152. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

302/2021 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Kirolaren Institutuaren “Printzearen Gotorlekua” egoitzako kirolari egoiliarren plazak betetzeko deialdiaren oinarriak, plaza esleitzen den egunetik (betiere 2021eko irailaren 1etik aurrera) 2022ko uztailaren 31ra arteko eperako, biak barne.

Kirolaren Zuzendariordetzak aurkeztu duen txostenean adierazi du beharrezkoa dela Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” egoitza erabiltzeko aukera guztiak ahal den gehiena erraztea. Hori horrela, deialdi bat egitea proposatu du, oinarriak eta irizpideak ezarriko dituena Nafarroako Kirolaren Institutuaren “Printzearen Gotorlekua” egoitzan kirolari egoiliarrentzat dauden plazak betetzeko.

Deialdi honen hartzaile nagusiak dira, lehenbizi, errendimenduko kirolari direla aitortzeko betebehar guztiak betetzen dituzten kirolariak.

Horrekin, asmoa da kirolari horien erabateko kirol garapena erraztea, kirol arrakastarik handiena lor dezaten, hala Espainian nola nazioartean. Eta bestalde, erraztu gogo da kirol jardueraren eta kirolariaren ikasketen, bizitza pertsonalaren eta lanaren arteko bateragarritasuna, bai eta aipatu kirol jardueraren kontrola ere. Horregatik, beharrezkoa da aipatu instalazioak kirolarientzat dituen plazak betetzeko irizpideak eta oinarriak finkatzea.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakiarekin bat (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), “Printzearen Gotorlekua” egoitzako errendimenduko kirolari egoiliarrak ostatu kuotak ordaindu beharretik salbuetsita egonen dira, aipatu erabakiaren B ataleko (“Kirolarientzako eta gazteentzako egoitzak, aterpetxeak eta aterpeak”) 1. puntuan (“Kirolarientzako egoitza eta gazte aterpetxea: Printzearen Gotorlekua gazteen egoitza”) ezarritakoari jarraikiz.

Goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarrizko errendimenduko kirolaritzat (errendimenduko kirolaren mailak) hartzeko baldintzak honako arau hauetan daude bilduta: otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretua, Nafarroako errendimenduko kirola arautzen duena; Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpena, Nafarroako goi mailako kirolari bihurtzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatzeaz gainera, arautzen dituena bai Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, bai Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak; eta Gizarte Politiketako kontseilariaren maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Agindua, Nafarroan goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarrizko errendimendukoan sartzeko prozedura arautzen duena.

Dena dela, goi mailako kirolarien izaera urtero ematen den ebazpenaren bidez egiaztatzen bada ere (bertan jasotzen baita halako kirolarien zerrenda), gainerako mailei dagokienez, aitorpen hori Nafarroako Kirolaren Institutuak emandako egiaztagiriaren bidez eskuratzen da, interesdunak eskatuta. Hori horrela, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 22an emandako 158/2021 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolarien behin betiko zerrenda onetsi da.

Deialdi honetako plazak esleitzearen ondorioetarako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarrizko errendimenduko kirolari izaera lortzen da, zalantzarik gabe, otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan, martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenean eta maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Aginduan eskatutako betebeharrak betez. Betebehar horiek erabat objektiboak dira, eta Kirol Administrazioak ezin izanen du inolako balorazio subjektiborik egin.

Nolanahi ere, COVID-19ak 2020ko martxoaren hasieratik aurrera eragindako osasun krisia dela eta, bertan behera gelditu eta atzeratu dira proba asko, eta horien emaitzek zuzenean sailkatzen zituzten kirolariak, teknikariak eta epaileak errendimenduko kirolen kategoriaren barnean.

Horregatik onetsi zen 9/2021 Ebazpena, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatu baitzen Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpena, Nafarroako errendimenduko kirolariaren katalogazioaren indarraldiaren iraupenari eta hasierari dagokienez. Haren bidez, urtebetez eta salbuespenez luzatu zen Nafarroako kirolari, teknikari eta epaile izaeraren indarraldia, maila guztietan: goi maila, goi errendimendua, hobekuntza eta oinarrizko errendimendua.

