176. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

278/2021 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdi bat, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2021-2021 ikasturtean, esku har dezan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektuetan. DDBN identifikazioa: 572461.

Deialdi hau Hezkuntza Departamentuak finantzatzen du. Beraren bidez jarraipena ematen zaio Europako Gizarte Funtsaren bidez finantzatutako programa honi: “Hezkuntzaren aurrerapen eta sostengurako orientazio eta errefortzu programa”. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren atariko tituluko I. kapituluaren 1. artikuluko b) apartatuan ezarritakoaren arabera, hezkuntzaren printzipio eta helburu bat da ekitatea. Horri esker, bermatzen dira nortasuna hezkuntzaren bidez erabat garatzeko aukera-berdintasuna, hezkuntzan txertatzeko aukera, diskriminazioa gainditzen laguntzen duen eskubide eta aukera berdintasuna eta hezkuntzarako sarbidea. Halaber, ekitatea tresna bat da desparekotasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak konpentsatzeko.

Halaber, II. tituluaren II. kapituluaren 80. artikuluaren 1. apartatuan ezartzen duenaren arabera, hezkuntzarako eskubidea erabiltzean berdintasun-printzipioa gauzatzeko, administrazio publikoek konpentsazio-ekintzak eginen dituzte egoera sozial, edukatibo eta kultural txarrean dauden pertsonentzat, taldeentzat eta lurralde-eremuentzat, hezkuntzarako sarbidea, hezkuntzan aritzea edo ikastea eragozten duten oztopoak ezabatzeko. Hain zuzen ere, behar diren doikuntzak eginen dituzte pertsona horien banakako beharrizanen arabera eta behar duten laguntza emanen diete beren hezkuntza-garapena eta garapen soziala sustatzeko eta, horrela, beste herritar guztien aukera berak eduki ditzaten hezkuntza inklusiboa jasotzeko.

Artikulu horretako 2. apartatuaren arabera, konpentsazio politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, hala saihesteko faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desparekotasunak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 72.5 artikuluak hauxe dio hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleei buruz: “hezkuntza administrazioek beste administrazio batzuekin, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin eta beste erakunde edo elkarte batzuekin lankidetzan jarduten ahalko dute ikasle horien eskolatzea errazteko, ikasle horiek ikastetxean hobeki txertatzeko, hezkuntza-arrakasta sustatzeko eta garaia baino lehen eskola ez uzteko”.

Oinarrizko gizarte zerbitzuak edo haien mankomunitateak jarduketa batzuk garatzen ari dira aurrea hartzeko zenbait kolektibotako ikasleen absentismoari, eskola-porrotari, eskola-uzteari edo gizartetik baztertzeko arriskuari.

Jarduketa horien artean nabarmentzekoa da hezkuntza-komunitateari tresnak ematea ikasleen baldintza pertsonalak eta ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko. Horretarako, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala behar da familien eta ikastetxearen arteko harreman etengabea errazteko. Pertsona horiek beharrezkoak dira familiak bisitatzeko, haiekin elkarrizketak izateko eta gurasoen eta ikastetxearen arteko harreman malgua sustatzeko.

Hezkuntza Departamentuak badaki Nafarroan badaudela gizarte eta hezkuntzako egoerak non ikasleak eta haien familiak bazterturik edo gutxietsita dauden. Horregatik erabaki du konpentsazio neurri zehatzak hartzea pertsona, talde eta lurralde horien alde.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txerta daitezen esku-hartze integralak sustatzeko, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdi bat onets dadin, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontratatzeko, 2021/2022 ikasturtean esku har dezan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektu horietan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten 2021/2022 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan gizartean eta hezkuntzan txertatzeko egiten diren proiektuetan esku hartzeko.

