174. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2021 LEGEGINTZAKO FORU-DEKRETUA, uztailaren 14koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzen dituena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, aipatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga eta balio erantsiaren gaineko zerga ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela une oro Estatuko lurraldean indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahal ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahal ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkideko aldaketa batek behartzen badu estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie baldin aipatutako legegintzarako eskuordetzearen ondorio badira, 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ekainaren 24ko 12/2021 Errege Lege-dekretuaren bidez presako neurriak hartzen dira fiskalitate energetikoaren esparruan eta energiaren sorkuntzaren arloan, bai eta uraren erregulazio-kanonaren eta uraren erabilera tarifaren kudeaketaz; horrek aldaketa ekarri du balio erantsiaren gaineko zergaren eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren araudian.

Neurri horien helburua izan da energia elektrikoaren fakturaren gaineko inpaktu fiskala gutxitzea, elektrizitatearen ohiz kanpoko prezio igoera arintzeko, zeinak, batetik, alarma soziala eragin baitu eta, bestetik, etxeetako errenta erabilgarrian ondorio kaltegarriak baititu eta suspertzerako traba bat baita COVID-19aren ondoko egoera honetan. Horrekin batera, mehatxua dakar “deskarbonizazioa” lortzeko Espainiak eta Europar Batasunak bere gain hartu duten agendarako, arriskuan jartzen duelako ekonomia elektrifikatzeko prozesua, hau da, energiaren erabilerari lotutako emisioak murrizteko bide efiziente eta eraginkorrena, eta gero eta mesfidantza handiagoa sortzen duelako trantsizio energetikoaren prozesuan.

Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, elektrizitatearen prezioen igoerak sortutako egoerari erantzuteko, azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauaren mugak errespetatuz, salbuespenez eta aldi baterako beherapen bat ezartzen da 2021eko abenduaren 31 bitarte, betiere 10 kW-etik beherako potentzia finkoa duten energia elektrikoaren kontratuetarako. Beherapenaren ondorioz, BEZaren zerga-tasa ehuneko 21etik 10era jaisten da, eta faktura elektrikoaren osagai guztiei aplikatuko zaie, baldin eta fakturazioaren aurreko hilabetean handizkako merkatuko hileko batez besteko prezioa 45 eurotik gorakoa izan bada MWh-ko, eta helburua da haren zenbatekoa jaistea.

Kontuan hartu beharra dago muga hori, 45 eurokoa MWh-ko, lotuta dagoela Espainian elektrizitatea epean entregatzeko 2021erako kontratuek 2020ko abenduan izandako batez besteko kotizazioarekin, zeina, 2021eko bigarren erdirako 83,32 euroko zenbatekoan ezarri baita MWh-ko; 45 euroko muga, hortaz, etorkizunean merkaturako espero diren prezioetatik behera dago.

Neurri hori aplikatzen zaie energia elektrikoa hornitzeko kontratu guztiei baldin eta kontratatutako potentzia 10 kW-etik beherakoa bada, eta horrek esan nahi du, azken finean, aplikatzen zaiela amaierako kontsumitzaile diren etxe ia guztiei, etxeko kontsumitzaileek kontratatutako batez besteko potentzia 4,1 kW ingurukoa delako. Neurria langile autonomo askorentzat ere onuragarria izanen da.

Bestalde, kontsumitzaile ahulenen pobrezia energetikoaren egoerari aurre egiteko, elektrizitatez hornitzeko kontratuen titularrei ehuneko 10era jaisten zaie faktura elektrikoan aplikatu beharreko BEZaren zerga-tasa baldin eta bonu soziala kobratzen badute eta, horrez gain, ahul larriaren edo gizarte bazterketaren arriskuan dagoen ahul larriaren izaera aitortua badute; hala izanen da lege-dekretuaren indarraldi osoan, zein den ere handizkako merkatuan elektrizitateak duen prezioa.

Aurrekoaren osagarri, ekainaren 24ko 12/2021 Errege Lege-dekretuan, handizkako merkatuan elektrizitatearen prezioa ezartzen duten enpresak, gas naturalaren eta CO2aren emisio eskubideen prezioaren bilakaera dela eta, jasaten ari diren kostu handiagoak konpentsatzearren, egokitzat jotzen da murriztea eragiketa kostuetako beste bat; energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga alegia.

Horrela, prezio lehiakorragoak eskaini ahal izanen dituzte berriz, kontsumitzaileen mesederako.

Horrenbestez, salbuespen gisa eta 2021eko hirugarren hiruhilekoan, elektrizitatea ekoitzi eta sistema elektrikoan sartzen duten instalazioak salbuetsirik egonen dira energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga ordaintzetik. Horrek berekin dakar aldatzea zerga-oinarriaren kalkulua eta tributuaren araudian araututako ordainketa zatikatuak.

Horregatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergei dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berberak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko uztailaren hamalauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Energia elektrikoaren erkidego barruko zenbait entrega, inportazio eta erosketari balio erantsiaren gaineko zergan aplikatu beharreko zerga-tasa.

Ondorioak izanik 2021eko ekainaren 26tik aurrera, eta indarraldia, berriz, 2021eko abenduaren 31ra artekoa, balio erantsiaren gaineko zergan ehuneko 10eko zerga-tasa aplikatuko zaie erkidego barruan honakoen alde egiten diren energia elektrikoaren entrega, inportazio eta erosketei:

a) Elektrizitatez hornitzeko kontratuen titularrak, potentzia kontratatua (potentzia finkoa) 10 kW-ekoa edo txikiagoa denean, edozein dela ere horniduraren tentsio maila eta kontratazio mota, baldin eta eguneroko merkatuko batez besteko prezio aritmetikoa, fakturazio epeko azken egunaren aurreko azken hilabete naturalari dagokiona, 45 eurotik gorakoa izan bada MWh-ko.

b) Elektrizitatez hornitzeko kontratuen titularrak, elektrizitatearen bono soziala jasotzen badute eta ahul larriaren edo gizarte bazterketaren arriskuan dagoen ahul larriaren izaera aitortua badute, Kontsumitzaile ahularen figura, bono soziala eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituen urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2. artikulua. Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuak zehaztea 2021eko zergaldian.

2021eko zergaldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria hau izanen da: energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbatekoa, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta hirugarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateagatik jasotako ordainsariak.

Hirugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatuak kalkulatuko dira zergaldian ekoiztutako energia elektrikoaren balioaren arabera, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta hiruhileko horretan sisteman sartutako elektrizitateagatik jasotako ordainsariak, Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituen martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehen artikuluko zortzigarren apartatuan aurreikusitako zerga-tasa aplikatuta, kenduta aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa.

Laugarren hiruhilekoko ordainketa zatikatuak kalkulatuko dira zergaldian ekoiztutako energia elektrikoaren balioaren arabera, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta hirugarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsariak, aurreko paragrafoan aurreikusitako zerga-tasa aplikatuta, kenduta aurretik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu Harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ezartzen dituen ondorioekin.

Iruñean, 2021eko uztailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2111099