178. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LODOSA

Deialdia, idazkariaren lanpostua aldi baterako betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez, eta izangaien poltsa bat eratzeko, sor daitezkeen beharrak asetzearren

Alkatetzak ekainaren 22an eman 63/2021 Dekretuaren bidez onetsi da, eta honako oinarri hauei jarraikiz garatuko da:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1 Deialdi honen xedea da Lodosako Udaleko idazkariaren lanpostua oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzea, aipatutako udalean idazkaritzako beharrezko eginkizun publikoetan aritzeko, bai eta izangaien zerrenda bat eratzea ere, lanpostu horretan aldi baterako jarduteko, hura kanpoan edo eri denean edo ordezkatzea beharrezkoa den beste edozein inguruabar gertatzen denean.

Idazkariaren lanpostuari dagozkion eginkizunak bete beharko ditu.

Enplegu poltsa osatuko dute hautapen-prozesu hau gainditzen duten izangaiek, edo gutxienez ariketa teorikoa gainditzen dutenek; puntuazio-ordena hertsian ordenatua egonen da eta bost urteko indarraldia izanen du, edo beste deialdi bat egin artekoa, idazkariaren lanpostuan izan daitezkeen beharrei erantzutearren.

1.2 Hautapen probak bosgarren oinarrian ezarritakoak izanen dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen seigarren oinarrian ezarri bezala.

1.3 Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiak administrazio-kontratudunak izanen dira eta Gizarte Segurantzan inskribatuko dira, eta bertan alta emanen zaie.

Aldi baterako kontratua izanen dute, administrazio araubidekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 88.b) artikuluari eta hurrengoei jarraikiz. Kontratua bukatuko da ordezkapenaren zioa bukatzen denean eta, betiere, lanpostua behin betiko betetzen denean, erregelamenduzko prozeduraren bidez.

Era berean, kontratua bukatzeko zergatia izanen da Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 8. artikuluan aipatuetariko edozein.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da. Epe horren barrenean, alde batek nahiz besteak desegin dezake kontratua, alde bakarreko erabakia hartuta.

1.4 Lanaldia administrazio dei-egileak ezarriko du, zerbitzuaren beharren arabera beti. Hala ere, noiznahi alda daiteke.

1.5 Lanpostuak A mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio dei-egilearen plantilla organikoan ezarritakoak.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

Lanpostu honetarako lehiatzen direnek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

A) Espainiar nazionalitatea edukitzea, 16 urte beteta izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

B) Ondoko titulazio akademikoak edo horiei dagozkien graduko tituluak edo baliokideak edukitzea edo horietako bat eskuratzeko moduan egotea probak egiten diren egunean:

1.–Zuzenbideko gradua.

2.–Politika eta Administrazio Zientzietako gradua edo Soziologiako lizentzia edo Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentzia.

Aipatutako tituluen baliokideak diren ikasketak eginak dituztela alegatzen duten izangaiek baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, baliokidetasunari buruz Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak luzatutako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

C) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

D) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez izatea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

3. oinarria.–Prozedura.

3.1 Deialdian parte hartzeko eskabideak Lodosako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Eskabidea aurkeztu nahi bada 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz, posta elektroniko bat igorri beharko da ayuntamiento@lodosa.es helbidera, inguruabar horren berri emanez, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barrenean. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari egokituko zaio eskabidea.

Interesdunek hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezina izanen dute eskabideak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Oinarriak Lodosako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian ere (www.lodosa.es) argitaratuko dira.

Eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta 2.B oinarrian eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte –edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena–, baita baloratzeko alegatutako merezimenduenak ere.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana.

Izangai horiek ariketak egiteko epea eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean adierazi beharko dute eta gainera, beste orrialde batean azalduko dituzte eskatzen dituzten egokitzapenak.

3.2 Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lodosako alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko bost egun naturaleko epean, eskatzaileek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, hala behar izanez gero, egindako akatsak zuzendu.

Erreklamazioetarako epea amaituta eta aurkeztutakoak ebatzita, alkateak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, probak egiteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko ditu eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta modu berean argitaratuko da.

4. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1 Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Lourdes San Miguel Rojo, Lodosako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Laura Remírez Noguera, Lodosako Udaleko lehen alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Asun Nieto Zabala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

1. epaimahaikidearen ordezkoa: Berta Enrique Cornago, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziokoak izendatua.

–2. epaimahaikidea: Jesús Marco Del Rincón, Erriberriko Udaleko idazkaria.

2. epaimahaikidearen ordezkoa: Nekane Agreda Arróniz, Tafallako Udaleko idazkaria.

–3. epaimahaikidea: Jon Ander Mendinueta Ochotorena, Oltza Zendeako Udaleko idazkaria.

3. epaimahaikidearen ordezkoa: Ainara Armendariz Castién, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

–4. epaimahaikidea: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria.

4. epaimahaikidearen ordezkoa: Isaac Valencia Alzueta, Altsasuko Udaleko idazkaria.

4.2 Kalifikazio epaimahaiko kide batek eginen du idazkari lana. Behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek sinatuko dute horietako bakoitza.

4.3 Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, mahaiburuak eta idazkaritza lanak egiten dituen pertsonak egon beharko dute bertan, eraketa baliozkoa izan dadin.

4.4 Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak eta, berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

5. artikulua.–Probak.

