171. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

79E/2021 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, 2021eko “Doktoratu aurretik nazioartean mugitzeko laguntzak” deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 572231.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten batean eman du aditzera ezen, ikerketa, zientzia eta berrikuntza Nafarroako Foru Komunitatearen modernizazio eta aurrerakuntzarako elementuak diren aldetik, Nafarroako Gobernuak horiek garatzeko egiten dituen ekintzen artean daudela Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren laguntza programen deialdiak, helburu dutenak ikertzaileak trebatzea eta Nafarroarentzat interesa duten ikerketa-proiektuak egitea. Programa horiek guztiek eratzen dituzte Prestakuntzako eta I+Gko laguntza planak izenekoak, helburu estrategiko nagusi batekin: ikertzaileen masa kritikoa trebatzea eta lortzea Nafarroan, Foru Komunitatean ezagutzan oinarritutako eredu sozioekonomikoaren garapena bultzatzeko gai izanen dena.

Txosten horretan esaten da, halaber, helburu estrategiko hori ez ezik, plana osatzen duten askotariko programak beste helburu hauek ere lortzera bideratuta daudela: a) Doktoreen prestakuntza sustatzea laguntza bidez, Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egin ditzaten, Nafarroako goi mailako hezkuntzaren eta ikerketa zientifikoaren sisteman ikerketarako talentua sartzeko; b) Ikertzaile berriak kalitateko doktorego programa batean trebatu eta gaitu daitezen bultzatzea, ikerketa zientifikoaren esparruan; c) Unibertsitatetako ikerketa departamentu eta institutuak sendotzea, kalitateko prestakuntza jaso duten ikertzaileak hartuz interes estrategiko handieneko arloetan, eta d) Nafarroako ikertzaile eta unibertsitateek egiten duten ikerketa jarduna nazioartekotu dadin laguntzea. Amaitzeko, txostenak dio arestian aipatutako d) helburua lortzeko 2021ean abiatu beharreko programetako bat dela Doktoratu aurretik nazioartean mugitzeko laguntzen Programa, zeinak laguntzak ematen baitizkie, hilabete 1etik 9 hilabetera arteko ikerketa egonaldiak egin ditzaten atzerriko zentroetan, Nafarroako Gobernuak ematen dituen doktoratu aurreko laguntzen onuradunei, edo, beste entitate batzuek emandako doktoratu aurreko laguntzekin doktoregoa Nafarroako unibertsitateetan egiten ari direnei.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Doktoratu aurretik nazioartean mugitzeko laguntzen deialdia, zeinaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri baitira.

2. Zenbait urtetarako 88.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2021eko eta 2022ko “Nafarroa Suspertu Plana - Prestakuntzarako eta Ikerketa eta Garapenerako (I+G) Planerako laguntzak” izeneko G10001- G1110-4800-322302 gastu partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

Deialdirako hasieran aurreikusten den gehieneko gastuaren banaketa honako hau da:

AURREKONTUA

2021

AURREKONTUA

2022

GUZTIRA

Doktoratu aurreko laguntzak, nazioarteko mugikortasunerako

66.000 euro

22.000 euro

88.000 euro

3. Ebazpen hau eta haren eranskina, onetsitako deialdiaren oinarriak dituena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpena eta haren eranskina jakinaraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa errektoreordeei eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Iruñeko eta Tuterako zentro elkartuetako zuzendariei.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 25ean.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

DOKTORATU AURRETIK NAZIOARTEAN MUGITZEKO LAGUNTZAK

Hizkera ez sexistaren adierazpena

Agiri honetan pertsona, gizatalde edo kargu akademikoak gaztelaniaz genero maskulinoarekin aipatzen direnean, markatu gabeko genero gramatikala dela ulertzen da, eta, beraz, emakumeak nahiz gizonak aipatzen ahal dira horrela.

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza osagarriak ematea doktoratu aurreko laguntza bat jasotzen duten doktoregoko ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko, betiere haien prestakuntza programa indartzeko eta haien tesien garapena bultzatzeko asmoz. Orobat, Nafarroako ikertzaileek eta unibertsitateek garatutako ikerlanaren nazioartekotzea bultzatu nahi da.

2. oinarria.–Laguntzen tipologia eta zenbatekoa.

