176. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Ordenantza, efizientzia energetikorako eta mugikortasun elektrikorako dirulaguntzak emateko. Behin betiko onespena.

Galarko Udalak, 2021eko apirilaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez erabaki zuen efizientzia energetikorako eta mugikortasun elektrikorako dirulaguntzak emateko Ordenantzaren aldaketa onartzea.

Maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatutako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2021eko ekainaren 25ean.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

EFIZIENTZIA ENERGETIKORAKO ETA MUGIKORTASUN JASANGARRIRAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO ORDENANTZA

Zioen azalpena

Galarko Udalaren helburu dira energiaren erabilera arrazionala bultzatzea, aurrezpena eta efizientzia sustatzeko neurriak emanez, energia fotovoltaikoa sortzeko energia berriztagarrien garapena bultzatzea udalerrian, eta herritarren mugikortasun jasangarria sustatzea.

Ordenantza honen xedea da 3. artikuluan zehazten diren jarduketak aurrera eramaten laguntzeko dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko prozedura garatzea.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren xedea da hemen zehazten diren alorretan egindako inbertsioetarako dirulaguntzen esleipena arautzea:

1.–Energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko instalazioak jartzea autokontsumorako, Galarko udalerrian dauden etxebizitzetan edo auzokide komunitateetan, Ordenantza honen 3. artikuluan ezartzen diren tipologia desberdinak aintzat hartuta.

2.–Mugikortasun jasangarriko ibilgailuak erostea.

2. artikulua. Deialdia eta prozedura.

2.1.–Urtero, Udalaren Gobernu Batzordeak aginduko du urte horri dagokion deialdia argitaratzeko, bai udalaren web-orrian eta bai Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean. Deialdi horren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2.2.–Diruz lagungarriak izanen dira urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindako inbertsioak, eta dirulaguntza hartzeko eskabidea urteko edozein egunetan egiten ahalko da.

2.3.–Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da izanen Ordenantza honetan ezartzen dena baino handiagoa, eta diruz lagungarriak izanen dira deialdi honetan sartzen diren inbertsio guztiak, urtero horretarako esleitzen den aurrekontua, urteko deialdian argitaratuko dena, agortu arte.

2.4.–Espedienteak sartu ahala tramitatu eta ebatziko dira, hurrenkera berean, aurrekontuan horretarako dagoen kreditua bukatu arte, eta Ordenantza honetan aipatu diren baldintzen, formen eta baloraziorako lehentasunen arabera.

2.5.–Espedientea ikusita, instrukzio organoak ebazpenaren proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, eta ebazteko ahalmena duen organoari igorriko dio.

2.6.–Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

2.7.–Laguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta ondokoak azalduko ditu espresuki: dirulaguntza jaso duen pertsona edo entitate eskatzailea edo eskatzaileak, laguntzaren zenbatekoa eta, eskaeraren bat ezetsiz gero, horren eskatzaile diren pertsonak edo entitateak.

Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta entitate edo pertsona eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin bat.

Era berean, eta azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 18.2 artikuluan ezarritakoari men eginez, Udalak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko ditu esleitzeko emandako ebazpenak, arestian aipatutako Legearen 20. artikuluan ezartzen den moduan.

3. artikulua. Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak:

3.1.–Autokontsumoko instalazio fotovoltaikoak.

Galarko udalerrian autokontsumoko argindar fotovoltaikoa sortzeko instalazioetan egiten diren inbertsioak izanen dira diruz lagungarriak, isolatuak (sarerako konexiorik gabeak) edo autokontsumorako egiten direnak, 900/2015 Errege Dekretuan eta 15/2018 Errege Dekretu-legean ezarritakoaren arabera.

Instalazioak ondoan azaltzen diren tipologia batekoa izan behar du:

3.1.1.–Instalazio fotovoltaikoak familia bakarreko etxebizitzetan. Autokontsumorako familia bakarreko etxebizitzetan jartzen diren instalazio fotovoltaikoak dira.

