176. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

174E/2021 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona IFV Corella (998,76 kWp) eguzki-instalazio fotovoltaikoa Corellako udal-mugartean jartzeko proiektuari. Sustatzailea Chilos Solar 2 SL da.

2021eko otsailaren 3an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektuak 998,76 kWp-ko eguzki parke fotovoltaikoa gauzatzea proposatzen du; 2.436 eguzki modulu fotovoltaiko erabiliko dira, silizio monokristalinozkoak, multzoka ezarriak ardatz baten gaineko jarraitzaile horizontalen egitura mugikorretan, eremuan ipar-hego norantzan jarriak, eta lurzoruan zuzenean tinkatuz finkatuak.

Instalazioa jartzeko proposaturiko eremuak Corellako 3. poligonoko 900.etik 917.era bitarteko lurzati guztiak hartuko lituzke, 53.155 m²-ko azalera guztira; horietatik 30.970 m² 2,10 metroko garaierako hesiz inguratuta egonen lirateke. Instalazioak lehendik dagoen bidetik izanen du sarrera.

Parkerako aurreikusitako transformazio zentrotik kanporatuko litzateke sortutako energia, hasieran lur azpitik, lehendik dauden linea elektrikoak gainditu bitartean, eta ondoren ebakitze zentro batera eramanen litzateke 768 metroko aireko tarte baten bidez, gero, lehendik ere badagoen 13,2 kV-ko linea batekin lotzeko 310. euskarrian.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita:

–Lehendik dauden beste linea elektriko batzuekin batera eragin metagarriak eta sinergikoak sor daitezkeenez, proposaturiko ebakuazio linea osorik lurperatu beharko da.

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Ahalik eta gutxien ukituko da landaredi naturala, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko baitira.

–Aurkeztutako dokumentazioan ezartzen denaren arabera, jarraitzaileen euskarrien egitura zuzenean tinkatuz finkatuko da lurrean. Horiek lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Faunaren joan-etorriak saihesteko ezin izanen da inola ere hesia belaundu, ez eta txarrantxarik erabili ere.

–Argiunerik jarriko balitz instalazioan, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, eta talka eremu potentzialetatik urrun jarriko dira (hesiak, tentsoreak, aireko linea elektrikoak, etab.). Erabiliko diren luminariak argi kutsadura gutxikoak izanen dira, intentsitate baxukoak, eta lurrera begira jarriak.

–Lanak egin bitartean lur azpian agertzen bada aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Lanak egin bitartean Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (254/2019 FD) edo/eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoen eremu osoan, eta lanen kaltea jasan duten beste edozein zatitan ere, aldi batez izan bada ere, landaretza naturalik agertzen ez badute, belar-ereintza eginen da, bertako belardiko hazien nahasketa bat erabiliz. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada, edo halakorik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurra jarriko da, gutxienez 20 cm-ko geruza, aurretik behar bezala erauzi eta metatua. Landaredia berrezartzea lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan egin behar da.

–Instalazioari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

Ingurumen Eraginaren Atalak txostena eskatu zion Corellako Udalari.

Era berean, Ingurumen Eraginaren Atalak Lurraldearen Antolamenduaren Atalari ere txostena eskatu zion, izan ere, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoak, 25. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena ere jasoko du, hirigintzako legeriarekin bat hala eskatu behar den kasuetan. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak proiektuaren kontrako txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioetarako, honako arrazoi hauengatik:

–Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren 2021eko martxoaren 9ko txostenaren arabera, jarduketak “Ukipen astuna eragiten du; ondorioz proiektua eremu horretan jartzearen kontrakoa da txostena, eta egokiago jotzen du ureztalurrei eragingo ez dien beste leku bat bilatzea, edo proiektuak ukitzen dituen ureztalurren azalera nabarmen txikitzea”.

–Indarra duen Corellako Udal Planak eremu hori nekazal produktibitate handiko lurzoru bezala sailkatzen du, laborantzarako balio handiko lurren pare, zeinean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 24ko 54/2006 Foru Aginduari jarraikiz, ezin baita eguzki-energia lortzeko instalaziorik jarri; foru agindu horren bidez ingurumen eta hirigintzako irizpide eta baldintzak arautzen dira, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzekoak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eginiko txostenean oinarrituta, Chilos Solar 2 SL-k sustatutako IFV Corella (998,76 kWp) eguzki-instalazio fotovoltaikoa Corellako udal-mugartean jartzeko proiektuari.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Corellako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldera (Tuterako koordinazio unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko uztailaren 1ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2110661