173. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

146E/2021 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita instalazioaren ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzeko prozedura hastea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduak (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsiak) 28. artikuluan xedatutakoaren arabera. Helburua da urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoak baino immisio akustikoko gehieneko muga lasaiagoak ezartzea ukitutako bizitegi-eremu akustikoaren zatirako.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urtarrilaren 18an emandako 51E/2019 Ebazpenaren bidez, altzairuzko hodiak fabrikatzeko jarduerarako ingurumen baimen integratua eman zitzaion instalazio honi eta haren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena eman zen.

Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean, epe ertain-luzeko helburu hau ezarri zen: urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duenak, III. eranskinean ezarritako zarata immisioko gehieneko mugak betetzea, mailaka, titularrak 2018ko azaroaren 16an aurkeztutako “Zarata murrizteko ekintzen plan berria” delakoan ezarritako jarduketak eta, hala badagokio, hobekuntza akustikorako ondorengo planetan ezarritakoak, egikarituz. Gainera, aldi baterako, 2019ko abenduaren 31ra arte, instalazioak zarata immisiorako gehieneko muga lasaiagoak bete behar zituen.

2020ko otsailaren 13an, titularrak “Zarata murrizteko ekintzen plan berria” delakoan ezarritako jarduketak egikaritzen bukatu zuelako ziurtapen teknikoa aurkeztu zuen.

II. eranskin horretan xedatutakoaren arabera, 2020ko martxoaren 31n, titularrak saiakera akustikoen laborategi bermatu baten txosten teknikoa aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan. Horren bidez, ziurtatu zuen instalazioak betetzen zituela aldi baterako, 2019ko abenduaren 31ra arte, ezarritako zarata immisioko gehieneko mugak.

Egun berean, 2020ko martxoaren 31n, titularrak azterketa akustiko bat aurkeztu zuen “Zarata murrizteko ekintzen plan berria” garatu ondoren lortutako eraginkortasuna egiaztatzeko asmoz. Horren bitartez, agerian jarri zuen ezen, kamioien zirkulazioa kontuan hartu gabe, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritako zarata immisioko gehieneko mugak, epe ertain-luzerako helburu gisa ezarri zirenak, bai goizez bai arratsaldez betetzen zirela bizitegi-eremuetan, baina ez gauez, instalaziotik hurbilen zeuden etxebizitzetan.

Era berean, aipaturiko azterketa akustikoan, emisio akustikoko mailak gehiago murrizte aldera teknika erabilgarri onenak aplikatzeko aukera ebaluatu ondoren, ondorioztatu zen ezin zirela jada immisio akustikoko mailak gehiago murriztu, instalazioaren eta ukitutako etxebizitzen artean pantaila akustiko bat eraiki ezean.

2021eko urtarrilaren 27an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak hobekuntza akustikoko beste plan bat aurkezteko eskatu zion titularrari; bertan, aipaturiko pantaila akustikoaren eraikuntza barne hartu edo, bestela, hori egikaritzearen bideraezintasun teknikoa egiaztatu behar zuen. Bideraezina izanez gero, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak immisioko gehieneko muga lasaiagoak ezarri behar zituen ukitutako eremu akustikoaren zatirako, ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean xedatutakoaren arabera.

2021eko apirilaren 29an, Zalain Transformados SLk agiri bat aurkeztu zuen, zeinak 2021/456935 sarrera zenbakia jaso baitzuen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan; bertan, frogatu zuen ezin duela jada immisio akustikoko mailak gehiago murriztu teknika erabilgarri onenak aplikatuz; izan ere, pantaila akustikoa eraikitzea bideraezina da, ukitutako etxebizitzetatik hurbil legokeelako, ikusizko eragin oso nabarmena edukiko lukeelako eta horren eraginez etxebizitza horietan bizi diren pertsonek neurria egikaritzeari uko egiten diotelako.

Arestian azaldutakoagatik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 18ko 51E/2019 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean xedatutakoaren arabera, bidezkoa da instalazioaren ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoak baino immisio akustikoko gehieneko muga lasaiagoak ezartzeko ukitutako bizitegi-eremu akustikoaren zatirako.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran ezarritako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutako administrazio prozedurarekin bat.

Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzen dituen ebazpen proposamena izaten denean, espedientea jendaurrean jarriko da hamabost egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarri ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Instalazioaren ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzeko prozedura hastea erabakitzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduak (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsiak) 28. artikuluan xedatutakoaren arabera. Helburua da urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoak baino immisio akustikoko gehieneko muga lasaiagoak ezartzea ukitutako bizitegi-eremu akustikoaren zatirako.

Bigarrena.–Aldatzeko ebazpenean ezarriko da immisio akustikoko gehieneko muga berriak betetzeko epea, espedienteko dokumentuen analisi teknikoa amaitu ondoren.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Zalain Transformados SLri, Mecanizados de Zalain SLri, Lesakako Udalari, Luis Francisco Plaza Zugarramurdiri, María Maddalen Garbisu Irazoquiri, Andrea Plaza Garbisuri eta Xabier Plaza Garbisuri jakinaraztea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2109837