164. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Deialdia, Udaltzaingoko udaltzain-agentearen 6 lanpostu (kopurua handitzen ahalko da) oposizio bidez betetzeko

Barañaingo Udaleko Alkatetzaren 2021eko ekainaren 22ko 709/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdia, Barañaingo Udaltzaingoko udaltzain-agentearen 6 lanpostu (kopurua handitzen ahalko da) oposizio bidez betetzeko.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Barañainen, 2021eko ekainaren 22an.–Alkate udalburua, María Lecumberri Bonilla.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Barañaingo Udalean aritzeko udaltzain-agentearen sei lanpostu, plantilla organikoan 4.13, 4.17, 4.34, 4.35, 4.36 eta 4.37 zenbakiekin identifikatuak daudenak.

Aipatu sei lanpostuak honako txanda hauetan banatzen dira, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

a) 3 lanpostu txanda irekian:

4.13, 4.17, 4.34.

b) 3 lanpostu igoera txandan:

4.35, 4.36, 4.37.

1.2 Igoera txandako lanposturen bat eman gabe geldituz gero, txanda irekikoei gehituko zaie.

Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, jakite mailako hautaprobako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.

1.3 Deialdiko lanpostuen kopurua hautapen-prozesuan handitzen ahalko da, izangaiek deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza-ikastaroa hasi baino lehen. Lanpostu kopurua handitzen bada, haiek txanda irekiari edo igoera txandari esleitzeko, aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.4 Izendatzen diren izangaiek udaltzain-agenteen eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 23ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1 Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarreko legeekin bat.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea deklaratutako bat, edo eskuratzeko baldintzetan egotea. Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskaerak aurkezteko epea betetzen den egunean izan beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta ez sartzea deialdiaren III. eranskinean ageri diren baztertzeko arrazoi medikoetan.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.

h) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2 Igoera txanda.

Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, txanda horretan parte hartzen ahalko dute igoera txandan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

3.3 Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.1.f) eta 3.1.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiaren 7.6 apartatuan aipatua) izangai onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da eta, bigarrenari dagokionez, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1 Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean, Herritarrendako Harrera Bulegoan (Udaletxeko plaza, z.g., 31010 Barañain), edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Barañaingo Udalaren erregistrora igorri baino lehen. Haietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Eskabideak deialdiaren 1. eranskinean dagoen ereduari lotu beharko zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide eredua Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean (Herritarrendako Harrera Bulegoan) eskuratu daiteke. Orobat, Internet bidez eskuratu daiteke, www.baranain.es helbidean, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdi honen argitalpenetik abiatuta (1. eranskina).

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2 Izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

Bat.–Osasun ziurtagiri ofiziala, III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

Bi.–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 9,70 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideengatiko tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

–Sarrera eskudirutan eginez edo banku-transferentziaren bidez, Barañaingo Udalaren kontu hauetara: la Caixa (ES84 2100 5181 1422 0006 4922) edo Rural Kutxa (ES19 3008 0070 8507 0277 0629), edo Barañaingo Udaleko Herritarrendako Harrera Bulegoan. Kasu horretan ordainagirian nahitaez jarri behar dira honako datu hauek:

• Izangaiaren izen-deiturak.

• NANa / IFZ.

• Kontzeptua: “Udaltzain izateko oposizioa Barañain 2021”.

Hiru.–Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia.

Lau.–Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

Bost.–Igoera txandako izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzen dituena abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna; zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emana.

4.3 Baldin eta 4.1 eta 4.2 apartatuetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

4.4 Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5.–Onartuen behin-behineko zerrendak, erreklamazioak eta behin betiko zerrendak.

5.1 Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren ediktuen taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du. Bi zerrenda eginen dira, izangai mota hauen arabera:

1. Txanda irekiko izangaiak.

2. Igoera txandako izangaiak.

5.2 Behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Interneteko www.baranain.es helbidean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

Ezarritako epean parte hartzeko eskaerarik aurkezten ez bada, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, deialdia betegabe deklaratuko da, eta ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.3 Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratuko dira. Interesdunen eskura egonen dira, orobat, Udalaren ediktuen taulan eta Interneteko www.baranain.es helbidean. Ebazpen horretan, halaber, hautaprobak egiteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: María Lecumberri Bonilla, Barañaingo alkatea.

Ordezkoa: Pablo Juan Arcelus Cavallero, Barañaingo Udaleko Herritarren Babeserako Alorreko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Carlos Javier Eransus Virto, Barañaingo Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Javier Goya Esprocenda, Iruñeko Udaltzaingoko burua.

Epaimahaikidea: Juan Manuel Iribarren Aguerri, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.

