156. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 6a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

307/2018 administrazioarekiko auzi-errekurtsoa

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 307/2018 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan 88/2019 epaia eman da 2019ko apirilaren 10ean eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

88/2019 Epaia.

Lehendakaria: María Jesús Azcona Labiano andrea.–Magistratuak.–Raquel H. Reyes Martínez andrea.–Ana Irurita Díez de Ulzurrun andrea.

Iruñean, bi mila eta hemeretziko apirilaren hamarrean.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuta, 0000307/2018 errekurtsoaren autoak aztertu ditu, zeina Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 7ko 51/2018 Foru Aginduaren aurka jarri baitzen (2018ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 19koa). Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren. Hauek dira alderdiak: errekurtsogile gisa, STEE-EILAS, Uxua Arbizu Rezusta prokuradoreak ordezkatua eta Carlos A. Cabodevilla Cabodevilla letraduak zuzendua, eta demandatu gisa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, Nafarroako Foru Komunitateko letraduak ordezkatua eta zuzendua.

Epaitza:

Baiestea Hezkuntza Departamentuko ekainaren 7ko 51/2018 Foru Aginduaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta foru agindu hori zuzenbide osoz deuseza dela deklaratzea. Foru agindu horren bidez onesten dira Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

Kostuak demandatuei ezartzen zaizkio.

Epaia irmoa izanda, Lege jurisdikzionalaren 72.2 artikuluan ezarritakoa betez, behar diren baliabideak jarriko dira epai hau, lehenbailehen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Jakinaraz bedi ebazpen judizial hau Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 248. artikuluak xedatzen duenari jarraituz, eta aditzera ematen da kasazio-errekurtsoa soilik jar daitekeela haren aurka, dagokion Salari zuzendua, bakar-bakarrik kasazio-interes objektiboko kasuren bat badago tartean eta ezarritako legezko baldintzak betez, hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legearen 86. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat (uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoak emandako testuaren arabera).

Errekurtso hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko sala honi zuzenduta prestatu beharko da, epai hau jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean.

Alderdiei aditzera ematen zaie ezen, edozein kasutan, eta aurkezten diren kasazio-errekurtso guztietan, kasuan kasuko kasazio-errekurtsoari buruzko idazki guztiek bat etorri beharko dutela, aitzakiarik gabe, Auzitegi Goreneko Gobernu Salak 2016-4-21ean hartutako Erabakiaren bidez eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusi honek 2016-6-27an hartutako Erabakiaren bidez onetsi diren baldintza eta betebehar estrintsekoekin.

Erabaki horiek ikusgai daude Justizia Auzitegi Nagusi honen iragarki-taulan, eta argitaratuta, orobat, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren web-orrian (www.poderjudicial.es), jendaurrean egon daitezen eta orok jakin ditzan.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu”.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2021eko ekainaren 23an.–Salako Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.

Iragarkiaren kodea: J2110125