177. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

26/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatu eta aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua. Horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Hori horrela, geroago, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen 22/2021 Foru Agindua (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz).

Aipatu 24/2021 Foru Aginduan mantendu egiten zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekitzeko ordutegiaren muga, 1:00ean itxi beharko baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egiten ziren gaueko joan-etorriak, ordu horretatik goizeko 06:00etara, arrisku oso handiko mailan zeuden udalerrietan, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren ekainaren 2ko dokumentuaren arabera, (hau da, intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko 14 egunean, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunean). Orobat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ere ezartzen ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan, hala nola kalejiretan, (Nafarroako udalerrietan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan bildu daitekeen pertsona kopurua ere mugatzen zen: 10 lagun gehienez. Salbuespena izaten zen, ohi den bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateen kasua, baldin eta aldatzen den foru aginduan jasotako mugen arabera baimenduta bazeuden.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik, “Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”. Gauez zirkulatzeko mugari dagokionez, autoak esaten du ez direla identifikatzen neurriak zer udalari eraginen zion; horren ondorioz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ezin du baimena eman muga hori jartzeko.

Osasuneko kontseilariaren uztailaren 22ko 25/2021 Foru Aginduaren bidez, berriz aldatu zen Osasuneko kontseilariaren 22/2021 Foru Agindua, pertsonen gaueko mugikortasuna mugatu baitzen egun jakin batzuetarako. Beharrezkotzat jo zen pertsonen gaueko mugikortasuna mugatzea (ezen ez galaraztea) egun jakin batzuetan (asteburuak, jaiegunak eta herriko jaiak eginen ziratekeen egunak). Mugatze horrek eragin behar die 15 eta 7 egunean arrisku gorriko intzidentzia metatuaren balioak dituzten udalerriei (arrisku gorria edo oso handia Osasun Ministerioaren jarduketa koordinatuen dokumentuan).

Ahalik eta eskubide-mugaketa zehatzena egin nahi izan da, haren helburua baita kutsatzeak murriztea jende-pilaketarik handienak, jendearen arteko kontakturik gehienak eta osasun arloko prebentzio neurrien laxatzerik handiena gertatzen diren egunetan, azken hilabete honetako esperientzia kontuan hartuta, eta saio bat eginez gizarte jarduera eta herritarren oinarrizko eskubideak ahalik eta gutxien mugatzeko, bat etorrarazteko zuhurtasun printzipioa eta proportzionaltasun printzipioa, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 27.3 artikuluari men eginez.

Foru agindu hori osorik baimendu zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 23ko 108/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak adierazten du, uztailaren 22ko azken txostenari dagokionez, egoera antzekoa dela. 14 eta 7 egunetan metatutako intzidentzia 1006,07 eta 458 kasu berrikoa da 100.000 biztanleko, hurrenez hurren, eta joera beheranzkoa da pixka bat, baina arrisku mailak muturrekoak edo oso handiak dira oraindik. 12-29 urtekoen intzidentziak beste adin tarteetara hedatzen ari dira. Orain, intentsitate handiko zirkulazio epidemikokoa da egoera, eta joera egonkortu bada ere, uztailaren hasieran bat-batean igo ondoren, eta beherantz hasi bada ere pixka bat, goi-ordoki batean jarraitzen du, 400 kasu baino gehiago baitira egunero.

Positibotasuna handia da oraindik, batez ere antigenoen test lasterretan, eta horrek erakusten du nola zabaltzen ari den birusa.

Txertatzen jarraitzen ari da, eta populazio guztiaren %65,1ek du dosi bat, eta %53,6k, berriz, dosi osoa. 60-69 urtekoen artean, txertaketaren pauta osoa osatzen ari da (%77,2koa da 60-65 urtekoen artean, eta %84,8koa, berriz, 66-69 urtekoen artean). Adin-tarte horrek arrisku handia du koronabirusak eragindako infekzioa dela-eta konplikazioak izateko. Azken datuen arabera, Nafarroan COVID-19 txertoen batez besteko eraginkortasuna %61ekoa da dosi batekin, eta %82koa, berriz, pauta osoarekin, COVID-19aren kasu sintomatikoak prebenitzeko, eta COVID-19agatik ospitaleratzeak prebenitzeko, berriz, eraginkortasuna %77koa da dosi batekin, eta %92koa da txertaketa osoarekin.

