165. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

13/2021 FORU LEGEA, ekainaren 30ekoa, Nafarroako Fundazioei buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAKO FUNDAZIOEI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

1

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazio edo Foru Berriak, zeina martxoaren 1eko 1/1973 Legearen bidez onetsi baitzen, 44., 45., 46. eta 47. legeetan arautu zituen fundazioak, baliaturik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 48. artikuluan Nafarroari foru zuzenbide zibilaren arloan berariaz aitortzen zaion eskumen historiko eta esklusiboaz. Halaber, lege organiko horrek berak 44.20 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroak eskumen esklusiboa du Nafarroako Foru Zuzenbideko arauei jarraikiz eratutako fundazioei dagokienez.

Horrez gain, lege organiko horren 45. artikuluan ezartzen da Nafarroak, bere foru araubidearen kariaz, “... bere zerga-araubideari eusteko eta hura ezarri eta arautzeko ahalmena du, kasuko hitzarmen ekonomikoan xedatzen dena deusetan ukatu gabe. Hitzarmen horrek errespetatu beharko ditu 1969ko Hitzarmen Ekonomikoaren Atariko Tituluaren barnean dauden printzipioak eta lege organiko honen 1. artikuluak aipatzen duen elkartasun printzipioa”.

Eskumen horiek garatzeko onetsi zen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea, fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duena. Haren xedea da Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioaren 44. legearen babesean eratutako fundazioei aplikatu beharreko tributu araubidea ezarri eta erregulatzea.

Foru lege horrek xedatu zuen bertan arautzen diren zerga onurez baliatu ahal izateko baldintza zela bere aplikazio esparruko fundazioak erregistratu beharra, eta horretarako onetsi zen azaroaren 11ko 613/1996 Foru Dekretua, Nafarroako Fundazioen Erregistroaren Egitura eta Funtzionamendua arautzen dituena.

Halere, apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legea onetsi ondoren, hau da, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa (Foru Berria) aldatu eta eguneratzen duen araua, aldaketa funtsezkoa gertatu da fundazioen araubide juridikoan, zehazki foru legeak 2019ko urriaren 16an indarra hartu zuenetik.

Foru Berria aldatzen duen arauaren zioen azalpenean jasota dagoenez, fundazioek araubide berria izanen dute, Konstituzioaren 34. artikuluan ezarritakora guztiz egokitzeko asmoarekin. Orobat, zioen azalpen horretan halaber adierazten den bezala, Foru Berria zuzenbide pribatuaren konpilazio bat denez, eta interes orokorreko fundazioek zuzenbide publikoaren arlokoa den alderdi garrantzitsu bat dutenez, egokiagoa da horiek lege berezi batean arautzea. Horrela, argi uzten da fundazio izan daitezkeela interes orokorreko helburuei atxikiriko ondareak soilik, Konstituzioan xedatzen den bezala; eta, beren nortasun juridikoa eskuratzeko, galdakizun modura ezartzen da, etorkizuneko lege berezian arautuko diren baldintzak betetzeaz gain, ezinbestez publikotasuna eman behar zaiela Fundazioen Erregistroan inskribatuz.

Zioen azalpenean adierazitako ildotik, Foru Legeak lege bakarra mantentzen du Foru Berrian fundazioentzat, 42. lege berria hain zuzen, zeinak xedatzen baitu “interes orokorreko xedeetarako diren fundazioak haiei buruzko lege berezian xedatutakoari jarraikiz eratu beharko dira, eta nortasun juridikoa lortuko dute eraketa-egintza kasuko Fundazioen Erregistroan inskribatzen denetik. Bestalde, azken xedapenetako bigarrenean, ezartzen du botere exekutiboak eta legegileak legegintzako ekimenaz baliatu beharko dutela lege berezi bat onesteko, fundazioen araubidea Konpilazioaren testu berrira egokituko duena.

2

Konpilazioaren aldaketa egin arte, 44. legetik 47. legera bitartekoek jasotzen zuten fundazioen araubidea. Lege horietan zeuden araututa fundazioen eraketa, fundazioa fundatzailearen borondatearen menpe egotea, patronatuaren ahalmenak, fundatzaileak ahalmena izatea fundazioa esku-hartze administratibo orotatik salbuesteko, ondasunen itzulketa eta fundazioen azkentzea.

Nafarroako fundazioen araubidea zuzenbide substantibo batek osatzen zuen, zeina, balio handikoa izanik ere, oso espezifikoa eta edukiz oso urria baitzen, halako moldez non ez baitzien erantzuten entitate horiek gaur egungo errealitatean dituzten behar, aurreikuspen eta garapenari.

Araubide horren osagarria zen lehen aipatutako uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea, fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duena. Hori dela eta, foru lege honek jasotzen du, Foru Berriaren arabera eratutako fundazioetan aplikatzekoak diren tributu arloko xedapenak ez ezik, haientzako egiazko araubide substantibo bat ere. Nolanahi ere, araua aplikatzen zitzaien fundazioei baldin eta erregulatzen zituen zerga onurak bereganatu nahi bazituzten.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa (Foru Berria) aldatu eta eguneratzen duen apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legeak egindako aldaketaren ondotik, beharrezkoa da foru lege berezi bat onestea, dagoen araudia Forura egokituko duena eta Foruaren 42. legearen babesean eratutako fundazio guztiei aplikatu beharreko araudi substantiboa bilduko duena, fundazio horiek tributu araubide bereziaren aplikazioa eskatu nahiz ez. Araubide berri honetarako, beharrezkoa da indargabetzea uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean jasotako tributuen arlokoak ez diren xedapenak, eta indarrean jarraituko du, berriz, tributu araubideari berez dagokion zatian.

Azaldutakoagatik, foru lege berriak fundazioen arauketa substantibo osoa egiten du, eta egitura hau hartzen du: 68 artikulu, hiru titulutan banatuak; bi xedapen iragankor; xedapen indargabetzaile bat, eta hiru azken xedapen.

3

I. tituluak, “Kontzeptua, sorrera eta bilakaera juridikoa” izenekoak, hiru kapitulu ditu.

I. kapituluan fundazioei buruzko xedapen orokorrak biltzen dira. Esparru horretan, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeak egiten duen bezala, xedatzen da araua aplikatzen zaiela Foru Berriaren arabera eratutako fundazioei, baina berdin delarik tributu araubide berezia eskatzen duten edo ez, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeak horretara behartzen bazuen ere.

Berritasun nagusia, Foru Berriaren aldakuntzan ezarritakoa, fundazioek nortasun juridikoa eskuratzeko modua da, hemendik aurrera beharrezkoa izanen baita eratze-egintza Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea. Alegia, jada ez da aski izanen haiek eskritura publikoan eratzea, aldakuntzaren aurretik behartuta zegoen ez bezala; baizik eta, fundazioak erabateko indar juridikoa izateko, beharrezkoa izanen da Erregistroan inskribatuta egon dadila aurretik, berdin delarik entitate hauetarako aurreikusitako zerga onurak ere eskatzen dituen edo ez dituen eskatzen.

Helburuei dagokienez, foru legeak premisa gisa ezartzen du fundazioak interes orokorreko helburuetarako eratu behar direla nahitaez, eta helburu horien zerrenda zabal eta xehakatuagoa jasotzen du, horien artean sartuz, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, irisgarritasun unibertsalaren sustapena eta pertsonen integrazio osoa eta berdintasuna eragozten dituzten oztopoen desagerrarazpena, garapen teknologikoa eta informazioaren gizartea sustatzea, enplegu betea eta lanbide arloko aukera-berdintasuna, kulturaren zabalkundea eta kultur ondarearen defentsa. Ahalegintzen da erantzuna ematen egungo nafar gizartearen premia, kezka eta gabezietako batzuei.

Nabarmendu beharreko beste berritasun bat, kontzeptuak argitu beharraren ondoriozkoa, fundazioen jardueren onuradunak eta haien hartzaileak bereizteari dagokiona da. “Hartzaile” dira fundazioaren helburuen arabera bere jardueren xede diren pertsonek osaturiko populazio-partea. “Onuradun” dira, berriz, hartzaile diren pertsonetatik nahiz pertsona-taldeetatik fundazioaren jardueren onuradun gertatzen direnak azkenean, inpartzialtasunaren, diskriminazio ezaren eta objektibotasunaren irizpideak betez egindako hautapen prozesua bukatu ondoren.

Fundazioen izenari dagokionez, eta euskararen erabileraren gaineko arauak aplikatuz lehenago ere onartu ohi zen arren, berariaz ezartzen da posible dela “Fundazio” hitza nahiz “Fundación” hitza erabiltzea.

II. kapituluan arautzen dira fundazioaren eraketa eta eratze-aktaren nahiz estatutuen edukia, Nafarroan indardun den araudian zehazturikoen oso antzeko zertzeladekin.

Berritasun gisa gehitzen da “inskribatzeko dauden fundazioen” egoeraren arauketa. Halakotzat jotzen dira eskritura publikoan eratzen direnetik Erregistroan inskribatzen diren arterainoko aldian dauden fundazioak. Horiei buruz ezartzen da fundazioa ez inskribatzearen balizko ondorioak bere gain hartuko dituela inskribatzeko betebeharraren legezko erantzukizuna duenak.

Halaber azpimarratzeko modukoa da ezen, fundazioei buruzko beste araudi batzuek ez bezala, Nafarroako foru legearen hautua dela uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean jadanik araututako sistema mantentzea, zeinak ez baitu gutxieneko kopururik ezartzen hasierako zuzkidurarako. Horrela, xedatzen da hasierako zuzkidura behar bezalakoa eta behar adinakoa izan behar dela, eta fundatzaileek baldintza horiek betetzen dituztela frogatu beharko dute fundazioaren lehenbiziko urterako jardun programa eta bideragarritasun-azterlan ekonomiko bat aurkeztuz. Bi elementu horiek eratze-egintzaren parte izan beharko dira.

III. kapituluan arautzen dira estatutu-aldaketa eta fundazioaren azkentze eta likidazioa, eta ex novo eransten da fundazioen bat-egitearen eta zatiketaren araubidea.

4

II. tituluak, “Funtzionamendua eta Araubide Ekonomikoa” izenekoak, bi kapitulu ditu.

I. kapituluan Fundazioaren gobernua arautzen da. Patronatua da organo nagusia eta kide anitzeko organo gisa antolatzen da, bere gain hartuz Fundazioaren gobernua, administrazioa eta ordezkaritza. Xehetasunez arautzen da haren osaera, patronatuko kide izateko betebeharrak, izendatzeko modua, bateraezintasun kasuak, onartzeko eta uko egiteko modua, karguaren doakotasuna, haren eginkizunak eta, azkenik, kargualdien iraupena eta egoerak (kargu uztea, etetea, ordeztea, hutsik dauden karguak).

Aurrenekoz ezartzen dira zer ondorio dituen eta zer egin patronatuak behar adinako kide ez dituenean, estatutuetan edo foru lege honetan ezartzen den gutxieneko kopurua alegia.

Fundazioei buruzko beste arau batzuetan ez bezala, foru lege honetan ere mantentzen dira patronatuko kide karguaren doakotasuna eta bateraezintasuna fundazioari edozein motatako zerbitzuak ordainduta ematearekin. Uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ere hala zegoen jasota.

Patronatuaren ahalmenen zerrenda zehatza ematen da, patronatua fundazioaren organo nagusia delakoan eta, horrenbestez, ahalmen garrantzitsuenak bere baitan biltzen dituelakoan, funtsezko erabakiak eta akordioak hartuz betetzen dituenak fundazioaren helburuak lortze aldera. Halere, ez da “numerus clausus” bat, zeren fundazioek, pertsona juridiko pribatuak diren aldetik, bestelako ahalmenak ere ezartzen ahalko baitituzte, autoantolaketarako duten ahalaz baliatuz, eta ahaztu gabe inola ere patronatua fundazioaren gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoa dela.

Nolanahi ere, foru legeak fundazioen beharrak ere aintzat hartzen ditu, gizarte moderno eta dinamiko batean bestelako organoak eta autoantolaketarako bideak behar dituztelako, fundazioaren lana eraginkorra izanen bada; horrenbestez, legeak jasotzen du estatutuetan beste organo batzuk, haien izaera eta patronatuarekin duten harremana arautzeko aukera, hura baita fundazioaren organo nagusia.

Azkenik, kapitulu honetan foru legeak egungo aurrerapen teknologikoak kontuan hartu eta beste aukera bat aurreikusten du, alegia patronatuak bilera telematikoak egin ahal izatea, kideak toki desberdinetan egonda, baldin eta baldintza batzuk betetzen direla ziurtatzen bada.

II. kapituluan ezartzen da zein diren fundazioek jarduteko betebeharrak eta haien araubide ekonomikoa. Kapitulu hau bi ataletan antolaturik dago: lehenbizikoan arautzen da onuradunen hautaketa eta bigarrenean araubide dokumental eta ekonomikoa.

Araubide ekonomikoari dagokionez, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean jasotako arauak mantentzen dira, operatiboak direla frogatu delako; horren salbuespen bakarra da, halere, araubidea fundazio guztiei aplikatuko zaiela, ez bakarrik tributu araubide berezia lortua zutenei.

