161. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

63/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, 2021-2022 ikasturterako testuliburuak doan eskuratzeko programa finantzatuko duen administrazioaren ekarpenaren gehieneko zenbatekoa ezartzen duena.

Martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen irailaren 27ko 61/2010 Foru Dekretuaren 6. artikuluak honako hau xedatzen du: “Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Administrazioak urtero ezarriko du zein izanen den eginen duen gehieneko ekarpena. Onuraduna den ikasle bakoitzeko modulu bat ezarriko du, eta, haren balioa ezartzeko, kontuan hartuko dira programa aplikatuko deneko irakaskuntza maila eta gehien erabiltzen diren liburuek benetan duten kostua”.

Editoreen Elkarte Nazionalak testuliburuen prezioaren bilakaerari buruz egindako txostenak dioenez, aurreikusten da testuliburuak % 1,6 igotzea 2020-2021 ikasturterako, eta, beraz, bidezkoa da 2021-2022 ikasturterako onetsitako zenbatekoei portzentaje hori aplikatzea.

Irailaren 27ko 61/2010 Foru Dekretuak ezartzen du ikastetxeak, mailegualdi orokorra bukaturik, testuliburu berekin segitzea erabakitzen ahal duela, liburu berria jartzeari uko eginez eta ale berriak jarriz.

Ale berriei dagokienez, Administrazioak finantzatuko duen gehieneko portzentajea, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan, % 25 izanen da 2017-2018, 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan testuliburuak berritu ez eta berberekin segitzea erabaki zuten ikastetxeetan, eta % 0,5, aldiz, testuliburuak berritu zituzten ikastetxeetan. Ale berriak jartzeko eskaerek 61/2010 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.

Bestetik, aurrez eskaera eta arrazoiak azaltzen dituen txostena eginda, ikastetxeek bi urtetan berritzen ahalko dituzte testuliburuak –urte batean batzuk, eta hurrengoan gainerakoak–, eta ez dena urte bakarrean. Hartara, ikastetxe batek berritze partzial bat egin dezake ikasturte honetan, eta 2022-2023 ikasturtean, berriz, gainerako testuliburuak berritu.

Ikasturte honetan, berritutako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da, II. eranskinean ezarritako portzentajearen arabera. Aukera horretan, berritu gabeko liburuetan, ale berrien portzentajea % 8 izan daiteke.

Hurrengo ikasturtean, gainerako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da harik eta 2021-2022 ikasturterako onetsitako moduluaren gehieneko portzentajera iritsi arte.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2021-2022 ikasturtean testuliburuak doan eskuratzeko programa finantzatzeko administrazioak ikasleko egiten duen ekarpenaren gehieneko zenbatekoa ezartzea, I. eranskinean ageri denaren arabera.

2. Ikasturtero berrituko dira Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleen banakako erabilerarako testuliburuak eta curriculumeko materialak, betiere hurrengo ikasturteetako ikasleek erabiltzeko modukoak ez direnak.

3. Ikastetxe batean erabakitzen bada testuliburuak doan eskuratzeko programan sar daitekeen maila bateko gai edo ikasgai guzti-guztietako liburuak ez erabiltzea, Administrazioak 2021-2022 ikasturtean ikasleko eginen duen ekarpena kalkulatuko da doakotasun programan sartuta dauden liburu guztien artetik aukeratzen den liburu kopuruaren arabera, aplikatuz aurreko apartatuan aipaturiko gehieneko ekarpenaren araberako portzentajea, foru agindu honen II. eranskinean adierazita dagoen bezala.

Apartatu honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleei.

4. Hezkuntza premia bereziak (HBP) dituzten eta hala diagnostikatu zaien ikasleentzat 58,85 euroko zuzkidura ezarri da 2021-2022 ikasturterako, kontuan hartu gabe erabilitako material didaktikoa eta ikaslea derrigorrezko zein irakaskuntza mailatan dagoen matrikulatua, salbu eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, I. eranskinean aurreikusitakoa aplikatuko baita maila horietan.

5. Hezkuntza Departamentuak baimentzen eta finantzatzen ahalko ditu erabilera orokorrerako erosten diren testuliburuak eta bestelako material didaktikoa eta informatikoa, baldin berrerabilpen eta iraunkortasun baldintzak betetzen badituzte, zehazten diren kasuetan eta baldintzetan.

6. Ale berriei dagokienez, Administrazioak finantzatuko duen gehieneko portzentajea % 25 izanen da Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan, baldin ikastetxeak erabaki bazuen testuliburu berriak aukeratu ez eta berberekin segitzea 2017-2018, 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan, eta % 0,5, aldiz, ikasturte horietan testuliburuak berritu zituzten ikastetxeetan.

Ale berriak jartzeko eskaerek 61/2010 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.

7. Aurrez eskaera eta arrazoiak azaltzen dituen txostena eginda, ikastetxeek bi urtetan berritzen ahalko dituzte testuliburuak –urte batean batzuk, eta hurrengoan gainerakoak–, eta ez dena urte bakarrean. Hartara, ikastetxe batek berritze partzial bat egiten ahalko du ikasturte honetan, eta 2022-2023 ikasturtean, berriz, gainerako testuliburuak berritu.

Ikasturte honetan, berritutako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da, II. eranskinean ezarritako portzentajearen arabera. Aukera horretan, berritu gabeko liburuetan, ale berrien portzentajea % 8 izan daiteke.

Hurrengo ikasturtean, gainerako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da harik eta 2021-2022 ikasturterako onetsitako moduluaren gehieneko portzentajera iritsi arte.

8. Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio foru agindu hau garatzeko.

9. Foru agindu honen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Nafarroako Gobernuari zuzendua, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

11. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2021eko ekainaren 22an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

I. ERANSKINA

Testuliburuen programa finantzatzeko modulua

IKASLE ETA IKASMAILA BAKOITZEKO GEHIENEKO ZUZKIDURAK

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak

Ikasmaila bakoitzeko gehieneko zuzkidura

92,16 euro

Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailak

Ikasmaila bakoitzeko gehieneko zuzkidura

109,93 euro

Erabilera orokorreko materiala eta norberak egina (ikasle eta irakasgai bakoitzeko)

16,66 euro

HPBak dituzten ikasleak

58,85 euro

DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak

Ikasmaila bakoitzeko gehieneko zuzkidura

189,88 euro

Erabilera orokorreko materiala eta norberak egina (ikasle eta irakasgai bakoitzeko)

22,21 euro

HPB dituzten ikasleak

58,85 euro

II. ERANSKINA

LEHEN HEZKUNTZA

DBH

Hautatutako liburu kopurua

Ekarpenaren portzentajea

Hautatutako liburu kopurua

Ekarpenaren portzentajea

1

% 20

1

% 14

2

% 40

2

% 29

3

% 60

3

% 43

4

% 80

4

% 57

5 edo gehiago

% 100

5

% 71

6

% 86

7 edo gehiago

% 100

Iragarkiaren kodea: F2109999