156. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU

Ordenantza, Autokontsumorako instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Zarrakazteluko Udalak, 2021eko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Autokontsumorako instalazioak arautzen dituen udal ordenantza. Erabaki hori 2021eko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zarrakaztelun, 2021eko ekainaren 10ean.–Alkatea, Javier Igal Iguaz.

AUTOKONTSUMORAKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

1. Isuriak 2030erako murrizteko helburuak 2014ko urriko Kontseilu Europarraren Ondorioetan daude jasorik. Ondorio horietan, 2021-2030 aldiko Energia eta Klima Aldaketari buruzko Politika Esparrua onartu zen (“2030 Esparrua”), Energiaren eta Klima Aldaketaren Europako Paketeari jarraipena ematearren. Hona hemen 2030 Esparruaren helburu nagusiak:

–Berotegi efektuko gasen isuriak %40 murriztea, 1990eko mailen aldean.

–Jatorri berriztagarria %27ra iristea energia kontsumoan.

–Energia efizientzia %27 hobetzea.

2. Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Autokontsumoa izapidetzeko gidan adierazten duenaren arabera, toki administrazioak zeregin erabakigarria betetzen du autokontsumorako instalazioak izapidetzeko garaian; horregatik, gomendatzen dute udalek sinplifika ditzatela beren eskumeneko baimenak emateko izapideak, hori eginez gero, erraztu eginen baitute haien udalerrietan autokontsumorako instalazioak jartzea.

Beraz, ordenantza eredu honek udal erregulazio bat ezartzen du, zeinak sustatzen baitu autokontsumorako instalazioak ezartzea toki eremuan, eta, ondorioz, energia berriztagarriaren sorkuntza bultzatzen. Eta hori, argitasuna eskainiz helburu horretarako hirigintza lizentziak izapidetzeko beharrezkoak diren eskakizunei dagokienez, eta, aldi berean, laguntzak aurreikusiz udal eremuan.

3. Ordenantza honek bi helburu ditu. Alde batetik, udalaren esku-hartze araubidea ezartzea, autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazioak sustatzeari dagokionez, erantzukizunpeko adierazpenen araubidearen pean jarrita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192.1.b) eta e) artikuluan xedatutakoaren babesean (II. titulua).

Bestalde, mota horretako instalazioen sustapena bultzatzeko helburua duten laguntza ekonomikoen araubidea zehazten da (III. titulua). Laguntza horien barnean, bi mota bereizten dira: lehenik, dirulaguntzen araubidea aipatzen da pizgarri ekonomiko gisa; eta bigarrenik, zerga-hobari bat aplikatzea eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergan. Lehen kasuan, dirulaguntzen araubidearen arau esparrua azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra da; eta bigarren kasuan, aldiz, araututako zerga-hobaria aitortzeko lege aukera bideratuko da indarreko foru legedian xedaturik dagoenaren babesean.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalaren esku-hartzea arautzea, autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko ondasun higiezinetan egiten diren instalazioak sustatzeko jarduketen arloan, instalaziook sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan, instalazioen potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa izanik, betiere.

Aurreko paragrafoan aipatu diren jarduketen sustapena bultzatzea helburu duten laguntza ekonomikoen araubidea ere arautzen du.

Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, hona zer diren:

Autokontsumoa: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumitzea kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazio batzuetatik datorren energia elektrikoa. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Sarera konektatutako instalazioa: kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako sorkuntza-instalazio bat, kontsumitzaile batekin sarera konektatzeko azpiegiturak partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bidez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere sarera konektatutako sorkuntza instalaziotzat hartuko da. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Instalazio isolatua: inoiz gaitasun fisikorik ez duena garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko, ez zuzenean, ez zeharka, norberaren edo besteren instalazio baten bidez. Etengailuen edo gisako gailuen bidez saretik deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu hau aplikatzearen ondorioetarako. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Soberakinak dituen autokontsumo modalitatea: modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek autokontsumorako energiaz hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. (244/2019 ED, 4. artikulua).

Potentzia nominala: inbertsorearen gehieneko potentzia izanen da, edo, bestela, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.

Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua da sarera soberakinekin konektatutako zein isolatutako autokontsumorako instalazioena, haien eguzki energia fotovoltaikoaren eta/edo energia eolikoaren potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, eta Zarrakazteluko udal-mugartean dagoen edozein ondasun higiezinetan kokatuta badaude.

Udalaren baliabide ekonomikoak.

Ordenantza honetan aurreikusten diren laguntza ekonomikoetan, oro har, guztira aplikatuko diren baliabideak izanen dira xede horretarako berariazko aurrekontuko partidan jasotakoak. Partida hori ekitaldi ekonomiko bakoitzean onesten diren aurrekontu arruntetakoa izanen da.