Txertoen eraginkortasuna zertxobait txikiagoa da infekzio guztiak prebenitzeko, asintomatikoak barne: %55ekoa dosi batekin, eta %72koa bi dosiekin; horregatik, txertatuek prebentzio neurriak gorde behar dituzte, infekziorik ez hartzeko eta ez kutsatzeko.

Gizarte-elkarrekintza handiak eta herritarren mugikortasunak COVID-19aren transmisio maila altuak ekarri dituzte. Intzidentzia handiagoa da txertoa hartu ez dutenen artean eta txertaketa osoa ez dutenen artean, eta Delta aldaera da horren erantzulea kasu gehienetan. Txertaketa murrizten ari da uhin epidemiko berri honen inpaktua, kasu larrien intzidentziari begiratzen badiogu. Hala ere, metatutako kasuen kopuruaren goranzko joerak pentsarazten du datozen asteetan ospitaleratzeak ugaritu eginen direla. Horregatik, txertaketa osoak eraginkortasun eta inpaktu handia erakusten badu ere kasu larriak prebenitzeko, COVID-19ak zirkulatzen duen artean beharrezkoa da oraindik txertaketa beste neurri murriztaile batzuekin osatzea, birusaren transmisioa murrizteko.

Oso garrantzitsua da herritarrek prebentzio neurriak sendotzea: tarte fisikoa, maskara behar bezala erabiltzea, eskuen higienea, aireztapen egokia eta kontaktu mugatuak, bai eta txertaketaren eskaintzari erantzutea ere. Gainera, egoera epidemiologikoa gertutik behatuta, eboluzioa baloratu daiteke, hartutako neurrien ondorioak ikusi, eta neurri berriak hartu behar diren baloratu, beharrezkoa izanez gero.

Nafarroako Ospitalegunearen txostenak adierazten du ospitaleratze arruntak eta kritikoen unitateetakoak gehiago direla azken asteotan, eta bereziki azken astean. Bereziki kezkagarria da ospitaleratze arruntean daudenen erdiek eta ZIUetan daudenen heren batek 40 urte baino gutxiago izatea, aldebiko neumoniek jota baitaude. Ikusteko dago nola eboluzionatuko duten paziente horiek eta ea Delta aldaerak, proportzioan, ospitaleratzea eskatzen duten kasu gehiago sortuko duen 40 urtetik beherakoen artean.

Ebaluatzeko dago Delta aldaeraren eragin asistentziala. Gaur egun, birusaren aldaera berrien agerpena da kezka nagusia; izan ere, kutsatzeko ahalmen handiagoa dute, infekzio larri gehiago eragiten dituzte, ospitaleratzea eta ZIUko zainketak behar dituztenak, eta arriskua dago txertoen eragina eta infekzioa pasatu ondoren hartutako berezko babesa apaltzeko, eta, ondorioz, infekzioak eragindako hilkortasuna handitzeko.

Profesional kopuru esanguratsu batek jardun behar izan duenez txertaketan, kontaktuen aztarnari segitzen eta proba diagnostikoak egiten, eta udako oporren programazioak direla-eta, murriztu egin da ospitaleetako baliabideak (COVID-19rako nahiz COVID-19rako ez direnak) erabiltzeko prest dauden langileen kopurua. Ospitale baliabideen beharra nabarmenki handitzeak eragin azkarra izanen du COVID-19az kanpoko jardunaren programazioan edo osasun-langileen beharrezko atsedenaldian.

Delta aldaera eta sozializazio eta mugikortasun handiagoak arriskuan jartzen ari dira herritarrak beste behin, eta arriskua da osasun sistema berriz estuasunetan jartzea, txertaketak aurrera eginda ere. Azpimarratu beharra dago azken 6 hilabeteetan bi olatu izan direla, birusaren aldaera berri kutsatzaileagoen ondorioz: Alfa a, eragin asistentzial kontrastatu handiagoa izan duena, eta Delta, ebaluatzeko dagoena. Kontuan izan behar dugu agertzen den aldaera batek eragina izan dezakeela txertoen eta aldez aurreko infekzioaren babesaren gainean.