2. 460.000 euroko gastua baimentzea. Horietatik, 161.000 euro ordainduko dira 2021eko gastu-aurrekontuko “Gizartean eta hezkuntzan txertatzeko jardueretarako dirulaguntzak” izeneko 420004-42770-4819-322400 partidaren kargura. Zenbateko hori “Hezkuntzaren aurrerapenerako eta laguntzarako orientazio eta errefortzu programa” izeneko elementuari egotzi behar zaio (E-19/000218-01 PEP elementua, EGF 2014-2020). Gainerakoa, hots, 299.000 euro, 2022ko gastu-aurrekontuan horretarako gaituko den partida baliokidearen kargura.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio Proiektuetarako Bulegoari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Hezkuntzako kontseilariaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabete pasatu baino lehen.

Iruñean, 2021eko ekainaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEI EDO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, ESKOLAKO SUSTATZAILEA EDO BITARTEKARI SOZIOKULTURALA KONTRATA DEZATEN 2021/2022 IKASTURTEAN, ESKU HAR DEZAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN GIZARTEAN ETA HEZKUNTZAN TXERTATZEKO EGITEN DIREN PROIEKTUETAN

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoekin koordinaturik aritzen diren oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuen mankomunitateei, eskolako sustatzailea edo bitartekari soziokulturala kontrata dezaten, susta dezan ikasleak eta haien familiak gizartean eta hezkuntzan txertatzea, honako hauen bidez:

1. Mekanismoak garatzea, gizartean eta hezkuntzan txertatzen aritzen diren eskualdeko kolektibo eta erakundeekiko sare-lana errazteko.

2. Eskola-absentismo egoeran dauden ikasleek eta haien familiek hezkuntzan duten parte-hartzea hobetzea, erabat txerta daitezen.

3. Ikastetxean bizikidetza giro egokia bultzatzea, hainbat estrategia eta metodologia inklusibo erabiliz; bereziki elkarreragin sozialeko jarrera positiboak sustatuko dira kultur ezberdinetako taldeen eta gutxiengoen artean.

4. Gatazka pertsonalak eta arrisku soziala dituzten ikasleak identifikatzea, eta kasu horietan laguntza emateko neurriak diseinatu eta gauzatzea.

5. Hezkuntza normalizazioan aurrera egitea, eskolako arrakastaren tasak igotzeko.

6. Irakasleei eta hezkuntza-komunitateari prestakuntza ematea, eta parte hartzen uztea proiektuaren diseinu, garapen eta ebaluazioan.

7. Ikastetxeen eta udal estamentuen arteko elkarlan zuzena jarduketa plan bat ezartzeko, baldin inguruabar sozialek eta/edo sanitarioek eskola antolaketan aldaketak eragiten badituzte, hala nola ikasgelako ikasleen ratioa txikitzea, edo hezkuntza gune fisiko gehiago bilatzeko beharra eta horiek ikasgela berri gisa erabiltzeko gaitzea.

Bigarrena.–Entitate onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko oinarrizko gizarte zerbitzuak edo gizarte zerbitzuen mankomunitateak, betiere Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoekin koordinaturik aritzen badira.

Hirugarrena.–Baldintzak.

Entitate onuradunek 2021eko urriaren 1erako kontratatuta eduki behar dute proiektua eginen duen profesionala.

Proiektua eginen duena oinarrizko gizarte zerbitzuko edo oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateko plantillako langilea bada, egiaztatu edo frogatu egin beharko da.

Laugarrena.–Proiektuaren ezaugarriak.

Honako alderdi hauek landu behar dituzte zonaldeko ikastetxe batek edo batzuek egindako programek eta proiektuek, ikasleek eta beren familiek ikastetxe horietan inklusio soziala eta hezkuntza inklusioa lor dezaten laguntzeko:

a) Eskolan, familian eta esparru soziokomunitarioan egiten den lana koordinatzea.

b) Hezkuntza komunitateak, erakundeek, gizarte zerbitzuek, elkarteek eta beste batzuek neurrien garapenean eta baliabide egokien erabileran inplikatzea, gatazka edo arrisku soziala duten ikasleen tratamendu eta suspertze lanari dagokionez.

c) Baztertzeko arriskuan diren ikasleei harrera egitea, eta hezkuntza sisteman txertatzea.

d) Ikastetxearen elkarlana beste erakunde, entitate eta elkarte batzuekin, ikasleak gizarteratzeko eta horien hezkuntza indartzeko programak garatzeko.

e) Jarduketa planak, ikastetxeetan hezkuntza presentziala egiterik ez dagoen kasuetan.