Laguntzetan kontzeptu hauek sartuko dira:

a) Mantenu eta ostatu hartzeko gastuetarako hileroko laguntza bat, eskatzaileek jasotzen duten doktoratu aurreko laguntza osatzeko. Kontzeptu horretarako emanen den kopurua eragiketa honen emaitza izanen da: ezarritako modulua, hots, 40 euro egunean (hilabeteak 30 egunekoak hartuko dira) bider zuzenketa koefiziente bat, I. eranskineko taularen araberakoa.

b) Bidaia-gastuetarako laguntza bat, destinoko herrialdea zein den, taula honen arabera:

DISTANTZIA

1.000 km-raino

1.001 km - 2.500 km

2.500 km baino gehiago

Lekualdatzeko gastuak

300 euro

600 euro

1.000 euro

c) Bidaiarako eta atzerrian laguntza emateko aseguru bat kontratatzeko finantzaketa. Kontzeptu horretarako, 300 euro aurreikusi dira gehienez.

3. oinarria.–Finantzaketa.

Laguntza-deialdi honen ondoriozko gastuak aurrekontuko “Suspertu plana - Prestakuntzako eta Ikerketa eta Garapeneko (I+G) Planerako laguntzak” izeneko G10001-G1110-4800-322302 partidari egotziko zaizkio 2021ean eta 2022an, aurrekontuan eskuragarri dagoen diruaren arabera. Deialdi honetarako 88.000 euroko gastua eginen da gehienez, urteka honela banatua:

–2021. urtea: 66.000 euro gehienez.

–2022. urtea: 22.000 euro gehienez.

4. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Egun indarrean dauden deialdietan (2018ko, 2019ko edo 2020ko deialdiak) Nafarroako Gobernuak doktore-tesia egiteko emandako laguntza baten onuraduna izatea, edo, bestela, doktorego programa Nafarroako unibertsitate batean egiten egotea (Nafarroan dagoen unibertsitateko campus batean), eta kontratu gisako doktoratu aurreko laguntza baten onuraduna izatea, entitate publiko edo pribatu batek emana. Doktoratu aurreko laguntza indarrean egonen da eskatutako egonaldiak irauten duen aldi osoan zehar.

2. Gutxienez 6 hilabete egin izana matrikulatuta dauden doktorego programan.

3. Zentro hartzailean egonaldia egiteko onartua izatea. Egonaldia 2021. urtean hasi beharko da, nahitaez.

4. Atxikipen zentroak emandako txostena izatea, Nafarroako Gobernuak doktoratu aurreko laguntza ematearen aldekoa.

5. Ezin izanen zaie deialdi honetako dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuren batean dauden pertsonei.

5. oinarria–Atxikipen zentroak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, atxikipen zentroa izanen da doktoratu aurreko laguntza kudeatzeaz arduratzen den unibertsitatea edo erakundea, deialdi honen onuradun izateko bidea ematen duen 4.4 oinarriari jarraikiz.

2. Atxikipen zentroak laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako. Foru lege horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezartzen du.

6. oinarria.–Egonaldien ezaugarriak eta baldintzak.

Laguntza hauen xedeko egonaldiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntzek prestakuntza programa zuzenean indartzea eta tesiaren garapena bultzatzea izanen dute oinarrizko xede. Egonaldian eginen diren jarduerak (ikerketa laborategietan jardun, liburu edo agiri funtsak kontsultatu, teknika instrumental berriak ikasi eta beste landa-lan batzuk egin) emandako laguntzen xedeak betetzeko garrantzitsu eta lagungarritzat jo behar dira. Balorazio positiboa emanen zaio jarduerek atxikipen zentroaren eta egonaldiko zentroaren arteko loturak eta harremanak ezartzeko duten potentzialtasunari, Nafarroako I+G+b sistema nazioartekotzeko lagungarriak badira.

b) Oro har, egonaldiak atzerriko ikerketa zentro edo talde batean eginen dira.

c) Salbuespen gisa, egonaldia Espainiako ikerketa zentro edo talde batean egiten ahalko da, ikerketa zentro edo talde hori egokia dela eta nazioartean izen handia duela justifikatuz gero, betiere egonaldia ez bada hiru hilabete baino luzeagoa.