Gauzak horrela, prebentzio komunitarioko neurriak areagotu behar dira, batez ere arriskurik handieneko kolektibo, testuinguru eta inguruneetan, helburu hauekin: galga jartzea birusaren aldaera berriak sartzeari eta zabaltzeari, kutsatzeak ugaltzeko eta ospitaleratze arruntak zein ZIUetakoak eragiteko ahalmen handiagoa baitute; eta, denbora irabaztea txertoek, behar adinako atalasera ailegatuta, herritarrak babesteko eta halako immunitate maila bat lortzeko, kutsatzeak ugaltzea mugatzeko modukoa. Beharrezkoa da, halaber, ospitaleratzeen eragina mantsotzea, ondorioak izan baititzake COVID-19az kanpoko jardunaren planifikazioan edo osasun-langileen atsedenaldiaren planifikazioan.

Horregatik guztiagatik, luzatu behar dira, beren horretan utzita, ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduan aurreikusitako neurriak, ondoren izan dituzten aldaketa guztiak barne, zeinak judizialki baimenduta baitaude, ahalik eta gutxien kaltetzeko jarduera ekonomikoa eta soziala. Bestalde, bidezkoa da horren 40. puntua aldatzea (gaueko mugikortasuna mugatzea). Mugatze hori beharrezkoa da oraindik, egoera epidemiologikoa eta asistentziala joan den astekoa bezalatsukoa delako, baina gaueko mugikortasuna mugatzeko neurriak aplikatzeko irizpidea betetzen duten udalerrien zerrenda erantsiko da. Aurreikusten da udalerrien zerrenda hori astero eguneratzea eta argitara ematea, hala Nafarroako Aldizkari Ofizialean, nola Gobernu Irekiaren Atarian, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren baimenarekin, behar diren ondorioak izan ditzan. Izan ere, metatutako intzidentziak denbora laburrean aldatzen dira, datu epidemiologikoen arabera.

Beharrezkoa da, orobat, neurriei hilabete batez eustea, gutxienez irailaren 2ra arte, metatutako kasuen kopuru handia dela-eta aurreikusten baita ospitaleratzeak handituko direla hurrengo asteetan, eta hori murriztu behar da, eraginik ez izateko ospitaleko COVID-19az kanpoko jardunaren planifikazioan, aurreko olatuetan gertatu zen bezala. Nolanahi ere, astebeteko indarraldia izanen du oinarrizko eskubideak mugatzen dituen 40. puntuko neurriak (gaueko mugikortasuna mugatzea zenbait egun eta ordutan), eta judizialki baimenduta egonen da indarrean jarraitzeko, zuzenean ukitzen baititu pertsonen oinarrizko eskubideak.

Neurri horiek guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Beraz, bidezkoa da 22/2021 Foru Agindua luzatzea (aldaketa guztiak barne) eta aldatzea, eta mugak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean askatasunez gauez zirkulatzeko, lehen adierazi denaren ildotik.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua luzatzea, baldintza berdinetan (foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz), bai eta geroago izan dituen aldaketak ere, judizialki baimendu direnak, 35. eta 40 puntuak izan ezik, aldatu egiten baitira.

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 22/2021 Foru Aginduaren 35. puntua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

35.–Zezen ikuskizunak.

35.1. Zezen ikuskizunak baimenduta egonen dira, bakar-bakarrik, zezen plaza gisa gaitutako lekuetan eta zezen plaza ez-iraunkor gisa gaitutakoetan, 249/1992 Foru Dekretuaren arabera (haren bidez, zezen ikuskizunen gaineko erregelamendua onetsi zen) eta uztailaren 4ko 183/1997 Foru Dekretuaren arabera (haren bidez, zezen plaza eramangarriak baimentzeko araubidea ezarri zen), baita instalazio baliokideetan ere, baldin eta, lehenago aipatutako araudiaren babesean egon gabe ere, bermatzen badute beteko dela 35.2, 35.3 eta 35.4 puntuetan ezarritakoa.

35.2. Zezen ikuskizunak egiteko adierazitako toki guztietan memoria edo protokolo bat izan beharko da, aplikatu beharreko araudia betetzeko baldintzak azaltzeko.

