztearren kontratazio espedienteak tramitatu eta ebazteko epeak, behar adinako arintasunekin eta eraginkortasunekin hel diezaiegun espediente horiei.

Hartara, egoki, beharrezko eta neurriko jotzen da kontratazio arloko eskumena bereganatzea, betez azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 116. artikulua (arau horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua) eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 10. artikulua (arau horrek jorratzen du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

Horrenbestez,

DEKRETATZEN DUT:

Lehendabizi.–Mota guztietako kontratazioak eta emakidak egiteko eskuordetutako eskumena bereganatzea, jasotzen zirenak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, sei milioi euro baino gehiago ere; haien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, balizko luzapenak barne, baldin eta urteko guztien zenbateko metatuak aipatu ehunekoa gainditzen ez badu, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.

Bigarrena.–Dekretu honetako bereganatzeak sinatzen den egunetik aitzina izanen ditu ondorioak.

Hirugarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Laugarrena.–Bereganatze hau Tokiko Gobernu Batzarrera eta Udaleko osoko bilkurara igortzea, jakinaren gainean egon daitezen.

Bosgarrena.–Honako hau unitate organikoetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2021eko ekainaren 25ean.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

Iragarkiaren kodea: L2110350