II. TITULUA

Administrazioaren esku-hartzea

Administrazioaren esku-hartzearen araubidea.

Ordenantza honetan aipatzen den eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko jarduketen sustapena erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta egonen da.

Erantzukizunpeko adierazpenaren aurkezpena eta ondorioak.

1. Instalazioa egin aurretik, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Udalean. Adierazpen horretan, dokumentazio hau barne hartuko da, gutxienez:

a) Udalaren eredu edo eskabide normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek gutxienez jasoko dituena: pertsona edo erakunde sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen nortasunaren egiaztapena, instalazioaren kokalekua, higiezinaren katastroko erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), aurrekontua BEZik gabe, instalazioaren potentzia nominala...

b) Instalazioei buruzko proiektu teknikoa, memoria baloratua edo instalazioen deskripzio agiri teknikoa, aplikatu beharreko araudi teknikoak eskatzen duena.

c) Instalazioaren aurrekontu xehatua. Aurrekontu honen azken balioa (BEZik gabe) eraikuntzen eta obren gaineko zerga (EIOZ) kalkulatzeko zerga-oinarria izanen da.

d) Obra hasteko aurreikusitako data adierazi beharko da, bai eta hartu beharreko neurriak ere, hondakin hustuketaren (halakorik sortzen bada), ingurumen-arloko alderdien eta bide publikoaren erabileraren inguruan.

e) Instalazioak gauzatu aurretik beharrezkoa izanen den beste edozein baimen (funtsezkoa edo sektoriala).

2. Erantzukizunpeko adierazpenak eskubide bat aitortzea edo erabiltzea ahalbidetuko du, Administrazio Publikoek esleituta dituzten egiaztapen, kontrol eta ikuskapen ahalmenak alde batera utzi gabe. Ondorio guztietarako, pertsona edo erakunde interesduna gaituta dago instalazioa gauzatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aurkezten dituenetik aurrera.

Paisaia eta ingurumen integrazioak.

1. Autokontsumorako instalazioek bete beharko dituzte hirigintza plangintzan, eraikingintza ordenantzetan eta aplikatu beharreko gainerako araudi sektorialean paisaia integrazioari eta ingurumen integrazioari buruz ezarritako irizpideak.

2. Aurrekoa bereziki garrantzitsua izanen da Kultura Intereseko Ondasun (KIO) gisa katalogatutako higiezinetan kokatuta dauden instalazioetan, edo babes motaren bat duten higiezinetan kokatutakoetan, KIO ingurunean edo hirigune historikoetan daudelako.

Autokontsumoaren Erregistro autonomikoan inskribatzea.

Autokontsumorako instalazioei alta eman beharko zaie Nafarroako Gobernuko energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioen Erregistro Administratiboan.

Epeak.

Obrak gehienez ere hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, Udalari aurretiazko komunikazioa aurkezten zaionetik zenbatzen hasita. Obrak bukatzeko epea sei hilabetekoa izanen da, hasten direnetik zenbatzen hasita, salbu eta justifikatzen bada epe horiek atzeratu edo gainditu beharra.

Plaka fotovoltaikoak instalatzeko baldintzak.

Baldintza hauek bete beharko dituzte eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki energia fotovoltaikoko instalazioek:

a) Estalki inklinatuak. Panel fotovoltaikoak estalkiko isurkietan jartzen ahalko dira, isurkien inklinazio berarekin eta haien planotik atera gabe, eraikin katalogatuetan izan ezik; kasu horretan, babesari buruzko hirigintza araudia aplikatuz organo eskudunak ontzat ematen duena hartuko da kontuan.

b) Estalki lauak. Eguzki panelak kokatu beharko dira plano hauek eraturiko inguratzailearen barnean: azken forjatuaren ertzetatik 45º-an trazatutako planoek eta 200 cm-ko altueran kokatutako plano horizontal batek (azken forjatuaren goiko aldetik neurtuta), ilustrazioko irudian bezala. Estalkia babesteko petoa babeski gardenekin luzatu beharko da. Babeski horiek tokirako egokiak izan beharko dira estetikaren aldetik, aurrealde opaku jarraikirik sortu gabe, eta panelaren gehieneko altuerarainokoak.

Peto hori luzatzea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta panelak fatxadaren planotik hurbilen duen aldetik neurtutako distantzia (d) estalkiaren forjatuaren goiko aldearen eta panelaren zatirik altuenaren artean dagoen distantzia (h) bera bada, edo hori baino handiagoa. Eraikin katalogatuen kasuan, babesari buruzko hirigintza araudia aplikatuz udal organo eskudunak ontzat ematen duen konponbidea aplikatu beharko da.

