151. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

Ordenantza, Etxarri Aranatzen autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2021eko maiatzaren 3an egindako osoko bilkuran, hasierako onarpena eman zion Etxarri Aranatzen autokarabanak eta etxebizitza ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen Ordenantzari. Hasierako onarpenaren iragarkia 2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen) eta jendaurrean egoteko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2021eko ekainaren 21ean.–Alkatea, Silvia Marañon Chasco.

UDAL ORDENANTZA, ETXARRI ARANATZEN AUTOKARABANAK ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea arautzea kanpaldi finkoetarako edo ibiltarietarako, Etxarri Aranazko udal mugapenaren barnean. Zehazki, Udalaren asmoa da arau-esparru bat ezartzea ibilgailuen trafikoa ez trabatzeko, udal-mugarteko baliabide eta espazio naturalak zaintzeko, ingurumeneko inpaktuak txikitzeko, bermatzeko pertsonen segurtasuna eta aparkaleku publikoen txandaketa eta bidezko banaketa erabilera publikoko bideen erabiltzaile guztien artean, eta udalerriko garapen ekonomikoa sustatzeko, bereziki turistikoa.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

–Autokarabana edo etxebizitza-ibilgailua: Ibilgailua, gauza dena bidaiariak garraiatzeko eta Estatuko legeriak aipatutako bide eta lurretan zirkulatzeko, hain zuzen ere trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legerian aipatutakoetan, eta helburu bereziz egina dagoena, ostatu-etxebizitza duena, eta baita, gutxienez, ekipamendu hau ere: eserlekuak eta mahaia, ohatzeak edo literak, eserleku bihur daitezkeenak, sukaldea eta armairuak edo antzekoak. Ekipamendu hau tinko finkaturik egongo da etxebizitza konpartimentuan, nahiz eserlekuak eta mahaiak aise desmuntatu ahal izan.

–Gelditzea: Autokarabana bide publikoan gelditzea, indarrean dauden trafiko eta zirkulazio arauekin bat, bi minutuko baino gutxiagoko tartean, eta gidariak ibilgailua utzi gabe.

–Aparkatzea: Autokarabana bide publikoan gelditzea, jendea barnean egonik nahiz egon gabe, bai egunez bai gauez, betiere martxan denean duen perimetroa gainditu edo zabaldu gabe bere elementuak eraldatuz edo zabalduz, eta bidea okupatzen ez badu lanabes edo tresnekin, esaterako aulkiekin, mahaiekin eta antzekoekin, bere gurpil edo zirietan sostengatzen bada, hanka egonkortzaileak jaitsiak ez baditu, ezta beste gailurik ere, eta bidera fluidorik edo hondakinik botatzen ez badu.

3. artikulua. Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea.

Baimendurik dago Etxarri Aranazko udal-mugarte osoan gelditzea eta aparkatzea autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak.

Bai geldialdia bai aparkatzea egoki egingo dira, trafikoko eta bide-segurtasuneko arauekin bat eta, betiere, bide publikoko ibilgailu eta/edo erabiltzaileen zirkulaziorako arriskurik eta trabarik sorrarazi gabe.

4. artikulua. Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak kanpatzea eta gaua pasatzea.

Oro har, 2. artikuluan zehaztutako ibilgailuak kanpatzea eta gaua igarotzea debekatuta dago udalerri osoan, horretarako bereziki prestatutako tokietan izan ezik.

Ulertuko da autokarabana edo antzeko ibilgailu bat kanpaturik dagoela honako kasu hauetan:

–Ibilgailua zoruarekin kontaktuan dagoenean ez bakarrik gurpilen bidez, baizik zabaldu direnean nibelatzeko gailuak, egonkortzeko euskarriak edo antzeko elementuak, ahalbidetzen dutenak ibilgailua lurrean edo tokian finkatzea.

–Autokarabanak edo etxebizitza-ibilgailuak okupatzen duenean autokarabana itxiak baino leku gehiago. Hau da, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal duten leihoak irekiak daudenean, edo bestelako elementuak, esaterako mahaiak, eguzki-oihalak, aulkiak, etab. zabalduak daudenean.

–Ibilgailua 72 orduz baino gehiagoz aparkatuta badago autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak kanpatzeko eta gaua pasatzeko eremuan.

5. artikulua. Etxarri Aranatzen autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak kanpatzeko eta gaua pasatzeko eremua.

Etxarri Aranazko 3. poligonoko 1387. lursailean udal-eremu bat dago autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak kanpatzeko eta gaua pasatzeko.

Eremu horren erabilerak arau hauek bete behar ditu:

–2. artikuluan adierazitako ibilgailuak bakarrik aparkatuko dira eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, turismoak, etab.

–Eremuan gehienez 72 orduz egon ahal izango da astean, geldialdia egiten den unetik zenbatzen hasita.

–Aparkatutako ibilgailuek plaza bakoitzaren espazioaren mugak errespetatuko dituzte beti.

–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sortutako ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izango dute, baita edateko uraren hargune bat ere. Gune hori urdinez markatuta egongo da, eta erabiltzaileen eskura utzi beharko da, baina ezin izango da bertan aparkatu.

–Sortutako hondakinak eremuaren ezkerraldeko garbigunean dauden edukiontzietan utziko dira, bertan dauden jarraibideen arabera.

