176. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

44E/2021 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2021-2022 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdi bat, Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko. DDBN identifikazioa: 574872.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak berriki onetsi du maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarriak onesten baitira Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak ematean aplikatu beharreko prozedura ezartzeko. Foru agindua argitaratu zen 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 22koan. Oinarri horiek luzaroan gelditzeko asmoz sortu dira, honelako laguntzen deialdietan 2006. urtetik pilatutako esperientziaren ondorioz.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen berekiak eta herritarrentzat interesgarriak diren programa gehiago izan daitezela, programazio horrek onura soziala baitakarkie Nafarroako bizilagunei.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 5. oinarria aplikatuz, beharrezkoa da ebazpen bat ematea 2021eko irailaren 1ean hasi eta 2022ko abuztuaren 31n bukatuko den aldirako urte anitzeko deialdi bat irekitzeko asmoz, bai eta deialdiaren baldintzak ezartzea ere.

Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataleko buruaren txostena, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021-2022 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdia onestea, Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko.

2. Deialdiaren baldintzak ezartzea, bat etorriz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 5. oinarriarekin. Foru agindu horren bidez, oinarriak onesten dira Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak ematean aplikatu beharreko prozedura ezartzeko (2021eko ekainaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua). Baldintza horiek ebazpen honen I. eranskinean biltzen dira.

3. Deialdi hau finantzatzeko, 450.000 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, urteko banaketa honen arabera: 100.000 euro indarrean dagoen gastu-aurrekontuko “Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak” izeneko 060003 06120 4709 921500 partidaren kargura, eta 350.000 euro partida horri jarraituko dion eta 2022ko gastu-aurrekontuan onetsiko den partidaren kargura, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko uztailaren 13an.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Pablo Roncal Los Arcos.

I. ERANSKINA

2021-2022 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdiaren baldintzak, Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko

1.–Diruz lagungarriak diren ikus-entzunezko proiektuen kategoriak.

Diruz lagungarriak diren proiektuen bi kategoria ezarri dira, eskatzaileek beren emisio-lizentziak zein barrutitarako jaso duten, horren arabera zehaztuak:

–A kategoria: Iruñeko LTDaren barrutiko tokiko ikusleei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak.

–B kategoria: Nafarroako LTDaren gainerako barrutietako tokiko ikusleei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak.

2.–Laguntzen gehieneko zenbatekoen mugak, kategoria eta telebista operadore bakoitzeko.

325.000 euro bideratuko dira A kategorian aurkeztutako proiektuetarako, eta 125.000 euro B kategorian aurkeztutako proiektuetarako.

A kategoriako onuradun batek jaso dezakeen gehienezko dirulaguntza ezin izanen da 200.000 eurotik gorakoa izan, eta B kategoriakoen kasuan ez da 75.000 eurokoa baino handiagoa izanen.

Bi kategorietan, gehienez ere 25.000 eurokoa izanen da dirulaguntza programa bakoitzeko.

3.–Dirulaguntza ordaintzeko eta frogagiriak aurkezteko epeak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 10.2 oinarriarekin bat, deialdi honetako onuradun suertatzen diren telebistek aurrerakin baten ordainketa eskatzen ahalko dute, deialdiko laguntzak ematen dituen ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean. Ordainketa hori egiteko, 100.000 euroko gastua onesten da. Gastu hori aurrerakina eskatzen duten telebisten artean banatuko da, agortu arte, operadore bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoarekiko modu proportzionalean.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 10.3 oinarriarekin bat, dirulaguntzaren %33ra bitarteko ordainketa partzial bat onesten da, 2021eko abuztutik 2022ko otsailera arteko aldian sortutako ekoizpen gastuetarako, bi hilabete horietakoak barne. Eskaerak 2022ko martxoan aurkeztu beharko dira.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 10.1 oinarriarekin bat, telebistek 2022ko irailean aurkeztu beharko dute onartutako dirulaguntzaren azken ordainketaren eskaera.

Aipatutako ordainketa partzialaren eta azken ordainketaren eskaerak aurkeztu beharko dira Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 11. oinarrian aipatzen diren gastuen frogagiriekin batera.

4.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

5.–Proiektuak gauzatzeko epea, emanaldiak eta diruz lagundutako programen betebeharrak.

Proiektuak gauzatzeko epea 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra artekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Gauzatzeko epe horretan ekoiztutako programen emanaldiak 2021eko irailaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitarte egin beharko dira. Dirulaguntzaren xede den programazioa emateko datak adierazi beharko dira laguntza-eskabidearekin batera entregatu beharreko memorian.

Proiektu bakoitzak gutxienez 20 minutuko 16 saioren ekoizpena bermatu beharko du.

Iragarkiaren kodea: F2110905