176. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VIANA

Deialdia, familia-langilearen lanpostu bat betetzeko
Etxeko Laguntza Zerbitzurako

438/2021 Dekretua.

Kontuan hartuz 2019ko lan publikoaren eskaintza, 2019ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen uztailaren 24an, bertan jasotzen baita familia-langilearen lanpostu bat.

EBAZTEN DUT:

Onestea honako deialdi honen oinarriak, Vianako Udalaren zerbitzura Etxeko Laguntzan (Gizarte Zerbitzuak) familia-langilearen lanpostu bat betetzeko, bai eta Vianako Udalaren zerbitzura aldi baterako kontratazioaren bitartez familia-langile lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda eratzeko ere. Jarraian deialdiaren oinarriak azaltzen dira eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, tramitazioa abiarazteko.

DEIALDIA, FAMILIA-LANGILEAREN LANPOSTUA BAT
OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

Oinarriak

1.–Arauak.

1.1 Deialdi honen xedea da Vianako Udalaren zerbitzuko familia-langile lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostuak 03-9 kodea du Udalaren plantilla organikoan eta Etxeko Laguntza Zerbitzuan (ELZ) aritzeko da. Orobat, zerrenda bat osatu nahi da aldi baterako kontratazioak egiteko, zerbitzuan gerta daitezkeen beharrei erantzutearren. Zerrenda hori erabili ahalko da lanpostu hutsak bitarteko kontratuez betetzeko, behin-behineko ordezkapenak egiteko, laneko bajak daudenean, oporretarako eta zerbitzuak indartzea eskatzen duten unean uneko zeinnahi premietarako.

Lanpostua etxeko laguntza zerbitzua ematean datza Vianako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen jarduketa eremuan dauden toki-erakundeetako etxe partikularretan. Horretarako, Vianako Udalaren Gizarte Zerbitzuen egoitzatik lana egiteko leku zehatzetarainoko joan-etorriak egin beharko dira, eta langile bakoitzak bere kabuz egin ahalko ditu, non eta Udalak berak ez dituen horretarako bitartekoak jartzen.

Aipatutako lanpostua dago 2019ko ekitaldiko lan publikoaren eskaintzan, zeina argitaratu baitzen 2019ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 24an.

1.2 Kontratatzen den langilea Vianako Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko da, D maila edo taldean sartuko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako ordainsari eta osagarriak jasoko ditu. Halaber, Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko kide eginen da eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babespean.

1.3 Lanpostua Nafarroako Administrazio Publikoen D mailan sartu behar da, Eskola Graduatuaren baliokidea den gutxieneko titulazioa beharrezkoa baitu, eta Udalaren plantilla organikoan onetsitako lansariak izanen ditu. Lanaldia izanen da lanaldi osoaren %81,82koa. Halaber, lanaldia osoa bilakatu ahalko da, behar bezala arrazoiturik; ordutegia, oporrak eta gainerako baldintzak Vianako Udaleko langileei aplikatzekoa zaien araudiaren araberakoak izanen dira.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1 Deialdi honetara onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta ezkontideenek ere, baldin eta zuzenbidez bereiziak ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

–Hamasei urte beteta edukitzea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea, betiere eskatzen diren gainerako baldintzak betez gero.

–Karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez izatea.

–Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

–Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

–Honako titulu hauetariko bat edukitzea:

  • Etxean laguntza soziosanitarioa emateko ziurtagiri profesionala edo horren baliokidea.
  • Arreta soziosanitarioko teknikaria edo Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.
  • Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria, erdi maila edo horren baliokidea.

–B1 motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

2.2 Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie prozedurak iraun bitartean, Vianako Udalak izendatu arte edo kontratua sinatu arte.

3.–Eskabideak.