5

III. tituluak, “Esku-hartze administratiboa” izenekoak, hiru kapitulu dauzka.

I. kapituluan Nafarroako Fundazioen Erregistroa arautzen da. Lehenago azaldu bezala, berritasun nagusia da erregistro horretako inskripzioa konstitutiboa dela Foru Berriaren aldaketak indarra hartu zuenez geroztik.

Horrez gain, beste berritasun aipagarri batzuk dira erregistroaren funtzionamendua zuzentzeko printzipioen zerrenda, teknologia berriak erabiltzen laguntzeko betebeharra, bai prozeduren kudeaketan bai herritarrekin eta fundazioekin duen harremanean. Ondorio horietarako, foru legeak hartu duen bidea da sustatzea, batetik, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan txertatuko den informazio sistema bat sortzea, eta, bestetik, koordinazio, lankidetza eta elkarlan harremanak ezartzea fundazioen beste erregistro batzuekin eta notariotzekin eta notarioen elkargoekin, zein bere eginkizunak betetzean efizienteagoak eta eraginkorragoak izateko.

Bukatzeko, kapituluak arautzen ditu erregistroaren eginkizunak, inskribatu beharreko egintzak eta erregistroaren publizitatea, baina gai horiek zehatzago garatu beharko dira aurrerago erregelamendu bidez.

II. kapituluan biltzen dira babesletzari buruzko xedapenak; izan ere, aurrenekoz ezartzen da babesletza nahitaezko izaeraz fundazio guztientzat, dagoeneko erregistraturik daudenak barne. Kontuan hartuz horrek fundazioen esparruan jauzi kualitatiboa dakarrela Foru Komunitateari dagokionez, foru legea aldentzen da fundazioei buruzko beste arau batzuetatik eta diseinatzen duen babesletzak, erakunde horren funtsezko oinarri guztiak biltzen baditu ere, ez du gehiegizko esku-hartzerik fundazioan, haren eginkizuna mugatzen baita gai batzuetara, zeinak funtsezkoak baitira hain zuzen ere fundazioek beren lana bete dezaten fundazioen zuzenbidearen muina errespetatuz eta fundaziorako eskubidearen erabilera egokia dela bermatuz, bai eta fundatzaileen borondatea eta fundazioaren helburuak egiaz betetzen direla ere.

Babesletzak eginkizun horiek bete ditzan, foru legeak patronatuek hartutako akordio eta erabakiak komunikatzeko sistema bat ezartzen du, haien garrantziaren araberakoa; aurreikusten du, halaber, muturreko egoera batean, fundazioan aldi baterako esku hartzeko aukera, agintaritza judizialari eskaera egin ondoren, kudeaketa ekonomikoaren irregulartasun larri batek arriskuan jartzen badu fundazioaren biziraupena bera, edo fundazioaren helburuen eta egindako jardueraren artean desbideratze larria gertatzen bada, betiere patronatuak ez-entzunarena egin ondoren babesletzak egindako errekerimenduari irregulartasunak zuzen ditzala eskatuz. Horrekin batera, foru legeak aurreikusten du fundazioak, beren borondatez, onar dezaketela babesletzaren esku-hartze handiagoa, beren estatutuetan jasotzen ahal dutelako organo horren baimena beharko dela jarduketa zehatz batzuk betetzeko.

Azkenik, foru legeak arautzen du aholkularitza lana, babesletzari dagokiona, eta haren egintzen eta erabakien aurkako errekurtsoak.

III. kapitulua Foru Administrazio Publikoaren fundazio publikoei buruzkoa da eta dio arlo hori honakoek arautzen dutela: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea, aurrekontu, ekonomia eta finantza araubideari dagokionez; eta 44.3 artikuluko e) letra, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean.

6

Amaiera aldeko xedapenei dagokienez, foru legeak bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azkeneko hiru xedapen ditu.

Lehen xedapen iragankorrean aurreikusten da babesletza ofizioz esleituko zaiela egun Erregistroan inskribatuta dauden eta Foru Berriaren aurreko arauei jarraikiz, babesletzaren menpe ez jartzea erabaki zuten fundazioei hain zuzen.

Bigarrenean, Erregistroan inskribatuta dauden fundazioentzako araubide iragankorra jasotzen da, haien estatutuak egokitu beharko baitituzte arau berrietara, bi urteko epean foru legeak indarra hartzen duenetik, eta hala egin ezean izanen dituzten ondorio juridikoak ere zehazten dira.

Xedapen indargabetzaile bakarrak foru legean ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenen indargabetze orokorra jasotzen du. Horrekin batera, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen I. tituluko II., III., IV. eta V. kapituluak berariaz indargabetzea jasotzen du, eta gainerako edukiak indarrean jarraituko duela; aurrerantzean ere arau horren zerga onurak aplikatuko zaizkie fundazioei. Xedatzen da, halaber, Nafarroako Fundazioen Erregistroaren Egitura eta Funtzionamendua arautzen dituen azaroaren 11ko 613/1996 Foru Dekretuaren zenbait agindu indargabetzea, foru legean aurreikusitakoari aurka egiten diotenak hain zuzen.

Azken xedapenak erregelamenduzko garapenari, arau-igorpenei eta foru lege honek indarra hartzeari buruzkoak dira.

I. TITULUA

Kontzeptua, sorkuntza eta bilakaera juridikoa

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Legearen xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazio edo Nafarroako Foru Berriaren 42. legearen lehen paragrafoaren babesean interes orokorreko helburuetarako eratzen diren fundazioen araubide juridikoa ezartzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru lege hau aplikatuko zaie 1. artikuluaren arabera eratuta egonik beren jarduerak nagusiki Nafarroako Foru Komunitatean egiten dituzten fundazioei, ezertan galarazi gabe harreman instrumentalak ezartzea beste lurralde esparru batzuetan.

2. Ondorio horietarako, halaber ulertzen da fundazio batek bere jarduerak nagusiki Nafarroako Foru Komunitatean egiten dituela baldin eta, 1. artikuluaren arabera eratuta egonda, bere jarduera nagusiki atzerrian egin eta bere patronatuaren egoitza Nafarroan badu.

3. Foru lege hau Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatutako atzerriko fundazioen ordezkaritzei ere aplikatuko zaie, baldin eta beren jarduerak nagusiki Nafarroan egiten badituzte.

3. artikulua. Kontzeptua eta araubide juridikoa.

1. Fundazioak irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoak dira, beren ondarea interes orokorreko xedeak betetzeari modu iraunkorrean atxikia dutenak.

2. Fundazioak honakoek arautzen dituzte: fundatzaileen borondateak, fundazioen estatutuek eta, kasu guztietan, Nafarroako Foru Berriak eta foru lege honek, bai eta fundazioen arloko gainerako arau indardunek ere.

4. artikulua. Helburuak.

1. Fundazioek interes orokorreko helburu hauetako bat edo batzuk izan behar dituzte:

a) Giza eskubideak, bortxazko egintzen biktimak eta bestelako hondamendienak defendatzea.

b) Printzipio demokratikoak eta zibikoak defendatzea.

c) Hezkuntza, zientzia eta ikerketaren arlokoak.

d) Osasun eta kirol arlokoak eta bizi ohitura osasuntsuak sustatzekoak.

e) Kulturaren sustapena eta zabalkundea; kultur ondarearen defentsa, bai eta hizkuntz-aberastasuna eta -dibertsitatea sustatzea ere.

f) Ingurumena eta garapen-eredu jasangarria defendatzea.

g) Ekonomia eta ekintza soziala sustatzea.

h) Garapenerako lankidetza eta boluntariotza soziala sustatzea.

i) Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna, zeharkakotasunez; hau da, fundazioek dituzten interes orokorreko helburu guztietan eraginez.

j) Irisgarritasun unibertsala sustatzea eta pertsonen erabateko integrazio eta berdintasunerako traba diren oztopoak kentzea, zeharkakotasunez; hau da, fundazioek dituzten interes orokorreko helburu guztietan eraginez.

k) Garapen teknologikoa eta informazioaren gizartea.

l) Enplegu betearen eta lanbide-arloko aukera-berdintasunaren sustapena.

m) Interes orokorreko antzeko beste edozein helburu.

2. Ezin izanen da fundaziorik sortu, helburu nagusia denean haien prestazioak edo jarduerak zuzenduta egotea fundatzaileei, patronatuko kideei, haien ezkontideei edo antzeko afektibitate harreman baten bidez haiekin lotutako pertsonei, haien odol edo ezkontza bidezko laugarren gradurainoko ahaideei (gradu hori barne), bai eta interes orokorreko helbururik ez duten pertsona juridikoei ere.

3. Aurreko apartatuan xedatutakoa ez zaie aplikatuko helburu bakar edo nagusitzat Espainiako ondare historikoaren parte diren ondasunak kontserbatu eta zaharberritzea duten fundazioei, baldin eta betetzen badituzte beraiei buruzko araudian ezarritako betekizunak; bereziki, ondasun horietarako bisitak baimendu eta ondasun horiek jendaurrean ikusgai jartzeko betebeharrak. Era berean, ez zaie aplikatuko balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden gizarte-laguntzako edo kirol arloko jarduerak egiten dituzten entitateei.

5. artikulua. Hartzaileak eta onuradunak.

1. Hartzaile dira pertsona-kolektibitate orokor eta zehaztugabeak, fundazioaren xedeen arabera entitatearen jardueren jomuga direnak. Halakotzat jotzen dira, halaber, enpresa bateko edo batzuetako langileak eta haien senitartekoak.

2. Onuradun dira hartzaile edo hartzaile-taldeak, inpartzialtasunaren, diskriminaziorik ezaren eta objektibotasunaren printzipioei jarraikiz patronatuak hautaturik suertatzen direnak fundazioaren jarduera eta onura zehatzak jasotzeko.

3. Fundazioen jardueren onuradun izan daitezke aurreko artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren pertsonak, baldin, hartzaileen kolektibitate orokor eta zehaztugabeetako kide izanik, aurreko apartatuan ezarritako irizpideekin bat hautatu badira, aukeraketa horretan absteniturik prozesu edo erabaki horien onuradunekin zerikusia duten pertsonak.

6. artikulua. Nortasun juridikoa.

1. Nafarroako Foru Berriarekin bat, 1. artikuluan aipatzen diren fundazioek nortasun juridikoa lortzen dute eratze-egintza Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzen den unean.

2. Inskripzioa ukatzen ahalko zaie egintza hori araudi indarduneko aginduen araberakoa ez denean bakarrik.

3. Erregistroan inskribatutako entitateek baizik ez dute “Fundación” eta/edo “Fundazio” izena erabiltzerik izanen.

7. artikulua. Izena.

1. Fundazioen izenak bete beharko ditu indarreko legedian izenari buruz aurreikusitako baldintzak, debekuak eta erreserbak.

2. Fundazioen izenak ondoko arau hauek beteko ditu:

a) “Fundación” eta/edo “Fundazio” hitza erabili beharko da, eta ez da izen-kointzidentziarik edo -antzekotasunik izanen, halakorik non inolako nahasbiderik ekar baitezake fundazioen edozein erregistrotan lehendik inskribatuta dagoen beste ezein fundaziorekiko, edo beste erregistro publiko batean inskribatuta dagoen lehenagotiko beste ezein entitaterekiko.

b) Ezin izanen da erabili legeek ezarritakoaren kontrako terminorik edo adierazpiderik, edo pertsonen oinarrizko eskubideak urra ditzakeenik.

c) Ezin izanen da eratu Espainia izena edo autonomia erkidegoen nahiz toki entitateen izenak soilik erabiliz, eta ezin izanen dira baliatu erakunde ofizial edo publikoen izenak ere, nazionalak nahiz nazioartekoak izan, non eta ez den entitate fundatzaileen izena bera.

d) Fundatzailea ez den pertsona fisiko baten izena edo izenordea edo pertsona juridiko baten izena edo akronimoa erabili nahi izanez gero, hark edo haren legezko ordezkariak emandako esanbidezko baimena beharko da.

e) Ezin izanen da hartu fundazioaren helburuei ez dagozkien jarduerak aipatzen dituen izenik, ez eta fundazioaren izaeraz edo jardueraz nahasbidea edo okerreko ideia sor dezakeenik ere.

f) Ez dira onartuko beste entitate publiko edo pribatu batzuek beren lege berariazkoen bidez babestuta edo erreserbatuta dituzten izenak.

8. artikulua. Helbidea.

Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute helbidea Foru lege honen arabera eratuta egonda eta beren patronatuaren egoitza Nafarroan edukita beren jarduera nagusia Nafarroan egiten duten fundazioek, bai eta, beren jarduera nagusiki atzerrian eginik, beren patronatuaren egoitza Nafarroan dutenek ere.

9. artikulua. Atzerriko fundazioen ordezkaritzak.

1. Baldin eta atzerriko fundazioek, beren lege pertsonalaren araubidepean egonda, beren jarduerak nagusiki eta modu egonkorrean Nafarroako Foru Komunitatean egin nahi badituzte, foru lurraldean ordezkaritza bat izan beharko dute, zeina haien helbidea izanen baita foru lege honen ondorioetarako; halaber, Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dira.