3.1.2.–Etxebizitza kolektiboetako (banakako hainbat etxebizitza biltzen dituztenak) instalazio fotovoltaikoak, bereziki:

3.1.2.1.–Autokontsumoko instalazio fotovoltaikoak eraikinaren zerbitzu komunentzat. Eguzki energia elektrikoaren ekoizpena aprobetxatzea etxebizitza bloke baten zati komunetako kontsumoetarako bakarrik (kontsumo elektrikoa zati komunak argiztatzeko, esaterako ataria, pasabideak, eskailerak, garajeak, biltegiak, galdara zentral, bizikleta eta halakoetarako lokalak, edo igogailuetarako).

3.1.2.2.–Autokontsumorako instalazioak etxebizitza kolektiboen eraikinetan, ondoren aipatzen diren bi tipologia hauetako bat aukeratuta:

Autokontsumo partekatua: eguzki energia elektrikoaren ekoizpenaren autokontsumoa partekatzen da gutxienez 2 (bi) etxebizitzen artean, eraikin kolektibo edo etxebizitza talde batean. Ekoizpenaren banaketa egiten da zuzenean eta modu esklusiboan etxebizitza partikularren kontsumorako.

Banakako autokontsumoa: eguzki energia elektrikoaren ekoizpenaren autokontsumoa soilik egiten da etxebizitza eraikin kolektibo baten barneko etxebizitza batean, batzuetan edo guztietan.

Instalazioa behin betikoa izanen da.

3.2.–Mugikortasun jasangarriko ibilgailuak erostea.

Diruz lagungarria izanen da 70/156/EEE eta 92/61/EEE Direktibetan edo 2140/85 Errege Dekretuan zehaztutako M,N eta L kategorietako ibilgailu elektrikoen erosketa, eta orobat motor elektrikoz lagundutako bizikleten eta patinete elektrikoen erosketa ere.

4. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa:

Laguntza ekonomikoak emanen dira eskabideak aurkeztu ahala, Ordenantzaren onuradun izateko baldintzak eta proiektuaren baldintzak betetzen badituzte, eta eskaera onartzeko adinako aurrekontu-kontsignaziorik bada.

Dirulaguntzen banaketa ekitaldi ekonomiko bakoitzean helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

Ez da artikulu honetan ezarritako kopurutik gorako dirulaguntzarik emanen.

Banakako kopurua gehienez, eta kopuru hori zehazteko irizpideak:

4.1.–Autokontsumoko instalazio fotovoltaikoak:

a) Diseinu edo ingeniaritza lanak (proiektua eta obra-zuzendaritza) ezin dira izan instalazioaren kostu guztia baino % 10 gehiago.

b) Hauxe izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:

–2 kw arteko instalazioak: 500 euro.

–2 eta 6 kw bitarteko instalazioak: 1000 euro.

–6 kw-tik gorako instalazioak: 1500 euro.

c) Diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozen gastuak, behar-beharrezkoak direnak eta Ordenantza honetan ezarritako epean egiten direnak.

d) Berariaz, deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarritzat joko dira energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko autokontsumoko instalazioak, eta osagai hauek bakarrik izanen dituzte:

–Energia sortzeko gailuak.

–Finkatzeko eta lotzeko sistemak.

–Inbertsoreak.

–Kableak eta babesak.

–Bateriak.

–Diseinu edo ingeniaritza lanak; ezin dira izan instalazioaren kostu guztia baino % 10 gehiago.

Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Egindako gastutzat joko da dirulaguntzaren justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Ondoko gastu hauek ez dira inola ere izanen diruz lagungarriak:

–Inbertsioaren ondoriozko finantzazio gastuak.

–Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

4.2.–Mugikortasun jasangarriko ibilgailuak erostea.

Berriak izatea eta Espainian matrikulatuak.

M eta N kategoriako ibilgailuak: 1.000 euro.

L kategoriako ibilgailuak: 700 euro.

Mugitzeko motor elektriko baten laguntza duten bizikletak: kostuaren % 30, gehienez 500 euro.

Patinete elektrikoak: 100 euro.

5. artikulua. Dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak.

Onuradun izan daitezke dirulaguntza esleitzeko arrazoitutako egoeran dauden pertsonak edo entitateak, jarraian azaltzen diren baldintzak betetzen badituzte eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ez badaude.

Gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:

5.1.–Autokontsumoko instalazio fotovoltaikoen dirulaguntzak

a) Kontsumoari lotutako etxebizitzaren jabea izatea.

