148. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAINIBAR-ARRIASGOITI

Aldaketa, Herri-lurren udal-ordenantzan. Behin betiko onespena

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak, 2021eko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurren udal-ordenantza aldatzea.

Onespenaren erabakia 2021eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 16an, eta jendaurreko epean aurkezturiko alegazioak ebatzi dira; hortaz, baietsitako alegazioak sarturik, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Lizoainen, 2021eko maiatzaren 28an.–Alkatea, Koldo Albira Sola.

HERRI-LURREN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea udal-mugarte honetako herri-ondasunak administratzeko, xedapen-egintzak gauzatzeko, babesteko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.

2. artikulua. Definizioa.

Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Izaera.

Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, besterik ezean, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Ahalmenak.

Herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Desafektazioa.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bidez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; azken bi horiek izanen dira lehentasunezko aukerak. Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako. Itzuliz gero, lur horiek Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Betebehar orokorrak.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta aurka egingo dio haien kalterako pribatizazio saio edo ekintza orori.

8. artikulua. Jabetza berreskuratzea.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroaren ediktuak.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Transakzioak. Nafarroako Gobernuaren onespena.

Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Eskubideak azkentzea.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Kontratuen interpretazioa.

Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Ofizioz berreskuratzea eta herritarren ekintza.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena eginda, non jasoko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia, Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

Halaber, Udalak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Aprobetxamendu motak.

Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

–Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

–Herri-larreen aprobetxamendua.

–Etxerako egurraren aprobetxamendua.

–Herri-lurren aprobetxamendua erlezaintzarako.

15. artikulua. Onuradunak.

Orokorrean, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udaleko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Udal erroldan bizilagun gisa inskribaturik egotea gutxienez ere lau urteko antzinatasunarekin, aprobetxamendua egiteko herri-lurrei dagokien kontzeju edo toki-erakunde iraungian.

c) Urtean bederatzi hilabetez egiazki eta jarraian bizitzea herri-lurren titular den toki-erakundean, hau da, aprobetxamendua egiteko herri-lurrei dagokien kontzeju iraungian.

d) Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Pentsiorik ez jasotzea, indarra duen araudiaren arabera zuzeneko lana galarazten duenik, salbu eta familia unitatearen diru-sarrerak ordenantzaren 18. artikuluak aipatzen dituen kasuetan sartzen badira, edo eskaera baratzeen aprobetxamendurako bada.

Nolanahi ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren ondorioz ibar honetan iraungitako toki entitateek izan zituzten herri-lurren erabilera eta aprobetxamendua –ordenantza honetan arautua– toki entitate haiena izaniko lurraldean bizi diren herritarrei baizik ez dagokie, herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioaren eta herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren modalitateetan, betiere.

Udal erroldaren arabera etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

16. artikulua. Egiazki bertan bizitzea.

Inor egiazki bederatzi hilabetez bertan bizi dela erabakitzeko, Udalak baldintza hauek hartuko ditu kontuan: etxebizitza modu iraunkorrean zabalik edukitzea eta udalerriarekin lotura zuzen eta etengabea izatea.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

17. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

–Lehentasunezko aprobetxamendua.

–Adjudikazio zuzeneko aprobetxamendua.

–Enkante publikoaren bidezko aprobetxamendua edo Udalaren zuzeneko ustiapena. Enkante publikoa hala murriztua nola denentzakoa izan daiteke.

Herri-lurzati baten aprobetxamenduaren adjudikazioak, hurrengo artikuluan arautzen diren modalitateetako edozeinetan, inola ere ez dakar berekin adjudikaziodunarentzat Nekazaritzako Politika Bateratuari (NPB) loturiko eskubiderik, halako eskubideak arautzen dituzten xedapenek zuzenean adjudikatu baitizkiete laboratzen dutenei. Horregatik, herri-lurzatiak adjudikatu ondoren, adjudikaziodunek berek lotu beharko dizkiote NPB eskubideak beren laborantzari.

