167. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

101E/2021 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, makinak amankomunean erabiltzeko kooperatibei 2021. urtean nekazaritzako makinak eta ekipamenduak erosteko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak aldatzen dituena, inbertsioak egiteko epea luzatuz. DDBN identifikazioa: 562009.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 4ko 59E/2021 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren makinak amankomunean erabiltzeko kooperatibei 2021ean nekazaritzako makinak eta ekipamenduak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia. Baimendutako zenbatekoa 1.000.000 eurokoa da. Deialdi hori 2021eko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 14koan. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Oinarri horietan ezartzen denaren arabera, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean ebatziko da laguntzak ematea edo ezestea. Onuradunek 2021eko irailaren 15a baino lehenago gauzatu beharko dute inbertsio plana.

Laguntzak ematea ebatzi eta jakinarazten denetik inbertsioak amaitzeko egunera arteko epea laburregi jotzen da. Epe hori azaroaren 10era arte luzatzea proposatzen da, eta luzapena eskatzeko aukera ezabatzea. Data hori mugaeguntzat hartuko du unitate kudeatzaileak, beharrezkoak diren kontrolak behar besteko bermearekin egin eta ordainketa proposamena 2021eko ekitaldiko ordainketarako ezarritako egutegiaren arabera egin ahal izateko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea nekazaritzako kooperatibentzako nekazaritzako makinak eta ekipamenduak erosteko 2021erako laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. Deialdia eta oinarri arautzaileak Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 4ko 59E/2021 Ebazpenaren I. eranskinean ageri dira.

59E/2021 Ebazpenaren 5. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Laguntza eskaerak aurkezteko epea 2021eko abuztuaren 9an bukatuko da.”

I. eranskineko 10.1.a), 12.2 eta 18.2 oinarriak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:

“10. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Inbertsio plana 2021eko azaroaren 10a baino lehenago gauzatzea.”

“12.2. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

2. Eskabideak aurkezteko epea 2021eko abuztuaren 9an bukatuko da.”

“18. oinarria.–Ordainketa eskaera.

2. 2021eko azaroaren 10ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko eta, berekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak aurkezteko. Beraz, ulertuko da data hori dela baimen horiek lortzeko eta/edo erregistro horiek egiteko mugaeguna.

Nekazaritzako makineriaren kasuan, egun horretarako Nafarroako Nekazaritza Makineriaren Erregistro Ofizialean inskribatuta egon beharko du, edo inskribatzeko eskaera eginda.”

2. Aldaketa hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko uztailaren 2an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafe Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2110713