–Familia bakarreko etxebizitzak: eskaera etxebizitzaren jabeak egin behar du, eta onuraduna ere jabeak izan behar du.

–Etxebizitza kolektiboetako instalazio fotovoltaikoak: eskaera auzokideen komunitateko presidente kargua duen pertsonak egin behar du; onuraduna auzokideen komunitatea da, eta haren ardura izanen da dirulaguntzaren eta instalazioa ezartzeko behar diren akordioen barne kudeaketa.

Eraikinaren zerbitzu komunak: eskaera auzokideen komunitateko presidente kargua duen pertsonak egin behar du; onuraduna auzokideen komunitatea da, eta haren ardura izanen da dirulaguntzaren eta instalazioa ezartzeko behar diren akordioen barne kudeaketa.

Autokontsumo partekatua: eskaera autokontsumoaren onuradun izanen diren etxebizitza multzoaren ordezkariak egin behar du.

Onuradun izanen dira multzoa osatzen duten etxebizitzen jabe guztiak. Eskaeran zehaztu beharko dira multzoko etxebizitzen jabe bakoitzak instalazioan duen partaidetzaren portzentajea.

Banakako autokontsumoa eraikin kolektiboetan: eskaerak bere kabuz egin behar du autokontsumoaren onuradun izanen den etxebizitzaren jabeak.

b) Onuraduna pertsona fisikoa bada, baldintzetako bat izanen da Galarren erroldatuta egotea, gutxienez deialdi honen aurreko urtarrilaren 1etik aurrera. Onuraduna auzokide komunitate bat bada, eratuta egon behar du gutxienez deialdi honen aurreko urtarrilaren 1etik aurrera.

Dirulaguntzaren izaera berezia kontuan harturik, pertsona edo entitate onuradunek ez dute frogatu beharko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

5.2.–Mugikortasun jasangarriko ibilgailuak erosteko dirulaguntzak.

a) Dirulaguntzaren xedea den mugikortasun jasangarriko ibilgailuaren jabea izatea

b) Onuraduna pertsona fisikoa bada, baldintzetako bat izanen da Galarren erroldatuta egotea, gutxienez deialdi honen aurreko urtarrilaren 1etik aurrera. Onuraduna auzokide komunitate bat bada, eratuta egon behar du gutxienez deialdi honen aurreko urtarrilaren 1etik aurrera.

Dirulaguntzaren izaera berezia kontuan harturik, pertsona edo entitate onuradunek ez dute frogatu beharko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

6. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.–Dirulaguntzaren eskabideak Galarko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusten direnetako batean.

2.–Eskabideak aurkeztuko dira interesdunak berak sinatua edo, bestela, haren ordezkari batek, zuzenbidean balioa duen bideetako bat erabiliz frogatzen badu ordezkaritza hori.

Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

Interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, haren izenean ordezkariren batek badihardu, hari dagozkionak.

–Pertsona fisikoa bada, haren NA edo agiri baliokidearen kopia.

–Auzokide elkarte bat bada, presidentearen NAren kopia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, non agertuko baita eskatzaileak betetzen dituela onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko 38/3003 Lege Orokorraren 11. artikuluan zehazten diren baldintza orokorrak, eta orobat deialdi honen baldintza berariazkoak ere, hala nola Dirulaguntzei buruzko 38/3003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik ez duela.

c) Pertsona edo elkarte eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dituela frogatzea, administrazio eskudunek egindako ziurtagiriak aurkeztuz.

d) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, aipatu beharkizunak beteak dituela adierazteko. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpenaren proposamena egin baino lehen, interesdunari eskatu beharko zaio aurkez ditzala aitorpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak, administrazio eskudunek emanak, gehienez ere 15 eguneko epean.

Udalak ofizioz egiaztatuko du onuradunak eguneratuak ote dituen Administrazio honekiko tributu betebeharrak, eta dagokion eginbidearen bidez jasoko da egoera hori.

e) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeen kasuan, publikoak edo izaerarik gabeko pribatuak izan, espresuki adieraziko dira eskabidean taldeko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita kide bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira.