1. ATALA

Lehentasunezko aprobetxamenduak

18. artikulua. Onuradunak.

Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek ordenantzaren 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino gutxiago izan beharko dute diru-sarrerek, edota, familia-unitatearen diru-sarrerak guztira kontuan harturik, soldata hori halako bat eta erdi baino gutxiago.

Familia-unitatean desgaitasun aitortua duen kideren bat baldin badago, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera bat kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz zehaztuko dira: errentaren gaineko aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak, kapital zergapegarriak, eta Udalak erabakitzen duen beste edozein.

19. artikulua. Eredu-lotea, azalerak eta koefizienteak.

Aprobetxamendu modu honetarako, eredu-loteak lehorreko 50 erregu izanen ditu. Ordenantzaren 15. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

–Hiru kide bitarteko familia-unitateak: 1 koefizientea, hau da, lote bat.

–4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak: 2 koefizientea, hau da, bi lote.

–7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak: 3 koefizientea, hau da, hiru lote.

–9 kide baino gehiagoko familia unitateak: 5 koefizientea, hau da, bost lote.

20. artikulua. Adjudikazio epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea hamar urte izanen da, abuztuaren 15etik hasita, eta lehen multzo honetako onuradunek ordaindu beharreko kanona, berriz, zuzeneko adjudikazioetarako ezarritako kanonaren %30. Zenbateko hori urtez urte handituko da KPIaren arabera.

21. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki laboratu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu. Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Zuzenean eta pertsonalki lan egiteak esan nahi du laborantza lan guztiak pertsonalki egitea, uzta bilketa izan ezik, adjudikaziodunak ez diren beste pertsona batzuek egiten ahalko baitute lan hori.

Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, laborantza lanak adjudikaziodunak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, soldatapekoak hartzea zilegi ez dela, salbu eta sasoien edo laborantza ustiapenaren eskakizunek horretara behartzen dutenean.

Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, soldatapekoak hartzen badira gerora erasandako eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik, Udal honek irizten badio azken horrek laborantza pertsonalki egitea eragozten diola. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalari, behar den baimena eman dezan. Ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez badago, aplikatuko da ordenantza honen bigarren atalean eta, hala badagokio, hirugarren atalean xedaturikoa.

22. artikulua. Laborantzarako ezintasuna.

Ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat dela eta, herri-lurzatiak ezin badira zuzenean landu, adjudikazioaren unean edo erabiltzeko epean zehar, lurzati horiek adjudikatu dira ordenantza honen bigarren atalaren eta, hala badagokio, hirugarren atalaren arabera.

Laborantza pertsonala galarazten duen arrazoia eskatu eta egiaztatu ondoren, toki-erakundeek onuradunei adjudikaziotik eskuratutako diru-sarrerak abonatuko dizkiete, kanona kendu ondoren.

23. artikulua. Egiaztapenak.

Udalak egoki jotako egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko. Zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ez dutela iritziko zaie Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 168. artikuluan eta ordenantza honen 21. artikuluan ezarritako kasuetan sartzen diren pertsonei.

Lurren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epetik gelditzen denerako. Lurzatiak kendu aurretik, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak espedientea ireki, eta entzunaldia emanen die interesdunei. Lurzatiak kendu zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeriaz edo lagapenaz geroztik eskuraturiko mozkinak.

24. artikulua. Adjudikazioen baja.

Baja eman nahi duten adjudikaziodunek eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistroan, arrazoiak adierazita.

a) Ezintasun fisikoagatik.

Ezintasun fisikoa dela-eta onuradunak ezin baditu adjudikaturiko lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratu, adjudikazioaren unean edo erabiltzeko epean zehar, baja emateko eskaera aurkeztu beharko du Udalaren Erregistroan. Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu. Bajarako arrazoi sendorik ez egon arren, onartu egin ahalko zaio. Alabaina, ezin izanen da herri-lurzati baten onuradun izan, harik eta jende ororentzat beste adjudikazio-aldi bat irekitzen den arte.

b) Familia unitateko beste kide bati subrogatuta.