Kasu horretan, destinoko zentroa ezin da egon onuradunaren atxikipen zentroa kokatua dagoen udalerri berean, eta ohiko bizilekua aldatu beharra eragin beharko du. Gainera, familiaren bizilekua ez den beste batera joan beharko du, eta aurreko ikastetxean ez beste batean jardun.

d) Destinoko ikerketa zentro edo taldeak izen handia izan beharko du interesdunari emandako doktoratu aurreko laguntzaren xedeko doktore tesiaren edukiaren eremu zientifiko, tekniko edo artistikoan.

e) Laguntza hauen xede izan daitezkeen egonaldiak gutxienez hilabetekoak izanen dira, eta, gehienez, bederatzi hilabetekoak.

7. oinarria.–Prozeduraren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

1. Unibertsitateko zuzendari nagusiak deialdi hau onesteko emandako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratzen denean hasiko da prozedura.

2. Unibertsitateko Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz ezarriko ditu eskaeren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko eta haien ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Zehazki, honako instrukzio jarduketa hauek eginen ditu, besteak beste: beharrezkotzat jotzen dituen ebaluazio txostenak eskatzea, deialdia aplikatzetik sor litezkeen auziak konpontzea eta deialdia garatzeko eta betetzeko jarraibideak ematea.

3. Eskaerak 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz baloratuko dira, artikulu honetan azaltzen diren alderdi orokorrekin bat.

4. Eskaerak baloratzeko Balorazio Batzordea eratuko da, honela osatua:

–Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan arituko dena.

–Unibertsitateko Ataleko burua.

–Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua, idazkari arituko dena.

Batzordeak aholkua eskatzen ahalko die gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoei edo entitateei.

Batzordearen erabakiak lotesleak izanen dira.

5. Batzordea eraturik, honek laguntzak emateko behin-behineko proposamena onetsi beharko du, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez ere hilabeteko epean. Proposamena laguntzen fitxan emanen da argitara, onuradunen eta horien atxikipen zentroen zerrenda izenduna barne, eta gutxienez hamar egun naturaleko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ahal ditzaten.

6. Laguntza eskuratzeko behin-behinekoz proposatuak izan diren interesdunek, epe horretan bertan, erantzukizunpeko adierazpen eguneratua aurkeztu beharko dute, lehenago eskuratutako mota bereko beka eta laguntzei eta beren lan egoerari buruzkoa.

Agiriak epe horretan aurkeztu ezean, interesdunei jakinaraziko zaie bost egun naturaleko epe luzaezina izanen dutela aipatu hori egiteko, eta hala ere erantzunik ematen ez badute, eskaerari uko egin diotela ulertuko da, ebazpen administratiboa eman ondoren.

7. Interesdunek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez Batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du.

8. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik sei hilabeteko epea izanen da gehienez ere ebazpena emateko eta argitaratzeko. Epe horretan ebazpenik ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da.

9. Ebazpena dagokion fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogokoan (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

8. oinarria.–Eskaerak egiteko epea eta prozedura.

1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluarekin bat, prozesu honetan parte hartzen dutenek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez deialdi honen ondoriozko administrazio prozeduraren tramite guztietarako. Jakinarazpenetarako helbide elektroniko bat eman beharko dute derrigorrean, eskaera formularioan.

Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen formularioa beteta.

Formulario telematiko horretan bi gauza ageri dira: batetik, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duela dioen aitorpena, eta, bestetik, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari ematen dion baimena, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ahal dezan. Eskabidean eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. Laguntzen fitxaren bitartez aurkeztuko dira, behar bezala betetako formularioarekin batera, fitxategi bereizietan eta izenarekin behar bezala identifikaturik, honako agiri hauek:

A.–Dokumentazio administratiboa.

A1) Zentro hartzaileak egonaldia onartzen duela frogatzeko agiria.

A2) Atxikipen zentroak emandako txostena, Nafarroako Gobernuak doktoregaiari egonaldia egiteko emandako doktoratu aurreko laguntzaren aldekoa. Txosten horretan adierazi beharko du deialdi honetan araututako betebeharrak betetzeko konpromisoa, bereziki entitate kolaboratzaile izaera bere gain hartzekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.

A3) Nafarroako Gobernuaren doktoratu aurreko laguntzen onuradun ez diren eskatzaileek, aurrekoez gain honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte: doktorego programako matrikularen gordekina eta doktoratu aurreko laguntza baten onuradun direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

B.–Eskaerak behar bezala puntuatzeko behar den dokumentazioa.