–Oro har, erabiltzaileak arduratuko dira eremua higiene- eta osasungarritasun-baldintza egokietan mantentzeaz.

–Era berean, uneoro, inguruko bizilagunak errespetatu beharko dituzte.

–Eremua ezin izango da erabili haren jolas- eta/edo turismo-erabilerarekin zerikusirik ez duten jardueretarako. Adibide gisa, debekatuta dago ibilgailuak garbitzea.

Oro har, erabiltzaileek Etxarri Aranazko udal-langileek unean-unean ematen dituzten jarraibideak bete beharko dituzte.

Zentzu horretan, uneoro beteko dira eremuko karteletan ezarritako aginduak (sua egiteko debekua, gehieneko egonaldia, etab.).

6. artikulua. Udalak espazioa askatasunez erabiltzeko ahalmena izatea.

Udalak askatasun osoz erabili ahal izango du autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak kanpatzeko eta gaua igarotzeko eremua.

Zentzu horretan, Udalak edozein unetan erabili ahal izango du gune hori, eta horrek ez du ekarriko inolako kalte-ordainik erabiltzaileei eragindako kalte eta/edo galerengatik.

7. artikulua. Ikuskapena.

Ikuskatze-lanak, ordenantza honetan ezarritakoa betetzeari dagokionez, Etxarri Aranazko Udalari egokituko zaizkio. Udalak, hala badagokio, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei laguntza eskatu ahal izango die.

8. artikulua. Zehatzeko prozedura.

1. Etxarri Aranazko alkatea izango da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna.

2. Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3. Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak trenkatuko ditu.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetako arau-hausteak izango dira arinak, astunak edo oso astunak.

1. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Zarata gogaikarriak egitea, tresna elektrikoak piztuz, esaterako generadoreak, atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera denbora luzean.

b) Hiri-hondakin solidoak isurtzea horretarako adierazitako eremutik kanpo.

c) Kanpatzeko eta gaua igarotzeko eremua espazioaren jolas- eta/edo turismo-erabilerarekin bat ez datozen jarduketetarako erabiltzea, betiere horrek interes publikoari kalterik eragiten ez badio (adibidez, ibilgailua garbitzea).

d) Autokarabanaren eta/edo etxebizitza-ibilgailuaren perimetrotik kanpo elementuak jartzea, hala nola olanak, mahaiak, aulkiak, nibelazio-hankak eta abar, baimendu gabeko eremuetan.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Karabana edo antzeko ibilgailua kanpaturik egotea edo gaua pasatzea horretarako prestatutako tokietatik kanpo, ordenantza honetako x artikuluan ezarritakoarekin bat.

b) Soinu ekipoekin zarata egitea kanpoaldera.

c) Sei hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

3. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Fluido kutsatzaileak botatzea martxan, geldialdian edo aparkatzeko tokian.

b) Ur beltzak botatzea horretarako prestatutako tokietatik kanpo.

c) Urtebetean bi arau-hauste astun egitea.

Arau-hausteak aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera preskribatuko dira. Legeek preskripzio eperik ezartzen ez badute, arau-hauste oso astunak hiru urteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta arinak sei hilabeteren buruan.

Arau-haustea egiten den egunetik hasten da kontatzen haren preskripzio epea. Preskripzio-epearen zenbaketa geldirik geratuko da, zehatzeko prozedura hasten bada, interesduna jakitun dela. Ustezko erantzuleari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela eta, zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldirik bada, jarraitu egingo da preskripzio-epea zenbatzen.

10. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteak ondoren aurreikusten diren isunekin zehatuko dira.

–Arau-hauste arinak: 80,00 euroko isuna.

–Arau-hauste astunak: 200,00 euroko isuna.

–Arau-hauste oso astunak: 350,00 euroko isuna.

Arau-hausteak aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera preskribatuko dira. Legeek preskripzio eperik ezartzen ez badute, arau-hauste oso astunak hiru urteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta arinak sei hilabeteren buruan.

Zehatzeko ebazpena irmo bihurtu den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenaren preskripzio-epea. Preskripzio-epearen zenbaketa geldirik geratuko da, betearazteko prozedura hasten bada, interesduna jakitun dela. Arau-hausleari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela eta, prozedura hori hilabetetik gora geldirik bada, jarraitu egingo da epea zenbatzen

11. artikulua. Erantzukizunak.

Oro har, eta kontrako frogarik ezean, arau-haustearen erantzukizuna ibilgailuaren titularrari dagokiola ulertuko da.

Ibilgailuaren titularrak epe bat izango du arau-haustearen erantzulea identifikatzeko.

12. artikulua. Udala erantzukizunetik salbuestea.

Etxarri Aranatzen autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak kanpatzeko eta gaua pasatzeko eremuak ez du inolako zaintzarik; beraz, Udalak ez du bere gain hartuko gune horretan aparkatuta dauden ibilgailuetan gerta daitezkeen gorabehera, lapurreta edo antzekoen erantzukizuna.

AZKEN XEDAPENAK

Lehen azken xedapena.–Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.

Bigarren azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitateko Estatuko Administrazioak toki-erakundeei beren egintzak edo erabakiak baliogabetzeko errekerimendua egiteko ezarritako epea igaro ondoren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Iragarkiaren kodea: L2110002