Inork lurzatien onuradun izan nahi badu familia-unitatearentzako eskatzaile gisa, jatorrizko eskatzaileak subrogazioa emanik, eskaera aurkeztu beharko du Udalaren Erregistroan, eta 15. artikuluko baldintzak betetzen dituela frogatu. Onuradunaren baja eta familia-unitate bereko titular izateko subrogazioa onartu ondoan, onuradun bilakatuko da, lehengo titularraren baldintza beretan.

c) Epea baino lehenagoko baja.

Epea bukatu baino lehen, besterik gabe, adjudikaziodun izateari utzi nahi dioten onuradunek baja emateko eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistroan. Eskaera onartzen ahalko da, baina halakoetan ezin izanen dira baja emandako herri-lurzatien onuradun izan, harik eta egokitu zitzaien adjudikazio-aldi osoa bete arte. Dena delako urteari dagokion kanon osoa sortuko zaie.

d) Behartutako bajak.

Lurren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epetik gelditzen denerako. Lurzatiak kendu zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeriaz edo lagapenaz geroztik eskuraturiko mozkinak. Adjudikaziodun izateari utziko diote onuradun izateko baldintzetako edozein galtzen dutenean.

Baja onartu eta gero, Udalak herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren modalitatean adjudikatuko ditu lurzati horiek, bigarren ataleko prozedurari jarraikiz, eta, hala badagokio, zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa eginen du, ordenantza honen hirugarren atalaren arabera.

Betiere, adjudikazioa utzi beharko dute laborantza urtean erretiroa hartzen duten onuradunek, edo pentsiodun bilakatzen direnek, zuzeneko lan pertsonala eragozten duen arrazoi batengatik.

25. artikulua. Lan egutegia.

Adjudikaturiko lurra ezin izanen da landu uzta biltzen denetik urte bakoitzeko irailaren 1era bitarte. Orobat, errentamenduak iraun bitartean, ezin izanen da handitu lur horren azalera bideen edo lur landugabeen kaltetan, lurzati berekoak nahiz aldamenetakoak izan.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa

26. artikulua. Onuradunak.

Lehentasuna duen multzoaren beharrei erantzun eta gero, gelditzen diren laborantzako lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki laboratzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira ordenantzaren 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritarren artean, familia-unitateko titular diren aldetik.

27. artikulua. Loteen azalera.

Udalak erabakiko du zein izanen den herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

Toki-erakundeak erabakiko du zein izanen den herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, laborantza-lurretatik zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan, edo ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan, adjudikaziodunak laborariak balira.

28. artikulua. Adjudikazio epea.

Adjudikazio epea hamar urte izanen da, adjudikazioa egiten den urteko abuztuaren 15etik hasita.

29. artikulua. Kanona eta haren eguneratzea.

Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu mota honetan herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.

Zenbatekoa izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean izaten diren prezioen %90.

Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, zer kanon izanen duten laborantza ekologikorako lurzatiek, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian. Zenbatekoa izanen da laborantza konbentzionalen prezioaren %80.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

30. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.

Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki laboratu beharko du, eta betiere aplikatuko da Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 170. eta 173. artikuluetan eta ordenantza honen 21. eta 23. artikuluetan ezarritakoa. Eta adjudikazioen bajetarako, 24. artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio. Lan egutegiari dagokionez, 25. artikulua hartuko da aintzat. Ezin izanen da handitu adjudikaturiko lurraren azalera bideen edo lur landugabeen kaltetan, lurzati berekoak nahiz aldamenetakoak izan.

Zuzenean eta pertsonalki lan egiteak esan nahi du laborantza lan guztiak pertsonalki egitea, uzta bilketa izan ezik, adjudikaziodunak ez diren beste pertsona batzuek egiten ahalko baitute lan hori.

31. artikulua. Adjudikaziodun berrientzako erreserba.