Taldearen ordezkari edo ahalorde bakar bat izendatuko beharko da, taldeari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe.

f) Beste edozein administrazio, entitate edo pertsona publiko zein pribaturi helburu bera lortzeko eskatutako eta/edo jasotako dirulaguntzen aitorpena, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, entitatearen izena eta lortutako zenbatekoa.

g) Dirulaguntza zein proiektu/ekintza/jarduera/programatarako eskatu den, horren memoria eta deskribapena. Aurkeztu behar den memoriak kontzeptu hauek jasoko ditu:

1. Lortu nahi den egoera.

2. Elektrizitatea sortzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

3. Elektrizitatea biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena, halakorik baldin badago.

4. Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.

5. Inbertsioen aurrekontua kontzeptuak bereizita, eta beharrezkoak diren instalazio osagarriak.

6. Sorgailuen fitxa teknikoaren kopia

h) Arestiko dokumentazioari erantsi behar zaio berariazko beste bat, dirulaguntzaren tipologia bakoitzerako:

1.–Instalazio fotovoltaikoak

Familia bakarreko etxebizitzak:

–Erregistroko ohar soila, etxebizitzaren titulartasunaren gainekoa, edo hura eskuratzeko eskritura publikoak, eskatzailea jabea dela erakusten dutenak.

Eraikinaren zerbitzu komunak:

–Eskatzailea auzokideen komunitatea bada, eraikinaren ohar matrize soila.

–Autokontsumoko instalazio fotovoltaikoa zerbitzu komunetarako jartzea onartzen duen jabeen batzarraren erabakia.

Autokontsumo partekatua etxebizitzen eraikin kolektiboan:

–Erregistroko ohar soila, etxebizitzaren titulartasunaren gainekoa, edo hura eskuratzeko eskritura publikoak, taldea osatzen duten kide bakoitza jabea dela erakusten dutenak.

–Eraikineko jabe guztien batzarraren erabakia, auzokide onuradunei baimena ematen diena instalazioa eraikinaren teilatu komunean egiteko, autokontsumoko instalazioarekiko konexioa egiteko eta autokontsumoaren onuradun izateko.

–Multzoa osatzen duten etxebizitzen jabeek sinatutako erabakia, instalazio horretan multzoa osatzen duten etxebizitzen jabe bakoitzak duen partaidetzaren portzentajea zehazten duena.

Banakako autokontsumoa etxebizitza eraikin kolektiboan:

–Erregistroko ohar soila, etxebizitzaren titulartasunaren gainekoa, edo hura eskuratzeko eskritura publikoak, eskatzailea jabea dela erakusten dutenak.

–Eraikineko jabe guztien batzarraren erabakia, auzokide onuradunei baimena ematen diena instalazioa eraikinaren teilatu komunean egiteko, autokontsumoko instalazioarekiko konexioa egiteko eta autokontsumoaren onuradun izateko.

2.–Mugikortasun jasangarriko ibilgailuak erostea.

a. Erositako mugikortasun jasangarriko ibilgailuaren fitxa teknikoa.

b. Ibilgailuaren erosketaren faktura.

3.–Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo falta diren agiriak aurkez ditzala, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

4.–Galdatutako agiriak Galarko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude jada, haien ordez agirien indarraldiari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, bertan adieraziz noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago pasatu ez badira kasuan kasuko prozedura bukatu zenetik.

5.–Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarri guztiak onartzea.

Erroldaren ziurtagiriari dagokionez, Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzailea Galarren erroldatuta dagoen, eta eskabidea aurkezteak berak adieraziko du baimentzen dela Udala ofizioz egiaztapen hori egiteko, deialdi honi dagokionez.

Agiriek jatorrizkoak izan beharko dute edo, bestela, kopia konpultsatuak edo indarrean dagoen legeriaren arabera egiazkotzat jotzen diren kopiak.

7. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen ondorioetarako, pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak dira Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan agertzen direnak eta atal honetan ezartzen direnak.

a. Galarko Udalak finantzatzen dituen programa, jarduera, inbertsio edo jarduketek udal horren dirulaguntza dutela erakusten duen publizitate egokia egitea. Pertsona onuradunak Galarko Udalaren irudi instituzionala erakutsi beharko du.

b. Dirua erabili behar da dirulaguntza eskatzean arrazoitu den helburu zehatza betetzeko, Ordenantza honetan ezarritako moduan.

c. Inbertsioa egin eta osorik ordaindu behar da dirulaguntza onartzen den urtearen hurrengo urteko ekainaren 1a baino lehen.