2. Ordezkaritza Nafarroako Foru Komunitatean inskriba dadila nahi duten atzerriko fundazioek frogatu beharko dute modu baliodunean eratu direla beren lege pertsonalaren arabera, eta ordezkaritza horren eraketa eskritura publikoz formalizatu beharko dute, zeinak jasoko baitu Nafarroarako ordezkari iraunkor baten izendapena.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa frogatzen ez denean zilegi izanen da inskripzioa ukatzea, bai eta helburuak ez direnean interes orokorrekoak, foru lege honen 4. artikuluaren arabera.

3. Atzerriko fundazioek Nafarroako Foru Komunitatean dituzten ordezkaritzak gaia dela-eta dagokien departamentuko babesletzaren menpe geldituko dira, eta foru lege honetan aurreikusten den araubide juridikoa aplikatuko zaie.

II. KAPITULUA

Eraketa

10. artikulua. Fundatze-ahalmena.

1. Pertsona fisikoek eta pertsona juridiko publiko edo pribatuek eratzen ahal dituzte fundazioak.

2. Pertsona fisikoek ahalmena izan beharko dute zuzkidura osatzen duten ondasun eta eskubideak doako izaeraz, “inter vivos” edo “mortis causa”, xedatzeko.

3. Pertsona juridiko pribatuek organo eskudunaren esanbidezko erabakia beharko dute beren ondasunak doako izaeraz xedatzeko, aplikatzekoa zaien legeriarekin edo beren arau propioekin bat.

4. Pertsona juridiko publikoek gaitasuna izanen dute fundazioak eratzeko edo haien eraketan parte hartzeko, beren araudiarekin bat.

11. artikulua. Eraketa motak.

1. Fundazioa “inter vivos” edo “mortis causa” egintzen bidez eratzen ahalko da.

2. Fundazioaren “inter vivos” egintzen bitartezko eraketa eskritura publikoan eginen da.

3. Fundazioaren “mortis causa” egintzaren bitartezko eraketa testamentuz, oinordetza-itunez edo oinordetza emateko beste edozein moduz eginen da, Nafarroako Foru Berriarekin bat etorrita. Egintza horretan bildu beharko dira eratze-eskritura publikoari dagokionez arau honetan aurreikusten diren zehaztasun guztiak, salbu eta hurrengo apartatuan xedatutako kasuan.

4. Baldin fundazioa “mortis causa” egintzaren bidez eratzean xedatzailea mugatu bada fundazio bat sortzeko eta hasierako zuzkidurako ondasun eta eskubideak baliatzeko borondatea adieraztera, foru lege honetan eskatzen diren gainerako baldintzak jasotzen dituen eskritura publikoaren sinatzaile izanen dira “mortis causa” izaerako liberalitateen egikaritzea zuzenbidez dagokien pertsonak.

12. artikulua. Eratze-eskritura publikoa.

Fundazio baten eratze-eskrituran gutxienez ere zertzelada hauek jaso beharko dira:

a) Fundatzaile guztien izen-deiturak, adina eta egoera zibila, pertsona fisikoak badira; eta haien sozietate-izena, pertsona juridikoak badira. Eta, bi kasuetan, haien nazionalitatea, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

b) Fundazio bat eratzeko borondatea.

c) Hasierako zuzkidura, haren balorazioa eta hartarako ekarpenaren modu eta gauzatzea.

d) Fundazioaren izena. Eskritura publikoan adierazten den izenak zehatz-mehatz kointziditu beharko du izen-ziurtagiri negatiboan ageri denarekin.

e) Fundazioaren estatutuak.

f) Patronatua osatzen duten pertsonen identifikazioa, eta haien onarpena, fundazio-eraketaren unean egiten bada.

13. artikulua. Estatutuak.

1. Fundazioaren estatutuetan honako hauek jasoko dira:

a) Entitatearen izena, non “Fundación” eta/edo “Fundazio” hitzak agertu beharko baitira.

b) Fundazioaren helbidea eta nagusiki zer lurralde-eremutan eginen dituen bere jarduerak.

c) Fundazioaren iraunaldia, izaera mugagabearekin eratzen ez bada.

d) Fundazioaren helburuak.

e) Helburuak betetzera bideraturiko jarduera nagusiak zein diren.

f) Fundazio-helburuen betetzeari baliabideak aplikatzeko eta onuradunen zehaztapenerako oinarrizko arauak.

g) Patronatuaren osaera; haren kideak eta kargudunak hautatu eta ordezteko arauak; agintaldiaren iraupena, baldin eta epemuga edo epea baldin badu; kargua galtzeko arrazoiak; haren eskudantziak; eta eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua.

h) Kasua bada, fundazioaren beste organo batzuen araubidea eta beren gain hartu behar dituzten eginkizunak edo ahalmenak.

i) Ondarearekin zer egin, fundazioa azkenduz gero.

j) Legezko beste edozein xedapen eta baldintza, fundatzaileek ezarri gogo dutena.

2. Fundazioaren estatutuetako xedapenen bat edo fundatzaileen borondatearen adierazpenen bat foru lege honen kontrakoa izanez gero, ulertuko da ez dela ipini. Xedapen horrek fundazioaren beraren eratze-baliozkotasunari eragiten badio, ukoa emanen zaio Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzeari.

14. artikulua. Inskribatzeko dauden fundazioak.

1. Fundatze-agiria sinatuta egonik eta Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskripzioa egin bitartean, fundazioaren patronatuak, pertsona hautatuek beren izendapena onartu ondoren, inskripziorako beharrezkoak diren urratsak soilik eginen ditu, eta, horiez gain, haren ondarea kontserbatzeko ezinbestekoak diren bestelakoak eta fundazioarentzako kalterik gabe berandutu ezin direnak. Ulertuko da fundazioak ezinbesteko egintza horiek automatikoki onartuko dituela nortasun juridikoa eskuratzearekin batera.

2. Inskripzioa ez badute eskatzen edo prozeduraren ondoriozko zuzenketa-eskaerei ez badiete erantzuten horretara behartutako pertsonek, modu solidarioan hartuko dute beren gain kasuko erantzukizuna, fundazioa inskripzio prozesuan zegoelarik ez jardutearen eta aldi horretan egindako egintzen ondoriozkoa.

15. artikulua. Hasierako zuzkidura eta ondorengo gehikuntzak.

1. Fundatzaileek eratze-unean fundazioaren helburuen betetzera atxikitzen duten ondare-edukiko ondasun- eta eskubide-multzoak osatuko du hasierako zuzkidura.

2. Hasierako zuzkidura errebokaezina eta itzulezina izanen da, eta egokia eta nahikoa fundazioaren helburuak betetzeko; haren zenbatekoa eurotan adierazi beharko da eskritura publikoan, edozein motatako ondasun eta eskubideekin osatuta egon badaiteke ere. Diruaz bestelako ekarpenak berdin kuantifikatuko dira, eta eskriturari aditu independente baten tasazioa erantsiko zaio, erabili diren balorazio irizpideak zehazten dituena.

Kasu guztietan, ekarpenak egiazkoak direla frogatu beharko zaio notarioari. Diruzko ekarpenak banku-ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Diruaz bestelako ekarpenak frogatuko dira erregistroko datuen bidez, baldin badaude, akzioen edo partaidetzen zenbakiak aurkeztuz, kasua bada, edo zuzenbidean baliozkoa den edozein bitarteko erabiliz, baldin eta frogatzen badu ekarpenak egiazkoak direla haien izaeraren arabera.

3. Hasierako zuzkidura fundazioaren helburuetarako behar bezalakoa eta behar adinakoa dela justifikatze aldera, fundatzaileak edo fundatzaileek Erregistroan lehen jarduketa-programa aurkeztu beharko dute, zeinak urtebeteko epea hartuko baitu, bai eta fundazioaren bideragarritasunari buruzko azterlan ekonomiko bat ere, zeinak barne hartuko baitu programako jarduera guztien finantzaketa osoa, xehakatua eta identifikagarria.

Aurrekoa gorabehera, hasierako zuzkidura behar bezalakotzat eta behar adinakotzat joko da presuntzioz, horren balio ekonomikoa 10.000 euro baino gehiagokoa bada. Kasu horretan, gainera, ez da beharrezkoa izanen aurreko paragrafoan aipaturiko azterlan ekonomikoa aurkeztea.

4. Hasierako zuzkiduraren diruzko ekarpenak emanalditan egin daitezke. Horrela egiten bada, hasierako emanaldia ez da izanen fundatzailearen borondateak aurreikusitako guztizko zenbatekoaren %25 baino txikiagoa, eta gainerakoa gehienez ere bost urteko epean ipini beharko da, eratze-eskritura publikoa sinatzen denetik.

5. Hirugarrenek konprometitutako ekarpenak hasierako zuzkiduratzat hartzen ahalko dira, baldin eta betebehar hori jasota badago betearazpena daukaten tituluetan.

6. Inola ere ez da hasierako zuzkiduratzat hartuko dohaintzak biltzeko asmo hutsa, are kuotak edo aldizkako dirulaguntzak badira ere, edo doako izaera duen beste edozein diru-sarrera.

7. Fundazioaren bizitzan zehar handitzen ahalko da fundazioa eratzeko egokia eta nahikoa dela frogatuta dagoen hasierako zuzkidura, diruzko ekarpen gehiago eginez nahiz ondare horretan jada agertzen ziren erreserbak edo soberakinak eraldatuz, dela borondatez, dela legeak behartuta. Handitzen ahalko da, halaber, fundatzaileek edo hirugarrenek ondare-ondasunen edo -eskubideen zuzkidura gisa egindako ekarpenaren bidez, edo patronatuak fundazioaren helburuetarako atxikipen iraunkorra egitea erabakirik. Fundazioa eratu ondoko zuzkidura-gehikuntzak ez dira hasierako zuzkiduratzat hartuko, non eta ez den eratze-eskritura aldatzen, esanbidez hala ezartzeko; horrenbestez, gehikuntza horiek ez dira ez errebokaezinak ez eta itzulezinak ere izanen.

III. KAPITULUA

Fundazioen aldaketa, bat-egitea, zatiketa eta azkentzea

16. artikulua. Fundazio-agiriaren edo estatutuen aldakuntza.

1. Patronatuak zilegi izanen du arrazoituz hartzea fundazio-agiriaren edo fundazioaren estatutuen edukia aldatzeko erabakia, baldin eta fundatzaileek ez badute halako egintzarik debekatu, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta komenigarria bada entitatearen interesei begira eta haren helburuak hobeki lortzeko.

2. Patronatua behartuta dago estatutuen aldakuntza erabakitzera fundazioaren eraketa ekarri zuten inguruabarrak halako moduan aldatu direnean non ezinezkoa gertatzen baita fundazioak haiei jarraiturik egokiro jardutea. Aldakuntza horretarako erabakia ezin izanen da hartu baldin eta fundatzaileek kasu horretarako erabaki bazuten fundazioa azkendu beharra dagoela. Kasu horretan, azkentzea erabaki beharko du patronatuak. Bi kasuetan, patronatua behartuta egonen da bere jarduketa arrazoitzera, eta ez badu jarduten, horrek ekar ditzakeen erantzukizunak hartuko ditu bere gain.

3. Aldakuntzarako erabakia arrazoitua izan beharko da, eta eskritura publikoan jaso.

17. artikulua. Fundazioen bat-egitea.

1. Patronatuak erabaki dezake fundazioak bat egin dezala beste fundazio batekin edo batzuekin, baldin eta fundazioaren helburua errespetatzen bada eta erabaki hori fundatzaileek ez badute debekatu. Bat-egitea gauzatuko da parte hartzen duten fundazioetako patronatu guztiek erabakia hartu ondoren.

2. Fundazioen bat-egitearen arrazoia izanen da fundazioen helburuak hobeki betetzea, eta bide hauetatik gauzatzen ahalko da:

a) Fundazio bat edo batzuk beste batek irensten dituenean, zeinak oinordetza unibertsalaren bidez eskuratuko baititu irentsitako fundazioaren edo fundazioen ondareak. Irentsitakoak likidaziorik gabe azkenduko dira, baina oinordetza unibertsalerako beharrezkoak diren balantzeak onartu beharko dira.

b) Bat egindako fundazioen likidaziorik gabeko azkentzearen bitartez fundazio berri bat sorturik, eta haien ondareak fundazio berriari eskualdaturik. Fundazio berriak oinordetza unibertsalaren bidez eskuratuko ditu.

3. Bat-egite erabakiak arrazoitua izan beharko du, bat-egitean parte hartzen duten fundazioek hartua, eta eskritura publikoan jaso beharko da. Erabakian jaso beharko dira, parte hartzen duten fundazioen inguruabar orokorrez gain, bat-egitearen ondorioz sortzen den fundazioaren estatutuak, lehen patronatua osatzen duten pertsonen identifikazioa, azkendutako fundazioen bat-egitearen balantzea eta haren data, kontabilitate-ondorioetarako. Bat-egitearen eskritura publikoari erantsiko zaio, halaber, parte hartzen duten fundazioetako patronatuek onetsitako bat-egite erabakien egiaztagiria.