Udalak lur-azalera bat erreserbatuko du, herri bakoitzeko herri-lurren azalera guztiaren %5ekoa, gehienez ere, izan daitezkeen adjudikaziodunentzat. Hala ere, lur hori zuzeneko adjudikazioaren edo enkantearen bidez adjudikatzen ahalko da, berariazko baldintzatzat ezarrita erreserbako %5aren barnean egotea eta epea zehaztugabea izatea.

32. artikulua. Baratzeen adjudikazioa.

Horretarako lur egokirik baldin bada, Udalak lurzatiak eman ditzake baratzetako. Gehienez ere erregu bat izanen dute eta 30 euroko kanona ordaindu beharko da. Eskatzaileek lurrik gabekoak izan beharko dute, eta ordenantza honen 15. artikuluko baldintzak bete.

Herriren batean baldintzak betetzen dituzten onuradun berriak agertzen badira, gutxieneko baratzea erregu erdikoa izanen da, salbu eta adjudikaziodunek akordioa egiten badute.

33. artikulua. Aprobetxamenduen ordainketa.

Modu batekoak nahiz bestekoak izan, herri-lurretako aprobetxamendu guztiak urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen ordaindu beharko dira. Lehen ordainketa-urtea lehen uztaren ondokoa izanen da, eta horrela hurrenez hurren.

3. ATALA

Enkante publiko arrunta edo Udalaren zuzeneko ustiapena

34. artikulua. Enkante bidezko adjudikazioa eta prozedura hierarkikoa.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren laborantzako lurrik gelditzen bada, enkante publikoan eginen du horren adjudikazioa; azken horri emanen zaion epea bukatuko da hurrengo banaketa egin behar den unean. Enkantea egin ondoan laborantzako lurrik gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

Toki-erakundeak ezarriko du hasierako prezioa, eta hura izanen da eskualdean antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko izaten diren prezioaren parekoa.

Enkantean prozedura hierarkiko hau aplikatuko da:

–Lehengo Kontzejuko herritarrentzat murriztutako enkantea.

–Ibarreko herritarrentzako enkante murriztua.

–Denentzako enkantea, ondorio guztietarako.

35. artikulua. Enkante motak eta prezioa merkatzea.

Halako lurzati edo lote bat lizitazioaren hasierako prezioan adjudikatu ez eta eman gabe gelditzen bada, hurrengo enkante motara pasatuko da. Lizitatzailerik ez bada, lizitazioaren hasierako prezioa merkatuko da hurrenez hurren, baina bakar-bakarrik denentzako enkantean aplikatzeko.

36. artikulua. Udalaren zuzeneko ustiapena.

Aurreko enkante horiek egin ondoan lurrik gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Lurzatiak adjudikatzeko prozedura

37. artikulua. Prozedura.

Herri-lurzatien aprobetxamendua adjudikatzeko, prozedura honi jarraikiko zaio:

1. Udalak, osoko bilkuran, aurretiaz hala erabakirik, ediktua argitaratuko da iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta 15 egun balioduneko epea hasiko da herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten ustez eskubidea dutenek.

2. Eskabideak aurreko artikuluan ezarritako epearen barnean aurkeztuko dira Udalean, eta haiekin batera, honako hauei buruzko zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da:

–Adjudikaziorako laborantzako lurrei dagokien herriko bizilagun izatea, lau urteko antzinatasunarekin bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez bizitzea herri horretan.

–Zerga-betebeharrak egunean izatea.

–Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduen eskatzaileek, aparteko eranskin batean, aditzera emanen dute haietariko inork desgaitasun aitorturik duen.

–Jabetzako lurren azalera.

–Errentan hartutako lurren eta beste laborantza mota batzuetako lurren azalera.

–Eskatzailearen errenta aitorpena, azken ekitaldikoa.

–Katastroko ziurtagiriaren kopia, hiri-lurreko zerga-kapitalei buruzkoa, norbere etxebizitzari dagokiona salbu.

–Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren ziurtagiriaren kopia, familia-unitateko kide bakoitzak jabetzan duen abere kopuruarena.

–Familia-unitateko kide guztien PFEZaren aitorpenaren kopia, non diru-sarrera guztiak ageri diren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektoreetakoak eta abarretakoak, bai eta Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak ere.

Laborantza ekologikoa hautatzen duenak halaxe adierazi beharko du eskaera aurkeztean, eta laborantzako oinarrizko teknika hauek bete beharko ditu nahitaez:

–Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan (NNPEK) inskribaturik egotea, eta inoiz ez galtzea egoera hori, herri-lurretako aprobetxamenduaren adjudikazioa indarrean dagoen bitartean.

–Laborantza kudeatzea laborantza ekologikoko araudiaren arabera.

Laborantza mota hori hautatzen duenak lote berari eusteko aukera izanen du, baldin eta posible bada eta kontuan izanik dagokion lurraren azalera aldatu egin daitekeela adjudikazio batetik bestera, eskaera kopuruaren eta beste alderdi batzuen arabera; izan ere, lurra lantzeko modu horretan beharrezkoa da jarraipena ematea ingurunea errespetatzen duten praktika jasangarri horiei, lurzoruaren, floraren nahiz faunaren aldetik oreka egoten laguntzen dute eta.

3. Udalak, eskaerak ikusirik, modalitate bakoitzerako onartutakoen zerrenda onetsi eta argitaratuko du, laborantza ekologikokoak berariaz adierazirik, eta beste hamar eguneko epea irekiko du erreklamazioetarako. Epe hori inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Aldiz, erreklamaziorik bada, Udalak hamar eguneko epea izanen du horiek ebazteko, behin betiko zerrenda onesteko eta Udalaren iragarki-taulan jendaurrean jartzeko.

Behin betiko adjudikazioaren erabakia banan-banan jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari.

III. KAPITULUA

Larreen aprobetxamendua

38. artikulua. Herri-larreen eta finka partikularren aprobetxamendua.

Herri-larreen aprobetxamenduak eta finka partikularren aprobetxamenduak ustiapen unitate bateratua osatzen dute eta, lehenago zenbat kontzeju izan ziren, horrenbeste bazkalekutan banaturik dago.

39. artikulua. Adjudikazio modalitateak.

Larreak modalitate hauetako baten bidez adjudikatuko dira:

–Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.

–Usadioari jarraikiz.

–Enkante bidezko adjudikazioa.

Aprobetxamenduen epea hamar urte izanen da, adjudikazioaren urteko urtarrilaren 1etik hasita.

40. artikulua. Larreak erabiltzeko eskubidea.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten abeltzainek eskubidea izanen dute beren herrietako bazkalekuetako larreak soil-soilik erabiltzeko. Hala ere, Udalak bazkaleku bat baino gehiago adjudikatzen ahalko dizkio abeltzain berari, baldintza hauek betez gero:

–Herriko bazkalekuko azienda-karga baino azienda gehiago izatea.

–Udalari lurrak lagatzea, ehiza eta belar aprobetxamenduetarako. Halakoak izanen dira mendian dauden lur partikularrak, lurzatiak bildu gabeko tokian, edo herri-finken artean dauden eta larre-eremu adjudikagarria eratzen duten lurrak. Itxi gabeko finkak.

–Konpromiso irmoa, lurzatiak bildu ez diren tokian horiek biltzeko behar diren agiriak sinatzeko.

Abeltzainen sozietate eta elkarteei dagokienez, sozietate edo elkarte horren titulartasuneko guztizko azienda zatituko da sozietate edo elkarte hori eratzen duten familia-unitateez, bazkalekuen zuzeneko banaketa egiteko familia-unitate bakoitzari.

41. artikulua. Kanona.

Larre-eremu adjudikagarri bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, teknikariek eginiko balorazioa erabiliko da, edota bazkaleku bakoitzaren azienda-karga.

