153. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 1a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 30ean hartua, zeinaren bidez hein baten ondoriorik gabe gelditzen baita Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta zitezkeen berragertzeei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 26an hartu Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko erabaki bat aldatu zen, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko. Erabaki hori aldatu edo bertan behera uzten ahalko da, Osasun Departamentuak proposatuta, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez.

Era berean, gaitasuna eman zitzaion Osasun Departamentuaren titularrari, osasun-agintaritza den aldetik, erabaki hau aplikatzearren behar diren neurriak hartzeko eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki honetan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzeko, beharrezkoak badira.

Erabaki horren 5. apartatuaren babesean, osasun arloko neurri apartekoen foru agindu ugari eman dira COVID-19aren ondorioz, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren xedapenak aldatzen joan direnak, pandemia kontrolpean edukitzearren unean uneko egoera epidemiologikoen arabera. Horietako azkena ekainaren 15eko 21/2021 Foru Agindua izan da, 2021eko uztailaren 1era arteko indarraldia daukana, egun hori barne.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiko neurrietako asko, bat zetozenak Nafarroak 2020ko udan zeukan egoera epidemiologikoarekin, Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez aldatu dira ondoz ondo, baina beste batzuek indarrean jarraitzen dute. Nolanahi ere, ez dira egokitzen Nafarroak egun duen egoera epidemiologikora.

Egun, badago desberdintasun nabarmen bat 2020ko udako egoera epidemiologikoaren aldean: COVID-19aren kontrako txertaketa aurreratua; 2020ko abenduan jarri zen abian eta 2021eko ekainean hasi da lehendabiziko dosiak ematen 30 urtetik 39ra bitarte dituztenei. Horrek eta pandemian zehar hartutako prebentzio neurriek ekarri dute kutsatzeak murriztea, eta, batez ere, presio asistentziala apaltzea, pertsona zaurgarrienek txertaketaren pauta osoa jasoa baitute.

Ildo horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egin txostenean jasotzen da ezen, kontuan harturik zein den egoera epidemiologikoa Nafarroako Foru Komunitatean, bai eta, beraz, haren alerta maila ere (txikia, une hauetan), gutxinaka malgutzen ari direla zenbait esparrutan hartutako neurriak.

Egun, zenbait errege dekreturen bidez deklaratutako ondoz ondoko alarma egoerak bukatuta (horietako azkena urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua izan zen, azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez luzatu zena 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte), autonomia-erkidegoek eskumena dute pandemiari buruzko osasun arloko neurriak hartzeko.

Gauzak horrela, maiatzaren 4ko 8/2021 Errege Lege-dekretuan (haren bidez, presako neurriak hartu ziren osasun arloan, arlo sozialean eta arlo jurisdikzionalean, aplikatu behar direnak alarma egoeraren indarraldia bukatutakoan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zena, zeinak alarma egoera deklaratu baitzuen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko), ulertzen da ezen osasun arloko legediak, osasun arloko gainerako araudian jasotako aurreikuspenekin batera, barne dagoela Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra, eta aipatutako errege lege-dekretuko aldaketa puntualekin, esparru juridiko nahikoa eta egokia dela osasun krisiaren egoerari erantzuteko oraingo inguruabar epidemiologikoetan eta gaixotasuna kontrolatzen den honetan.

Egun, Nafarroan, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak xedatzen duenez, honako hauek dira osasun-agintaritza: Nafarroako Gobernua, Osasun Departamentuaren titularra eta Osasun Zuzendaritza Nagusiarena eta alkateak, nor bere eskumenen esparruan.

Hemendik gutxira, uztailaren 2an, indarra hartuko du Osasuneko kontseilariaren foru agindu batek, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluak esleitutako eskumenak oinarri hartua. Foru agindu horrek hurrengo hilabeteetarako neurriak arautuko ditu, kontuan izanik zer egoera epidemiologiko dagoen Nafarroan une hauetan (arrisku txikia). Aurrera jarraituko du Osasun Departamentua mailaz maila eta zuhurtziaz egiten ari den deseskalatzeak, helburua izanik osasun publikoa babesteko osasun arloko interesak eta Nafarroako Foru Komunitateko jarduera ekonomikoa, kulturala eta soziala uztartzea.

Horregatik guztiagatik, segurtasun juridikoa eta argitasuna ematearren herritarrei eta ekonomia, kultura, gizarte, aisialdi eta gainerako arloetako sektoreei, orok jakin dezan, bidezkoa da ondoriorik gabe uztea 2020ko ekainean onetsi ziren osasun arloko neurriak, eta leku ematea Osasuneko kontseilariaren testu bakar bati, non bilduko baitira osasun arloko oinarrizko arau guztiak, sektore desberdinetara eman direnak pandemiaren ondorioz. Horrela, errazagoa izanen da arauak jakitea eta argitasuna eta segurtasun juridikoa emanen dira osasun arloko neurriak betetzeko.

Horretarako, ondoriorik gabe uzten dira Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian xedatutako arauak, 8. puntua izan ezik, non indarrean jarraitzen baitzuten erabaki horren aurretik COVID-19aren inguruan emandako foru aginduek eta ebazpenek. Horiek indarrean iraun behar dute, pandemia ez baita bukatutzat jo.

Osasunari buruzko Foru Legearen 2.2 artikuluak ezartzen du, barne osasunaren eta higienearen arloan Foru Komunitateari dagozkion eskumenak eta eginkizunak gauzatuz, eta apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan eta apirilaren 25eko 14/1986 Legean aurreikusitako ondorioetarako, osasun-agintaritza izanen direla Nafarroako Gobernua, Osasun Departamentuaren eta Osasun Zuzendaritza Nagusiaren titularrak eta, halaber, alkateak beren eskumenen esparruan.

Horrenbestez, gorago adierazitako arauzko aurreikuspenekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Ondoriorik gabe uztea Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakia eta haren 2020ko abuztuaren 26ko aldaketa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren, haren 8. puntua izan ezik, indarrean jarraituko baitu.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki honek ondorioak izanen ditu 2021eko uztailaren 2ko 00:00etatik aurrera.

Iruñean, 2021eko ekainaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2110408