Bi proba egin beharko dira, egun ezberdinetan: lehenbizi proba teorikoa eta gero praktikoa.

5.1 Proba teorikoa: idatzizko proba izanen da, hainbat galdera labur edo test modukoak erantzun beharko dira, funtsean honako gaien inguruan:

1 Espainiako 1978ko abenduaren 27ko Konstituzioa.

2 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

3 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

4 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

5 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

6 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena, 1986ko abendutik indarrean dagoen bertsioa.

7 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

8 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

9 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

10 1/2017 Legegintzako Foru-Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

11 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.

12 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

13 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

Epaimahaiak erabakiko du probaren iraupena eta, gehienez ere, 40 puntu lor daitezke, eta baztertu eginen dira 20 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Erantzun okerrengatik ez dira puntuak kenduko.

Ariketa egin eta epaimahaiak zuzendu ondoren, plikak jendaurrean irekitzeko deia eginen da eta emaitzak argitaratuko dira Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, bigarren ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua adierazita. Horretakin batera, bi egun naturaleko epea irekiko da lortutako emaitzen gainean alegazioak aurkezteko.

5.2 Proba praktikoa: epaimahaiak arestian aipatu gaiekin lotuta zehazten duen kasuren bati buruzko txosten juridikoa idatzi beharko da. Probak 40 puntu izanen ditu gehienez ere, eta baztertu eginen dira 20 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Proba egiteko komentatu gabeko lege-testuak erabili ahalko dira, paper formatuan.

Proba teorikoa gainditu duten izangaiek baizik ezin izanen dute egin proba praktikoa.

Proba praktikoa bukatu eta epaimahaiak zuzendu ondoren, izangaiei dei eginen zaie plikak jendaurrean irekitzeko, eta emaitzak argitaratuko dira Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Horrekin batera, bi egun naturaleko epea irekiko da lortutako emaitzen gainean alegazioak aurkezteko.

5.3 Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak eta nortasuna frogatzen ez dutenak.

5.4 Hautaprobetan, desgaitasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik ahal diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaldu dutenaren arabera.

5.5 Aurreikusi da ariketak Iruñean egitea eta hautapen-prozesua irailean hastea.

6. oinarria–Lehiaketaldiko balorazioa.

6.1 Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu beharko dituzte, eskabideak aurkezten dituztenean.

6.2 Epaimahaiak, 5. oinarrian ezarritako probak egin bitartean, izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondoko baremoarekin bat, eta osotara ez da inoiz 20 puntu baino gehiago emanen. Hona hemen:

–Nafarroako toki-erakunde bateko idazkaritza eta/edo kontu-hartzailetza lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, 2 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.

–Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, haietan aritzeko Zuzenbideko edo Politika eta Administrazio Zientzietako lizentzia, edo Soziologiako lizentzia edo Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentzia izatea eskatu bada, 0,50 puntu, eta 6 puntu gehienez ere.

–Espezializazio edo hobekuntza ikastaroengatik, idazkaritza lanpostuaren eginkizunei dagozkien gaiei buruzkoak badira, 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko, 5 eta 15 ordu bitarteko iraupena izan badute, eta puntu 1 ikastaro bakoitzeko, 15 ordu baino gehiago iraun badute; gehienez 4 puntu emanen dira atal honetan.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

–Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

–Ez dira bi aldiz zenbatuko baremoko talde berean dauden zerbitzuak denbora berean egin badira.

–Jatorrizko agirien bidez edo behar bezala konpultsatutako agirien bidez egiaztatutako merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko.

–Ez dira kontuan hartuko 5 ordutik beherako ikastaroak.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izangaien zerrendak.

7.1 Kalifikazio epaimahaiak azken kalifikazioa eginen du, izangai bakoitzak lortutako puntuazioaren ordenari jarraituz, eta hura Lodosako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

Berdinketa gertatuz gero, lehenengo proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde ebatziko da, eta berdinketak jarraitzen badu, zozketa eginen da.

7.2. Kontrataziorako izangaien zerrenda osatuko dute gainditu dutenek, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeraren arabera, eta prozesu osoa gainditu ez arren lehenengo proba gainditu dutenek, bertan lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera.

7.3. Izangaien zerrendak onetsi aurretik, desgaitasunen bat frogatu duten izangaiek aurkeztu beharko dute lanpostuaren lan eta eginkizunetan aritzeko gaitasun ziurtagiria, deitzen zaien hurrenkeran.

8. oinarria.–Ordezkapenetarako zerrendaren funtzionamendua.

Ordezkapenetarako zerrenda osatzen dutenei Lodosako Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

Deiak honela eginen dira:

a) Lokalizaturik egon daitezen, zerrendako izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dizkiote Lodosako Udalari, gutxienez, eta informazio hori uneoro eguneraturik eduki beharko dute.

b) Kontratu bat eskaintzeko, gutxienez bi saiakera eginen dira zerrendako izangai bakoitzarekin, hark emandako bideak erabiliz, eta deiak hogeita lau orduko epean eginen dira.

c) Zerrendako izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Eta deialdi honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko da 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana.

9. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Lodosako Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, ondoko errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

d) Kalifikazio epaimahaiaren erabakien kontra, posible da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Lodosako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lodosan, 2021eko ekainaren 22an.–Alkate udalburua, Lourdes San Miguel Rojo.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2110209