176. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoko lurzoruan, lurgainean eta lurpean interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2021eko apirilaren 13an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko lurzoruan, lurgainean eta lurpean interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2021eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 24an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da eta, hortaz, eranskina osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Esan, 2021eko ekainaren 25ean.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAN, LURGAINEAN ETA LURPEAN INTERES OROKORREKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atala), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido, telefonia finkoa, telefonia mugikorra eta komunikazio elektronikoko bertze zerbitzu batzuk eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, antenak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, zerbitzuarekin zerikusia badute, haien titular nor den ere, betiere herritar guztiei edo frankori eragiten dieten hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egiten badituzte.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko baita.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira. Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua. Tasa horren zenbatekoa udal mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5 izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Tasa hauek bateragarri izango dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira entitatearen diru-sarrera berekiak, alegia, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen erregistro administratiboaren 1. eta 2. ataletan inskribatutako instalazioetan erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak, baldin eta erabiltzen badira araubide berezi horretan tributatu dezakeen energia sortzeko beharrezko lehengai gisa.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei ordaindu dizkieten zenbatekoak, haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

7. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere. Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko Udaleko teknikariak txostena aitzinetik eginda. Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraitutasun eta periodikotasun batez egiten badituzte, nahiz eta herriko toki ezberdinetan izan, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko. Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarra duen araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

9. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiru hilean behin aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua. Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa sartu beharko dute Udalean berean edo horretarako ezarritako erakundean.

11. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa bateragarria da –independentea baita– toki-erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatiboarekin edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

12. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki-erakunde honek hitzarmenak egin ditzake beste erakunde batzuekin tasa kudeatu eta likidatzeko prozedura errazteko eta arintzeko.

AZKEN XEDAPENA

Testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta izanen ditu ondorio juridikoak ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L2110273