Horrela, Nafarroako errendimenduko kirolari, teknikari eta epaile katalogazioa 2021eko martxoaren 14tik ekainaren 30era indarrean duten guztiei, maila edozein dela ere, beste urtebete luzatuko zaie katalogazio hori, salbuespenez, koronabirusaren pandemia dela eta.

Behin errendimenduko kirolarientzako plazak esleituta, baten bat hutsik gelditzen bada, Nafarroako klubetako kirolariek betetzen ahalko dute, ostatua behar badute Iruñean beren kirol garapen optimorako. Honako hauek hartuko dira Nafarroako klubetako kirolaritzat: Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturiko edozein kirol klubetan kirol lizentzia dutenak haurren, kadeteen, gazte-juniorren edo seniorren kategorian. 14 urtetik 30 urte bitarteko Nafarroako kirolariek ere betetzen ahalko dute, baldin eta indarrean badute Nafarroako edo Espainiako kasuan kasuko federazioak emandako lizentzia bat.

Kirolari egoiliarrak, ez badira errendimenduko kirolariak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren laguntzen edo salbuespenen onuradunak, beharturik daude ostatuaren eta mantenuaren prezioak ordaintzera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakiaren bidez ezarritako moduan (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa).

Kirolaren Zuzendariordetzak aztertuko ditu eskaerak, eta, gero, plazen esleipena proposatuko da.

Egoitzak egoki funtzionatzeko kirolari egoiliarrek bete beharreko arauak jasoak daude Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 3ko 296/2021 Ebazpenaren bidez onetsitako Barne Funtzionamendurako Erregelamenduan.

Azkenik, azaldu beharra dago “Printzearen Gotorlekua” egoitzaren okupazioaren eta funtzionamenduaren ondoriozko gastuen aurrekontua egina eta sartua dagoela 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, hain zuzen ere, Nafarroako Kirolaren Institutuari atxikitako zentroei dagozkien gastu-partidetan.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Kirolaren Institutuaren “Printzearen Gotorlekua” egoitzako kirolari egoiliarren plazak betetzeko deialdiaren oinarriak, plaza esleitzen den egunetik (betiere 2021eko irailaren 1etik aurrera) 2022ko uztailaren 31ra arteko eperako, biak barne. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean bildu dira.

2. Eskabidearen eta erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak onestea (II. eta III. eranskinak).

3. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Kirolaren Zuzendariordetzara, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzara eta “Printzearen Gotorlekua” egoitzara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 4an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako Kirolaren Institutuaren “Printzearen Gotorlekua” kirol egoitzan kirolari egoiliarrentzat dauden plazak esleitzeko prozedura arautzea, Nafarroako errendimenduko kirolarien entrenamendu-baldintzak hobetzearren plaza esleitzen zaien egunetik (betiere 2021eko irailaren 1etik aurrera) 2022ko uztailaren 31ra arte, biak barne. Deialdi hau Nafarroako errendimenduko kirolarientzat da bakar-bakarrik (10. oinarrian ezarritako salbuespenarekin), 14 eta 30 urte bitartekoentzat, hain zuzen (biak barne).

2.–Egoitza.

“Printzearen Gotorlekua” egoitza, Goroabe kalea 36, 31005 Iruña (Nafarroa).

2.1. Errendimenduko kirolarientzat dagoen plaza kopurua: 40.

2.2. Ostatu hartzea: Deialdi honen bidez “Printzearen Gotorlekua” egoitzan ostatu hartzea esleituko da bakar-bakarrik, eta, betiere, plaza esleitzen den egunetik (betiere 2021eko irailaren 1etik aurrera) 2022ko uztailaren 31ra arteko eperako, biak barne.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 10ean hartutako Erabakian xedatutakoarekin bat (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), Nafarroako errendimenduko kirolari egoiliarrak ostatu kuotak ordaindu beharretik salbuetsiak egonen dira. Erabaki horren bidez, Institutuari atxikitako zentroak erabiltzeko gehieneko prezio eta tarifen gaurkotzea eta haien araubidea onetsi ziren.

Koronabirusak (COVID-19) 2020ko martxoaren hasieratik aurrera eragindako osasun krisia dela eta, kirol txapelketa ugari bertan behera gelditu eta atzeratu dira, eta, ondorioz, kirolari, teknikari eta epaileek ezin izan dute emaitzarik lortu kasuan kasuko errendimenduko kirolariaren katalogazioan sartzeko, dela bertan behera gelditu direlako emaitzen arabera katalogazioa zuzenean ematen duten probak, dela bertan behera gelditze horien ondorioz sailkapena aldatu delako.