4. Fundazio berri bat bi fundazioren edo gehiagoren bat-egitearen bidez sortzeko, fundazioen eraketarako aurreikusitako izapideak bete beharko dira.

5. Irentsizko bat-egiteetan bete beharreko izapideak estatutu-aldaketarako aurreikusitakoak izanen dira.

6. Araubide desberdinen menpeko fundazioen bat-egiteetan, Nafarroako araudia aplikatuko da baldin sortzen den fundazio berriaren helbidea Foru Komunitateko lurraldean ezartzen bada, bere jarduerak nagusiki esparru horretan gauzatu behar izateagatik.

7. Patronatuek bete beharko dituzte erabakitako bat-egiteari dagokionez indarreko araudiak eta bakoitzaren estatutuek ezartzen dituzten betebeharrak.

18. artikulua. Fundazioen zatiketa.

1. Patronatuak erabakitzen ahalko du zatiketa egitea, eta helburu horrekin bere ondarearen parte bat banandu, beste fundazio bat sortzeko nahiz lehendik dagoen beste fundazio bati eskualdatzeko, baldin eta horrela jokatzea ez badute debekatu fundatzaileek eta justifikatzen bada zatiketa hori fundazio zatituaren helburuak hobeki betetzearren egiten dela.

2. Zatitze-erabakiak arrazoitua izan beharko du, zatiketan parte hartzen duten fundazio guztiek sinatua, eta eskritura publikoan jaso beharko da. Erabakiaren edukiak bilduko ditu parte hartzen duten fundazioen inguruabar orokorrak, zatiketaren ondorioz sortzen den fundazioaren dokumentazio-sortzea eta zatituaren dokumentazio-aldaketa, eta bi fundazioen balantzea. Eskritura publikoari halaber erantsiko zaizkio parte hartzen duten fundazioetako patronatuek onetsitako zatitze-erabakien egiaztagiriak.

3. Fundazio berri bat beste baten ondarea zatituz sortzeko, fundazioen eraketarako aurreikusitako izapideak bete beharko dira.

4. Fundazio baten ondarea beste baten ondarea zatituz handitzeko, estatutu-aldaketarako aurreikusitako izapideak bete beharko dira.

5. Patronatuak behartuta daude erabakitako zatiketari dagokionez indarreko araudiak eta kasuko estatutuek ezartzen dituzten betebeharrak betetzera.

19. artikulua. Fundazioen azkentzea.

1. Estatutuetan xedatzen ahalko da fundazioa azkenduko dela patronatuak hala erabakita, erabaki hori estatutuetan bertan zehazten den gehiengoarekin harturik. Erabakian adierazi beharko da zein diren erabakia hartzeko oinarri izandako inguruabarrak. Horrez gain, fundazioaren azkentze-zergatiak izanen dira:

a) Zein epealditarako eratu zen, epealdi hori bukatzea.

b) Fundazioaren helburua osotara betetzea.

c) Fundazioaren helburua betetzea ezinezkoa izatea.

d) Fundazioaren jardueren edo helburuen ilegaltasun zibil edo penala, epai irmoz deklaratua.

e) Azkentzea dakarren bat-egite prozedura.

f) Fundazio-agirian, estatutuetan edo indarreko araudian aurreikusitako beste arrazoi batzuk.

2. Fundazioaren azkentzea patronatuak erabaki beharko du, salbu eta tartean arrazoi automatikorik badago edo ebazpen judizial baten bidez agintzen denean.

3. Azkentze-erabakia arrazoitua izanen da eta eskritura publikoan jaso beharko da. Erabakiak azkentzearen data zehaztuko du, kontabilitate-ondorioetarako.

4. Patronatuak bete eginen ditu erabakitako azkentzeari dagokionez indarreko araudiak eta bere estatutuek ezartzen dituzten betebeharrak, eta bere gain hartuko ditu, halakorik bada, bere jarduterik ezaren ondorioz sor litezkeen erantzukizunak.

20. artikulua. Gerakin den hartzekoaren likidazioa eta adjudikazioa.

1. Fundazioaren azkentzeak ekarriko du, hala bada, likidazio prozedura bat irekitzea, indarreko araudian xedatutakoarekin bat etorriko dena.

2. Patronatuak zilegi izanen du bere burua likidazio-batzorde gisa eratzea, edo batzorde hori osatuko duten pertsonak izendatzea. Batzorde hori izendatuta eta karguak onartuta daudenean, patronatuak funtzionatzeari utziko dio zeharo.

3. Likidazio egintzei dagokienez, likidazio batzordeko kideek fundazioaren patronatuko kideen eskubide, betebehar eta erantzukizun berberak izanen dituzte.

4. Likidazio eragiketak eskritura publikoan formalizatuko dira, eta bertan jasoko da onartutako likidazio balantzea ere. Egiteko dauden eragiketak eta horiek egiteko modua ere zehaztuko dira.

21. artikulua. Geratzen den ondarearen erabilera.

Azkentzea erabakitzean, patronatuak halaber erabakiko du likidazioa egin ondoren geratzen diren ondasun eta eskubideen norakoa. Geratzen den ondareak izanen du fundatzaileek estatutuetan edo fundazio-agirian aurreikusitako norakoa, baldin eta norako hori fundazioarenak bezalako interes orokorreko helburuak dituzten entitate publikoek edo irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek osatua bada.

II. TITULUA

Jardunbidea eta araubide ekonomikoa

I. KAPITULUA

Fundazioen gobernua

LEHENENGO ATALA

Patronatua

22. artikulua. Patronatua.

1. Fundazioaren gobernua, administrazioa eta ordezkaritza Patronatuari dagozkio. Patronatuak izanen eta erabiliko ditu indarreko araudian xedatutakoaren arabera eta eratze-egintzan eta estatutuetan adierazten den fundatzaile(ar)en borondateari jarraikiz dagozkion ahalmen eta eginkizun guztiak.

2. Patronatuari dagokio fundazioaren xedeak bete eta betearaztea eta fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak administratzea, horien errendimendua eta erabilgarritasuna osorik mantenduz, kudeaketa onaren irizpide ekonomiko eta finantzarioen arabera.

23. artikulua. Patronatuaren osaera.

1. Patronatua hiru pertsonak osatuko dute gutxienez, eta estatutuetan finkatuko da haren osaera zehatza. Zilegi izanen da osaera-zehaztapen hori gehieneko kide kopurua eta gutxienekoa adieraziz egitea. Osaera zehaztean, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da.

2. Pertsona fisikoek pertsonalki jardun beharko dute karguan. Dena den, zilegi izanen da lehendik hautaturiko beste patronatu-kide batek haren izenean eta hura ordezkatuz jardutea. Ordezkaritza hori ekintza zehatzetarako izanen da, eta kide ordezkatuak, kasua bada, idatziz horretarako adieraziko dituen jarraibideak beterik.

3. Karguagatiko kideen ordez jarduten ahalko dute haien ordezpena egitea dagokien pertsonek.

4. Lehendabiziko patronatua fundazioaren eratze-eskrituran izendatutakoa izanen da. Eskritura horretan nahiz estatutuetan aurreikusten ahalko da patronatuan biziarteko kideak edo karguagatikoak egotea.

5. Biziarteko kide izanen dira agintaldiaren iraupena hil artekoa dutenak. Karguagatiko kide izanen dira hautatzen direnak estatutuek ezarritako aldez aurreko baldintza betetzeagatik, eta haien agintaldiak iraunen du baldintza hori betetzeak eskatzen duen kargua, lanbidea, duintasuna edo inguruabarra betetzen den denbora-epea.

6. Estatutuetan ezarriko da patronatuko kideak hautatzeko edo berritzeko bidea, haien agintaldiaren iraupena edo epemuga, jarraian berriz hautatuak izateko aukera, kargu hutsak betetzeko prozedura eta kideak kanpoan, eri edo aldi baterako ezindurik dauden kasuan ordezpena egiteko modua.

7. Kasu guztietan, patronatuak lehendakari bat eta idazkari bat izanen ditu. Idazkaria organoko kide ez denean izan ezik, kargu horietan eta patronatuko beste batzuetan –horiek aurreikusita badaude eratze-agirian edo estatutuetan– jardun behar duten pertsonak patronatuko kideen artean hautatuko dira, agiri horietan aurreikusitako moduan. Hautatzeko moduaz ezer aurreikusirik ez badago, patronatuak aukeratuko ditu erabaki bidez. Patronatuko idazkaria patronatuko kide ez den bat izan daiteke, eta, kasu horretan, hizpidea izanen du, baina botorik ez.

8. Estatutuetan berariazko izen edo eginkizunik esleiturik ez duten karguak dituzten patronatuko kideak bokalak izanen dira.

24. artikulua. Patronatuko kideak.

1. Patronatuko kide izaten ahalko dira pertsona fisikoak eta juridikoak.

2. Pertsona fisikoek jarduteko gaitasun osoa izan behar dute eta, horrez gain, ez dute kargu publikoetan aritzeko desgaiturik egon ez eta inolako bateraezintasun-arrazoitan eroriak egon behar.

3. Pertsona juridikoek beren ordezkari aritzeko pertsona fisikoa edo fisikoak hautatuko dituzte, eta halaber zehaztuko dute, horiek bat baino gehiago direnean, horiek ordezteko hurrenkera, hori guztia estatutuetan ezarritako moduan.

4. Patronatuko kideek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beren eginkizunak ordezkaritza leialari dagokion arduraz bete, eta, beren jarduketetan, indarreko lege xedapenek eta fundazioaren estatutuek ezarritakoa bete.

b) Fundazioari buruzko informazio konfidentzialak isilean gorde, are kargua utzi ondoren ere.

5. Patronatuko kideek independentziaz erabiliko dituzte beren ahalmenak, oztopo edo mugarik gabe, eta haien ebazpen edo erabakiak hartzeko ezin izanen zaie inolako baldintzarik ezarri, estatutuetan eta indarreko araudian esanbidez jasota daudenez harago.

6. Patronatuko kideak ezin izanen dira patronatuan duten tokiaz baliatu onura pertsonalak edo materialak lortzeko, eta, beren karguaren ondorioz jarduketa irregularren berri izanez gero, edozein dela ere, organo eskudunei jakinarazi beharko diete.

25. artikulua. Onartzea eta uko egitea.

1. Patronatuko kideak beren eginkizunak gauzatzen hasiko dira izendapena –eta kargua, kasua bada– berariaz onartu ondoren.

2. Agiri publiko nahiz pribatu batean gauzatu beharko da onarpena edo ukoa, notarioak legeztatutako sinadurarekin. Patronatuaren aurrean ere egiten ahalko dira onarpena nahiz ukoa, eta idazkariak jaulkitako ziurtagiri baten bidez frogatuko dira, Fundazioen Erregistroan pertsonalki agertuz edo zuzenbidean balio duen edozein bitarteko erabiliz, horren berri modu fidagarrian ematen badu.

3. Patronatuko kideak izendatzeko eta kargugabetzeko erabakiak Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira.

26. artikulua. Patronatuko kideen erantzukizuna.

1. Patronatuko kideak erantzule solidarioak izanen dira fundazioaren aurrean, araudiaren edo estatutuen kontrako egintzen ondorioz sortzen dituzten kalte eta galerengatik, edota beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den ardurarik gabe egindakoengatik.

2. Patronatuko kideak inbentario-onura galtzearen erantzule izanen dira fundazioaren aurrean, Kode Zibilaren 1204. artikuluak aipatzen dituen egintzengatik, bai eta Nafarroako Foru Berriaren 318. legean aipatzen den itzulketa faltaren erantzule ere.

3. Ez dute erantzukizunik izanen erabakiaren aurka bozkatu dutenek edo frogatzen dutenek ez zekitela, erabakiaren hartze eta gauzatzean esku hartu gabe, erabakia zegoenik, edota, haren berri izanda ere, kaltea saihesteko komeni zen guztia egin zutela edo, gutxienez, erabakiaren aurka esanbidez egin zutela.

27. artikulua. Karguaren doakotasuna.

1. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren eginkizunak, baina eskubidea izanen dute eginkizun horietan jarduteak eragiten dituen eta behar bezala justifikatzen diren gastuak ordain dakizkien. Nolanahi ere, kontzeptu horrengatik jasotako diru-kopuruek ezin izanen dituzte gainditu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko araudian zergarik gabeko dietatzat hartu ahal izateko ezartzen diren mugak.

2. Pertsona horiek, gainera, ezin izanen dute partaidetzarik izan entitatearen emaitza ekonomikoetan; ez beraiek zuzenean, ez bitarteko pertsonen edo erakundeen bidez.

28. artikulua. Bateraezintasunak.

1. Bateraezina da patronatuko kidearen kargua eta fundazioari edonolako zerbitzu ordaindu ematea. Bateraezintasun bera izanen du fundatzaileak eta bere ezkontideak edo antzeko afektibitate harreman baten bidez harekin lotuta dagoenak.

2. Kargua bateraezina izanen da beste kargu eta lanpostu batzuekin ere, hala ezarrita baldin badago foru lege honetan edo indarreko beste arau batzuetan.