Bosgarrena.–Dokumentazioa.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten gizarte zerbitzuek edo gizarte zerbitzuen mankomunitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera, II. eranskinaren araberakoa.

b) Proiektuaren deskribapena, III. eranskinaren araberakoa.

c) Proiektuari lotua dagoen ikastetxeko edo ikastetxeetako zuzendaritza taldearen oniritzia eta ikastetxe horretako edo horietako Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen adostasuna.

Seigarrena.–Aurkezteko epea.

Bosgarren oinarrian adierazten den dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun baliodunetan aurkeztu behar da, jasotzailea Inklusio Atala dela adierazita, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan azaltzen den bezala.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta gizarte zerbitzuen mankomunitateek hamar egun balioduneko epea izanen dute agirietan egindako akatsak zuzentzeko. Aldi horretan interesdunak akatsak zuzentzen ez baditu, eskaeran atzera egin duela pentsatuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Zazpigarrena.–Proiektuen balorazio irizpideak eta esleipena.

Aurkezten diren eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu, eta batzordea honako hauek osatuko dute:

–Inklusio Ataleko burua.

–Inklusio Proiektuetarako Bulegoko burua.

–Inklusio Ataleko teknikari bat.

Batzordeak V. eranskineko irizpideak kontuan hartuz baloratuko ditu proiektuak.

Puntu gehien lortzen dituzten 23 proiektuei laguntza emanen zaie, gutxienez 50 puntu lortuz gero.

Zortzigarrena.–Emanen den dirulaguntza.

Dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatutako gastuaren % 65 izanen da. Proiektu bakoitzerako 20.000 euro jasotzen ahal dira gehienez.

Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:

a) Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak egikaritzeko izendatutako gainerako langileenak.

b) Bidaiak. Langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

Bederatzigarrena.–Deialdia ebazteko prozedura.

Balorazio prozesua bukaturik, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak deialdia ebazteko proposamena eginen dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean ebatz dezan; oinarrizko gizarte zerbitzu eta/edo gizarte zerbitzuen mankomunitate interesdunei ere jakinaraziko zaie.

Hamargarrena.–Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ordainduko da, bi zatitan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Lehenbizi, 2021eko abendua baino lehen, 7.000 euro ordainduko dira 2021eko aurrekontuaren kargura. Horretarako, urriaren 15erako 2021eko urriaren 1a baino lehen sinatutako lan-kontratuaren kopia aurkeztu behar da. Bigarren ordainketa 2022ko urrian eginen da 2022ko aurrekontuaren kargura, gastuak justifikatu eta jarduketen memoria (IV. eranskinaren araberakoa) 2022ko irailaren 10a baino lehen aurkeztu ondoren.

Hamaikagarrena.–Gastuen justifikazioa.

Emandako laguntza justifikatzeko, entitate onuradunek egindako zerbitzuei dagozkien nominak eta fakturak aurkeztu beharko dituzte, bai eta bidezko ordainagiri guztiak ere.

2022ko abuztuaren 31ra arte egindako gastuen frogagiriak 2022ko irailaren 10erako aurkeztu behar dira.

Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio entitate onuradunari, beharrezko frogagiriak erants ditzan bost egun balioduneko epean, gehienez. Entitate onuradunak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzak itzultzea.

Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.

Hamahirugarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) 2021eko urriaren 1erako kontratatuta eduki behar dute proiektua eginen duen profesionala. Proiektua eginen duena oinarrizko gizarte zerbitzuko edo oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateko plantillako langilea bada, egiaztatu edo frogatu egin beharko da.

b) Zerbitzua dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan eta onetsitako proiektuaren arabera egin behar da.

c) Programaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten bada, Hezkuntza Departamentuaren logotipoa paratu beharko da, dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berberetan.

d) 2021eko urriaren 15erako 2021eko urriaren 1a baino lehen sinatutako lan-kontratuaren kopia aurkeztu behar dute. Proiektua eginen duena oinarrizko gizarte zerbitzuko edo oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateko plantillako langilea bada, egiaztatu edo frogatu egin beharko dute.

e) 2022ko irailaren 10erako zerbitzuei dagozkien nominak eta fakturak aurkeztu behar dituzte, bai eta bidezko ordainagiriak ere. Horrez gainera, jarduketen memoria aurkeztu behar dute, IV. eranskinean ezartzen diren puntuen arabera egina.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (DOCa).

III. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Dokumentuak gehienez ere 15 orrialde izanen ditu, 11 neurriko Arial letraz idatzia, lerrokadura justifikatua eta 1,5eko lerroartea erabiliz.

1.–Proiektuaren deskribapena:

–Proiektuaren izena eta izenburua.

–Justifikazioa eta testuinguruaren azterketa:

• Abiapuntuko egoera.

• Esku hartzeko mailak eta eremuak.

• Lan proiektuan esku hartuko duten talde sozialak.

–Proiektuaren helburuak:

• Aurreikusitako helburuak oinarri, gauzatu beharreko ekintzak.

• Ebaluazio-adierazleak

• Metodologia: denbora banaketa, baliabide pertsonalak eta materialak.

• Gizarteratzeko elementu zuzentzaileak hezkuntzaren eremuan.

2.–Arduradunen taldea:

–Proiektuaren koordinatzailea oinarrizko gizarte zerbitzutan edo mankomunitatean; egitekoak eta atazak.

–Kulturen arteko sustatzailea edo bitartekaria; lanpostuaren maila, proiektuari egotzitako lanaldi-ehunekoa, egitekoak eta atazak.

–Proiektuaren koordinatzailea ikastetxean edo ikastetxeetan; egitekoak eta atazak.

–Gainerako parte-hartzaileek proiektua prestatu nahiz gauzatzeko beren gain hartzen dituzten eginkizunak edo lanak.

3.–Aurrekontua eta aurreikusitako gastu-kontzeptuak.

Memoria 2022ko irailaren 31rako aurkeztu behar da.

IV. ERANSKINA

Memoria

Dokumentuak gehienez ere 15 orrialde izanen ditu, 11 neurriko Arial letraz idatzia, lerrokadura justifikatua eta 1,5eko lerroartea erabiliz.

1.–Proiektuaren eragina:

–2021-2022 ikasturtean parte hartu duten ikasleen kopurua, ikastetxearen arabera xehatuta, eta haiekin egindako jarduketak.

–Arreta jaso duten familien kopurua, eta egin diren jarduketak.

–Ikastetxeekiko koordinazioa eskolara huts egiten duten ikasleek eta beren familiek hezkuntzan duten parte-hartzea nabarmenki hobetzeko eta haien txertatze erabatekoa lortzeko.

2.–Proiektuaren helburuak:

–Egindako ekintzen burutzapen-gradua, ezarritako helburuak kontuan hartuta.

–Hobetzeko proposamenak.

3.–Gastuen justifikazioa.

V. ERANSKINA

Balorazio-irizpideak (100 puntu)

1. Ikastetxeen gizarte-hezkuntzako egoera (20 puntu gehienez).

Proiektuan biltzen diren ikastetxeetan matrikulatutako ikasle behartsuen ehunekoa.

–% 65 edo gehiago (15 puntu).

–% 41 - 65 artean (10 puntu).

–% 26 - 40 artean (5 puntu).

–% 11 - 25 artean (2,5 puntu).

