172. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

25/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 22koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua. Horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Hori horrela, geroago, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 19ko 24/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen 22/2021 Foru Agindua (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz).

Aipatu 24/2021 Foru Aginduan mantendu egiten zen taberna bereziaren, ikuskizunetarako kafetegiaren, diskotekaren eta dantzalekuaren lizentzia duten establezimenduak irekitzeko ordutegiaren muga, 1:00ean itxi beharko baitute. Horrez gain, mugatu –eta ez galarazi– egiten ziren gaueko joan-etorriak, ordu horretatik goizeko 06:00etara, arrisku oso larriko mailan zeuden udalerrietan, jarduketak koordinatzeko Osasun Ministerioaren dokumentuaren arabera, (hau da, intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa bazen 100.000 biztanleko 14 egunean, eta 125 kasutik gorakoa 7 egunean). Oro bat, jende pilaketak saihesteko neurri berriak ere ezartzen ziren, batez ere prebentzio neurriak lasaitzen diren ekitaldietan, hala nola kalejiretan, (Nafarroako udalerrietan arrisku egoerak eta kutsatzeak eragin baitituzte), herri bazkarietan eta aire zabaleko zezen-ikuskizunetan (zezen-plazetatik kanpo egiten direnetan). Azkenik, neurri sinergiko horien multzoa ixteko, eremu publikoetan bildu daitekeen pertsona kopurua ere mugatzen zen: 10 lagun gehienez. Salbuespena izaten zen, ohi den bezala, hamar kidetik gorako bizikidetza-unitateen kasua, baldin eta aldatzen den foru aginduan jasotako mugen arabera baimenduta bazeuden.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 20ko autoaren bidez, 24/2021 Foru Aginduan hartu ziren neurriak baimendu ziren, 8. puntukoak izan ezik, “Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean”. Gauez zirkulatzeko mugari dagokionez, autoak esaten du ez direla identifikatzen neurriak zer udalari eraginen zion; horren ondorioz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ezin du baimena eman muga hori jartzeko.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, une hauetan bada epidemiaren zirkulazioaren egoera bat, zeinaren ezaugarriak baitira intentsitate altua, larritasun ertaina eta goranzko joera. Gizarte-elkarrekintza handiak eta herritarren mugikortasunak COVID-19aren transmisio maila altuak ekarri dituzte. Intzidentzia handiagotzen ari da txertorik hartu ez dutenen eta erabat txertatuta daudenen kasuan. Delta aldaera da kasu gehienen sortzailea: 26. astean kasu guztien %86 eragin zuen, eta 27. astean %78. Txertaketa murrizten ari da uhin epidemiko berri honen inpaktua, kasu larrien intzidentziari begiratzen badiogu. Hala ere, kasuen kopuruaren goranzko joerak pentsarazten du datozen asteetan ospitaleratzeak ugaritu eginen direla.

Horregatik, txertaketa osoak eraginkortasun eta inpaktu handia erakusten badu ere kasu larriak prebenitzeko, COVID-19ak zirkulatzen duen artean beharrezkoa da txertaketa beste prebentzio neurri batzuekin osatzea, birusaren transmisioa murrizteko, are gehiago kontuan hartuz, dauzkagun datuen arabera, 15 eta 29 urteen arteko taldearen txertaketaren estaldura oso baxua dela, gainerako biztanleekin alderatuta, eta kutsatze gehien gertatzen ari diren adin-taldea dela. Izan ere, adin-talde horretan gertatzen da gizarte-elkarrekintzarik handiena.

Txosten horren arabera, gauez ibiltzea mugatzeko neurria hartzearen helburua da elkarrekintza fisiko estua gutxiagotzea, ordu horietan asko murrizten baita beste kontrol neurri batzuen eraginkortasuna, eta prebentzio neurriak gutxiago erabiltzen direlako (musukoa erabiltzea distantzia fisikoa gordetzen ez bada, kontsumo-gauzak ez partekatzea, jende-pilaketak saihestea, egoki aireztatutako espazioetan egotea). Neurri horrek, modu sinergikoan jarduten duten beste neurri batzuekin batera, eraginkorra dela erakutsi du aurreko uhinetan, bai Nafarroan, bai beste herrialde batzuetan.

Miaketa Unitateak azpimarratu du intzidentzia handia izan dela azken asteetan, gaueko ordutegian gertakari superkutsatzaileak gertatzen ari baitira gazteen artean, baita kanpoaldeetan ere, batez ere ostalaritzaren eta gaueko aisiaren establezimenduak ixten direnetik aurrera, hau da, gaueko 1:00etatik aurrera.