3.1 Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Vianako Udaleko erregistro orokorrean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/15 Legean ezarritako edozein baliabideren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera egin beharko dira eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2 Izangaiek alegatu egin beharko dituzte deialdi honen zazpigarren oinarriaren arabera kalifikazio epaimahaiak baloratzekoak diren merezimenduak.

3.3 Lanean zer administraziotan aritu diren, administrazio horien ziurtagirien bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, eta agiri horietan datu hauek agertu beharko dira nahitaez:

–Bete den lanpostua eta zer administraziotan aritu den.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, hasierako egunetik bukaerako egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

–Lanaldi mota (partziala edo osoa).

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.4 Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) NANaren fotokopia.

b) Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia egiaztatua.

c) Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak, deialdi honen zazpigarren oinarrian ezarritakoari jarraituz.

d) B-1 motako gidabaimenaren fotokopia.

e) Azterketarako eskubideak izateko, Udalaren Diruzaintzan 7,20 euro ordaindu izanaren frogagiria. Baldin zenbateko hori ordaintzen ez bada azterketa eskubideengatik, izangaia baztertu eginen da.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:

La Caixa: ES30 2100 4105 1922 0004 4759.

Nafarroako Rural Kutxa: ES64 3008 0061 5207 0236 6329.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: familia-langilearen azterketa.

3.5 Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1 Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Vianako alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

4.2 Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean.

4.3 Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zer ordutan hasiko den.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.

5.1 Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María Blanca Yolanda González García, Vianako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Carlos Javier Barragán García, Vianako Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikidea: María Asunción García Bajos, Vianako Udaleko familia-langilea.

Ordezkoa: Cristina Arina Los Arcos, Vianako Udaleko familia-langilea.

Epaimahaikidea: Merche Bonilla Robledo, Mendabiako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako familia-langilea.

Ordezkoa: Ana Rosa Pérez Ustárroz, Vianako Udaleko familia-langilea.

Epaimahaikidea: María Ángeles López Juntas, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: David Arquijo Pérez, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: María Asunción Gil Barnó, Vianako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Joaquín Legarda Araiz, Carcarko Udaleko idazkaria.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.2 Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1 Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da, lehiaketa lehenbizi eta oposizioa gero, oinarri hauetan adierazten den gisara.

6.2 Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gutxienez ere bi hilabeteren buruan hasiko da oposizioa. Alkatetzak ebazpen bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren; zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian ere.

Gainerako proben iragarkiak argitara emanen dira soilik Vianako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta aurreko probak egin diren tokian.

7.–Lehiaketaldia.

7.1 Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 25 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, II. eranskinaren arabera eta honela banaturik:

Emaniko zerbitzuak: 25 puntu, gehienez.

7.2. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.

Izangai bakoitzak auto-baremo eredua aurkeztu behar du, epaimahaiari proposamena eginez, aurkezten dituen kreditaturiko zerbitzuak eta haien balorazioa barne, II. eranskineko ereduari jarraikiz.

Epaimahaiak baremoaren apartatu bakoitzean izangaien merezimenduak berrikusi eta baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

7.3 Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Vianako Udalaren Erregistro Orokorrean, 3.1 oinarrian ezarri bezala.

Lehiaketaldian eskuraturiko puntuak oposizioaldian lortutako puntu guztiei batuko zazkie, eta horren emaitza izanen da oposizio-lehiaketan guztira eskuraturiko puntuazioa.

8.–Oposizioaldia.

Oposizioaldian gehienez ere 75 puntu lortzen ahalko dira, honela banatuak.

Oposizioaldia 2021eko urritik aurrera hasiko da.

8.1 Oposizioak bi proba izanen ditu:

Lehenbiziko proba: proba objektiboa; idatziz erantzun beharko zaie III. eranskinean jasotzen diren gaiei buruzko galdera motz edo test modukoei. Lau erantzun-aukera izanen dira, eta ordubetean egin beharko da gutxi gorabehera. Gehienez ere 30 puntu emanen dira.