Horregatik, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak urtarrilaren 15ean eman 9/2021 Ebazpena onetsi zen, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpena. Urtarrilaren 15eko 9/2021 Ebazpen horren bidez, Nafarroako errendimenduko kirolariaren katalogazioaren indarraldiaren iraupena eta hasiera aldatu ziren, eta, gainera, urtebetez eta salbuespenez luzatu zen Nafarroako kirolari, teknikari eta epaile izaeraren indarraldia, maila guztietan: goi maila, goi errendimendua, hobekuntza eta oinarrizko errendimendua.

Horrela, Nafarroako errendimenduko kirolari, teknikari eta epaile kategoria 2021eko martxoaren 14tik ekainaren 30era indarrean duten guztiei, maila edozein dela ere, beste urtebete luzatuko zaie katalogazio hori, ohiz kanpo, koronabirusaren pandemia dela eta.

2.3. Mantenua: Deialdi honek ez du mantenu gasturik esleitzen.

Jantokiko zerbitzuko gaur egungo prezioak (BEZa barne) honako hauek dira:

–Gosaria: 2,61 euro.

–Bazkaria: 8,25 euro.

–Afaria: 7,18 euro.

–Mantenu osoa: 18,04 euro.

Dena dela, prezio horiek alda daitezke, Nafarroako Kirolaren Institutuko Gobernu Kontseiluak onetsi ondoren.

Bestalde, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenean xedatutakoarekin bat, baliteke “Printzearen Gotorlekua” egoitzako mantenu zerbitzurako laguntzak ematea, baina, bakar-bakarrik, goi mailako eta goi errendimenduko kirolarientzat. Balizko laguntza horiek emanen dira kasuko dirulaguntza-deialdiaren oinarri arautzaileetan onesten diren baldintzetan eta horretarako dagoen aurrekontu-kreditu erabilgarriaren arabera.

Laguntza horiek ezarriz gero, honako hauek izan daitezke diruz laguntzen ahal diren zenbatekoak:

–Goi maila: mantenu kostuaren %100 arte.

–Goi errendimendua: mantenu kostuaren %50 arte.

3.–Onuradunak.

“Printzearen Gotorlekua” egoitzan plaza eskatzeko, kirolariak goi mailakoak, goi errendimendukoak, hobekuntzakoak edo oinarrizko errendimendukoak izan beharko dira (10. oinarrian ezarritako salbuespenarekin), eta 14 eta 30 urte bitartekoak, biak barne.

Plaza eskatzen dutenak ezin dira egon zehapen administratibo irmo edo kondena-epai irmo bat betetzen, ez eta zehapen edo kondena-epai bat bete zain ere sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Eskaera aurkezten duten errendimenduko kirolariek bete behar dute 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Iruñetik 15 kilometrora baino gehiagotara dagoen Nafarroako udalerriren batean erroldaturik egoteko betebeharra.

3.1. “Printzearen Gotorlekua” egoitzan plaza bat lortu ahal izateko, baldintza hauetako bat bete beharko da:

a) Ikasketa arautuak egiten ari diren kirolariak:

Irizpide akademikoak:

• DBHa eta erdi mailako Lanbide Heziketa: egindako azken ikasturteko irakasgai guztiak gaindituak izatea.

• Batxilergoa eta goi mailako Lanbide Heziketa: egindako azken ikasturtean, gehienez ere bi irakasgai izatea gainditu gabe.

• Unibertsitateko ikasketak: egindako azken ikasturtean matrikulatu zen kreditu guztietatik %50 edo gehiago gaindituak izatea.

• Graduatu ondoko ikasketak, masterrak, doktorego ikastaroak edo antzekoak egiten egotea.

b) Ikasketa arautuak egiten ari ez diren kirolariek frogatu beharko dute azkeneko hamabi hilabeteetan lan jardueraren bat egin dutela hiru hilabetez gutxienez.

c) Aurreko atalean ezarritakoa bete gabe, kirol helburu bereziki nabarmen bat prestatzen ari diren kirolarien kasuan, Kirolaren Zuzendariordetzak baloratuko du.

d) Salbuespen gisa, Kirolaren Zuzendariordetzak ahalmena du baloratzeko ea onar daitekeen ezarritako baldintzak betetzen ez dituen eskaera justifikaturen bat.