Adierazi du gertakari superkutsatzaile horiek zailtasun handiak ekartzen dituztela gero kontaktuen miaketa eta trazabilitatea egiteko, gertakari horietan jende-pilaketa handiak izan ohi direlako (eta gehienak txertatu gabe), babes eta kontrol neurririk gabekoak eta bertan daudenen elkarren ezagutza gabekoak. Parkeetan eta zabalguneetan gertatzen dira, Nafarroako geografia guztian zehar sakabanatutako herrietan; horien ondorioz, COVID-19an positibo diren kasuen kontaktu estuak kudeatzea eta identifikatzea askoz zailagoa da, eta honek ondorio latzak dakartza gaixotasunaren kutsagarritasunari dagokionez.

Kasu hauetan, pertsona hauek ez dute beren kontaktu estuen berri ematen, eta horrela gaixotasuna zabaltzen da gainerako herritarrengana, eta ohi baino ehuneko handiagoan loturarik ez duten kasu berriak agertzen dira.

Salourako bidaiekin lotutako agerraldiaz gain (orain arte, 1911 kasu izan dira), ikusten ari gara joan den udako esperientzia errepikatzen ari dela; hau da, udalerri jakin batzuetan, herriko jaiei zegozkien egunetan kasuak emendatu dira. Hala, agerraldi berriak izan dira Donezteben (74 pertsona) eta Lesakan (303 pertsona).

Beharrezkotzat jotzen da pertsonen gaueko mugikortasuna mugatzea (ezen ez galaraztea) egun jakin batzuetan (asteburuak, jaiegunak eta herriko jaiak eginen ziratekeen egunak). Mugatze horrek eragin behar die 15 eta 7 egunean arrisku gorriko intzidentzia metatuaren balioak dituzten udalerriei (arrisku gorria edo oso altua Ministerioaren erantzun koordinatuko jarduketen dokumentuan).

Ahalik eta eskubide-mugaketa zehatzena egin nahi izan da, haren helburua baita kutsatzeak murriztea jende-pilaketarik handienak, jendearen arteko kontakturik gehienak eta osasun arloko prebentzio neurrien laxatzerik handiena gertatzen diren egunetan, azken hilabete honetako esperientzia kontuan hartuta, eta saio bat eginez gizarte jarduera eta herritarren oinarrizko eskubideak ahalik eta gutxien mugatzeko, bat etorrarazteko zuhurtasun printzipioa eta proportzionaltasun printzipioa, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 27.3 artikuluari men eginez.

Neurri horrek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa du arau-oinarri, non xedatzen baita ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Aipatu lege organikoaren 3. artikuluan xedatzen denez, transmititzekoak diren gaixotasunak kontrolatze aldera, prebentzioko ekintza orokorrak egiteaz gainera, osasun agintariek behar diren neurriak hartzen ahalko dituzte gaixotasuna duten pertsonak, haiekin harremanetan egon direnak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta transmititzeko arriskua dela-eta beharrezkotzat jotzen diren neurriak ere.

Beraz, bidezkoa da 22/2021 Foru Agindua aldatzea, eta mugak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean askatasunez gauez zirkulatzeko, lehen adierazi denaren ildotik.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua aldatzea, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz:

1. Puntu berri bat, 40.a, eransten zaio lehenengo apartatuari. Hona hemen testu berria:

40. Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

COVID-19k eragindako muturreko arrisku-egoeran dauden udalerrietan bizi diren pertsonek (intzidentzia metatua 250 kasu baino gehiagokoa denenan 100.000 biztanleko 14 egunean eta 125 kasu baino gehiagokoa 7 egunean, orain Ministerioaren ekintza koordinatuaren dokumentuan arrisku gorria edo oso altua deitzen dena), Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko bide edo espazioetatik zirkulatu ahal izanen dute 1: 00etatik 6: 00etara bitartean, asteburuetan (larunbata eta igandea), jaiegunetan eta udalerriko patroiaren jaiak eginen ziratekeen egunetan, soil-soilik honako jarduera hauek egiteko:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako bat egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

h) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

i) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Nafarroako Gobernuak argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren atarian arrisku gorriko egoeran dauden udalerrien zerrenda, baita aurreko apartatuan biltzen den neurria aplikatuko den egunen zerrenda ere, web-orri honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/indicadores_municipios_ia_subscripcion.pdf.

Bigarrena.–Foru agindu honetan ezarritako aldaketek ondorioak izanen dituzte argitaratzen diren unetik beretik uztailaren 30eko 00:00ak arte.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari baimen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko uztailaren 22an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2111511