29. artikulua. Karguaren iraupena.

Patronatuko kide izateko denbora mugagabea edo aldi batekoa izan daiteke, baita patronatuko karguduna izatekoa ere. Kargudunen kasuan, mugarik gabe aukeratzen ahalko dira, fundazioaren estatutuetan kontrakorik aurreikusita ez badago.

30. artikulua. Kargu-uztea eta etetea.

1. Fundazioko patronatuko kideak kargua kasu hauetan utziko du:

a) Hiltzen denean edo hilda dagoela deklaratzen denean; baita pertsona juridikoa azkentzen denean ere.

b) Ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

c) Izendatzeko arrazoia izan zen kargua uzten duenean.

d) Kargua behar den arduraz ez betetzeagatik, hala deklaratzen badu patronatuak berak, entzunaldia eman ondoren eta estatutuetan aurreikusitako moduan, edo ebazpen judizial bidez.

e) Erantzukizun-akzioaren ondoriozko ebazpen judizialak hala agintzeagatik, indarreko araudian aurreikusitako moduan.

f) Agintaldia amaitzen denean, izendapena aldi zehatz baterako izan bazen.

g) Uko egiten zaionean. Onarpenerako aurreikusitako izapideen bidez gauzatuko da.

h) Estatutuek kargu-uztea baliozkoa izateko ezarritako arrazoiengatik.

2. Patronatuko kide izaeraren etetea kautelaz erabaki dezakete organo judizialek, kideen kontra erantzukizun akzioa aurkezten denean.

31. artikulua. Patronatuan hutsik dauden kide postuak betetzea eta ordeztea.

1. Patronatuan hutsik dauden kideen postuak betetzeko, eta kideak eri edo aldi baterako kanpoan daudenean ordezteko, estatutuetan aurreikusitakoa beteko da.

2. Patronatuko kideen kopurua noizbait ere hiru baino txikiagoa bada, patronatuak berehala hautatu beharko ditu gutxieneko kopuru hori iristeko beharrezkoak diren kideak, eta sei hilabeteko epea izanen du horretarako. Epe horretan gutxieneko kide kopurua izatea lortu ezean, patronatuko kideek fundazioaren azkentzea sustatu beharko dute berehala, edo patronatuaren osaeraren aldaketa, gutxieneko kopuru hori errespetatzen bada.

3. 16.1 artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, patronatuko kideen kopurua noizbait ere estatutuetan ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, patronatuak berehala hautatu beharko ditu estatutuetako gutxieneko kopuru hori iristeko beharrezkoak diren kideak, eta sei hilabeteko epea izanen du horretarako. Epe horretan gutxieneko kide kopurua izatea lortu ezean, patronatuko kideek fundazioaren azkentzea sustatu beharko dute berehala, edo estatutuen aldakuntza, zeinak patronatuaren osaera berria ezarriko baitu, halakoa non betetako karguen kopurua izanen baita dagoen kide kopuruaren araberakoa, betiere hiru kideko gutxieneko kopurua errespetatuz.

4. Fundatzaileek edo, halakorik ezean, patronatuak, estatutuetan arautuko dute nola jokatu behar den patronatuko kideak izendatzeko, fundazioaren bizitzako uneren batean hura osatzen duten kide guztiak falta izatearen kasuan.

32. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Fundazioaren ordezkaritza legala, judiziala edo estrajudiziala izatea.

b) Patronatuaren bileretarako deia egin, gai-zerrenda finkatu, eztabaidak moderatu eta bilerei bukaera ematea.

c) Patronatuaren erabakiak betetzen direla zaintzea.

d) Estatutuak eta indarreko araudia betetzen direla zaintzea.

e) Araudian edo estatutuetan esleitua duen beste edozein ahalmen, eta berariaz eskuordetzen zaizkionak.

33. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Patronatuaren bileretarako deia egitea lehendakariak hala aginduta, eta organoko kideentzako zitazioak egitea.

b) Bileretara joatea eta haien aktak egitea, akta horietan honakoak jasorik: bilerako partaideen izenak (bertaratu direnak zein ordezkatuta daudenak), bileraren gai-zerrenda, noiz eta non egin den, eztabaiden puntu nagusiak –patronatu-kideek hala eskatzen badute–, eta hartutako erabakien edukia.

c) Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea.

d) Ziurtagiriak ematea lehendakariak edo haren ordezkoak ontzat emanik, eta behar diren txostenak egitea.

e) Diruzaintzako eginkizunak bere gain hartzea patronatuan diruzain kargurik ez badago.

f) Araudian edo estatutuetan esleitua duen beste edozein ahalmen, eta berariaz eskuordetzen zaizkionak, patronatuko kidea baldin bada.

34. artikulua. Lehendakariordearen eginkizunak.

Estatutuetan aurreikusten ahalko da patronatuak kargu hau izatea eta haren eginkizunak zein diren, baina, edozein kasutan, lehendakariorde kargua betetzen duen patronatuko kideak beteko ditu –izendatutakoak bat baino gehiago badira, izendapenaren hurrenkeran– lehendakaria ordezteko eginkizunak, kargu hori hutsik badago edo hura kanpoan edo eri dagoenean, edo bateraezintasuna duenean.

35. artikulua. Diruzainaren eginkizunak.

Estatutuetan aurreikusten ahalko da kargu hau egotea eta zer eginkizun dituen; baina, kasu guztietan, diruzain kargua betetzen duen patronatu-kideak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Fundazioaren funtsak zaintzea eta kontabilitateaz arduratzea.

b) Lehendakariarekin batera, funts-xedapena baimentzea.

c) Inbentarioa, egoeraren balantzea, emaitzen kontua eta oroitidazki ekonomikoa prestatzea.

d) Araudian edo estatutuetan esleitua duen beste edozein ahalmen, eta esanbidez eskuordetzen zaizkionak.

BIGARREN ATALA

Patronatuaren ahalmenak eta jardunbidea

36. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

1. Patronatuaren ahalmenen esparrukoak dira fundazioaren gobernuari, ordezkaritzari eta administrazioari dagozkien afera guztiak, eta, horrekin batera, estatutuen interpretazioari eta aldaketari dagozkienak ere, kontrakoa aurreikusita egon ezean, ahalmen horietakoren bat fundatzailearentzat gorde delako; horrek ez du ukatzen 31. artikuluan xedatutakoa.

2. Patronatuak eskudantzia eta ahalmen hauek izanen ditu:

a) Fundazioaren zereginaren goi zuzendaritza, ikuskapena, zainketa eta orientazioa.

b) Estatutuen aldakuntza erabakitzea horietan aurreikusitako moduan, eta estatutuak interpretatzea.

c) Fundazioaren bat-egitea erabakitzea estatutuetan aurreikusitako moduan.

d) Fundazioaren azkentzea erabakitzea, horretarako arrazoiren bat dagoenean.

e) Fundazioaren jarduketarako lehentasunak ezartzea eta ildo orokorrak finkatzea funts erabilgarrien banaketa eta aplikaziorako, entitatearen helburuak ahal den hobekien bete beharrez.

f) Hurrengo ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurrekontua onestea.

g) Inbentarioa, egoeraren balantzea, emaitzen kontua, jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa jasotzen dituen oroitidazkia eta aldi horretako diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa onestea.

h) Objektibotasunez hautatzea fundazioaren prestazioen onuradun izanen diren pertsonak.

i) Prestazioak eta elkarlanerako bideak ezartzea fundazioaren helburuekin zerikusia duten pertsona edo erakunde publiko nahiz pribatuekin.

j) Jaraunspenak, legatuak edo dohaintzak onartzea edo arbuiatzea, fundazioarentzat komenigarria dela iritziz gero.

k) Mailegu- edo kreditu-eragiketen eta kreditu-entitateekiko beste edozein eragiketa finantzarioren formalizazioa hitzartzea.

l) Fundazioaren ondasun eta eskubide guztiak erabili, administratu, kontserbatu, zaindu eta defendatzeko eginkizun guztiak betetzea oro har, epaiketetan zein horietatik kanpo.

m) Ordezkaritzak ireki eta ixtea erabakitzea.

n) Bere ahalmenak patronatuko kide bati edo batzuei eskuordetzea, foru lege honen 39. artikuluan ezarritako moduan.

ñ) Ahaldunak izendatzea, orokorrak nahiz bereziak izan.

o) Halakorik bada, fundazioaren beste organoak, estatutuetan aurreikusitakoak, osatzeko kideak izendatzea.

p) Baimentzea Babesletzak egiazta dezan fundazio-eskubidearen egikaritze egokia eta entitatearen jardunbidea legezkoa dela, eta betetzea, babesletzari dagokionez, komunikatu eta baimena eskatzeko betebeharrak, araudian edo estatutuetan aurreikusita daudenak.

q) Fundazioaren administrazio eta gobernurako eta ordezkaritzarako bete behar dituen gainerako ahalmenak, indarreko araudiak eta estatutuek esleituta dituenak.

37. artikulua. Patronatuaren bilerak.

Estatutuetan bestelakorik aurreikusi ezean, arau hauek zuzenduko dituzte patronatuaren bilerak:

1. Patronatua gutxienez urtean bi aldiz bilduko da, eta, gainera, lehendakariak dei egiten duen guztietan, edo kideen herenak gutxienez eskatzen duenean. Kasu horretan, lehendakariari zuzenduriko deialdi-eskaeran jasoko dira jorratu beharreko gaiak.

2. Deialdietan adierazita egonen dira eguneko gai-zerrenda eta bileraren inguruabarrak; garaiz jasoko direla egiaztatzeko aukera ematen duen edozein bide erabiliko da deialdiak helarazteko.

3. Ez da beharrezkoa izanen bilerarako deialdirik egitea baldin eta, patronatuko kide guztiak bilduta egonik, aho batez erabakitzen badute patronatuaren bilera bat egitea. Idazkari lanak organoko kide ez den norbaitek betetzen baditu eta une horretan bilkuran ez bada, bilera unibertsal horren idazkari lanak eginen ditu patronatuak bilkuraren hasieran horretarako izendatzen duen kideak.

4. Aurrez aurre edo urrutitik egin ahal izanen ditu bilerak patronatuak, eta kideak toki desberdinetan egoten ahalko dira, betiere, bide elektronikoen bidez egiaztatu daitekeenean haien nortasuna, eztabaidetan parte-hartzea, adierazpenen edukia eta noiz gertatzen diren. Horrez gain, interaktibitatea eta interkomunikazioa bermatu behar dira denbora errealean, eta ziurtatu behar da baliabide horiek saio guztian zehar eskuragarri daudela, baita boto ematea ere.

5. Patronatuaren eraketa baliozkoa izanen da, biltzearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, patronatuko lehendakaria eta idazkaria bileran direnean, bertaratuta nahiz urrutitik, edo estatutuen arabera haiek ordezten dituztenak, eta gutxienez ere patronatuko kideen erdiak, kopuru horretan sartuta lehen aipatutako kideak.

6. Idazkariak bilkuren akta eginen du, eta lehendakariak ontzat eman. Patronatuaren bilkura horretan bertan edo hurrengoan onetsiko dira aktak.

38. artikulua. Erabakiak nola hartu.

Estatutuetan bestelakorik aurreikusi ezean, patronatuaren bilerak arau hauek zuzenduko dituzte:

1. Oro har, patronatuaren eraketa baliozkoa bada, erabakiak hartuko dira bertaratutako kideen botoen gehiengo soilaz; hau da, aldeko botoen kopuruak kontrakoena gainditzen duenean. Berdinketa izanez gero, lehendakariak kalitatezko botoa izanen du.

2. Halere, botoen bi herenen aldeko botoa beharko da gai hauei buruzko erabakiak onesteko:

a) Estatutuen aldakuntza.

b) Fundazioaren bat-egitea.

c) Fundazioaren azkentzea.

d) Patronatuko kideen kargu-uztea.

e) Estatutuetan halakotzat ezartzen diren erabakiak.

HIRUGARREN ATALA

Ahalmenak eskuordetzea eta ahalduntzeak

39. artikulua. Eskuordetzea eta ahalduntzeak.

1. Estatutuetan debekaturik ez badago, patronatuak bere kide bati edo batzuei eskuordetzen ahalko dizkie bere ahalmenak.

2. Gai hauek ezin dira eskuordetu, ordea: kontuen, aurrekontuaren eta jarduketa planaren onespena, estatutuen aldakuntza, fundazioaren bat-egitea, azkentzea eta likidazioa, ez eta Babesletzaren baimena behar duten egintzak ere, indarreko araudiak hala behartzeagatik edo baimentze hori estatutuetan aurreikusirik egoteagatik.

3. Patronatuak ahal orokorrak eta bereziak eman eta errebokatzen ahalko ditu, estatutuetan kontrakorik xedatu ezean.

4. Ahalen eta eskuordetzeen erabilera, betiere, patronatuak berezkoak dituen eskumenen errespetuaren menpe egonen da, patronatua baita fundazioaren gobernu, administrazio eta ordezkaritzako organo gorena; halaber, fundazioaren estatutuetan erabilera horri dagokionez ezarritakoa bete beharko da.