Ordezkoa: Juan Luis Urrestarazu Ondarra, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.

Epaimahaikidea: Ordezkari bat, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatua.

Ordezkoa: Ordezkari bat, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatua.

Idazkaria: Anna María Atanasova Dishlyanova, Barañaingo Udaleko aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Francesca Ferrer Gea, Barañaingo Udaleko idazkaria.

6.2 Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien legezko ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat, epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Halaber, izangaiek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioaldia 2021eko uztailetik aurrera egitea aurreikusten da.

Oposizioko lehen fasean proba baztertzaile hauek eginen dira: II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak, gaitasun fisikoa neurtzekoak, proba psikoteknikoak eta medikoak; bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

7.2 Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautaproba bakoitza egin ondotik, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Behin alegazioak ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, 48 ordu lehenago gutxienez.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: Galde-sorta bat izanen da, test modukoa; 100 galdera eginen dira, hiru erantzun aukera dituztenak, baina bakarra izanen da zuzena. Gaiak deialdiko II. eranskineko gai-zerrendan ageri dira. Galdera guztiek balio bera izanen dute. 1,5 puntu emanen dira zuzen erantzuten zaion galdera bakoitzeko. Galde-sorta horretan, gehienez ere, 150 puntu erdiesten ahalko dira. Zigortu eginen dira erantzun okerrak, galderaren balioaren heren bat kenduta, hots, 0,50 puntu. Bazterturik geldituko dira eta oposiziotik kanpo gutxienez 75 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Galderak izanen dira deialdia argitaratu egunean indarrean dagoen araudiari buruzkoak.

Gai-zerrendan jasotako ordenantzak esanbidez aipatu dira II. eranskinean.

Proban, erreserbako zortzi galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala ere, galdera gehiago badago epaimahaiaren ustez okerrak direnak, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, lortzen den markaren arabera. Ez badira ariketa guztiak gainditzen oposiziotik kanpo geldituko da. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba honetako ariketak eta bertan 40 puntu atera daitezke, gehienez ere.

Proba honetako ariketak honela kalifikatuko dira:

–Pisua goratzeko proba (banku press-a), 5-10 puntu bitarte. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

–Uretan ibiltzeko gaitasunari buruzko proba, 5-10 puntu bitarte. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

–Zalutasun proba (Barrow testa), 5-10 puntu bitarte. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa), 5-10 puntu bitarte. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Izangaiak behartuta egonen dira dopinaren kontrako kontrola egitera, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kirol Kontseilu Gorenak 2007ko abenduaren 28an emandako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantziak, talde farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2008ko 5. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 5ean), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

C) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Gaitasun psikoteknikoaren proban 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko da proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituen izangaia.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo, behar izanez gero, behar bezala akreditaturiko kanpoko entitate batek eginen ditu proba horiek. Balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

c) Proba medikoak:

Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago izanik (agian haien kopurua handitzen ahalko da, baina beti epaimahaiak zehazten duen neurrian), dei eginen zaie osasun probak egitera, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 apartatuko d) letran ezarritakoari jarraikiz.

Osasun azterketa eginen du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak edo, hala behar bada, behar bezala akreditatutako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Proba medikoetan izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Bazterturik geldituko dira “Gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

Hautapenaldiko a), b) eta c) apartatu horietako proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udalaren ediktuen taulan eta web-orrian oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartu diren izangaien zerrenda, puntuazio osoaren hurrenkeraren arabera, proba bakoitzeko puntuazioak baturik.

7.3 Lanpostu kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostu kopuruari beste zenbait gehitu ahalko zaizkio, alegia, epaimahaiak prestakuntza-ikastarora onartutako izangaien behin betiko zerrenda (erdietsitako puntuazioaren araberakoa) deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik daudenak.

7.4 Lanpostuen hautaketa.

Dauden lanpostu guztiak zehaztuta eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jasota, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda onetsiko du, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian parte hartzeko, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta kontuan harturik txanda irekia eta igoera txanda.

Lanpostuak esleitzeko ekitaldia eginen da zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko lanpostuetarako.

Ekitaldi horren helburua da dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera. Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztira lortutako puntuazioak handienetik txikienera ordenatuta. Gero, dei eginen zaie, lehenik, igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak esleitzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, igoera txandako lanpostu hutsak esleitu zaizkienak kenduta, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinekoz proposatuko dira oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopurua (hori handitzen ahal da) baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorrak.