8. artikulua. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza ordainduko da onuradunek 9. artikuluan eskatzen diren ziurtagiriak aurkeztu ondoren, horren emaitzaren arabera.

9. artikulua. Dirulaguntzaren xedearen justifikazioa.

9.1.–Energia elektrikoa sortzeko autokontsumoko instalazio fotovoltaikoak etxebizitzetan edo auzokide komunitatetan jartzeko dirulaguntzen onuradunek ondoko agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Gastua justifikatzen duten fakturak eta egindako jarduketen ordainketa justifikatzen duten agiriak. Justifikatzeko agiriak jatorrizkoak izanen dira. Fotokopiarik aurkeztuz gero, haiekin batera jatorrizkoak aurkeztu behar dira, Udalak konpultsatu ahal izan ditzan. Izandako gastuak fakturen bidez frogatuko dira, osagai guztiak zehaztuta, eta ez da inolaz ere onartuko ordainagiririk eta/edo kutxako tiketik.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz emandakoak izanen dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura noiz egin den, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta egilearen sinadura.

Inbertsio osoak eta haren ordainketak dirulaguntza onartzen den urtearen hurrengo urteko ekainaren 1a baino lehen eginak izan behar dute.

b) Instalazioaren eta hura osatzen duten elementuen argazkiak.

c) Obra baimena edo horren ordezko udal izapidea.

d) Instalazioa 15/2018 Errege Dekretu-legean ezarritakoaren arabera legeztatua dagoela ziurtatzen duten agiriak.

e) Autokontsumoko instalazioa bakartua izan edo sare elektrikorako lotua izan, zerbitzuan jartzeko akta edo instalazioaren erregistro zenbakia aurkeztuko da, kasuaren arabera dagokiona, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz tramitatua (haren bidez arautu zen industria-segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek jarraitu beharreko prozedura, segurtasun baldintzak betetzen dituztela frogatzeko).

f) Norberaren kontsumoko instalazioek, gainera, energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiboko inskripzio zenbakia aurkeztuko dute, edo, halakorik izan ezean, erregistro horretan inskribatzeko eskaeraren kopia, energia elektrikoa autokontsumoarekin hornitzeko eta autokontsumoarekin ekoizteko modalitateek bete beharreko baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituen urriaren 9ko 244/2019 Errege Dekretuarekin edo aplikatu beharreko arauarekin bat.

9.2.–Mugikortasun jasangarriko ibilgailuen dirulaguntza eskatzeko inbertsioa justifikatzen duten agiriak aurkeztu behar direnez, ez da beharrezkoa horren ondoren bestelako agiririk aurkeztea.

10. artikulua. Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna.

Udalaren dirulaguntza jasotzea bateragarria da xede bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jasotzearekin, horiek edozein administrazio, entitate edo pertsonak emanak izanik.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera. Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze interesa eskatuko dira.

Pertsona edo erakunde onuradunak Udalari jakinarazi beharko dio diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu dituen. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, nolanahi dela ere, eskuratutako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

Dirulaguntza ezin izanen zaio ordaindu pertsona edo entitate onuradunari, baldin eta zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak beteak ez baditu, edo dirua itzuli beharra xedatu duen ebazpenak zorduntzat jotzen badu.

11. artikulua. Ikuskapena, egiaztapena eta dirua itzultzea.

Jasotako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da, eta berandutza interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitartekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 37ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Ordenantza honetan aipatutako gainerako kasuetan dirua itzultzeko ageri diren arrazoiak sortzen direnean.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen jarraipen eta kontrol jarduketak eginen ditu Udalak, onuradunek eta erakunde laguntzaileek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.

Horretarako, onuradunen etxebizitzak bisitatuko dira, instalazio fotovoltaiko berriak modu egokian jarri direla egiaztatzeko.

Onuradunek aurkeztutako justifikazio agiriak aztertuko ditu Udalak, eta egindako inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du.

Iragarkiaren kodea: L2110379