Bigarren zatia: Proba praktikoa:

Banakako proba praktiko bat egin beharko da, lanpostuko eginkizunekin zerikusia duena, 30 minutuan gutxi gorabehera. Gehienez ere 45 puntu emanen dira.

8.2 Oposizioaldiko balorazioa, guztira, 75 puntukoa izan daiteke gehienez ere, honela banaturik:

–Lehen proba: gehienez ere 30 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Bigarren proba: gehienez ere 45 puntu eskuratzen ahalko dira.

8.3 Oposizioko probak eginen dira kalifikazio epaimahaiak ezartzen duen bezala.

8.4 Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

8.5 Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Vianako Udalaren Erregistro Orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.

9. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.

9.1 Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Vianako Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Vianako Udaleko alkateari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia kontratatzeko proposamenarekin batera.

Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Udaletxeko iragarki-taulan jarriko.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, erabiliko da Vianako Udalean maila horretako kontratuak egiteko, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiko xedearekin bat, barnean direla bitarteko kontratuak, harik eta lanpostuaren jabetza hartzen den arte.

9.2 Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Vianako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik familia-langilearen eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

f) Vianako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

9.3 Behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aipatutako epean agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.

9.4 Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 8.1 apartatuak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaia izendatuz beteko da hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 9.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Vianako Udaleko alkate udalburuak Vianako Udaleko funtzionario izendatuko du familia-langilearen lanpostuan jardun dezan.

10.2 Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3 Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Vianako Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 9.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarriarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

Lortutako azken puntuazioak erabakiko du zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

11.1 Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

11.2 Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, baldin deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide izangai bat lanean ari bada edo aritu bada Vianako Udalean, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean Udalean antzeko lanpostu bat bete behar bada, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, baldin eta dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egitea:

1 Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo ama izateagatik edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–Zaindu beharra izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua sinatzen ez badute.

11.3 Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

12.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

12.2 Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Vianan, 2021eko uztailaren 13an.–Alkate udalburua, M.ª Blanca Yolanda González García.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.–Eginiko zerbitzuak: Apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.

a) Familia-langile gisa toki-erakundeen etxeko laguntza zerbitzuetan lanaldi osoan lanean egindako urte bakoitzagatik: 2,7 puntu lanaldi osoan egindako urte bakoitzeko. 25 puntu, gehienez.

Lanaldi osoan emandako zerbitzuei aplikatuko zaizkie puntuazio hauek eta proportzionalki baloratuko dira lanaldi partzialean egiaztatutako merezimenduak.

Aldi berean egin badira apartatu bat baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzuak, puntu gehien ematen dituena besterik ez da kontuan hartuko aldi horretan.

Urteak osoak ez badira, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

Auto-baremo eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Oposizioko ariketarako gaiak

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

3.–Viana aldeko Gizarte Zerbitzuak. Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.

4.–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren xede diren egoerak. Gizartean eta familietan izaten ari diren aldaketen azterketa eta haien eragina etxeko laguntza zerbitzuan.

5.–Familia-langileak etxeko laguntza zerbitzuan: lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan, informazio konfidentzialaren erabilera beste zerbitzu batzuekiko harremanetan.

6.–Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia-langilearen lanean. Gatazka egoerak menderatzea. Talde lana gizarte zerbitzuen esparruan. Familia-langilearen koordinazioa lan taldeko profesionalekin.

7.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren beharra izaten duten egoerak.

8.–Desgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren beharra izaten duten egoerak.

9.–Etxeko laguntzaren beharra izaten duten beste gizarte eta familia egoera batzuk. Familia-langilearen lana, esku-hartzea jasotzen duten familiek ardurapean adingabeak dituzten kasuetan.

10.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa. Lehen sorospenak. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen egokitzapena.

11.–Etxeko laguntza zerbitzuak zaintzaileei laguntza ematea. Familia-langilearen esku-hartzea eta eginkizunak.

Iragarkiaren kodea: L2111069