148. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

11/2021 FORU LEGEA, ekainaren 22koa, 934.015 euroko aparteko kreditu bat ematen duena Lurralde Kohesiorako Departamenturako.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, 934.015 EUROKO APARTEKO KREDITU BAT EMATEN DUENA LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTURAKO.

HITZAURREA

Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian ikusi da jarduketa batzuk finantzatu behar direla Eloko eta Baztango udaletan, eta ez dagoela horretarako krediturik.

Lehenik, Baztango udalerriaren ipar-mendebaldean dauden Aritzakun eta Urritzate auzoetan, non populazioa sakabanatutako baserrietan bizi den, haraneko hirigune nagusietatik aparte, agerikoa da komunikazio bideak ez direla egokiak, bi auzoak lotzen dituen bidea nagusiki zabor-legarrezkoa baita. Horri gehitu behar zaizkio baserrietara doazen adarrak, horiek ere zabor-legarrezkoak. Gaur egun Aritzakunen eta Urritzaten hogeita bi lagun bizi dira, adin desberdinetakoak eta, beraz, behar desberdinak sortzen dira bertan. Komunikazio bideaz azaldutako egoerak, ordea, zailtzen du zerbitzu batzuk baliatzeko aukera, besteak beste oinarrizko zerbitzu publikoak. Sarbide nagusia traba bat da, eragin handia du bertakoen eguneroko bizimoduan eta ez du batere laguntzen jendea zona horretan bizitzen gelditu dadin. Inguru horietan daude Urritzate-Aritzakun-Gorramendiko KBEak eta Irubelakaskoa eta Itxusi natura-erreserbak. Aipatutako natura-eremu horien kudeaketaren zati bat artzaintzan eta gizakien ezinbesteko presentzian oinarritzen da, inguruaren erabilera jasangarria eginez.

Beraz, behar-beharrezkoa da Aritzakun eta Urritzateko komunikazio bide nagusian jarduketaren bat egitea.

Bigarrenik, NA-2420 errepidearen eta Eloko hirigunearen arteko bidegurutzearen trazadura zehaztugabea denez, ibilgailuen trafikoa sortzen da, sartu eta ateratzekoa, bide bazter berean T itxurako bi bidegurutzetan, eta horrek mugimendu desberdinak elkar lotzen ditu, zalantzak sortuz eta sarbide horretan istripuetarako arriskua handituz. Bi bidegurutze horiek, gainera, loturik daude barrutik NA-2420 errepidearekiko paraleloa den beste adar batekin, eta horrek ere areagotzen ditu mugimenduen arazoak.

Proiektuko konponbideak 50 cm murrizten du errepidearen zeharkako sekzioa eta, beraz, Eloko egungo zeharbidearen zabalerako trantsizioa beharko da; kontuan hartu da A-21 autobidea ireki zenetik asko jaitsi dela bertatik pasatzen den trafikoa. Horrekin batera, hirigune historikoaren beste aldean gero eta gehiago dira etxebizitzetarako hirigintza jarduerak, eta beste arrazoi bat da ukitutako zeharbide tarteari hiri izaera handiagoa emateko, ahalik eta segurtasun handienarekin egin daitezen bi aldeen arteko mugimenduak, motordun ibilgailuenak ez direnak bereziki.

Proiektu hau egiteko ezinbestekoa da Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia eta Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusia koordinatuta aritzea, jarduketaren ukipen eremuetan biek dituztelako eskumenak, bideei eta tokiko gaiei dagozkienak, hurrenez hurren.

Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusian ez dago jarduketa horiek gauzatzeko finantzaketarik.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluaren lehen paragrafoak ezartzen du ezen, hurrengo ekitaldira arte berandutu ezin daitekeen gasturen bat aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada eta krediturik ez badago, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat bidaliko diola Nafarroako Parlamentuari, aparteko kreditu bat ematekoa. Bigarren paragrafoan xedatzen du aparteko kreditu finantzatzen ahal dela edozein gastu programatan erabilgarri dagoen kredituarekin.

Era berean, foru lege honek, partida izendunak sortuz, udal horiei laguntzak zuzenean emateko gaitzen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.

1. artikulua. Aparteko kreditu bat ematea.

2021eko ekitaldian 934.015 euroko kreditu bat ematen da, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren beharrak finantzatzeko.

Kreditu hori aurrekontuko partida hauetan aplikatuko da:

Partida: 210001 21300 7609 261634 Eloko zeharbidea. Zenbatekoa: 434.015 euro.

Partida: 210001 21300 7609 261635 Baztango bideak. Zenbatekoa: 500.000 euro.

2. artikulua. Aparteko kredituaren finantzaketa.

Aparteko kreditu honen 934.015 euroko kopurua indarrean dagoen gastu aurrekontuko 220003 22200 2090 453202 partidan, “A-21 Pirinioetako Autobiaren kanona” izenekoan, dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzatuko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2021eko ekainaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2109997