4.–Eskaerak.

4.1. Kirolariek berek aurkeztuko dituzte eskaerak, edo bestela, Nafarroako kirol federazioek kirolarien izenean. Kirolariek Nafarroako errendimenduko kirolari federatuak izan behar dute, egoitzan plaza hartuz beren entrenamendu-baldintzak nabarmenki hobetzen ahal dituztenak.

5.–Eskabidea eta agiriak aurkeztea.

Eskabideak elektronikoki aurkezten ahalko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliko da (II. eranskina).

Eskabideak, halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren Erregistroan aurkezten ahalko dira (Nafarroa Arena-Kirolaren Etxea, Aizagerria plaza 1; 31006, Iruña), II. eranskinean jasotako ereduaren arabera, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean ere.

Eskabidea postaz aurkezten bada, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio eskaera igorri duela, rentidad@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Bi baldintza horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nolanahi ere, eta plaza hutsik dagoen bitartean, horiek eskatzeko aukera izanen da, aurreko paragrafoan aipatutako epea bukatu bada ere.

6.–Dokumentazioa.

6.1. Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Eskabide-orria, II. eranskinean zehaztua. Era berean, III. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena bete beharko da. Nolanahi ere, Kirolaren Zuzendariordetzak beharrezkoak diren egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu, bai eta bestelako informazio gehigarria eskatu ere, egiaztatzeko ea betetzen diren otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan, martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenean eta maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Aginduan ezarritako baldintzak, eskatzaileak errendimenduko kirolaritzat hartzearren.

–Nafarroako Federazioaren txostena, bertan adierazita kirolariak Nafarroako zein klubetan parte hartu duen 2018an, 2019an eta 2020an.

–Federazioko zuzendari teknikoaren txostena, federazioko lehendakariak ontzat emana, honako hauek zehazten dituena:

a) Kirolariaren kirol proiekzioa eta 2021-2022 denboraldiko kirol helburuak.

b) Kirol ibilbidea (azken hiru urtekoa gutxienez).

c) Kirol plangintza, besteak beste entrenatzailea, tokia eta entrenatzeko ordutegiak adierazita.

–Ikasketen ziurtagiria.

–Lan jardueraren egiaztapena, lan kontratua edo antzeko zerbait erantsita.

–Karneterako bi argazki.

–NANaren fotokopia.

–Kasua bada, familia ugariko kidea dela egiaztatzea.

–Bestelako agiriak, federazioak edo kirolariak eskaerari laguntzeko egokitzat jotzen dituenak.

7.–Balorazioa.

Kirolaren Zuzendariordetzak aurkezten diren eskaerak aztertu, eta proposamena igorriko dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, irizpide hauen arabera:

7.1. Goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarrizko errendimenduko kirolariaren katalogazioa izatea, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz:

–9/2012 Foru Dekretua, otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituena.

–240/2015 Ebazpena, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatzeaz gainera, arautzen dituena bai Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, bai Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak.

–329/2015 Foru Agindua, maiatzaren 29koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, prozedura arautzen duena Nafarroan goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarrizko errendimendukoan sartzeko.

–9/2021 Ebazpena, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatu baitzen Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpena, Nafarroako errendimenduko kirolariaren katalogazioaren indarraldiaren iraupenari eta hasierari dagokienez. Haren bidez, urtebetez eta salbuespenez luzatu zen Nafarroako kirolari, teknikari eta epaile izaeraren indarraldia, maila guztietan: goi maila, goi errendimendua, hobekuntza eta oinarrizko errendimendua.

–158/2021 Ebazpena, martxoaren 22koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolari, teknikari eta epaileen behin betiko zerrenda onesten duena.

7.2. Nafarroako errendimenduko kiroleko kirolariek lehentasuna izanen dute plaza horiek eskuratzeko, hurrenkera honen arabera:

1. Goi mailako kirolariak.

2. Goi errendimenduko kirolariak.

3. Hobekuntzako kirolariak.

4. Oinarrizko errendimenduko kirolariak, 14 urtetik 16 urtera bitartekoak (biak barne).

Errendimenduko kirolaren maila bakoitzean, irizpide eta ordena hauen arabera lehenetsiko dira kirolariak.

