16. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 22a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2/2021 FORU AGINDUA, urtarrilaren 20koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez zati batean aldatzen baitira Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri aparteko gehiago ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz; abenduaren 30era arteko indarraldia eman zien foru aginduak, egun hori barne. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu zuen foru agindu hori, abenduaren 15ean emandako 189/2020 Autoaren bidez.

Era berean, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 28ko 64/2020 Foru Aginduaren bitartez luzatu ziren, baldintza berberetan, abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abenduaren 29ko 205/2020 Autoaren bidez. Gerora, Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Aginduaren bitartez, berriro luzatu zen, aldaketa puntual batzuk eginda. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki berretsi zuen foru agindu hori, urtarrilaren 14ko 3/2021 Autoaren bidez; neurri guztiak berretsi zituen, salbu terrazetan erretzeko debekua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean eta Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuaren txostenean justifikatzen da zer arrazoi epidemiologiko eta asistentzialengatik den gomendagarria areagotu daitezela osasun arloan, eta Nafarroako Foru Komunitaterako, hartu ziren prebentzio neurri apartekoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasun Zuzendaritza Nagusiaren txostenak, aipatutako txosten teknikoetan oinarrituta, justifikatzen eta proposatzen du ostalaritza ixteko neurria har dadila, terrazak irekitzeko muga edo salbuespenarekin, foru agindu honetan ezartzen diren baldintza jakin batzuekin. Orobat, proposatzen da, arauak koherentzia izan dezan, alda daitezela Osasun kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan ezarritako beste neurri batzuk, ostalaritzaren sektorearekin zerikusia dutenak. Horrela, bada, proposatzen da bertan behera utz dadila ostalaritzako establezimenduen barnealdean ospakizun sozialak eta familiarrak egiteari buruzko neurria. Horrez gain, elkarte gastronomiko eta peña guztiak aldi batez itxi zirenean, honako hauek salbuetsi ziren: 500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan kokatutakoak, non ez dagoen ez kafetegirik, ez jatetxerik, ez tabernarik ezta herritar guztiak biltzeko beste lokalik ere. Proposatzen da, beraz, zehaztu dadila itxi behar izatetik salbuetsitako elkarte gastronomiko eta peña horiek bete behar dituztela ostalaritzaren eta jatetxeen sektoreari buruz foru agindu honetan ezarritako baldintzak.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Aldatzea 3. puntua (Ostatuak eta jatetxeak) Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Testu hau izanen du:

3.1. Establezimenduen barnealdeak.

3.1.1. Debeku da kontsumitzea taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten Nafarroako Foru Komunitateko establezimenduen barnealdean.

3.1.2. Barnealdea ixteko betebehar horretatik kanpo daude hoteletako eta bestelako ostatuetako jantokiak, baina otorduetako zerbitzua ematen ahalko diete horietan ostatu hartu dutenei bakarrik. Horretarako, zorrotz bete beharko dira osasun arloko prebentzio neurri orokorrak, eta gehienez sei pertsona egonen dira mahai bakoitzean.

3.1.3. Ogia eta/edo eramateko kafea saltzeko zerbitzua duten establezimenduetan, zerbitzu hori baimenduko da (baina ezin da establezimenduan kontsumitu). Nolanahi ere, 21:00etarako itxi beharko dute.

3.1.4. Ostatu eta jatetxeetako barnealdea ixteko debekutik kanpo daude honako hauek ere: zentro eta zerbitzu sanitarioen eta soziosanitarioen barneko ostalaritza zerbitzuak, eskola-jantokiak, unibertsitatekoak, enpresakoak eta jantoki sozialeko zerbitzuak.

3.1.5. Salbuespenez, establezimenduei barnealdean zerbitzua emateko baimena ematen ahal zaie baldintza hauek betetzen dituztenean:

a) Establezimenduen bezeroak bidaiarien nahiz salgaien garraio arloko langileak izatea, hori frogatzen badute C edo D gidabaimenarekin edo kasuan kasuko gaitasun profesionalaren agiriarekin.

b) Establezimenduak erregai-zerbitzuguneetan kokatuta egotea, hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan, aparkalekua badute bost trailer kamioirentzat baino gehiagorentzat eta bazkarien eta afarien zerbitzua ematen badute.

Orobat, jatetxe zerbitzua baimenduko da, baldintza hauek betez gero:

a) Foru agindu honen 3.1.5 a) puntuan zehaztutako langileei baino ezin zaie zerbitzua eman.

b) Baimendutako establezimenduen barnealdeak itxita egonen dira jendearentzat.

c) Kasu guztietan, osasun-agintaritzek oro har ezarritako higiene eta segurtasun neurriak bete behar dira, eta zehazki, jatetxeetarako ezarritakoak.

d) Establezimenduen jabeek begiratu eta bermatu behar dute une oro betetzen direla osasun segurtasunaren arloko neurriak.

3.2. Kanpoaldeak.

3.2.1. Baimentzen da Nafarroako Foru Komunitatean taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, baldin itxitako azalera bada aldeko perimetroaren % 50 edo hori baino txikiagoa (perimetro horren barnean da eraikinaren fatxada, terraza atxikirik duena).

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

3.2.2. Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien eta/edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa.

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

f) Terrazetan debekatuta egonen da erretzea 2 metroko segurtasun-tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

3.2.3. Toki-erakundeei gomendatzen zaie aukerak azter ditzatela aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun-tartea.

3.3. Puntu honetan aipatutako ostalaritzako establezimenduetako eta jatetxeetako terrazak 21:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren.

3.4. Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira, etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimenduan hartzeko, 22:30ak arte.”

Bigarrena.–Aldatzea 25.2 puntua (Elkarte gastronomikoak eta peñak) Osasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 63/2020 Foru Aginduan. Honela idatzita geldituko da:

“25.2. Etenaldi horretatik salbuetsita daude bostehun biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzejuetan kokatutakoak, baldin udalerri edo kontzejuan ez badago kafetegi, jatetxe edo tabernarik eta ez badago herri guztia elkartzeko beste lokalik. Kasu horietan, alkateek irekitzeko baimena ematen ahal dute, betetzen direnean foru agindu honen 3.1, 3.2, 3.3 eta 3.4 puntuetan ostatu eta jatetxeetarako ezarritako baldintzak”.

Hirugarrena.–Indarrik gabe uztea, ostalaritzako establezimenduen eta jatetxeen barnealdean ospakizunak egiteari dagokionez, Osasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 63/2020 Foru Aginduaren 8.2 eta 8.3 puntuak. Foru agindu horren bidez prebentzio neurri apartekoak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, baimen judiziala eman dezan, aurretiaz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko urtarrilaren 23an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 20an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2100976