B1) Egin beharreko egonaldiaren justifikazio memoria (1.000 hitz gehienez). 10. oinarrian ezarritakoaren arabera behar bezala puntuatzeko behar diren datuak azaldu beharko dira. Bereziki, datu hauek jasoko dira: egonaldiaren helburua, lan plana, ikertzaileari buruzko informazioa, taldea eta zentro hartzailea. Memoriari ikerketaren zuzendariaren edo tesiaren zuzendariaren txostena eta oniritzia erantsi behar zaizkio. Bertan zuzendariak adierazi behar du egonaldia komenigarria dela bekadunaren prestakuntzarako, eta aukeratu den zentroa eta bete beharreko lan plana egokiak direla. Berariaz adierazi beharko da, orobat, egonaldia edo lekualdatzea atxikipen unibertsitatearen eta destinoko zentroaren arteko baterako ikerketa proiektu baten edo doktorego programa baten barrenean egiten den.

B2) Tesiaren egungo egoerari buruzko txostena, honako hauen berri emateko, labur eta zehatz: eskaera aurkezten den egunerako noraino bete diren aurreikusitako eginkizunak, gertatu diren desbideraketak eta lortu diren emaitzak (argitalpenak, komunikazioak, etab.). Behar bezala justifikatutako emaitzak baizik ez dira kontuan hartuko.

B3) Nafarroako unibertsitate sistema nazioartekotzeari buruz 10.2.c oinarrian ezarritako puntuazioa lortzeko, berariazko atalak bete beharko dira eskaera egiteko formulario telematikoan, eta fitxategi bereizietan erantsi bertan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak.

4) Eskatzaileek emandako datuak Nafarroako Gobernuaren jabetzako fitxategi batean sartuko dira laguntzaren gaineko ebazpena emateko, eta, ondoren, deialdi honetan azaltzen denari jarraikiz kudeatzeko helburuarekin. Kudeaketa horrek berekin ekar dezake zenbait datu lagatzea hirugarren entitate publiko nahiz pribatu batzuei, entitate horiek laguntzen kudeaketaren prozesuan esku hartzea beharrezkoa izateagatik edo lagapena lege mailako arauren batean aurreikusita egoteagatik. Zilegi izanen da, halaber, datuak ematea laguntzak kudeatzeko eskumena duten Administrazioaren beste organo batzuei.

9. oinarria.–Eskaerak onartzea.

1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da, laguntzaren fitxaren web-orrian, deialdian onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda.

Zerrenda horretan adieraziko dira eskaera bakoitzean atzemandako akatsak, eta bost eguneko epea emanen da horiek zuzentzeko eta behin-behineko zerrendaren aurka alegazioak aurkezteko.

2. Zuzenketa-tramitea egindakoan eta aurkeztutako alegazioak kontuan hartu ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

10. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Balorazio Batzordeak, deialdi honen 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituz eraturik, kontuan izanik baliagarri dauden finantzabideak eta eskaera bakoitzak lortutako puntu kopurua, laguntzak emateko proposamena eginen dio instrukzio organoari.

2. Laguntzak emateko proposamena egiteko, lehentasun ordena ezarriko da lortutako puntuazioaren arabera, ondoko irizpideei jarraituz:

a) Tesi proiektuaren egoera, eta egonaldiak haren garapenean izan dezakeen eragin mesedegarria: 6 puntu gehienez, honen arabera:

–Tesiaren garapenaren egoera (argitalpenak, komunikazioak eta lortutako beste emaitza batzuk, doktoregaia egile gisa agertzen bada): 2 puntu gehienez.

–Egonaldiaren xedea eta tesiaren edukiarekin eta helburuekin duen harremana: 2 puntu gehienez.

–Egonaldiaren lan plana, eta lan plan horren iraupena zenbatean egokitzen den egin beharreko jarduerarekin: 2 puntu gehienez.

b) Zentroaren, taldearen eta ikertzaile hartzailearen egokitasuna eta kalitatea, onuradunen prestakuntza hobetzeari begira: 3 puntu gehienez.

c) Nafarroako unibertsitate sistema nazioartekotzeko bultzada: 5 puntu gehienez. Egonaldia honako baldintzetan egiteagatik emanen dira puntuak:

–Egonaldia Nafarroako unibertsitate baten eta atzerriko unibertsitate baten arteko kotutoretzarako hitzarmena duen atzerriko unibertsitate batean egiteagatik: 5 puntu.