Gainerako espeziei dagokienez, parekotasun hauek ezarriko dira:

1 ahuntz: 1,2 ardi.

1 behi: 10 ardi.

1 behor: 12 ardi.

42. artikulua. Prezioak eta azienda-karga.

Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu mota honetan herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona, herri-larreak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.

Bazkalekuen azienda-kargak hauek izanen dira:

BAZKALEKUA

ARDI AZIENDAKO ABELBURU KOPURUA

BEORTEGI

200

GALDUROTZ

250

ILOTZ

60

JANARITZ

140

LERRUTZ

125

LEIUN

90

LIZOAIN

200

MENDIOROTZ

150

OZKARITZ

140

ERREDIN

160

UROTZ

75

URRITZELKI

90

IHELTZ

125

ZALBA

100

ZUNTZARREN

325

Ordainketa urtean behin eginen da, urte bakoitzeko urriaren 30a baino lehen.

Udalak hobekuntzak egin behar baditu, Udalak adjudikaziodunarekin hitzarturiko hitzarmenari jarraikiko zaio.

43. artikulua. Zuzeneko aprobetxamendua.

Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteen aziendak sartzea. Hala ere, Udalak besteren aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatuari jarraikiz.

44. artikulua. Ukuiluak dauzkaten bazkalekuak.

Ukuiluak dauzkaten bazkalekuen prezioa igoko da, gutxienez ere, 42. artikuluan ezarritakoaren %100. Ukuiluek eta bazkalekuek unitate banaezina osatuko dute, eta adjudikaziodunak bien kostuak onartu beharko ditu.

45. artikulua. Ondasun higiezinak mantentzea.

Adjudikaziodunaren kontura izanen dira higiezinen mantentze-lanaren eta zainketaren gastu guztiak. Garbitu, gutxienez, urtean behin garbitu beharko dira, eta higiezinak dituen zerbitzuen kostua ere haren gain egonen da.

46. artikulua. Azienda sartzea.

Jabetza partikularretan nahiz herri-lurrekoetan sartzeko, diren sarbideak erabiliko ditu beti aziendak.

47. artikulua. Finketara sartzea.

Finkaren titularraren berariazko baimena izan gabe, ez da zilegi izanen ereindako lurretan, baratzeetan, luzerna soroetan eta gisakoetan sartzea. Uzta bildutako sailetan ere ez da sartzen ahalko, uzta ondoko 5 egun iragan arte, edo 10, titularrak ahotza biltzeko nahia espresuki agertzen badu.

Debeku da, halaber, erauntsi handi baten ondotik sartzea laborantzetan, harik eta bost egun iragan arte.

48. artikulua. Larratzeko epea.

Aziendak urtean 4 hilabetean, gutxienez, larratu beharko du aprobetxamendu-eremuan, baldin eta azken horrek itxitura badauka. Udalak adjudikazioa hutsaltzen ahalko du, hala egiten ez bada.

49. artikulua. Adjudikatzeko prozedura.

Bazkalekuak adjudikatzeko prozedura izanen da ordenantzaren 37. artikuluan ezarritakoa. Aldaketa bakarra da, eskabidearekin batera, aziendaren osasun ziurtagiria eta eskatzen diren bazkalekuen zerrenda aurkeztu beharra.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

50. artikulua. Aldez aurretiko baimena.

Udal-mugarteko herri-basoen ustiapena eginen da beti Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen arabera, eta aldez aurretik baimena emanda.

51. artikulua. Aprobetxamendu motak.

Usadioari jarraikiz, udalerriko herritarrei baso aprobetxamendu bakarra emanen zaie, alegia, etxerako egurra.

52. artikulua. Eskaerak eta prozedura.

Udalak bandoa argitaratu ondotik, herritarrek epaitzen eskaerak egiten ahalko dituzte; urte bakoitzeko otsailean edo martxoan, normalean.

