176. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

166E/2021 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Arangurengo udal-mugartean Taxoareko putzu septikoa Aranguren Ibarreko kolektorera konektatzeko proiektuari. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2021eko urtarrilaren 22an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “kategoria” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketa Taxoareko urak arazteko irtenbidearen ordez beste eroanbide bat jartzean datza. Eroanbide berria PVCzkoa, 315 mm-koa eta gutxi gorabehera 400 m luze izanen da eta Taxoareko oraingo arazketako kolektoreak Aranguren Ibarreko kolektorearekin konektatuko ditu; azken kolektore hori duela gutxi exekutatu da. Gaur egun, herriko ur beltzak Arangurengo 3. poligonoko 481. lurzatiaren ekialdeko mugan, ibilgu-areka txiki baten ondoan, dagoen putzu septikora eramaten dira.

Konexiorako 3 aukera aztertu dira eta, arrazoi teknikoak direla medio, azkenean honako hau hautatu da: oraingo hobirako sarrerako erregistroan hasiko da, gutxi gorabehera 115 m jarraituko du iparralderantz, aldameneko ibilgu-arekaren ondoan, ipar-ipar-mendebalderantz biratuko da laboreetan zehar, 200 m inguru, eta gero, landabide bat eta Sadar ibaia igarota, ibaiaren gaineko bideko zubiaren aldamenean, mendebalderantz biratuko da, Gongorako lixibiatuak eramaten dituen kolektoreko (Aranguren Ibarreko kolektoreko) P27 putzuan konektatu arte; azken hori Sadar ibaiaren eskuinaldeko ertzarekiko paraleloa da eta ertz horretatik 5-15 m-ra dago gutxi gorabehera.

Dokumentazioan frogatzen da Sadar ibaiko bidegurutzea aldameneko zanga batean eginen dela, aire zabalean, dagoen hormigoizko zolataren azpiko pontoitik urari beheiti. Obrarako kontrol, jarraipen eta lehengoratze neurriak proposatzen dira, hasierako tartean eta Sadarreko bidegurutzean landaredi naturalaren eta ibilguen ukipena saihesteko. Halaber, lursailei obren aurreko erabilera itzultzea proposatzen da eta zuhaixka autoktonoak ereiteko eta landatzeko proposamena barne hartzen da, Sadar ibaiaren ertzetan ukitutako ingurunerako.

5.000 m³ inguru lur, eraikuntza hondakin eta abar kudeatzeko proposamen bat barne hartzen da. Horren arabera, kendu eginen dira, garraiatu eta zabortegi baimendu batean edo tratamendu baimenduko instalazio batean isuri.

2021eko otsailaren 10ean, udal txostena eskatu zitzaion Arangurengo Udalari. Lurraldearen Antolamenduaren eta Atalak aldeko txostena eman du 2021eko ekainaren 2an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du eta proiektuaren ingurumen ukipenak txikiagotzeko ezarritako ingurumen baldintzen proposamena zehaztu du.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arangurengo udal-mugartean Taxoareko putzu septikoa Aranguren Ibarreko kolektorera konektatzeko proiektuari. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

• Urak oraingo putzu septikoaren aldameneko ibilguan husten laguntzeko, ahalegina eginen da kolektorearen hasierako tartea (113 m inguru, ibilguarekiko paraleloa) ibilgutik urruntzeko, ibilguaren eta ertzen egonkortasuna babesteko eta banda horretan zuhaixka orla naturala instalatzea ahalbidetzeko.

• Sadar ibaiko bidegurutzerako, ezarrita baitago landabideko pontoitik urari beheiti dagoen hormigoizko lauzaren luzera osoan zanga moduan eginen dela, arroko organoak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, emandako bidezko baimenak eskuratu beharko dira.

• Sadarreko bidegurutzearen eremuan bisoi europarren aleak daudela ikusten bada, Biodibertsitatearen Zerbitzuari komunikatuko zaio, eta hark baloratuko du neurri gehigarririk hartu behar den.

• Sadar ibaiko bidegurutzearen inguruneko zuhaitz aleren bat moztu behar bada, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren baimen egokiak eskatu beharko dira.

• Obran sortutako hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira, arlo horretako indarreko legeriari jarraikiz.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

• Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurri eta baldintzak, ibilguari lotutako ibai eremuko ingurumen balioak babesteari eta jarduketa ingurumenean eta paisaian integratzeari dagokionez.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri nahi diren beste jarduera zehatz batzuk hornidura sarera konektatzea edo handik hargunerik ateratzea.

• Bide publikoetan, lehengoratzea eta arestian zegoen lur berdinketa berreskuratzea bermatu beharko da, eta kontuan hartuko da lursailaren sestraren gainean elementurik egonez gero 3 m-ko zortasun-eremua errespetatu beharko duela, bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).

• Eginen den jarduerak ukitzen ahal dituen edo exekuzioa baldintzatzen ahal dituzten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, arroko erakundearen baimena eduki beharko da.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honek babesten dituen jarduerak edo jarduketak baimena eman eta bi urteko epean gauzatu edo abiarazi beharko dira gehienez ere. Epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira haren eraginak, eta eraginkortasunik gabekotzat jo beharko da.

• Baimendutako jarduera eteteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak hark ukitutako lursailak berrezarri behar izatea, lehengo egoerara bueltatuz, beranduenez bost urteko epean, eraikinak eraitsiz edo/eta erretiratuz. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa izanen da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Arangurengo Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (7. Koordinazio Unitatea, “Iruña”) eta interesdunari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 29an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2110437