–Egonaldia tesiaren kozuzendariaren atxikipeneko atzerriko unibertsitate edo ikerketa zentro batean egiteagatik: 3 puntu.

–Egonaldia Nafarroako unibertsitate baten eta atzerriko beste baten arteko elkarlaneko ikerketa proiektu baten esparruko unibertsitate edo ikerketa zentro batean egiteagatik: 2 puntu.

–Egonaldia Akitaniako Euroeskualdeko, Euskadiko edo Nafarroako atzerriko unibertsitate edo ikerketa zentro batean egiteagatik: puntu bat.

d) Izangaien doktoratu aurreko laguntza finantzatzen duen entitatea nolakoa den:

–Laguntza administrazio publiko batek ematen badu: 5 puntu.

–Laguntza unibertsitate publiko batek ematen badu: 3 puntu.

–Laguntza unibertsitate edo erakunde pribatu batek ematen badu: puntu bat.

3. Ez zaie laguntzarik emanen a eta b irizpideetan erdietsitako puntuazioak batuz 6 puntura iristen ez diren eskaerei.

4. Laguntza ukatzen ahalko da baldin eta aurrekontuan eskaera guztiei erantzuteko diru aski ez badago. Horrelakoetan, eman beharreko gehieneko laguntza kopurua zehaztu ondoren, laguntzak lehentasun ordenari jarraikiz emanen dira, aurrekontua agortu arte.

5. Eman edo ukatuko diren laguntzen gaineko behin-behineko proposamena laguntzaren fitxan argitaratuko da. Argitaratu ondoren, bost eguneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

6. Epe horretan berean, laguntza eskuratzeko behin-behinekoz proposatuak izan diren interesdunek, onarpen idazkia aurkeztu beharko dute, bai eta erantzukizunpeko adierazpen eguneratua ere, lehenago eskuratutako mota bereko beka edo laguntzei buruzkoa.

7. Interesdunek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez Batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du.

8. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik lau hilabeteko epea izanen da ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko. Epe horretan ebazpenik ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da. Ebazpena laguntzen fitxan argitaratuko da.

11. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzak atxikipen zentroen bitartez ordainduko zaizkie interesdunei, honela, egonaldien iraupenen eta hasiera-daten arabera.

a) 3 hilabete bitarteko laguntzen kasuan:

ordainketa bakarrean, laguntza emateko ebazpenaren bidez.

b) 3 hilabetetik gorako laguntzen kasuan:

b.1) Egonaldia oso-osorik 2021. urtean egiten bada, ordainketa bakarrean, laguntza emateko ebazpenaren bidez.

b.2) Egonaldiaren zati bat 2022. urtean egiten bada, bi ordainketatan: lehenengoa, laguntzaren %75erainokoa, laguntzak emateko ebazpenaren bidez; bigarrena, falta den kopurua adinakoa, laguntza bukatutakoan, gastuen egiaztagiriak eta lan-amaiera frogatzeko gainerako dokumentazioa aurkeztu ondoren, 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Nolanahi ere, ordainketa modua aldatzen ahalko da, deialdi honek barne hartzen dituen aurrekontu ekitaldi bakoitzerako (2021 eta 2022) eskuragarri dagoen aurrekontuari egokitzeko.

2. Mugikortasunerako laguntzak errenta salbuetsitzat joko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 7.h) artikuluari jarraikiz.

12. oinarria.–Atxikipen zentroen betebeharrak.

1. Betebehar orokorrak:

a) Deialdi honetako laguntzen onuradunak atxikitzen zaizkienean, unibertsitateak laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile bihurtuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta laguntzak unibertsitate horien bitartez ordainduko dira.

b) Dirulaguntzei buruzko Legean ezarritakoaren ondorioetarako, ez da beharrezkoa izanen bestelako lankidetza hitzarmenik sinatzea, doktoratu aurretik mugitzeko deialdi honi aplikatuko baitzaio doktoratu aurreko laguntzen deialdirako aldeen artean sinatutako hitzarmena.

c) Nafarroako Gobernuko organo eskudunek eskatzen dieten informazioa ematea.