LAUGARREN ATALA

Fundazioaren beste organo batzuk

40. artikulua. Organo delegatuak.

1. Patronatuak batzordeak eta beste edozein motatako organo delegatuak sortzen ahalko ditu, patronatuko kideek osatuak, baldin eta estatutuetan aurreikusita baldin badago.

2. Estatutuetan ezarriko dira organo horien osaera, eskudantziak eta jarduteko arauak.

3. Patronatuarekin duten harremanak bete beharko ditu aurreko artikuluan eginkizunen eskuordetzea eraentzen duten arauak.

41. artikulua. Zuzendaritza, laguntza eta lankidetza organoak.

1. Patronatuak, bere eginkizunak betetzeko, beste organo batzuk, kide bakarrekoak nahiz kide anitzekoak, izaten ahalko ditu gerentzia eginkizunak betetzeko edo kudeaketan laguntzeko, estatutuetan aurreikusita baldin badago.

2. Estatutuetan ezarriko dira organo horien osaera, eskudantziak eta jarduteko arauak, bai eta patronatuarekin duten harremana ere. Organoen osaeran, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea sustatuko da.

3. Organo horien helburua da patronatuak edo, halakorik bada, organo delegatuek hartutako erabakiak gauzatzea, eta beti jardunen dute patronatuaren jarraibideen menpe eta fundazioaren estatutuetan horretarako ezarritakoari loturik.

4. Patronatuko kideak ezin dira organo horietako kide izan, salbu eta lan horiek ordainsaririk jaso gabe betetzen badituzte.

42. artikulua. Kontsulta organoak.

1. Fundazioak aholkularitza organoak izaten ahalko ditu fundazioarentzat kontsulta eta laguntza zereginak betetzeko.

2. Organo horiek kide bakarrekoak nahiz kide anitzekoak izan daitezke, baita teknikoak edo parte-hartzekoak ere. Nolanahi ere, estatutuetan ezarriko da nola sortu organo horiek, horien osaera, eskudantziak, jardunbiderako arauak eta patronatuarekin izan beharreko harremana.

3. Organo horiek ez dute inola ere eginkizun exekutiborik izanen, eta beren ezagutza eta esperientzia eskuratuko dizkiote patronatuari, hark bere erabakiak hartzeko; eta haien ekarpenak ez dira inoiz ere lotesleak izanen, informatiboak eta teknikoak baizik.

4. Patronatuko kideak ezin dira izan organo horietako kide, bateraezintasun arrazoitzat hartuko baita.

II. KAPITULUA

Fundazioen jardunerako baldintzak eta araubide ekonomikoa

LEHENENGO ATALA

Baliabideak aplikatzeko eta onuradunak zehazteko oinarrizko arauak

43. artikulua. Fundazioaren baliabideen aplikazioa.

1. Fundazioaren ondasun eta errentak fundazioaren xedeak betetzeari zuzen eta berehala atxikita daudela ulertzen da.

2. Fundazioak aldian behin programatuko ditu bere helburuari dagozkion jarduerak, eta, horretarako, urtean behin prestazioen plangintza eginen da eta horiek nola egin eta adjudikatu erabakiko da.

44. artikulua. Onuradunak hautatzea.

1. Fundazioaren helburuak onuragarria izan behar du hartzaile-talde generikoentzat. Fundazioaren prestazioen onuradun izan daitezke patronatuaren iritziz horiek jasotzea merezi duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak.

2. Patronatuak hautatuko ditu onuradunak, inpartzialtasunaren eta diskriminaziorik ezaren irizpideei jarraikiz, ezaugarri hauek dituzten pertsonen artetik:

a) Fundazioak artaturiko populazio-sektorearen parte izatea.

b) Fundazioak eskaintzen ahal duen prestazioa edo zerbitzua eskatzea.

c) Haiek hautatuak izatea beren merezimenduak, gaitasuna, premia edo komenigarritasunaren arabera.

d) Bestelako baldintza batzuk betetzea, berariaz ezar daitezkeenak hain zuzen.

3. Inork ezin izanen du alegatu, ez bakarka ez taldean, onura horiek izateko eskubidea fundazioaren edo patronatuaren aurrean, haiek eman aurretik, ez eta pertsona jakin batzuei edo jende talde zehatzei esleitzeko beharra inposatu ere.

4. Inolaz ere ezin izanen dira hartzaile izan banaka zehaztutako pertsonak.

5. Fundatzaileak eta horien ezkontideak edo haiekin antzeko afektibitate harreman baten bidez lotuta daudenak, edo ahaideak, laugarren gradurainokoak barne, ezin izanen dira fundazioaren jardueren hartzaile nagusi izan, eta ezin izanen dute zerbitzuak jasotzeko baldintza berezirik izan.

Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko 4.3. artikuluak aipatzen dituen fundazioei.

6. Fundazioak onuradunei ematen dizkien zerbitzuak ordainpekoak izaten ahalko dira, baldin eta eskuratutako dirua fundazioen helburuetara bideratzen bada, eta ez badu eragiten hartzaile izan daitezkeen pertsonen esparruaren mugapen justifikaziogaberik.

BIGARREN ATALA

Araubide dokumentala, ekonomikoa eta kontabilitatekoa

45. artikulua. Ondarea.

1. Fundazioaren ondarea orotariko ondasun, eskubide eta betebeharrez osatuta egon daiteke, ekonomikoki baloratu ahal izanen direnak.

2. Zilegi izanen da fundazioaren ondarea jarauntsi-onarpenen bidez gehitzea, zeinak beti inbentario-onurarako egindakotzat hartuko baitira.

3. Fundazioaren ondarea inbertituko da fundazioaren helburuak bete eta errendimenduak edo ondare-gehikuntzak lortzeko egokiena den moduan.

46. artikulua. Betebehar dokumentalak.

1. Fundazioek patronatuaren eta fundazioko gainerako kide anitzeko organoen bilkuren akta liburu bat izan beharko dute.

Akta horiek estatutuetan ezarri bezala kautotuta egonen dira. Estatutuetan bestelako aipamenik ez badago, idazkariaren sinaduraz eta lehendakariak ontzat emanda izapidetuko dira.

2. Fundazioek halaber liburu egunkari bat eta inbentarioa eta urteko kontuak jasotzeko liburu bat izan behar dituzte; horien edukia eta egitura merkataritza-legerian horri buruz ezarritakoarekin bat etorriko dira.

47. artikulua. Errenten eta diru-sarreren erabilera.

1. Fundazioaren xedeak betetzeko erabili beharko da, gutxienez, fundazioaren kontabilitate-emaitzaren ehuneko 70, artikulu honetan adierazten diren doikuntzekin zuzenduta.

Kontabilitate-emaitzaren gainerakoa, fundazioaren xedeak betetzeko erabiltzen ez dena, alegia, zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratu beharko da, patronatuak erabakitzen duenaren arabera.

2. Honako hauek ez dira diru-sarrera gisa sartuko:

a) Fundatzaileak edo hirugarren pertsonek zuzkidura gisa emandako ondasunak eta eskubideak, baita modu iraunkorrean patronatuak fundazioaren xedeari atxikitako beste batzuk ere, besterentzeagatik edo kargatzeagatik lortzen den kontraprestazioa, sortuko zen gainbalioa barne.

b) Ondasun higiezinen (non entitatea bere berariazko xedeko jardueran aritzen baita) kostu bidezko eskualdaketan lortutako diru-sarrerak, betiere aipatu eskualdaketaren zenbatekoa berriro inbertitzen bada ondasun higiezinetan, zeinetan inguruabar hori gertatzen baita.

c) Fundazioa eratzen denean edo geroago zuzkidura gisa jasotako ekarpenak edo dohaintzak.

3. Ez dira honako gastu hauek kenduko:

a) Fundazioaren xedeak betetzeko gauzatzen diren jarduerekin lotura zuzena dutenak, amortizaziorako eta jarduera horiei atxikiak dauden ibilgetu-hornikuntzetarako zuzkidurak barne.

b) Fundazioaren xedeak betetzeko gauzatzen diren jardueren multzoari dagozkion gastu komunen zati proportzionala zehaztuko da jarduera bakoitzari baliabideak egiaz aplikatuta ondorioztatzen diren irizpide objektiboak erabiliz.

Aipatu gastu komun horietan, halakorik bada, ondoko hauek sartzen ahalko dira: kanpoko zerbitzuak, langileria, finantzak, tributuetakoak eta kudeaketa eta administrazioko bestelako gastuak, baita patronatuko kideei ordaindu behar zaizkienak ere, horretarako eskubidea dutenean, indarreko araudian ezarritakoari jarraikiz.

4. Diru-sarrera eta gastu horiek zehaztuko dira fundazioak egindako kontabilitatearen arabera, indarreko araudiari jarraikiz.

5. Fundazioaren xedeetarako egintzat hartzen da ekitaldi bakoitzean egindako gastu eta inbertsioen zenbatekoa, betiere fundazioaren estatutuetan zehaztutako horren berariazko xedeak betetzeko benetan erabili badira horiek, amortizazioetarako eta hornikuntzarako zuzkidurak izan ezik.

Errenten eta diru-sarreren erabileraren gaineko baldintza betetzen dela zehazteko, fundazioaren xedeak betetzeko erabili diren inbertsioak finantzatu badira zenbait ekitalditan banatu beharreko diru-sarrerekin (hala nola, dirulaguntzak, dohaintzak eta legatuak) edo besteren finantza baliabideekin, aipatu inbertsio horiek konputatuko dira diru-sarrerak konputatzen diren proportzio berean edo besteren finantzaketa amortizatzen den moduan.

6. Fundazioak errentak erabiltzen ahalko ditu aurreko 1. apartatuak aipatzen duen proportzioan, haiek jasotzen dituenetik lau urteko epean. Artikulu honetako 2., 3., 4. eta 5. zenbakietan ezarritako doikuntzak aplikatzean zuzendutako kontabilitate-emaitza negatiboa bada, emaitza horrek hurrengo urteetako helburuetara bideratzeko betebeharra murriztuko du.

7. Oroitidazkian eman beharreko informazioaren ondorioetarako, fundazioaren xedeen betetze-mailari dagokionez, ehuneko 70eko portzentajea zer emaitzaren gainean aplikatzen den zehaztuko da, eta fundazioaren xedeetarako erabiltzen diren gastuak eta inbertsioak, baita administrazioko gastuen zenbatekoa ere.

Aurreko ekitaldietako saldo aplikatugabeei dagokienez ere sartuko da informazio hori.

8. Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen administratzeak zuzenean sortutako gastuen zenbatekoa eta patronatuko kideei ordaindu beharreko gastuena –horretarako eskubidea dutenean– batuta, horien baturak ez du gaindituko zenbateko hauetako handiena:

a) Funts berekien ehuneko 5.

b) Fundazioaren kontabilitate emaitzaren ehuneko 20, artikulu honetan ezartzen diren doikuntzekin zuzendu ondoren.

48. artikulua. Jarduera ekonomikoak.

1. Fundazioek jarduera ekonomikoak betetzen ahalko dituzte baldin eta horien helburua fundazioaren xedeekin loturik badago edo horien osagarria nahiz gehigarria bada.

2. Halaber, era guztietako jarduera ekonomikoetan esku hartzen ahalko dute sozietateetan duten parte-hartzearen bidez, indarreko araudian aurreikusitakoarekin bat.

3. Fundazioek ezin izanen dute partaidetzarik izan merkataritza-sozietateetan, horietan modu pertsonalean hartu behar badute sozietatearen zorren gaineko erantzukizuna.

Zuzkiduraren parte baldin badira aurreko paragrafoan aipatzen diren sozietateetan fundazioak dituen partaidetzak, eta partaidetza horiek gehiengoa osatzen badute, fundazioak berehala egin beharko ditu sozietate horiek eraldatzeko behar diren jarduketak, fundazioaren erantzukizuna mugatzen duen forma juridikoa har dezaten.

49. artikulua. Kontabilitatea, auditoretza eta aurrekontuak.

1. Fundazioak kontabilitate ordenatua eta bere jarduerari egokitua izan beharko du, egindako eragiketen jarraipen kronologikoa egitea ahalbidetzen duena. Fundazioei nahitaez aplikatu beharrekoak izanen dira Kontabilitateko Plan Orokorreko egokitzapen arauak, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat ezarritakoak.

2. Urtero, fundazioaren patronatuak ondasunen inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua eginen ditu, zeinetan egiazkotasunez jaso behar baita zein den fundazioaren ekonomia-, finantza- eta ondare-egoera; horrez gain, oroitidazki bat prestatuko du, fundazioaren jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa zein izan diren azaltzeko, finantzaketa-taula ere barne dela, eta fundazioaren helburuak zenbateraino bete diren adierazteko. Oroitidazkian zehaztuko da, halaber, ondarea nola aldatu den eta gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan zer aldaketa izan diren.

3. Fundazioek Babesletzari aurkeztuko dizkiote aurreko apartatuan aipatzen diren agiriak, hurrengo ekitaldiko lehenbiziko sei hilabetean.