Udalak, aurkeztutako eskabideak ikusirik, Nafarroako Gobernuaren aurrean izapidetuko ditu, onets ditzan.

53. artikulua. Kanona.

Eskabideen prezioa 10 euro izanen da; udal diruzaintzan ordaindu beharko da, ustiapena hasi baino lehenago.

54. artikulua. Zuzeneko erabilera pertsonala.

Epaitzak onuradunak berak erabili beharko ditu zuzenean, eta ez daude baimendurik haien lagapena edo salmenta. Epaitza urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen atera beharko da. Adjudikaziodun batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion epaitza eta hurrengo urtean beste eskaera bat egiten badu, berriz ere aurreko urteko bera adjudikatuko zaio. Guztiz debekatua dago etxeko egurretarako emandako produktuak saldu edo eskualdatzea, bai eta bizilekua ez den beste toki batera eramatea ere.

V. KAPITULUA

Herri-lurren aprobetxamendua erlezaintzarako

55. artikulua. Zerga-egitatea eta subjektu pasiboak.

Ordenantza honen zerga-egitatea da herri-lurren okupazioa/lagapena erlezaintzako aprobetxamendurako, erlauntzak jarriz. Erlezaintzako aprobetxamendurako herri-lurren okupazioa/lagapena nori baimentzen zaien, pertsona fisiko edo juridiko, publiko nahiz pribatu, haiexek izanen dira ordenantza honetan arautzen diren eskubide eta kanonen subjektu pasiboak.

56. artikulua. Karga-oinarria eta tarifa.

Karga-oinarria izanen da herri-lurretako kokaleku bakoitzean dagoen erlauntz kopurua.

Kanona izanen da jartzekoa den erlauntz kopuruaren gainean prezioak aplikatzearen ondoriozkoa:

1.–Prezioak, erlauntz kopuruaren arabera:

–10 erlauntz bitarte: 20 euro urtean.

–25 erlauntz bitarte: 40 euro urtean.

–50 erlauntz bitarte: 70 euro urtean.

–75 erlauntz bitarte: 100 euro urtean.

–100 erlauntz bitarte: 120 euro urtean.

–100 erlauntzetik gora, 1,20 euro erlauntz bakoitzeko urtean.

Tarifak urtero eguneratuko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

57. artikulua. Kanonaren sortzapena eta diru-bilketa.

Kanona lehen aldiz sortuko da Nafarroako Gobernuak baimentzen duenean aldez aurretik Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak erabakitako okupazioa/lagapena. Ondoren, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tasa.

Lehen kuotaren ordainketa eginen da 30 egun balioduneko epearen barnean, Nafarroako Gobernuak okupazioa/lagapena baimentzen duenetik hasita, eta betiere erabilera pribatiboa edo aprobetxamendua berezia hasi baino lehen.

Gainerako urtekoei dagokienez, Udalak urte bakoitzeko urtarrilean kobratuko du baliabide honengatik zentsaturik daudenen zorra, hori jakinarazi behar izan gaberik.

Salbuespenez, erlezaintzan aritzeko baimena dutenen zentsuan lehen aldiz sarturik daudenei kanona hil naturaletan hainbanatuko zaie, Nafarroako Gobernuaren aldetik okupazio/lagapena egiteko baimena zer hilabetetan eskuratu zen, hura barne dela.

Urtarrilaren 1ean zentsuan dagoen partikular batek bere eskubideak handitzeko baimena eskatzen badu, kuotaren kalkulua arau hauei jarraikiz eginen da:

a) Urtarrilaren 1ean indarra duen baimenagatik eta baimen berriaren datara arte, iragandako edo hasitako hil naturalei dagokien kuota sortuko da.

b) Gainerako hilabeteei dagokienez, baimen berriari dagozkion tarifen araberako kuota sortuko da.

58. artikulua. Adjudikazio epea.

Adjudikazio epea 10 urte izanen da, baimena ematen den egunetik hasita.

59. artikulua. Baimenak.