2. Mugikortasunerako dirulaguntzen onuradunei lotutako betebeharrak:

a) Unibertsitateari lotuta dauden onuradunei emandako dirulaguntzen ordainketa egitea, deialdikoan zehaztutakoaren arabera.

b) Deialdian eskatutako justifikazioak eta egiaztagiriak aurkeztea eta informazioa ematea.

c) Dirulaguntzak zertarako eman, hartarako erabili direla egiaztatzea. Ulertuko da dirulaguntza ez dela erabili, zertarako eman zen, hartarako, frogatzen ez bada mugikortasunerako dirulaguntzaren xede zen prestakuntza edo ikerketa jarduera egin dela.

13. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Mugikortasunerako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera egitea, eta zehazturiko egonaldia egitea, horretarako ezarritako destinoko unibertsitatean.

2. Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren jarduerak egin daitezen onartzea.

3. Beste administrazio batetik edo beste erakunde publiko zein pribatu batetik, nazionala izan nahiz atzerrikoa, helburu bererako dirulaguntzarik jaso duten adieraztea unibertsitateari.

4. Behar bezala frogatzea, mugikortasunerako destinoko zentroak emandako ziurtagiriaren bitartez, prestakuntza prozesuko etapak bete izana, eta, zehazki, irakaskuntzako jardueretan eta praktiketan parte hartu izana, eta nork bere ikasketen programazioan egin beharreko proba eta azterketak egin izana, edo egonaldiaren xede diren ikerketa jarduerak egin izana; eta kredituetako matrikularen kasuan, dirulaguntzaren xede diren kredituetatik gutxienez %75 gainditu izana.

5. Unibertsitateko Zerbitzuak zientzia eta nazioartekotzea sustatu eta bultzatzeko antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea, eskatzen bazaie. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoirik izan gabe parte hartzen ez badu, konpromisoa ez duela bete ulertuko da, 16. oinarrian aurreikusitako ondorioekin.

14. oinarria.–Aldaketa, jarraipena, justifikazioa eta amaiera.

1. Mugikortasunerako dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan edozein aldaketa egin ahal izateko, aurretik, Unibertsitateko Zerbitzuaren baimena beharko da. Horretarako, eskaerarekin batera, aldaketa justifikatzen duten agiri osagarriak aurkeztu beharko dira. Eskatzen diren aldaketek ez dute inola ere ekarriko dirulaguntza handitzea edo jatorrizko helburuak ez diren xedeetarako erabiltzea.

2. Unibertsitateko Zerbitzuaren eskumena izanen da emandako dirulaguntzen jarraipena egitea, eta beharrezkotzat jotzen dituen organo, batzorde edo adituak izendatzen ahalko ditu behar diren jarduketak egiteko eta dirulaguntzen aplikazio egokia egiaztatzeko.

3. Unibertsitateko Zerbitzuak jarraipenerako beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei eta unibertsitateei.

4. Onuradunak eta unibertsitateak, entitate laguntzaile gisa, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak ahaldundutako erakundeek egiten dituzten kontrol jarduketei loturik egonen dira.

5. Unibertsitateek, entitate laguntzaileak diren aldetik, dirulaguntzak onuradunei ordaindu izana frogatu beharko dute Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedaturikoari jarraikiz.

6. Egonaldia amaiturik, itzultzen diren egunaren biharamunetik hasita hamabost eguneko epean, onuradunek egonaldia justifikatuko dute. Bekadunek justifikazio idazkia aurkeztu beharko diete laguntzen atxikipen zentroetako organo eskudunei, honako agiriak erantsita:

a) Talde hartzailearen arduradunaren ziurtagiria, egonaldia zein egunetan hasi eta amaitu den adierazten duena.

b) Beka jaso den tokitik egonaldiko harrera zentrora joateko eta handik etortzeko gastuaren frogagiriak.

c) Azalpen memoria, gehienez ere 1.000 hitzekoa, tesiaren zuzendariak ontzat emana. Memoria horren hasieran tesiaren proiektuaren izenburua jarriko da.

7. Onuradunak egonaldiaren justifikazioa aurkezten duenetik hilabete igaro baino lehen, atxikipen zentroek onuradunak aurkeztutako agiri guztiak bidaliko dizkio Unibertsitateko Zerbitzuari laguntzen fitxaren bitartez, eta haiekin batera, unibertsitateko kudeatzailetzaren edo kontabilitate zerbitzuaren ziurtagiria, non zehaztuko baitira, kontzeptuz kontzeptu, laguntzaren kargura egindako gastuak.

