166. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

165/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 1ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prebentzio neurriak eta gomendioak ezartzen dituena adinekoen eta desgaitasuna dutenen esparruan, koronabirusaren (COVID-19) eboluzio epidemiologikoaren ondorioz.

Nafarroako Foru Komunitatearen egungo egoera epidemiologikoak erakusten du beheranzko joera apala COVID-19aren diagnostiko kopuruan, eta txertaketak eraginkortasun eta inpaktu handiak erakusten ditu kasu larrien prebentzioan. Halaber, txertaketa estrategiak ahalbidetu du egoitza-zentroetan immunizazioa burutzea, bai eta 80 urtetik gorako biztanleena ere. Horrez gain, 70 eta 80 urte bitarteko biztanleengan ere estaldura handia lortu du.

Iragan ekainaren 23an, Osasun Ministerioak argitara eman zuen beste “Covid-19aren detekzio goiztiar, zaintza eta kontrolerako estrategia” bat, eta ekainaren 24an argitaratu zen 13/2021 Errege Lege-dekretua, zeinaren bidez aldatzen baitira martxoaren 29ko 2/2021 Legea (COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoa) eta uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege-dekretua (COVID-19ak garraio eta etxebizitzaren esparruetan eragindako inpaktuari aurre egiteko suspertze ekonomikoari buruzkoa). Biek ala biek aipatutako neurrien gainean jarraibide berriak ezartzen dituzte.

Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da ezartzea adinekoen eta desgaitasuna dutenen gizarte zerbitzuei buruzko prebentzio neurriak eta gomendioak, ezarritako osasun gomendioen araberakoak.

Aurreko guztiagatik, eta bat etorriz Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduan aurreikusitako gaikuntzarekin, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 14.1 e) artikuluan xedatutakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Zentro soziosanitarioak.

a) Ikustaldiak:

–Egoitza-zentroei gomendatzen zaie erabiltzaileek nahi beste bisita egiten ahalbidetzea, maiztasun eta iraupen mugarik gabe, zentroa behar bezala antolatzeko behar-beharrezkoak direnak alde batera utzita. Egokitzat jotzen bada, hitzorduaren sistemari eusten ahalko zaio. Bisita horiek, ahal dela, kanpoko espazioetan egiteko gomendioari eusten zaio.

–Baimentzen da txertatutako pertsonak (senitartekoak eta boluntarioak) zentro soziosanitarioetan sartzea, baita berariaz bisitarien harrerarako bideratutako guneetatik kanpo ere. Oraindik txertoa jarrita ez dutenak gune espezifikoetara edo kanpoko guneetara bakarrik sartuko dira. Kasu guztietan, beharrezkoa izanen da aldez aurretik erregistroa egitea (zentro bakoitzak egoki deritzon moduan) eta prebentzio neurriei eustea (maskara erabiltzea, eskuen higienea). Bisitariak zentroko beste gune batzuetan sartzen ahalko dira, baina betiere distantziak, edukierak eta egoiliarren errutinak eta ohiko bizimodua errespetatu beharko dituzte. Hala ere, ezin izanen dute areto komunetan egon, beste inor badago, bisitatu behar dutenaz gain.

Egoiliarrak edo haren senideek zentroko zuzendaritzari jakinarazi behar diote COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izan dituzten bisitaren ondorengo 14 egunetan, eta bisitaldian prebentzio neurriak betetzeko konpromisoa adierazi.

–Zentro batean COVID-19ak jotako inor badago, gune seguruak gaituko dira bisitak egiteko, gaixoaren edo gaixoen bakartzea amaitu arte, salbu eta egoiliarrak, bere osasun-egoeragatik, bisitak bere logelan bakarrik jaso baditzake. Berariazko bakartze-eremua duten zentroetan, bisitak egiten ahalko dira gainerako unitateetan.

b) Irteerak. Irteera guztiak egin beharko dira herritar guztiei eskatzen zaizkien segurtasun neurriak eta une oro Osasun Departamentuak ezar ditzakeen arau orokorrak betez, egoera epidemiologikoaren arabera betiere.

Egoitzatik ateratzen ahalko dira soilik COVID-19 gaitza ez dutenak eta berrogeialdian ez daudenak.

Irteeren ondorengo baheketa proba diagnostikoak egiteari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak unean-unean emanen duenari jarraikiko zaio, egoera epidemiologikoaren arabera.

c) Jarduerak zentroetan. Gomendatzen da bizikidetza-unitateen egitura mantentzea ahal den guztietan, baina ez da beharrezkoa unitate estankoak izatea. Halaber, gomendatzen da jarduerak talde txikietan eta, ahal dela, egonkorretan egitea; eta segurtasun-tarteak errespetatzea eta espazioak behar bezala aireztatzen saiatzea.

Komenigarria da bizikidetza-unitate bakoitzari langile bereiziak esleitzen jarraitzea, antolaketa hori posible izan den bizikidetza-unitateetan, behintzat. Txertaketa pauta osoa bete duten unitate bateko profesionalek beste unitate batzuetan laguntzen ahalko dute, behar-beharrezkoa denean.

d) Maskaren erabilera. 13/2021 Errege Dekretuaren arabera, ezin zaie zentro barruan maskara erabiltzeko eskatu egoiliarren %80tik gora txertatuta dituzten zentro soziosanitarioetako egoiliarrei. Hala ere, gomendatzen da txertoa hartu ez duten pertsonek maskara erabiltzen jarraitzea, baldin eta ezin badute 2 metroko tartea izan gainerako egoiliarrengandik.

e) Profesionalek maskara erabiltzen jarraituko dute lanaldi osoan. Era berean, prebentzioko eta laneko osasunari buruzko protokoloetan jasotako prebentzio-neurriak betetzen jarraitu beharko dute, baita segurtasun-tartea errespetatzen ere maskarak kentzea dakarten atsedenaldietan.

2. Eguneko egonaldiak, eguneko zentroak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak:

a) Eguneko zentroek prebentzio-neurri orokorrak mantenduko dituzte: instalazioen aireztapena, maskaren erabilera, eskuen higienea eta gomendatutako distantzia. Jarduerak talde txikietan eta, ahal den neurrian, egonkorretan egiten saiatuko dira.

b) Halaber, eguneko egonaldiak berreskuratu dira, eta oso gomendagarria da erabiltzailea txertatuta egotea zerbitzuan sartzeko.

c) Autonomia sustatzeko zerbitzuak ere berreskuratu dira, egoitza zentroetan, eguneko zentoetan zein jubiloteketan. Zerbitzu horiek gainerako erabiltzaileei eskatzen zaizkien prebentzio neurri berberak izanen dituzte. Oso gomendagarria da zerbitzu horietan sartzen diren pertsonek txertoa jarrita izatea. Gainera, maskara erabiltzen jarraitu beharko dute, jarduerak irauten duen bitartean.

3. Erretiratuen elkarteak:

Elkarteek ematen zituzten zerbitzu guztiak berriz hasi dira, eta une bakoitzean indarreko araudian ezartzen dituen prebentzio- eta edukiera-neurriak beteko dira. Ostalaritza instalazioak dituztenen kasuan, establezimendu horiek erregulatzen dituen araudia bete beharko dute gune horietarako. Era berean, aisialdiko jarduerak berriz hasten ahalko dira (adibidez, mahai-jokoak), baldin eta pertsonek maskara erabiltzen badute jokoan zehar, eta eskuen higiene egokia egiten bada jokoaren aurretik eta ondoren, bai eta erabilitako materialena ere, birusak hiltzeko baimendutako produktuak erabiliz.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko uztailaren 1ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2110667