Herri-lurren erlezaintzako aprobetxamendurako baimenak arautuko dira kasu bakoitzean Udalak, osoko bilkuran, onesten dituen baldintza-agirien bidez. Erlezain orok ondoko betebehar hauek bete beharko ditu, indarra duen legeriak ezarritakoez gain:

1. Honako hauetara gorde behar diren gutxieneko tarteak:

1.–Establezimendu kolektibo publikoetara eta hirigune eta biztanleguneetara: 400 metro.

2.–Bizilekuak diren landa eremuko etxebizitzetara eta abeltzaintzako instalazioetara: 100 metro.

3.–Aziendak okupaturiko eskortetara edo instalazio irekietara: 200 metro.

4.–Errepide nazionaletara: 200 metro.

Eskualde errepideetara: 100 metro.

5.–Auzo-bideetara eta mendiko pistetara: 25 metro.

6.–Beste erlategi batzuetara: 750 metro, salbu eta mota familiarreko erlategietara (gehienez ere 4 erlauntz).

7.–Erlekumeak harrapatzeko kutxak: 1.000 metro, edozein erlategitatik.

2. Erlategia maldan badago, edo 2 metrotik gorako desnibelean badago errepide eta bideen horizontalarekiko, ezarritako tarteak %50 murrizten ahalko dira.

3. Ezarritako tarteak %75 bitarte murrizten ahalko dira, gehienez, baldin eta erlategiek gutxienez bi metro garai den hesia badaukate, tartea zehazteko erreferentziatzat hartzen den errepide, bide edo establezimendura ematen duen aldean. Hesi hori edozein materialez eginikoa izan daiteke, erleak behartzen baditu hegaldia hastera bi metrotik gora. Salbuespen hau ez zaio aplikatuko erlezaintzako kokalekuen arteko eta hiriguneetara bitarteko tarteei buruz xedaturikoari.

4. Erlezaintzako ustiategien titularrek erlauntz bakoitza identifikatu beharko dute, ikusteko moduko tokian eta erraz irakurtzeko eran, marka ezabaezin baten bidez; erlauntza zein ustiategitakoa den, harexeri esleituriko kodea ageriko da bertan. Orobat, ohartarazi beharko da hor erleak daudela, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil.

5. Segurtasun eremua: Murruz, heskaiz edo alanbre arantzadunez eginiko itxitura batek babestu behar ditu jarritako erlategi edo erletxe guztiak; hura, gutxienez, erlauntzetatik 4 metrora egonen da, eta metro eta erdi garai izanen da bederen.

6. Erlauntzetarako, kalteen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izan beharko du, indarrean.

60. artikulua. Animaliak babesteko neurriak.

Ustiategiaren titularrak erleen premia fisiologikoak ase beharko ditu, eta haien portaera zaindu, haien osasunaren eta ongizatearen mesedetan.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

Arau-hausteak.

61. artikulua. Sailkapena.

Arau-haustea da ordenantza honetan xedatzen den edozer ez betetzea. Arau-hausteak arinak edo astunak izan daitezke:

Arau-hauste arina da ordenantza honetan agintzen den edozer ez betetzea.

Arau-hauste astuna da ordenantza honen 21. eta 27. artikuluetan agintzen dena ez betetzea, edo 4 urtean hiru zehapen arin metatzea.

Zehapenak.

62. artikulua. Zehapenen zenbatekoak.

Arau-hauste arinen zehapena izanen da 60 eurotik 100era bitarteko isunak ezartzea, edo legez kanpo aprobetxatu dena halako bost bitarte ordaindu beharra.

Arau-hauste astunen zehapena izanen da 101 eurotik 12.000ra bitarteko isunak ezartzea, edo eskuraturiko produktuen balioa halako 6-10 bitarte ordaindu beharra.

Prozedura

63. artikulua. Hasiera.

Zehapen-prozedura ofizioz edo alderdi batek eskaturik hasiko da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluan ezarritakoarekin.

Iragarkiaren kodea: L2108863