150. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa, Eremu publikoan terrazak eta beste elementu batzuk paratzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2021eko martxoaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aipatu ordenantzaren aldaketa. Erabaki hori 2021eko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 27an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Antsoainen, 2021eko ekainaren 9an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

FUNTZIONAMENDURAKO BALDINTZAK

12. artikulua. Terrazen funtzionamendurako baldintzak.–Honela idatzirik gelditzen da:

1. Jarduera nagusiak baimenduta daukan ordutegia zein den ere, hari lotutako terrazako zerbitzuaren ordutegia honako hau izanen da:

–Igandetik ostegunera: 23:00etara gehienez, terrazan edariak zerbitzatzeko, eta 23:30era gehienez, terraza ixteko.

–Ostiral-larunbatetan, jaiegunen bezperetan eta uztailaren 6tik 14ra (San Fermin bestak bertan behera gelditu ezean): 01:00etara gehienez, terrazan edariak zerbitzatzeko, eta 01:30era gehienez, terraza ixteko.

Oinezkoentzako eremu eta kaleetan, terrazak ez dira paratuko zamalanetarako baimendutako ordutegian.

Antsoaingo bestetan eta bestelako egun berezietan, funtzionamendurako bestelako ordutegi batzuk finkatzen ahalko ditu Udalak.

2. Terrazen betebehar berariazkoak.

a) Erabiltzaileek eta udal agintaritzak ikusteko moduan jarriko dira prezioen zerrenda eta terrazaren planoa, establezimenduaren kanpoaldetik argi ikusteko eran, dela atean dela itxitura beiraztatuetan; informazio hori altuera egokian jarriko da, ongi argiztatuta. Udal agintaritzak dokumentu eredu bat ezar dezake, establezimenduek ikusgai jartzeko.

b) Terraza funtzionamenduan dagoen bitartean, ezin izanen dira inolaz ere eremu publikoan pilatu edo gorde terrazaren elementuak.

c) Terraza zabalik ez dagoenean, hots, orduetatik kanpo edo oporrak direla-eta establezimendua itxita dagoenean, honela pilatu eta gorde beharko dira terrazaren elementuak:

–Lokalaren jarduerarako baimendutako ordutegia bukatu ondoren, titularrak egunero kendu beharko ditu eremu publikotik honako elementu hauek: upelak eta tabureteak, 9 metro koadrotik beherako azalera babestua ematen duten eguzkitakoak (eusteko oinak barne), apaingarriak eta berogailu eramangarriak, aparatua nahiz erregai-botilak.

–Oporraldietan, titularrak terraza osatzen duten elementu guztiak kendu beharko ditu eremu publikotik, salbu eta beren ezaugarriak direla-eta desmuntatze zaila dutenak edo baliabide arrunten bidez lekualdatzen ahal ez direnak. Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, honako elementu hauek bakarrik dute izaera hori: itxiturak, eguzki-babesak eta eguzki-oihalak. Beraz, horiek guztiak uzten ahal dira eremu publikoan. Horren ondorioz, 9 metro koadrotik gorako eguzkitakoak eta haiei eusteko oinak kendu egin beharko dira. Oporralditzat hartuko da astebetetik gorako aldia, establezimendua itxita dagoenean.

–Mahai eta aulki baxuez osaturik ez dauden terrazen funtzionamendu ordutegia bukatutakoan, titularrak terraza osatzen duten elementuak bilduko ditu, edo ez erabiltzeko moduan utziko ditu. Orobat, establezimenduko toldoa bildu beharko da dagokion terrazaren funtzionamendu ordutegia bukatutakoan edo, kasua bada, eguzkitakoak tolestu.

d) Eremu publikotik elementu horietako edozein kendu beharra titularrak gauzatuko du lokalaren funtzionamendurako ordutegia bukatu eta berehala, eremu publikotik kanpo biltegiratu beharko baitu, leku itxian, bai establezimenduan bertan bai erabilera horretarako baldintza egokiak dituen beste edozein lokaletan.

e) Eremu publikoan uzten ahal diren elementu guztiak modu antolatuan bildu beharko dira, betiere terrazarako baimendu den eremuaren barnean.

f) Udaltzaingoaren eskariz, titularrak terraza itxi beharko du erabiltzaileak auzokoei eragozpenak sortzen ari badira, eta hari dagokio, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako baimendutako eremutik kanpo atera ditzaten.

g) Arau orokor gisa, kanpoaldean ezin izanen dira paratu terrazan zerbitzatzeko lagungarriak diren barrak edo bestelako elementuak, janari-edariak lokaletik beretik zerbitzatu beharko baitira.

3. Oinezkoendako eremuen erdian kokaturiko terrazek 10 metrotik gorako zabalera badute, 9.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, salbuespen gisa eta Udalak erabakita, barrari laguntzeko instalazioa izaten ahalko dute, saihesteko terrazako langileek joan-etorrian ibiltzea establezimenduaren barruraino; instalazio horiek behar diren harguneak izaten ahalko dituzte, urez eta energiaz hornitzeko eta saneamendurako. Hargune horiek lurpekoak izan beharko dute, eta aplikatu beharreko araudia beteko dute. Hargune horien zerbitzuen kontratuak baimenaren titularraren izenean egonen dira, eta zerbitzua ematen duten konpainia hornitzaileekin egin beharko dira. Kasu hauetan, debeku dira gas harguneak, eta erregai gisa eztanda egin dezaketen edo gartu daitezkeen gaiak behar dituzten aparailuak edo izaera horretako substantziak sortzen dituztenak erabiltzea.

Kasu hauetan, titularra behartuta dago 12.000 euroko fidantza ematera, izan daitezkeen kalteei edo eremu publikoaren zikintasunari aurre egiteko. Halako instalazioak behin-behinekoak izanen dira beti eta noiznahi kenarazten ahalko dira, ordenantza honen kontrako arau-haustea egitearekin, Udalarekin zorretan egotearekin eta abarrekin zerikusia duten arrazoiak direla bide.

Salbuespen honen babesean, plaza edo oinezkoendako eremu isolatuetan ere baimentzen ahalko dira terrazak, nahiz eta terrazen eta ostalaritzako establezimenduaren artean galtzada egon, betiere terraza jarri nahi den eremuak 10x10 metroko eremua badu oztoporik gabe, eta terraza establezimenduaren parean paratzen bada.

Bigarren xedapen gehigarria.–Honela idatzirik gelditzen da:

1. Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek 2021ko abenduaren 31 arte izanen dute epea terraza osatzen duten elementu guztiak ordenantza honi egokitzeko.

2. Xedapen honen lehen paragrafoan ezarritako epea iraganik, Antsoaingo Udalak terrazak kontrolatzeko plan bat jarriko du abian, instalazio guztiak ikuskatzeko eta haien elementu guztiak bertan ezarritakoari egokitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2109512