–% 10etik behera (0 puntu).

15 puntu.

Proiektuan biltzen diren ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen absentismoaren ehunekoa.

–% 5 edo gehiago (5 puntu).

–% 2,5 - 4,9 artean (2,5 puntu).

–% 1 - 2,4 artean (1 puntu).

5 puntu.

2. Egoeraren azterketa. Proiektuaren helburuak. (geh., 20 puntu).

Egoera aztertzeko lanen garapena proiektuan, eremuak eta esku hartzeko taldeak eta badago koerlazioa helburuekin eta ekintzekin.

20 puntu.

Egoera aztertzeko lanen garapena proiektuan, eremuak eta badago koerlazioa helburuekin eta ekintzekin.

15 puntu.

Egoera aztertzeko lanen garapena proiektuan eta badago koerlazioa helburuekin eta ekintzekin.

10 puntu

Helburuen eta ekintzen garapena proiektuan.

5 puntu.

Proiektuan egoeraren azterketa, eremuak eta esku hartzeko taldeak daude.

2,5 puntu.

3. Ebaluazio-adierazle argien ezarpena proiektuaren jarduketa-eremu guztietan (20 puntu gehienez).

Adierazle neurgarriak daude jarduketa-eremu guztietako ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

20 puntu.

Adierazle neurgarriak daude bi jarduketa-eremutako ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

15 puntu.

Adierazle neurgarriak daude jarduketa-eremu bateko ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

10 puntu.

Adierazle neurgaitzak daude jarduketa-eremu bateko ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea).

5 puntu.

Ez dago adierazlerik.

0 puntu.

4. Proiektuaren izaera berritzaile eta inklusiboa, eta proiektuaren aplikagarritasuna hezkuntza, gizarte eta kultura inguruan (15 puntu gehienez).

Ekintza inklusiboak daude jarduketa-eremu guztietako ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea), bai eskola-orduetan, bai arratsaldeko eta udako ordutegietan.

15 puntu.

Ekintza inklusiboak daude jarduketa-eremu guztietako ekintzetan (eskola, familia eta gizarte-komunitatea), baina ez dira zehazten aldiak.

10 puntu.

Ekintza inklusiboak daude bi jarduketa-eremutako ekintzetan gutxienez (eskola, familia eta gizarte-komunitatea) eta aldiak zehazten dira.

5 puntu.

Ekintza inklusiboak daude bi jarduketa-eremutako ekintzetan gutxienez (eskola, familia eta gizarte-komunitatea), baina ez dira zehazten aldiak.

2,5 puntu.

Ez dago ekintza inklusiborik.

0 puntu.

5. Gizarte zerbitzuek edo gizarte zerbitzuen mankomunitateak ikastetxeekin koordinaturik aurretik izan diren esperientziak eta egin diren proiektuak (10 puntu gehienez).

6 proiektu edo gehiago aurkeztu.

10 puntu.

3 - 5 proiektu aurkeztu.

5 puntu.

1 - 2 proiektu aurkeztu.

2,5 puntu.

Aurreko deialdietan proiektuak aurkeztu ditu, baina ez du laguntzarik jaso.

1 puntu.

Ez du aurkeztu proiekturik.

0 puntu.

6. Proiektua egiteko aurkezten den pertsonaren profil profesionala (15 puntu gehienez).

Proiektua eginen duen pertsona izendatzea edo kontratatzea.

–Lanaldi osoa (5 puntu).

–Lanaldi partzial (2,5 puntu).

5 puntu.

Urtebeterako kontratua (2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra arte), lehen kontratua denean izan ezean.

5 puntu.

Errotzea sustapen eta bitartekotza lana eginen duen komunitatean.

–6 proiektu edo gehiagotan lan egin du komunitatean (5 puntu).

–3 - 5 proiektutan lan egin du komunitatean (2,5 puntu).

–1 - 2 proiektutan lan egin du komunitatean (1 puntu).

5 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2110428