L2109622_0.pdf

c) Fatxadak. Eguzki energia hartzeko panelak instalatzen ahalko dira fatxadetan, fatxaden inklinazio berarekin eta haien planotik atera gabe, harmonian fatxadaren eta eraikinaren gainerako atalen konposizioarekin eta bat etorriz hirigintza-araudian eta, hala badagokio, paisaia babesteari buruzko indarreko ordenantzetan ezarritako baldintza estetikoekin.

d) Arestian aipatutakoez bestelako leku eta baldintza batzuetan dauden eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki energia fotovoltaikoko instalazioak ez dira antiestetikoak izaten ahalko; hortaz, Udalak ukatzen edo baldintzatzen ahalko du Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edota ordenantza honetan ez ezik, indarrean dagoen beste edozein hirigintza arauditan ere ezarritakoa betetzen ez duen edozein jarduketa.

Ordenantza honetan araututako autokontsumorako instalazioei zuzenean aplikatuko zaizkie eraikinak, multzo arkitektonikoak, inguruneak eta paisaiak zaintzeko eta babesteko hirigintzako arauak, ondarea babesteko katalogo edo planetan jasotako horiei guztiei dagokienez.

Halakoetan, enpresa sustatzaileak instalazio horien bateragarritasun azterketa aurkeztuko du ordenantza honen 3. artikuluan xedaturiko dokumentazioarekin batera. Udal organo eskudunak instalazioak arau horietara egokitzen ote diren egiaztatuko du, eta baloratuko du bai haien integrazio arkitektonikoa, bai ingurumenaren aldetik dakartzaten onurak eta kalteak, barne dela ondoko eraikinetan bizi direnei eragozteko moduko islarik maiz sor ez dezaten begiratzea.

Debeku da espresuki fatxadetan ikusten den inolako hodirik, kablerik edo bestelako elementurik trazatzea, salbu eta eskabidean zehatz-mehatz eransten bada eraikuntzako konponbide bat, horiek eraikinaren estetikan ongi integratzea bermatzen duena.

Enpresa instalatzaileak.

Instalazio fotovoltaikoak egin beharko dituzte gaitutako enpresa instalatzaileek, “Behe tentsioa sortzen duten Instalazioak” espezialista kategoria dutenek, eta Behe Tentsioko Erregelamendu Elektronikoan eta aplikatu beharreko araudi sektorialean eskatzen diren eskakizun guztiak beteko dituzte.

Lanak bukatu ondoren, gaitutako enpresa instalatzaileak instalazio elektrikoaren ziurtagiria egin beharko du.

III. TITULUA

Laguntza ekonomikoak

Laguntzen izaera.

Ordenantza honetan araututako jarduketak sustatzeko neurri gisa, Zarrakazteluko Udalak ordenantza honetan ezartzen dituen laguntzak bi motatakoak izanen dira:

1. Dirulaguntza ekonomikoa.

2. Zerga-hobaria.

IV. TITULUA

Dirulaguntza ekonomikoa

Laguntzen onuradunak.

Honako hauek dira udal dirulaguntzak jasotzen ahalko dituztenak:

a) Jarduketen xede diren higiezinen jabeak, hala pertsona fisikoak nola juridikoak.

b) Bizilagunen erkidegoak, badin eta horiek sustatzen badituzte jarduketak.

c) Jarduketen xede diren higiezinak errentamenduan, gozamenean edo antzeko titulu legitimo baten bidez okupatzen dituzten pertsonak.

Gastu diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntza jasoko dute autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa edo energia eolikoa ekoizteko instalazioek (sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan), haien potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, eta Zarrakazteluko udalerrian eginak badira.

2. Ez dute dirulaguntzarik jasoko dauden araudiak aplikatzearen ondorioz nahitaezkoak diren instalazioek.

Laguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntza gisa emanen den laguntza ekonomikoa izanen da eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) likidatzeko aurkeztutako zerga-oinarriaren %10, 2/1995 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta udal dirulaguntza, gehienez, 600 euro izanen da.

2. Aurreko apartatuan aipaturiko dirulaguntza gisa emanen den laguntza ekonomikoa oroharreko zenbateko bat izanen da instalazio bakoitzeko, eta halakotzat joko da ordenantza honetan araututako jarduketen sustapena helburu duten instalatutako elementuen multzo unitario eta fisikoki indibidualizatua, bai eta obra zibila ere.

3. Instalazioaren kostuak –obrak gauzatzeko kostua, gastu orokorrak eta mozkin industriala baturik– ez badu gainditzen 1.000,00 euroko zenbatekoa, eta proiektu teknikoa aurkeztu beharrik ez badu, laguntza 100 eurora mugatuko da.