35.3. Enpresa antolatzaileak izanen du ardura, baimenean jasoriko mugak une oro betetzen direla kontrolatzeko.

35.4. Kasu guztietan, aldez aurretik esleitutako eserlekuak izanen dituzte leku horiek, eta ezin izanen da baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost gainditu. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak. 800 pertsonarentzako edukiera gaindituz gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten nahitaezko eta loteslea beharko da.

35.5. Ez da baimentzen ezein kasutan zezen ikuskizun herrikoiak egitea, hala nola entzierroak, entzierro txikiak, basabereak libratzea edo antzekoak.

Hirugarrena.–Osasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 22/2021 Foru Aginduaren 40. puntua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

40. Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

40.1. COVID-19ak eragindako muturreko arrisku-egoeran dauden udalerrietan bizi diren pertsonak (intzidentzia metatua 250 kasu baino gehiagokoa denean 100.000 biztanleko 14 egunean eta 125 kasu baino gehiagokoa 7 egunean, orain Osasun Ministerioaren ekintzak koordinatzeko dokumentuan arrisku oso handia deitzen dena), 01:00etatik 06:00etara asteburuetan (larunbata eta igandea), jaiegunetan eta herriko festak eginen ziratekeen egunetan, jarduera hauek egiteko baino ezin dira mugitu Nafarroako Foru Komunitateko bideetan edo erabilera publikoko espazioetan:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako bat egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

h) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

i) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

40.2. Gaueko mugikortasuna mugatzeko neurria aplikatu behar bada kontzejuak dituzten udalerrietan, zeinetan egun desberdinetan egiten baitira herriko festak, egun horietan festak zer kontzejutan eginen ziratekeen, hartan baino ez da aplikatuko neurri hori, ez udalerriko gainerakoetan.

40.3. Astero eginen da gaueko mugikortasuna mugatzeko neurriak ukitzen dituen udalerrien zerrenda, eta argitara emanen da, hala Nafarroako Aldizkari Ofizialean, nola Gobernu Irekiaren Atarian, eta Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari igorriko zaio, judizialki baimendu dezan behar diren ondorioak izateko.

Foru aginduaren eranskinean jasota dago gaueko mugikortasuna mugatzeko neurria aplikatzeko foru agindu honetan aurreikusitako irizpideak betetzen dituzten udalerrien zerrenda, foru aginduaren 40. puntuan ezarritako moduan.

Laugarrena.–Orain luzatu eta puntualki aldatzen den uztailaren 29ko 22/2021 Foru Aginduan sartutako neurriek 2021eko uztailaren 30etik irailaren 2ra arte izanen dituzte ondorioak, bi egun horiek barne, ezertan galarazi gabe neurrietako batzuk aldatu edo kentzeko aukera, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, salbu eta foru agindu honen 40. puntuko lehendabiziko apartatua (gaueko mugikortasuna mugatzea), ondorioak izanen baititu 2021eko abuztuaren 5a arte, egun hori barne.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari baimen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Seigarrena.–Foru agindu honek 2021eko uztailaren 30ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 27an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINA

COVID-19ak eragindako muturreko arrisku-egoeran dauden udalerrien zerrenda, uztailaren 26an eguneratua