8. Egonaldian ez badira betetzen laguntza ematean ezarritako baldintzak, edo ezin bada hura justifikatu, onuradunak jasotako diru kopuru osoa itzuli beharko du. Hasieran onartutako aldia laburtzen bada, onuradunak arrazoiak justifikatu beharko ditu. Era berean, egindako bidaiaren benetako kostuaren gainetik jasotako diru kopuruak itzuli beharko ditu, hori guztia egonaldiaren helburuari loturik.

9. Jasotako dokumentazioa ikusirik, Balorazio Batzordeak aldeko edo aurkako txostena eginen du, eta deialdian ezarritako betebehar eta baldintzen betetzeari edo ez-betetzeari buruzko ebazpena, likidazio ekonomikoa eta prozeduraren amaiera proposatuko ditu.

15. oinarria.–Bateraezintasunak.

Mugikortasunerako dirulaguntza hauek eta xede bererako ematen den beste edozein laguntza bateragarriak edo bateraezinak diren jakiteko, honako arauak aplikatuko dira:

1. Beste laguntzaren zenbatekoa ez bada deialdi honen laguntzaren %65 baino handiagoa, hein batean bateragarriak direla deklaratuko da. Kasu honetan, Nafarroako Gobernuko laguntzaren zenbatekoa txikituko da, beste laguntzak zenbat jo eta kopuru horretan, halako moduz non onuradunak guztira jasoko duen kopuruak ez baitu Nafarroako Gobernuaren laguntzaren %100 gaindituko.

2. Beste laguntzaren zenbatekoa Nafarroako Gobernuaren laguntzaren %65 baino handiagoa bada, erabat bateraezinak direla joko da, eta bata ala bestea jasotzeko hautua egin beharko da.

16. oinarria.–Ez-betetzeak.

1. Onuradunak deialdi honetan azaltzen diren betebehar eta baldintzetakoren bat betetzen ez badu, galdu eginen du eman zaion laguntza. Aldez aurretik horretarako ebazpena emanen da.

Horrek ekarriko du onuradun gisa kontzeptu horrengatik jasotakoa Nafarroako Gobernuari itzuli beharra, alde batera utzi gabe legezko egintzak eta bidezkoak izan daitezkeen zehapenak. Itzuli beharreko diru kopuruari legezko interesak gehituko zaizkio, laguntza kobratu zen egunetik itzultzen den egunera arte sortutakoak alegia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Aipatu diru kopuruak diru sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.

2. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide proportzionalak honako hauek izanen dira:

a) Laguntzaren xede zientifiko eta teknikoen erabateko eta ageriko ez-betetzea, jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bitartez zehaztua, jasotako dirulaguntza osorik itzultzeko eta ordaindu gabe dauden diru kopuruetarako eskubidea galtzeko arrazoia izanen da.

b) Helburu partzialak edo jardueretako batzuk ez betetzeak haietarako den dirulaguntza zatia itzuli beharra ekarriko du, eta ordaintzeko dauden diru kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere bai.

c) Deialdian ezarritakoaren arabera aurkeztu behar diren egonaldia egin izanaren gaineko txostenak ez aurkezteak jasotako eta justifikatu gabeko diru kopuruak itzuli beharra ekarriko du, eta ordaintzeko dauden diru kopuruak jasotzeko eskubidea galtzea ere bai.

3. Kasu bakoitzeko inguruabar guztiak ikusirik, baldin jakiten bada dirulaguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak faltsutu direla edota dirulaguntza jasotzea eragotziko zuten inguruabarrak ezkutatu direla, dirulaguntza emateko ebazpena baliogabetuko da eta itzulketa erabakiko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz.

17. oinarria.–Araubide juridikoa.

Ebazpen honen bidez araututako deialdian honako xedapen hauek ere beteko dira:

1. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

2. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa.

3. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4. 6/2001 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatua.

5. 1497/1987 Errege Dekretua, azaroaren 27koa, unibertsitate tituluak eskuratzeari eta homologatzeari buruzkoa, ekainaren 10eko 1267/1994 Errege Dekretuaren bidez eta abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatua.

6. 99/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, doktore ikasketa ofizialak arautzen dituena.

7. Zehapen prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

Aplikatu beharreko gainerako arau indardunak.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

1. Oinarri hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2110435