7.5 Praktiketako funtzionarioaren izendapena.

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Barañaingo Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.6 Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

Prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, egin badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliokidetzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetza frogatzen dituena, eta baliokidetutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

7.6.1. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Barañaingo Udaleko iragarki-taulan jendaurrean jarri eta handik zazpi egun naturalean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 3.1. oinarriko e), f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Barañaingo Udalaren Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Justizia Ministerioaren mendeko Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiria. Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen-prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntza-ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren ediktuen taulan edo iragarki-taulan edo www.baranain.es webgunean.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik afiliatuta bazeuden Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean; kasu horretan, horrexetan segituko dute.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako mediku-azterketaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

8.–Proben eta prestakuntza-ikastaroaren balorazioa.

8.1 Lehenengo probak 150 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Probak test motako ariketa bat izanen du II. eranskineko gaiei buruzkoa; bertan, hiru erantzun eskainiko dira baina bat bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzagatik puntu bat lortuko da. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak 0,50 puntuko balorazio negatiboa izanen du. Bazterturik geldituko dira lehen ariketa honetan 75 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.2 Gaitasun fisikoko ariketetan, III. eranskineko tauletan ageri den puntuazioaren arabera kalifikatuko dira izangaiak ariketa bakoitzean. Gehienez 40 puntu atera ditzakete, eta bazterturik geldituko dira lau probatatik bakoitzean gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

8.3 Proba psikoteknikoa 0-30 puntu bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

8.4 Proba medikoetan izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.5 Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Proba medikoetan izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Prestakuntza-ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Arlo bakoitzean gehieneko puntuazioaren ehuneko 50 atera beharko da gutxienez. Prestakuntza-ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

9.–Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu osoko puntuazioak –hautapenaldian eskuraturiko puntuazioak, alegia– eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroko puntuazioa.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko organo eskudunak oposizioa gainditzen duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Lanpostu kopurua handituz gero, deialdiko 1.3 eta 7.4 oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2 Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Udaltzain lanpostu batez jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiari Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

11.–Datu pertsonalen babesa.

11.1 Datuen babesa.

Barañaingo Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

11.2 Oinarri juridikoa:

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

11.3 Datuak gordeko diren denbora:

Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

11.4 Datuen hartzaileak:

Datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarrean dagoen legedia betez, eta Udalaren webgunean eta ediktuen taulan emanen dira argitara.

Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Barañaingo Udalaren Erregistro Orokorrera edo egoitza elektronikora (www.baranain.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.

2.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. VII. titulua: Nafarroako toki-erakundeen zerbitzurako langileak. X. titulua: Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki entitateetan.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena eta seigarrena.

5.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

6.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. Zigorrak.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. I. eta II. tituluak.

9.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: Salaketa. III. titulua: Polizia judiziala. VI. titulua: Zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: Prozedura bereziak, II. titulua: Prozedura laburtua, II. kapitulua: Polizia judizialaren eta Fiskaltza Ministerioaren jarduketak. III. titulua: Delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

10.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, “Habeas Corpus” prozedura arautzen duena.

11.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.

12.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa: I. kapitulua: xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapen araubidea.

13.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

14.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

15.–Barañaingo Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:

–Merkataritza ez egonkorraren gaineko ordenantza. (2016ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa eta 4.b.2), 7. eta 11.1 artikuluen aldaketa, 2020ko 43. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 3koan).

–Trafikoa arautzen duen ordenantza (2019ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 28koa eta haren akats zuzenketa, 2019ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 23koan).

–Eremu publikoan terrazak, beladoreak eta merkataritzari nahiz ostalaritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duen ordenantza (2017ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 9koan).

–Herritarren arteko bizikidetza eta eremu publikoen babesa arautzen dituen ordenantza (2008ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 1ekoan, eta horren 34., 35., 36. eta 37. artikuluen aldaketa, 2015eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 16koan).

–Etxabeak eta/edo biltokiak erabiltzeko baimen administratiboa ematea arautzen duen ordenantza (2019ko 172. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 2koa).

16.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioendako (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko estatuei emandako 2001/10 Gomendioa, Poliziaren Etikaren Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

17.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena: Atariko titulua. I. titulua: Legearen aplikazio esparrua. III. titulua: Prozeduraren instrukzioa.

18.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

19.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

20.–Barañaingo geografia eta kale-izendegia (Udalaren web-orriko testuaren eta planoaren arabera).

21.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

III. ERANSKINA

Proba fisikoari dagozkion ariketak

1.–Banku press-a.

Deskribapena.

Banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 38 kilokoa izanen da gizonezkoendako, eta 20 kilokoa emakumeendako. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK (GIZONAK)

ERREPIKAPENAK (EMAKUMEAK)

NOTA

30 baino gutxiago

20 baino gutxiago

Baztertua

30 eta 35 artean

20 eta 25 artean

5,0

36 eta 41 artean

26 eta 31 artean

5,5

42 eta 46 artean

32 eta 36 artean

6,0

47 eta 50 artean

37 eta 40 artean

6,5

51 eta 54 artean

41 eta 44 artean

7,0

55 eta 57 artean

45 eta 47 artean

7,5

58 eta 60 artean

48 eta 50 artean

8,0

61 eta 62 artean

51 eta 52 artean

8,5

63 eta 64 artean

53 eta 54 artean

9,0

65

55

9,5

66 edo gehiago

56 edo gehiago

10,0

2.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).

Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur ingurunean nola egokitzen den.

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, crawl estiloan edo estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.

Nola eginen den: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretara bota eta 50 metro igerian eginen ditu (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metro itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik atera beharko da, zutik dagoela (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ezin da inolako bloke edo euskarritara igo.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkada hartzeko.

–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko):

DENBORA (GIZONAK)

DENBORA (EMAKUMEAK)

NOTA

42”tik gora

48”tik gora

Baztertua

41”9tik 41”ra bitarte

47”9tik 47”ra bitarte

5,0

40”9tik 40”ra bitarte

46”9tik 46”ra bitarte

5,5

39”9tik 39”ra bitarte

45”9tik 45”ra bitarte

6,0

38”9tik 38”ra bitarte

44”9tik 44”ra bitarte

6,5

37”9tik 37”ra bitarte

43”9tik 43”ra bitarte

7,0

36”9tik 36”ra bitarte

42”9tik 42”ra bitarte

7,5

35”9tik 35”ra bitarte

41”9tik 41”ra bitarte

8,0

34”9tik 34”ra bitarte

40”9tik 40”ra bitarte

8,5

33”9tik 33”ra bitarte

39”9tik 39”ra bitarte

9,0

32”9tik 32”ra bitarte

38”9tik 38”ra bitarte

9,5

31”9tik 31”ra bitarte

37”9tik 37”ra bitarte

10,0

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzeko aldean.

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saiakera egin baino lehen.

Zirkuituaren eskema:

L2110266_0.pdf

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 23”8 segundo gizonendako, eta 27”5 segundo emakumeendako.

Saioa baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Zutoin bat botatzen badu.

–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.

DENBORA (GIZONAK)

DENBORA (EMAKUMEAK)

PUNTUAZIOA

23”8 baino gehiago

27”5 baino gehiago

Baztertua

23”8tik 23”7ra bitarte

27”5etik 27”4ra bitarte

5,0

23”6tik 23”5era bitarte

27”3tik 27”2ra bitarte

5,5

23”4tik 23”3ra bitarte

27”1etik 27”0ra bitarte

6,0

23”2tik 23”1era bitarte

26”9tik 26”8ra bitarte

6,5

23”0tik 22”9ra bitarte

26”7tik 26”6ra bitarte

7,0

22”8tik 22”7ra bitarte

26”7tik 26”6ra bitarte

7,5

22”6tik 22”5era bitarte

26”5etik 26”4ra bitarte

8,0

22”4tik 22”3ra bitarte

26”3tik 26”2ra bitarte

8,5

22”2tik 22”1era bitarte

26”1etik 26”0ra bitarte

9,0

22”0tik 21”9ra bitarte

25”9tik 25”8ra bitarte

9,5

21”8 edo gutxiago

25”7 edo gutxiago

10,0

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, edo marretatik haratago, txandaka. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada eta metro bateko tartetik haratago joan bada, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:

–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea muturreko marra edo haratago zapaldu gabe.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera, edo haratago, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu marra zapaltzen seinale akustikoak jo baino lehen, izangaiari abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

TARTEAK (GIZONAK)

TARTEAK (EMAKUMEAK)

PUNTUAZIOA

10 baino gutxiago

8,0 baino gutxiago

Baztertua

10,0

8,0

5,0

10,5

8,5

5,5

11,0

9,0

6,0

11,5

9,5

6,5

12,0

10,0

7,0

12,5

10,5

7,5

13,0

11,0

8,0

13,5

11,5

8,5

14,0

12,0

9,0

14,5

12,5

9,5

15,0 edo gehiago

13,0 edo gehiago

10,0

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

• 4/10 bi begietan, edo,

• 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo,

• 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120º-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizketa.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta bihotzeko erritmoaren edo eroapenaren nahasmendu guztiak, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarraren blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena dela kausa, polizia lanetan aritzea eragozten badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio epaimahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten bestelako gaitzak, zeinahi aparatu edo sistematakoak, ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L2110266