4. Fundazioen kontuei kanpoko auditoretza eginen zaie, ekitaldia ixten den egunean, inguruabar hauetako bi gutxienez gertatzen badira:

a) Aktiboko partidek guztira 1.803.000 euro baino gehiago egitea.

b) Urteko diru-sarreren zenbateko garbia 3.606.000 euro baino gehiagokoa izatea.

c) Ekitaldian lanean izandako langileak batez beste berrogeita hamar baino gehiago izatea.

Kanpoko auditoretza eginen zaie, halaber, fundazioko patronatuaren iritziz hala komeni den kontuen kasuan, haien inguruabar bereziengatik.

Auditoretzako txostenak Babesletzari aurkeztuko zaizkio, jaulki eta hiru hilabeteko epean.

5. Babesletzak Nafarroako Fundazioen Erregistroan gordailutuko ditu kontuak. Kontuen publikotasunari dagokionez, erregelamenduz horri buruz ezartzen dena beteko da.

6. Patronatuak jarduketa plan bat egin eta bidaliko dio Babesletzari ekitaldi bakoitzeko azken hiruhilekoan, eta bertan jasoko ditu hurrengo ekitaldirako helburuak eta aurreikusitako jarduerak.

7. Jarduera ekonomikoak egiten direnean, fundazioen kontabilitatea indarreko araudian xedatutakoarekin bat etorriko da. Urteko kontu bateratuak egin beharko dira fundazioa baldin badago araudian sozietate nagusietarako aurreikusitako kasu batean.

Nolanahi ere, informazio zehaztua jaso beharko da oroitidazkiaren berariazko atal batean, eta bertan adierazi merkataritza jarduerari atxikitako ondare elementu guztiak.

8. Erregelamenduz ezartzen ahalko dira artikulu honetan aipatzen diren agiriak aurkezteko nahitaez erabili beharreko ereduak.

50. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa.

Fundazioaren ekitaldi ekonomikoa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaituko da, estatutuetan bestelakorik xedatzen ez bada.

III. TITULUA

Administrazioaren esku-hartzea

I. KAPITULUA

Nafarroako Fundazioen Erregistroa

LEHENENGO ATALA

Xedapen orokorrak

51. artikulua. Xedea.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroaren xedea da foru lege honen aplikazio esparruaren menpe dauden fundazio eta ordezkaritzak inskribatzea, bai eta fundazioen egintzak ere, haien bizitzarako garrantzia dutenak.

2. Nafarroako Fundazioen Erregistroaren xedea da publikotasuna ematea inskribatutako fundazio eta ordezkaritzei, indarreko araudian aurreikusitako ondorio juridikoekin.

52. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroak izaera administratiboa du eta publikoa da, eta biltzen dituen idazpenak egiazkotzat hartzen dira, foru lege honetan eta ordenamendu juridikoaren gainerakoan ezarritakoarekin bat.

2. Nafarroako Fundazioen Erregistroa bakarra izanen da eta Nafarroako Gobernuan lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuari atxikita egonen da.

3. Erregistroaren egitura, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez garatuko dira.

53. artikulua. Erregistroaren printzipioak.

Nafarroako Fundazioen Erregistroak, inskripzio eta publikotasun eginkizunak betetzeko, printzipio hauei loturik jardun behar du:

a) Titulazio Publikoa: Erregistroko inskripzioa eginen da, oro har, agiri publiko kautotu batean, erregelamenduz ezartzen denarekin bat.

b) Legitimazioa: erregistroaren edukia zehatz eta baliozkotzat hartzen da. Erregistroko idazpenak epaitegien zaintzapean daude eta ondorioak izanen dituzte harik eta inskribatu arte haien zehaztasun ezaren edo baliogabetasunaren gaineko adierazpen judiziala edo, kasua bada, ebazpen administratiboa. Inskripzioak ez ditu baliozkotzen ordenamendu juridikoaren arabera baliogabeak diren egintzak eta kontratuak.

c) Fede Publikoa: Erregistroko idazpenen zehaztasun ezaren edo baliogabetasunaren gaineko deklarazioak, bai eta inskribatu beharrekoak diren baina inskribatu ez diren egintzek ere, ez dituzte kaltetuko hirugarrenek fede onez eskuratutako eskubideak. Hirugarrenen fede ona dagoela uste izanen da egintza horien berri zutela frogatzen ez den bitartean.

d) Lehentasuna: edozein titulu behin erregistroan inskribatuta, ezin izanen da besterik inskribatu edo idatzi, data berekoa nahiz lehenagokoa, inskribatutakoaren kontrakoa edo bateraezina bada.

e) Lehentasuna: erregistroan aurrena sartzen den agiriak lehentasuna izanen du ondoren sartzen direnen aldean, eta kasuan kasuko erregistro eragiketak agiriak aurkezten diren ordenan bete beharko dira.

f) Hasierako egintzaren segidako traktua: fundazio edo ordezkaritza bati dagozkion egintzak inskribatzeko, beharrezkoa izanen da aurretik inskribatzea hura.

g) Aurreko egintzaren segidako traktua: aurretik sinaturiko egintzak aldatu edo azkentzen dituzten egintzak inskribatzeko, aurretik horiek inskribatu beharko dira.

h) Publikotasuna: Erregistroa publikoa da eta erregistroaz arduratzen den organoari dagokio erregistro-idazpenen edukiaren tratamendua, haren zuzeneko publikotasuna gauza dadin eta berma dadin, aldi berean, idazpenetan manipulazio edo okerreko sarbiderik ezinezkoa izatea.

54. artikulua. Izapidetze elektronikoa.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroak erraztuko du informazioaren eta komunikazioen teknologietan oinarritutako sistemak erabil daitezen prozedurak kudeatzeko, erregistro-idazpenak egiteko eta herritarrekiko eta fundazioekiko harremanak bideratzeko; eta, horretarako, informazio sistema bat ezarriko du, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan txertatuko dena, administrazio prozedura arautzen duen oinarrizko legerian ezarritakoari jarraikiz.

2. Bide telematikoak erabiliz egiten den izapidetzeak errespetatu beharko ditu datu pertsonalen babesaren arloko indarreko legeriak bide horien erabilerari ezartzen dizkion mugak.

55. artikulua. Fundazioen beste erregistro batzuekiko harremanak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak koordinazio, lankidetza eta elkarlanerako behar diren harremanak izanen ditu fundazioen erregistroen titular diren beste administrazio publiko batzuekin, inskripzio bikoitzak saihestearren.

2. Era berean, erregistroak, bere eskudantziak baliatuz, informazio edo laguntza eskatzen ahalko die Estatuko Administrazio Orokorrean edo autonomia erkidegoetako administrazioetan erregistro eta babesletza eginkizunak betetzen dituzten organo eta entitateei, eta sustatuko du behar diren neurriak har eta behar diren teknologiak ezar daitezen, Nafarroako Fundazioen Erregistroa eta fundazioen beste erregistro batzuk elkarlotzea ahalbidetzeko.

56. artikulua. Notarioen bulegoekiko lankidetza.

1. Nafarroako Gobernua ahaleginduko da ezartzen behar diren bideak, eraginkorrak eta, gehienbat, telematikoak, bai Nafarroako Fundazioen Erregistroak bai notarioek azkar, efizientziaz eta prozedura sinplifikatuekin bete ahal izan ditzaten fundazioen arloan dituzten eskumen eta eskudantziak.

2. Hala izan dadin, Nafarroako Gobernuak sustatuko du lankidetza hitzarmenak sinatzea Nafarroako Notarioen Elkargoarekin eta Notarioen Kontseilu Nagusiarekin, honakoa izanik helburua: foru lege honen menpe dauden fundazio eta ordezkaritzekin lotuta dauden erregistro-inskripzioak eskatzen direnean, erraztea notarioen agiri publikoen igorpen telematikoa, agiri horien bidez fundazio eta ordezkaritza horiek eratu, arautu, egintzak edo izendapenak erabaki, aldatu, bat egin edo azkentzen badira. Era berean, erraztuko da notarioek, beren eginkizun publikoko jardunean, modua izan dezaten Fundazioen Erregistroko liburuen edukia bide telematikoz kontsultatzeko.

BIGARREN ATALA

Nafarroako Fundazioen Erregistroaren edukia, prozedurak eta oinarrizko antolaketa

57. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Fundazioen Erregistroari dagokio eginkizun hauek betetzea:

a) Izapidetzea eta ebaztea inskripzio eskaerak, erregistroan sartu behar direnak foru lege honetan eta bere garapen-araudian xedatutakoarekin bat. Erregistroak inskripzioen gaineko kontrola eginen du, eta, horretarako, babesletzaren eta tributu arloko eskumena duen departamentuaren lankidetza eskatzen ahalko du.

Erregistroak arlo penaleko legezkotasun ezaren arrazoizko zantzuak aurkitzen baditu fundazio baten eraketan, ebazpen arrazoitua emanen du, eta dokumentazio osoa igorriko du Fiskaltzara edo organo jurisdikzional eskudunera, eta horren berri emanen dio fundazio interesdunari; horrelakoetan, inskripzioa egiteko prozedura etenda geldituko da ebazpen judizial irmoa eman arte.

b) Erregistroan gordailututako agiriak artxibatzea eta zaintzea.

c) Erregistroaren publikotasuna.

d) Izenaren erreserbari buruzko ziurtagiriak jaulkitzea, bai eta izenari buruzko ziurtagiri negatiboa ere, frogatzen duena Nafarroako Fundazioen Erregistroan ez dagoela izen bereko fundaziorik, ez eta nahasbidea sor dezakeen antzeko izen bat duenik ere.

e) Txosten teknikoak eta estatistikoak egitea, beste organo edo erakunde publiko batzuek beren eskumenak betez eskatzen badituzte.

f) Babesletzari komunikatzea egindako inskripzio guztiak.

g) Tributuen arloan eskumena duen departamentuari komunikatzea tributu araubide bereziari atxikita dauden fundazioez egindako inskripzio guztiak.

h) Estatuaren eskumeneko fundazioen erregistroari komunikatzea, jasota gera eta publikoa izan dadin, fundazioak eratzeko inskripzioak edo, kasua bada, azkentzekoak, baita beste edozein inskripzio ere, indarreko araudiaren arabera horiek komunikatzea nahitaezkoa bada.

i) Fundazioek Erregistroan gordailutu dituzten kontuen publikotasuna, erregelamenduz ezartzen den moduan.

j) Indarreko araudiak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

58. artikulua. Egintza inskribagarriak.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dira:

a) Nafarroako Foru Berriaren eta foru lege honen xedapenen arabera eratutako fundazioa.

b) Estatuko araudiaren arabera edo arlo honetako eskumena duten autonomia erkidegoetako araudi berekien arabera eratutako fundazioak, beren estatutuak aldatzen badituzte foru araudira egokitzeko, helbidea Nafarroako lurralde-esparruan ezarri nahi dutelako eta nagusiki bertan garatu beren jarduerak.

c) Inskribatutako fundazioen fundazio-agiriaren edo estatutuen eduki-aldakuntza. Kasu hauetan ukatzen ahalko da aldaketaren inskripzioa:

Lehena.–Indarreko araudiaren kontrakoa denean.

Bigarrena.–Fundatzaileen berariazko debeku bat urratzen duenean.

Hirugarrena.–Fundazioaren helburua errespetatzen ez duenean.

d) Patronatuko kideak berritzea.

e) Inskribatutako fundazioen bat-egitea eta zatiketa.

f) Inskribatutako fundazioen azkentzea eta likidazioa, ondasunen erabileraren berri ere emanez. Behin likidazioa burututa dagoela, erregistroak erregistro-baja emanen dio entitateari.

g) Inskribatutako fundazioek ahalak ematea eta errebokatzea.

h) Erregistroan inskribatutako fundazioek beste autonomia erkidego batzuetan jarduteko eratzen dituzten ordezkaritzak eta jarduera Nafarroako Foru Komunitatean egiten duten atzerriko fundazioen ordezkaritzak.

i) Inskribatutako fundazio eta ordezkaritzentzat muntadun den beste edozein egintza, horren inskripzioa patronatuak eskatzen duenean.

2. Erregistroan idazpen bidez jasoko dira epaitegiek eta auzitegiek, inskribatutako fundazioei dagokienez, jakinarazten dituzten ebazpen judizialak, beste erregistro batzuek egindako inskripzioen komunikazioak, baldin eta ondorioak badituzte Foru Komunitatean ukitzen dituzten fundazioen jardunean, eta aurrekoen pareko beste ebazpen publiko batzuk.

3. Erregistroan jasoko da, halaber, tributu araubide berezia eskuratzea eta galtzea, horien idazpena eginez.

4. Erregistroan gordailutuko dira fundazioen kontuak, foru lege honen 49.5 artikuluarekin bat.

5. Erregistroko inskripzioak eta erregistroaren publikotasun egintzak tasen eta prezio publikoen arloan inskribatzeko unean indarra duen foru araudiaren menpe egonen dira.

59. artikulua. Erregistroaren publikotasuna.

