170. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

61/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapitulua aldatzen duena. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko mailaren, tarteko mailaren eta maila aurreratuaren curriculumak ezartzen ditu. Araubide berezi hori Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatutako Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan ezartzen da. Foru dekretuaren oinarria da abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua, zeinaren bidez finkatzen baitira araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko mailaren gutxieneko eskakizunak ziurtagirien ondorioetarako, eta B1 erdiko mailaren, B2 erdiko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren oinarrizko curriculuma.

Urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuak oinarrizko ebaluazio printzipio komunak ezarri zituen araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetako B1 eta B2 tarteko mailak eta C1 eta C2 maila aurreratuak ofizialki ziurtatzeko probetarako. 8. artikuluan, emaitzak argitaratzeko eta kalifikazioei buruzko erreklamazioak egiteko prozedurak ezartzen dira.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen. VI. kapituluan, hizkuntzen irakaskuntzetako azken ebaluazioen gaineko erreklamazioak egiteko sistema zehazten da.

49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluan ezarritako prozedura hori kontraesanean dago 1/2019 Errege Dekretuaren 8. artikuluarekin. 1/2019 Errege Dekretua oinarrizko araua denez, 49/2013 Foru Aginduaren testua egokitu behar da.

Foru agindu honen bidez, 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluaren jatorrizko testuaren ordez testu berri bat ezartzen da, 1/2019 Errege Dekretuak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituena.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapitulua, eta jatorrizko testuaren ordez foru agindu honen eranskineko testua ezartzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezartzen da.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera eta Ikasketak Antolatzeko Atalera.

Iruñean, 2021eko ekainaren 18an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

VI. KAPITULUA

Hizkuntzen irakaskuntzetako azken ebaluazioen gaineko erreklamazioak

28. artikulua. Erreklamazioa egitea hizkuntzen irakaskuntzan.

1. Ikasleek, edo, hala behar denean, haien tutore edo legezko ordezkariek, beren probei eta emaitzei buruzko informazioa jasotzen ahalko dute ebaluazioaren ardura duten irakasleen aldetik, ikastetxean berrikusteko ezarritako egunean.

2. Irakasleak probaren lehen berrikuspenean argibideak eman ondoren, lortutako azken kalifikazioarekin ados ez badaude, ikasleek, edo, hala behar denean, haien tutore edo legezko ordezkariek, ikastetxeko zuzendaritzari eskatzen ahalko diote, idatziz, berrikus dezala ziurtapen probaren zati batean edo batzuetan lortutako kalifikazioa. Lortutako kalifikazioak berrikusteko eskaera horiek hiru egun balioduneko epean aurkeztuko dira, amaierako kalifikazioa argitaratzen den egunetik hasita. (Hots, azterketaren berrikuspenaren egunetik hasita).

3. Erreklamazioa jaso ondoren, ikastetxeko zuzendariak erreklamazio espediente bat irekiko du. Kasuan kasuko hizkuntzaren departamentuak (erreklamazioaren xedeko proba(k) lehenik ebaluatu zuen irakasleak bazter utzita), zuzendariak eskaturik eta erreklamazioa aurkeztu ondoko lehenengo egun baliodunean, erreklamazioa aztertuko du. Egiaztatuko du proba guztiak ebaluatu direla eta ezarritako ebaluazio irizpideak ongi aplikatu direla, eta ziurtatuko du ez dela akatsik egin probaren zati bakoitzeko kalifikazioaren eta amaierako kalifikazioaren kalkuluan, eta txostena eginen du. Txostenak ikasketaburuari igorriko zaizkio, eta horrek ahalik eta laburrenean erantzungo dio idatziz erreklamatzaileari, erreklamazioan jasotako datuez baliatuz. Honela bukaera emanen zaio ikastetxean erreklamatzeko prozesuari.

4. Ikastetxearen ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Artikulu honetan aurreikusitako jarduketa guztiak desgaitasunen bat duten pertsonentzat irisgarriak izatea bermatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2110003