173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

155E/2021 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio “463804 zenbakiko “Cascante-Murchante” (“Cascante” TEA) 13,2 kV-ko ETAL aireko linea elektrikoaren erreforma” egiteko proiektuari. I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatu du proiektua, Cascante eta Murchante udal-mugarteetan.

2020ko irailaren 1ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen 0001-0015-2020-000094 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena bilduko duela; uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektaturiko jarduera Cascante-Murchanteko 13,2 kV-ko aireko linea erreformatzean datza, linea elektrikoetan abifauna babesteari buruzko arauzko neurriak betetzeko asmoz. Proposamenak ez dakar tarte horietan linearen egungo ibilbidea aldatzerik, baina badakar dauden 4 euskarriren ordez beste batzuk, ganga motakoak, jartzea, lineako puntu hurbiletan.

Proiektuak neurri hauek dauzka linea eta euskarriak hegaztiak elektrokutatzeko eta talka egiteko arriskutik babesteko: 1 m-ko isolamenduko isolatzaileak (U70YB66P AL) ainguraketa euskarrietan (N2 eta N3) eta U70YB20P motakoak esekidura euskarrietan (N1 eta N4), zubi lasaien, lokailuen, ainguraketa grapen, esekidura grapen eta, euskarriaren alde bakoitzean, metro bat eroaleren forratzea. Txoriak babesteko balizak instalatzeari dagokionez, adierazten da ingurumenaren arloan eskuduna den administrazioak agintzen duena eginen dela linea berrian.

Ingurune naturaleko elementuen ukipenak direla eta, linearen kalea ez denez aldatuko, zortasuna berbera izanen da. Beraz, zortasunaren mantentze-lanetarako beharrezkoak diren mozketen eta sasi-garbitzeen ondorioz finkaren ertzetako eta, batez ere, Queiles ibaiaren ertzetako landarediak jasaten duen ukipena ez da aldatuko egungo egoerarekin erkatuta.

Espedientean Cascanteko eta Murchanteko udalen aldeko txostenak jaso dira. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, 2021eko maiatzaren 20an, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du proposamenak ez dakarrela ingurumen ukipen berririk, lineak basa abifauna elektrokutatzeko arriskutik babesteko neurriak hobetzen dituela, Queiles ibaia N2 euskarritik urruntzea lortzen duela (26. euskarriari dagokionez, kendu eginen delako) eta abifauna eta landaredi naturala babesteko neurriak indartzea proposatzen duela.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “463804 zenbakiko “Cascante-Murchante” (“Cascante” TEA) 13,2 kV-ko ETAL aireko linea elektrikoaren erreforma” egiteko proiektuari. I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatu du proiektua, Cascante eta Murchante udal-mugarteetan.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

• Obretan sortutako hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira, kudeatzaile baimendu bati emanda, arlo horretako indarreko legeriari jarraikiz.

• N3 euskarria Cascanteko 10. poligonoko 89. lurzatiaren barruan kokatuko da eta bertan hazten den eta Queiles ibaiari lotuta dagoen landaredi naturalaren ukipena txikiagotuko da. Era berean, N2 euskarria kokatzean ez zaie eraginen hurbil dagoen uhatearen ertzei.

• Euskarri berrietan babes eta isolamendu neurriak beteko dira: 1 m-ko isolamenduko U70YB66P AL motako ainguraketa isolatzaileak, eroaleen, zubi lasaien eta ainguraketa zubien forratzea, grapa-estalkia, etab., dokumentazioan ezarri moduan. Bereziki, esekidura euskarrietako eroale zentralak eta ainguraketa grapak behar bezala isolatuta edo babestuta gelditu beharko dute.

–Hobetuko diren bi tarteak Queiles ibaitik hurbil daudenez, eta kontuan izanik ibai hori eta ibilgu txikiago batzuk gurutzatuko direla, Nafarroako zona horretako berezko abifaunak, batez ere hegazti urtarrek eta harrapariek, talka egiteko arriskua txikiagotze aldera, bi tarteetako eroaleak txoriak babesteko balizez seinaleztatuko dira. Balizak hiru eroaleetan jarriko dira, txandakatuta, 15 m-an behin; horrela, baliza baten eta bestearen arteko ageriko distantzia 5 m izanen dira proiekzio horizontalean.

Hirigintza edo lurralde arlokoak:

–Baimenak dauden 4 euskarri (25., 26., 41. eta 42. zenbakikoak) kentzea eta haien ordez 4 dorre metaliko berri jartzeko babesa ematen du. Halaber, dauden zenbait euskarriren artean (24. zenbakikoaren eta 7726. zenbakikoaren artean eta 40. zenbakikoaren eta 43. zenbakikoaren artean) ETAL berria jartzea baimentzen du. Hori guztia aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta baimen honetan ezartzen diren determinazioak betez egin beharko da.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri nahi diren beste jarduera zehatz batzuk energia elektrikoko sarera konektatzea edo handik hargunerik ateratzea.

–Bide publikoei dagokienez, lehengoratzea eta arestian zegoen lur berdinketa berreskuratzea bermatu beharko dira, eta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, lursailaren sestraren gainean eta azpiegiturari lotuta dauden elementuek 3 m-ko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta.

–Hala badagokio, ingurumen organoak ibai eremuko balio naturalak (ibaiertzeko landaredia, funtzionaltasun hidraulikoa eta konektatzekoa) babesteari, urak hartzeko arriskuari eta jarduketa ingurumenean eta paisaian integratzeari dagokienez agintzen dituen neurriak hartu beharko dira.

–Beharrezkoak diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira eta, jarduketak ingurumen eraginik sortu badu, zuzenketak bermatuko dira, batez ere ibilguaren inguruan.

–Jarduketaren kokapena Nafarroako ubideari buruzko UPrS-aren 2. fasearen eremuari eragiten dio.

–Nafarroako ubideari eta haren eremu ureztagarrien eraldaketari buruzko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialek ukitutako lurzoruetarako araudian ezartzen den eremu ureztagarrien araubide iragankorrarekin bat (2013ko urriaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 195. zenbakia), onesten direnetik ureztatzen hasteko adierazpena egin arte aplikatzekoak baitira, pertsona edo erakunde interesdunak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren berariazko baimena eskuratu behar du landaketa berrietarako, labore iraunkorretarako, eraikin berrietarako edo geroko nekazaritzako azpiegiturak baldintzatzen ahal dituzten beste edozein ekintzatarako.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarrean dagoen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Eginen den jarduerak ukitzen ahal dituen edo exekuzioa baldintzatzen ahal dituzten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu beharko du ibilguari dagokionez, ur arloko indarreko legeriarekin bat.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honek babesten dituen jarduerak edo jarduketak baimena eman eta bi urteko epean gauzatu edo abiarazi beharko dira gehienez ere. Epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira haren eraginak, eta eraginkortasunik gabekotzat jo beharko da. Baimendutako jarduera eteteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak hark ukitutako lursailak berrezarri behar izatea, lehengo egoerara bueltatuz, beranduenez bost urteko epean, eraikinak eraitsiz edo/eta erretiratuz. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa izanen da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Cascanteko eta Murchanteko udalei, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (11. Koordinazio Unitatea, “Tutera”) eta interesdunari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 24an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2110167