1. Fundazioen Erregistroa publikoa da haren edukia ezagutzeko interesa duten pertsona edo entitate guztientzat, eta erregistroaren publikotasuna gauzatzen da idazpenen edukiari buruzko ziurtagiriak jaulkiz, egindako inskripzioekin lotura zuzena duten idazpenen eta agiri gordailutuen gaineko informazio-ohar soilaren bidez edo kopiaren bidez, bai eta zerrenden bidez ere, ahal dela bide informatikoak edo telematikoak erabiliz.

2. Erregistroaren publikotasuna gauzatzeko prozedura erregelamenduz ezarriko da, eta datu pertsonalen babesaren arloko araudi indardunean ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

II. KAPITULUA

Babesletza

60. artikulua. Xedea eta izaera.

1. Nafarroako Fundazioen Babesletza fundazioei aholkua eta laguntza teknikoa emateko erakunde bat da, fundazio eskubidea behar bezala baliatzea zaindu, erraztu eta sustatuko duena, bai eta fundatzaileen borondatea eta fundazioaren xedeak egiaz betetzea ere.

2. Babesletzak bere eginkizunak betetzen ditu fundazioen kudeaketa eta jardunbiderako autonomia errespetatuz.

3. Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatutako fundazio guztiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Babesletzaren menpe egonen dira, zeina kasu bakoitzean departamentu batek beteko baitu, hain zuzen ere gaia dela-eta fundazioaren xede nagusiekin lotutako eskudantziak dituenak, fundazio bakoitzaren estatutuetan horiek nola deskribatzen diren kontuan hartuz. Modu horretara zehazterik ez badago zein den departamentu eskuduna, lehendakaritzaren arloko eskumena esleiturik duena izanen da.

4. Departamentu bakoitzaren esparruan, babesletza idazkaritza tekniko nagusiek beteko dute, salbu eta departamentuak beste organo bati esleitu baldin badio eskumen hori bere egitura organikoan.

61. artikulua. Babesletzaren eginkizunak.

1. Hauek dira babesletzaren eginkizunak:

a) Zaintzea fundazio eskubidea behar bezala baliatzen dela, egiaz betetzen direla fundazioaren xedeak, eta elkarri egokituta egotea fundazioaren xedeak eta egiaz egindako jarduerak.

b) Erregistroarekin elkarlanean aritzea, fundazio eskubidearen erabilera bermatzearren, inskripzioen legezkotasuna zainduz. Hala izan dadin, Erregistroak informazioa eskatuz gero inskripzioak egin edo ukatzeko, babesletzak honen berri emanen dio: fundazioaren helburuak egokiak diren, zuzkidura nahikoa den, estatutuei edo haien aldakuntzei buruz duen iritzia, eta fundazioen bat-egite, zatiketa, azkentze eta likidazio kasuetan aurkeztutako dokumentazioari buruzko iritzia.

c) Onuradunak zein diren zehaztean inpartzialtasunaren eta diskriminazio ezaren irizpideak behar bezala aplikatzen direla zaintzea, hori guztia fundatzaileen borondatearekin bat, eta kontuan hartuz interes orokorra erdiestea.

d) Noiznahi zaintzea zuzkidura egokia eta nahikoa dela fundazioaren helburuak egiaz bete daitezen, horrek ukatu gabe gai horretan patronatuak duen erantzukizuna.

e) Zaintzea fundazioaren baliabide ekonomikoak fundazioaren xedeetarako erabiltzen direla.

f) Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatutako fundazioei aholku ematea haien araubide juridikoaz, araubide ekonomiko-finantzarioaz eta kontabilitatekoaz, bai eta fundazioek beren helburuak betetzeko garatzen dituzten jarduerekin lotutako gaiei buruz, eta horretarako behar den laguntza ematea.

g) Foru lege honetan eta indarreko gainerako arauetan ezartzen diren gainerako eginkizunak.

2. Babesletzaren eskumeneko eginkizunak betetzeko, fundazioek kudeaketa txosten bat aurkeztu beharko dute urtero, aurreko apartatuaren arabera ebaluatzea ahalbidetuko duena.

3. Babesletza legitimaturik dago patronatuaren egintzak eta erabakiak aurkaratzeko, fundazioa eraentzen duten lege aginduen edo estatutuetakoen kontrakoak badira.

4. Babesletzak, bere eginkizunak betetzen ari delarik, arlo penaleko legezkotasun ezaren arrazoizko zantzuak aurkitzen baditu fundazio baten jardueran, ebazpen arrazoitua emanen du, eta dokumentazio osoa igorriko du Fiskaltzara edo organo jurisdikzional eskudunera, eta horren berri emanen die fundazio interesdunari eta Fundazioen Erregistroari.

62. artikulua. Aldi baterako esku-hartzea.

1. Babesletzak, bere eginkizunak betetzen ari delarik, kudeaketa ekonomikoan irregulartasun larri bat aurkitzen badu, fundazioaren iraupena arriskuan jar dezakeena, edo desbideratze larri bat fundazioaren helburuen eta egindako jardueraren artean, patronatuari eskatuko dio, hari entzun ondoren, hura zuzentzeko behar diren neurriak hartzeko.

2. Aurreko apartatuan aipatzen den errekerimenduari horretarako adierazten den epean erantzun ezean, Babesletzak agintaritza judizialari eskatzen ahalko dio erabaki dezala, patronatuari entzun ondoren, fundazioan aldi baterako esku hartzea.

3. Fundazioan esku hartzeko baimen judiziala lortu ondoren, Babesletzak bere gain hartuko ditu patronatuak legez eta estatutuen arabera dituen eskudantzia guztiak, agintari judizialak ezartzen duen denborarako. Esku-hartzea bertan behera geratuko da ezarritako epea bukatzean, non ez den onartzen hura luzatzea beste ebazpen judizial baten bidez.

4. Fundazioan aldi baterako esku hartzea erabakitzen duen ebazpen judiziala Nafarroako Fundazioen Erregistroan idatziko da.

63. artikulua. Baimenak.

1. Foru lege honen aplikazio esparruan dauden fundazioek, estatutuetan hala xedaturik badago, Babesletzari baimena eskatuko diote fundazioaren zuzkiduraren parte diren ondasun edo eskubideak erabili, besterendu, dela kostu bidez dela dohainik, edo zergapetzeko, bai eta fundazioaren helburuekin zuzenean lotuta daudenen kasuan ere, eta baimen hori lortzeko bidezko arrazoia dutela frogatu beharko dute.

2. Ulertzen da fundazioaren ondasunak eta eskubideak haren helburuekin zuzenean lotuta daudela lotura jasota baldin badago berariazko borondatearen adierazpen batean, dela fundatzaileena, patronatuarena edo fundazioari borondatezko ekarpena egiten dion pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatu batena, betiere ekarritako ondasun eta eskubideen gainekoa. Lotura hori egiten ahalko da, halaber, Babesletzaren edo agintari judizialaren ebazpen bidez.

3. Babesletzak baimen eskaeraren gaineko ebazpen arrazoitua eman eta fundazioari jakinaraziko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera jaso zenetik hasita; Nafarroako Fundazioen Erregistroari ere komunikatuko dio.

4. Epe hori berariazko ebazpenik komunikatu gabe iraganik, baimena eman egin dela ulertuko da.

64. artikulua. Komunikazioak.

1. Fundazioek honako egintza hauen berri emanen diote Babesletzari, horrek behar bezala eta egiaz bete ditzan bere eginkizunak:

a) Karga duten legatuak edo kostu bidezko edo ordainsaripeko dohaintzak onartzea eta jaraunspenak, dohaintzak edo kargarik gabeko legatuak arbuiatzea.

b) Fundazioaren beste ondasun eta eskubide batzuk, zuzkiduraren parte ez direnak edo fundazioaren helburuak betetzearekin zuzeneko loturarik ez dutenak, erabiltzeko egintzak, transakzio edo konpromisoa barne, eta ondasun higiezinak, merkataritza edo industria establezimenduak, kultur intereseko ondasunak eta, onetsitako azken balantzearen arabera, fundazioaren aktiboaren 100eko 20 baino gehiagoko zenbatekoa dutenak (zein den ere haien xedea) kargatzekoak.

2. Patronatuak aurreko 1 zenbakiko a) letran aipatzen diren egintzen berri emanen dio Babesletzari gehienez ere egin ondoko hamar egun balioduneko epean, eta hogeita hamar egun balioduneko epean b) letraren kasuan.

3. Komunikazioak ikusirik, Babesletzak dagozkion erantzukizun egintzak baliatzen ahalko ditu patronatuko kideen aurka, patronatuaren egintzak kaltegarriak badira fundazioarentzat, foru lege honetan aurreikusitako moduan.

65. artikulua. Errekurtso jurisdikzionalak.

Babesletzaren egintzek amaiera ematen diote bide administratiboari eta aurkaratzen ahalko dira administrazioarekiko auzien ordena jurisdikzionalean.

66. artikulua. Fundazioei aholku ematea.

1. Nafarroako Gobernuak sustatuko du bere web orrian behar diren bitartekoak eskura jartzea fundazioek informazioa izan dezaten eta haien gaineko araubidearekin zerikusia duten kontsultak egin ahal izan ditzaten.

2. Babesletzak kontsulta horiei emandako erantzunak informatiboak izanen dira eta aplikatuko dira soilik kontsulta egiten duen pertsonak edo entitateak planteatutako egitatezko kasuetan, eta ezin dira inola ere erabili interpretaziorako irizpide orokor gisa.

III. KAPITULUA

Foru Administrazio Publikoaren Fundazio Publikoak

67. artikulua. Definizioa eta nortasun juridikoa.

1. Fundazio publikoak dira Foru Administrazio Publikoaren esparruan bere eskumeneko helburuak gauzatzeko sortutakoak, Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari eta foru lege honi jarraikiz. Sortzaile den entitatearen eskumen esparruarekin zerikusia duten jarduerak bakarrik egiten ahalko dituzte.

2. Sortzen direnean, fundazioaren ondarea gehienbat osatuko dute fundatzailearen zuzeneko edo zeharkako diru-ekarpenek.

3. Foru Administrazio Publikoaren fundazio publikoak dagokien arloko eskumena duen departamentuaren tutoretzapean egonen dira, eta ordenamendu juridiko pribatuak zuzenduko ditu, ezertan ukatu gabe foru lege honetan eta kontratazioari, aurrekontuei, kontabilitateari eta finantzen kontrolari buruz aplikatzekoa den araudi administratiboan ezarritako berezitasunak.

4. Nafarroako fundazio publikoek ez dute inolaz ere izanen aginte publikoa erabiltzeko ahalmenik.

68. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Foru Administrazio Publikoaren fundazio publikoen sorkuntza, hasierako zuzkidura, estatutuak eta araubide juridikoa bat etorriko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 67. eta 68. artikuluetan, foru lege honen xedapenetan eta fundazioen arloan aplikatzekoa zaien gainerako araudian ezarritakoarekin.

2. Fundazio publikoen aurrekontu, ekonomia eta finantza araubidea Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

3. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 44.3 artikuluan, e) letran, xedatutakoarekin bat, Nafarroako fundazio publikoek berdintasun planak egin beharko dituzte.

4. Pertsona juridiko-publikoek eratutako fundazioek aurreikusten ahalko dute beren estatutuetan likidazioaren ondoriozko ondasunak eta eskubideak fundatzaileari itzultzea.

Lehen xedapen iragankorra.–Babesletza ofizioz esleitzea.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatuak izanik, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legearen bidez egin zen erreforma baino lehenagoko testuarekin bat Nafarroako Fundazioen Babesletzari atxikita ez dauden fundazioei Erregistroaren bidez jakinaraziko zaie Nafarroako Gobernuaren zer departamentuk eman beharko dien Babesletza hori.

2. Babesletza esleitzeko epea sei hilabetekoa izanen da foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita.

Bigarren xedapen iragankorra.–Inskribatutako fundazioak.

1. Nafarroako Fundazioen Erregistroan foru lege honek indarra hartu aurretik inskribatuta dauden fundazioak foru lege honen menpe egonen dira, beren nortasun juridikoa eta gaitasun osoa gordeta. Fundazio horiek bi urteko epea izanen dute beren estatutuak foru lege honen aurreikuspenetara egokitzeko.

2. Aurreko apartatuan aipatzen den epea iraganik, Nafarroako Fundazioen Erregistroak ez du eginen fundazio batek eskatutako inskripziorik aurreko apartatuan aipatzen den estatutuen egokitzapena egin gabe badu.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

2. Bereziki, hauek indargabetzen dira:

a) Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen I. tituluko II., III., IV. eta V. kapituluak eta lehen xedapen gehigarria.

b) Nafarroako Fundazioen Erregistroaren egitura eta funtzionamendua arautzen dituen azaroaren 11ko 613/1996 Foru Dekretua, honen aurka egiten duen guztian; gainerako artikuluek indarrean segituko dute.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidez garatzea.

Nafarroako Gobernuan lehendakaritza arloko eskumena duen departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio behar diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan foru lege honetan xedatutakoa aplikatzeko, garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Arau-igorpenak.

Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean bere artikulu indargabetuetara egindako arau-igorpenak foru lege honetako artikuluetara egindako arau-igorpentzat hartuko dira.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarrean sartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2021eko ekainaren 30ean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2110550