7.3. Lehentasun irizpideak eta ordena:

1. 2020-2021 denboraldian plaza izan dutenak “Printzearen Gotorlekua” egoitzan.

2. Kasuan kasuko kirola egituratzeko proiektu bat garatzeko asmoz lankidetza hitzarmen bat sinatu duen klub baten emakumeen talde erreferente bateko kidea izatea.

3. Familia etxetik Iruñera dagoen distantzia, handiena lehenetsiz.

4. Familia ugariko kide izatea.

5. Kirolariaren adina, ordena honi jarraikiz:

–1. 24 eta 14 urte bitartekoak, goitik beherako lehentasuna.

–2. 25 eta 30 urte bitartekoak, behetik gorako lehentasuna.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzaileak duen adina hartuko da aintzat.

6. Eskaerak aurkezteko ordena.

7.4. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetzak kasuan kasuko federazioei edo kirolari eskatzaileei.

8.–Ebazpena.

8.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, horiek aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean.

8.2. Eskaerak ebazteko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.3. Deialdiaren oinarrietako bosgarren puntuko azken paragrafoan aurreikusitako kasuetan, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak gehienez hilabeteko epean ebatziko ditu eskaerak.

9.–Esleipena.

9.1. Plaza eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Aurreko egonaldiei dagozkien hilabeteko kuota guztiak ordainduak izatea.

–Plaza esleitzeko aintzat hartutako merezimenduak eta baldintzak mantentzea edo hobetzea.

–“Printzearen Gotorlekua” egoitzako zuzendariaren aldeko txostena, plaza berritzen dutenen kasuan.

Kirolari egoiliarraren plaza eskuratzeko baldintza izanen da entrenamendu plan bat betetzea, eta esleipen horrek berekin dakar ostatu zerbitzua astelehenetik ostiralera bitarte erabiltzeko eskubidea.

Egoitza larunbat, igande eta jaiegunetan erabiltzeko, kirolariek instalazioak erabiltzera behartzen dituzten entrenamenduak edo lehiaketak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, idatzizko eskaera eginen du kirolariak berak, edo bestela, kasuan kasuko federazioak, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimena beharko da.

9.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak atzera botatzen ahal du, osorik edo partez, emandako plaza erabiltzeko eskubidea, honako kasuotan:

–Barne araudia ez betetzea.

–Instalazioak behar bezala ez erabiltzea behin eta berriz.

–Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

–Eskaeran datu faltsuak jartzea.

–COVID 19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, Osasun Departamentuak egoitzako gelak erabili behar izatea ohiz kanpoko beharren bat egoteagatik.

10.–Plaza hutsak.

10.1. Goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarrizko errendimenduko kirolarientzako plazak esleituta, baten bat hutsik geldituz gero, honako hauek betetzen ahalko dute, deialdiaren oinarrietako 3.1 puntuan lanari eta ikasketei buruz jasotako irizpideen arabera:

a) Nafarroako klubetako kirolariak, baldin eta beren kirol garapenerako Iruñean ostatu hartu beharra badute. Kirolari horiek beren gain hartuko dituzte ostatu eta mantenu kostuak. Honako hauek hartuko dira Nafarroako klubetako kirolaritzat: Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturiko edozein kirol klubetan kirol lizentzia dutenak haurren, kadeteen, gazte-juniorren edo seniorren kategorian.

b) 14 urtetik 30 urte bitarteko Nafarroako kirolariek, bi adinak barne, betetzen ahalko dute, baldin eta indarrean badute kasuan kasuko Nafarroako edo Espainiako federazioak emandako lizentzia bat. Mantenu eta ostatu kostuak kirolariak berak ordainduko ditu.

6. oinarrian ezarritakoa betez aurkeztuko dira eskaerak. Puntu honetan ezarritakoaren arabera onartuko dira, baldin eta plaza hutsik badago.

10.2. Errendimenduko kirolariak ez diren kirolarien lehentasun ordenak ere jarraituko dio deialdiaren oinarrietako 7.3 puntuan zehaztutako irizpide berari.