UDALERRIA

INTZIDENTZIA METATUA

14 EGUNERAKO

INTZIDENTZIA METATUA

7 EGUNERAKO

Abartzuza

2230,48

2230,48

Aberin

557,1

278,55

Adios

1290,32

645,16

Allin

344,03

229,35

Allo

929,75

516,52

Altsasu

429,93

174,66

Antzin

1186,94

1186,94

Andosilla

546,84

401,02

Antsoain

913,87

443,09

Agoitz

1558,44

816,32

Arakil

1714,89

1071,81

Aranguren

1068,23

405,19

Arano

862,06

862,06

Arantza

4690,11

670,01

Artzibar

1526,71

1145,03

Areso

3942,65

1433,69

Arroitz

1332,06

951,47

Artaxoa

716,41

238,8

Atetz

930,23

930,23

Auritz

865,8

432,9

Aiegi

1310,22

887,57

Azagra

442,36

312,25

Azuelo

12903,22

12903,22

Barañain

915,88

410,91

Barasoain

805,15

805,15

Basaburua

599,52

239,8

Baztan

835,79

347,17

Beintza-Labaien

454,54

454,54

Bera

3426,12

856,53

Berbintzana

1068,7

763,35

Beriain

1179,65

614,4

Berriobeiti

854,46

344,54

Berriozar

1083,82

556,3

Bertizarana

653,59

326,79

Bidaurreta

613,49

613,49

Buñuel

721,04

630,91

Burlata

1021,15

429,4

Cadreita

1527,49

916,49

Caparroso

867,67

216,91

Cárcar

1122,54

467,72

Zarrakaztelu

521,04

360,72

Cascante

621,11

388,19

Kaseda

924,02

718,68

Castejón

408,35

192,16

Oltza Zendea

764,6

273,07

Cintruénigo

1214,72

430,21

Zirauki

410,67

410,67

Zizur

1208,84

411,52

Corella

1580,73

552

Cortes

571,24

158,67

Donamaria

1154,73

461,89

Doneztebe

2259,55

637,31

Elgorriaga

1363,63

909,09

Eneritz

1048,95

699,3

Eratsun

662,25

662,25

Ergoiena

1881,72

1612,9

Erro

1250

375

Eslaba

900,9

900,9

Lizarra

1317,88

847,21

Esteribar

629,16

370,09

Etxalar

4182,04

738

Etxarri Aranatz

281,91

201,36

Etxauri

769,23

461,53

Ezkabarte

609,41

221,6

Faltzes

1252,69

604,75

Galar

1143,86

527,93

Galipentzu

1020,4

1020,4

Goizueta

1988,63

852,27

Uharte

1112,51

436,55

Igantzi

6572,76

312,98

Iguzkitza

923,07

615,38

Irurtzun

985,22

671,74

Ituren

3326,81

1761,25

Itza

647,77

404,85

Itzagaondoa

1704,54

568,18

Txulapain

1243,33

355,23

Lakuntza

390,93

312,74

Lantz

3378,37

675,67

Leitza

1613,45

274,63

Lekunberri

1888,02

130,2

Lerin

289,85

173,91

Lesaka

10178,76

1751,18

Ledea

2054,79

684,93

Lodosa

436,04

352,99

Longida

1006,71

671,14

Los Arcos

2028,21

1058,2

Irunberri

531,1

151,74

Mañeru

460,82

230,41

Martzilla

419,87

174,94

Mélida

272,85

272,85

Mendabia

986,74

451,08

Mendigorria

552,48

276,24

Milagro

2049,18

848,94

Miranda Arga

595,94

357,56

Murillo el Cuende

902,25

902,25

Muruzabal

858,36

429,18

Nabaskoze

757,57

757,57

Noain (Elortzibar)

901,44

552,88

Obanos

1176,47

641,71

Otsagabia

383,87

383,87

Odieta

1381,21

276,24

Oiz

2325,58

775,19

Orkoien

764,11

271,13

Oteitza

435,72

326,79

Iruña

1008,66

466,14

Azkoien

933,31

509,07

Gares

563,38

176,05

Puiu

284,9

284,9

Ribaforada

480

133,33

Erromantzatua

1714,28

1714,28

Saldias

3278,68

2459,01

San Adrián

540,36

301,97

Zangoza

1229,34

483,67

Sunbilla

888,88

444,44

Tafalla

481,35

292,59

Tutera

590,21

325,44

Uharte Arakil

993,78

496,89

Ultzama

1330,91

302,48

Untzitibar

947,86

947,86

Urdazubi

859,59

573,06

Urraulbeiti

931,67

931,67

Urroz

6010,92

4371,58

Uterga

1960,78

1960,78

Eguesibar

866,14

449,64

Deierri

929,61

664,01

Valtierra

1036,48

373,13

Viana

403,89

261,34

Alesbes

1299,61

737,61

Villamayor de Monjardín

4201,68

4201,68

Villatuerta

671,7

419,81

Atarrabia

784

372,4

Ziordia

1149,42

574,71

Zizur Nagusia

1275,68

584,12

Zubieta

1980,19

990,09

Zugarramurdi

913,24

456,62

Iragarkiaren kodea: F2111698