4. Laguntzek dirulaguntza izaera izanen dute, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako definizioaren eta araubidearen arabera.

Bateragarritasun araubidea.

1. Titulu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira, helburu bererako, beste administrazio batzuengandik edo pertsona edo erakunde pribatuengandik lortutako beste dirulaguntza ororekin. Dirulaguntzen guztizko zenbatekoak ezin izanen du inola ere gainditu instalazioaren kostua.

2. Obra berak egiteko laguntzak eskatu edo lortu badira, edo ondoren eskatzen badira, une horretan bertan jakinarazi beharko da, eta ordenantza honen xede den dirulaguntza eman aurretik.

3. Era berean, bateragarriak izanen dira titulu honetan araututako zerga onurarekin.

Laguntzak galtzea.

1. Ordenantza honetako baldintzak eta eskakizunak ez betetzeak, eta zehazki, obrak ez gauzatzeak, bai eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean.

2. Arlo honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan ezarritakoa aplikatuko da.

3. Laguntzen itzulketa indibiduala izan daiteke, baldin eta ez-betetzea bizilagunen erkidegoa osatzen duten pertsonetako batek bakarrik egin badu, kasua bada.

Prozedura.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoen eskabideak Udalari aurkeztuko zaizkio, dokumentazio hau erantsita:

–Laguntzaren eskabidea

–Eskatzaileak duen ordezkaritza egiaztatzeko agiria, hala badagokio.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena onuraduna ez dela sartzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuetako bakar batean ere.

–Bizilagunen erkidegoaren erabakia, hala badagokio, instalazioa egiteko.

–Erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazio gehigarria aurkeztu izanaren frogagiria.

–Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ez ezik, aplikatu behar diren tasak eta gainerako udal tributuak ere ordaindu izanaren frogagiria.

–Idatzizko konpromisoa, adierazirik instalazioak gutxienez hamar urteko epean egonen direla gauzatu diren higiezinean, funtzionatzen eta ekoizten, ekoizteari ekiten diotenetik aurrera zenbaturik.

–Banku kontua adierazi beharko da, dirulaguntzaren sarrera egiteko kontu horretan. Pertsona edo erakunde eskatzaileak izan beharko du kontu horren titularra.

2. Eskabidea eta aurreko puntuan aipatu den dokumentazioa jaso ondoren, ebaluatu eginen da eta, bidezko bada, dagokion dirulaguntza onartuko da. Eskabidea hilabeteko epean aurkeztu beharko da, obren erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik hasita.

3. Dirulaguntzak emateko, kreditu egokia eta behar adinakoa egon beharko da helburu horretarako bideratutako aurrekontu-partidan. Eskabideak Udalaren erregistroan noiz sartzen diren, hurrenkera horren arabera emanen dira laguntzak.

4. Dirulaguntza ordainduko da, baldin eta horren onuradunak dokumentazio hau aurkezten badu Udalean:

–Instalazioak burutu izana egiaztatzen duen obra bukaerako ziurtagiria.

–Obren kostu erreala egiaztatzen duen dokumentu teknikoa.

–Jarduketen EIOZren zerga-oinarriarekin bat datozen fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

–Nafarroako Foru Komunitateko Autokontsumoaren Erregistroan erregistratu izanaren frogagiria.

V. TITULUA

Zerga-hobaria

Zerga-hobaria EIOZren kuotan.

1. Ordenantza honetan aipatzen diren eguzki energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko instalazioek %50eko murrizketa izanen dute une bakoitzean indarrean dagoen eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren tasan.

2. Hobaria eskatu beharko da erantzukizunpeko adierazpena aurkeztearekin batera. EIOZren kuota oso-osorik ordainduko da adierazpen hori egiten denean, horrek deusetan galarazi gabe hobariaren esanbidezko aitorpena eta dagokion itzulketa, bidezko bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten, beronekin kontraesanean dauden edo bateragarri ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honen interpretazioa Udal honena da, ez beste inorena.

Bigarrena.–Udalak une oro egiaztatzen ahalko du obrak behar bezala gauzatu direla eta eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, hala baldintza juridikoak nola materialak zein bestelakoak, beharrezkoak badira ordenantza honetan araututako laguntza ekonomikoak aitortu eta ordaintzeko eta zerga onurak aitortzeko.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan espresuki ezarrita ez dagoenari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, martxoaren 10eko Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legea, abenduaren 14ko Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren beste guztiak.

Laugarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denetik hasita, berau aurkaratzeko Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Administrazioak legez ezarritako epea iragaten denean.

Iragarkiaren kodea: L2109622