Kirolari egoiliarrak, ez badira errendimenduko kirolariak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren laguntzen edo salbuespenen onuradunak, beharturik daude ostatuaren eta mantenuaren prezioak ordaintzera. Prezio horiek ezin dituzte gainditu Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakiaren bidez ezarritako gehienezko prezioak (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), edo, kasua bada, Nafarroako Kirolaren Institutuko Gobernu Kontseiluak onesten dituen gehieneko prezioak.

Kirolaren Zuzendariordetzak aztertuko ditu eskaerak, eta, gero, plazen esleipena proposatuko da.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak eta Kirolaren Zuzendariordetzak erabakitzen ahalko dute “Printzearen Gotorlekua” egoitza ixtea okupazio txiki-txikiko oporraldi edo asteburuetan, baliabideei etekina ateratzeko asmoz.

11.–Kirolariek bete beharrekoak.

a) Errendimenduko kirolarien betebeharrak:

–Norberaren kirol proiektua edo programazioa betetzea, bere helburuak lortzearren.

–Kirol helburuak eta garapen pertsonala betetzeko moduko bizimodua izatea.

–Hautatzen duten guztietan Nafarroa ordezkatzea.

–Kirolaren Zuzendariordetzatik deitutako bilera edo osasun azterketetara joatea.

b) Gainerako kirolariek bete beharrekoak.

–Hala Nafarroako klubetako kirolariek nola federazioaren indarreko lizentzia dutenek, Nafarroako errendimenduko kirolari izan gabe lortzen badute plaza egoitzan, ordaindu beharko dituzte Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakian ostaturako ezarritako prezioak (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), edo, kasua bada, Nafarroako Kirolaren Institutuko Gobernu Kontseiluak ezartzen dituen prezioak. Prezioen ordainketa hileko entrenamendu epeetara egokituko da. Epe horiek teknikari arduradunak ezarri eta justifikatu beharko ditu, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak baimendu. Ordaintzearen erantzukizuna egoiliarrei dagokie bakar-bakarrik, hirugarren baten bidez ordaintzen bada ere.

c) Kirolari guztiek bete beharrekoak.

–2.3) oinarrian adierazten diren laguntzak onestea galarazi gabe, kirolari egoiliar guztiek egoitzako sukalde-jantoki zerbitzuaren enpresa esleipen-hartzaileak ezartzen dituen prezioak ordaindu beharko dituzte, 2.3 oinarrian ezarritako zenbatekoen arabera. Prezio horiek ezin dituzte gainditu Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakiaren bidez ezarritako gehienezko prezioak (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), edo, kasua bada, Nafarroako Kirolaren Institutuko Gobernu Kontseiluak onesten dituen gehieneko prezioak.

–Astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan jantokiko zerbitzu osoa erabiltzea (gosaria, bazkaria eta afaria), eta ostiraletan, gosari zerbitzua, gutxienez. Betebehar horretatik salbuesteko, ezinbesteko arrazoiak justifikatu beharko dira, eritasuna, esate baterako, edo txapelketa edo topaketaren batera joatea eta, horren ondorioz, ezinezkoa gertatzea egoitzan egotea.

Aurreko paragrafoan aipatutako arrazoiren batengatik jantoki zerbitzua erabili behar ez bada, 24 ordu lehenago jakinarazi beharko da; izan ere, horren berri eman ezean ezarritako epean, erabili ez den zerbitzua ordaindu beharko zaio zerbitzua ustiatzeko kontzesioa duen enpresari hilabetea bukatutakoan.

–“Printzearen Gotorlekua” egoitzaren barne funtzionamendurako erregelamendua betetzea, bai eta hori betearazteko egoitzako zuzendariak ematen dituen jarraibideak ere. Ekainaren 3ko 296/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen barne funtzionamendurako erregelamendu hori.

12.–Jarraipen Batzordea.

Jarraipen Batzorde bat ezarri da, honako kide hauek osatua: Kirolaren zuzendariordea, “Larrabide Estadioa” Kirol Teknifikazioaren Zentroko zuzendaria, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren zuzendariordea (“Printzearen Gotorlekua” egoitzako arduradun gisa) eta Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Ataleko burua.

13.–Publizitatea.

Oinarri hauek, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gain, interesdun guztien eskura jarriko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko iragarki-tauletan, Larrabide estadioan eta “Printzearen Gotorlekua” egoitzan.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta berau aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F2109242