145. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 22a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2021 FORU LEGE-DEKRETUA, ekainaren 21ekoa, guztiz edo hein batean indargabetzen dituena koronabirusak (COVID-19) eragindako osasun krisiari aurre egiteko ohiz kanpoko neurri batzuk hartu zituzten zenbait foru lege-dekretu.

Uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartu ziren koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez ohiz kanpoko neurriak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko.

Azken arau horren xedapen indargabetzaile bakarrak ia guztiz indargabetu zuen lehenago aipatutako uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretua.

Bi arauak Estatuko arau hauen babesean eman ziren, zeinak egokiak baitziren une horretako egoera epidemiologikorako:

–63/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma egoera deklaratu zuena COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazioak Estatuko lurralde osoari eragin zion, hasiera batean hamabost egun naturaleko epean, eta, ondoren, sei luzapen onartu ziren, Diputatuen Kongresuak baimenduta.

–Alarma-egoera luzatu zuen ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuak, 5. artikuluan, xedatu zuen ezen normaltasun berrirako trantsizio planean aurreikusitako fase guztiak gaindituz gero, ondoriorik gabe geratuko zirela dagozkion probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoeran ezarritako neurriak. Gainera, 6. artikuluaren arabera, autonomia erkidegoak ziren erabaki zezaketenak, osasun eta epidemiologia irizpideei jarraikiz, beren lurraldeetan 3. fasea gainditu zela eta, horrenbestez, “normaltasun berrian” sartuko zirela.

–Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoak, prebentzio neurriak hartu zituen osasun krisiaren bukaera ofizialki deklaratzen denera arte. Alde horretatik, autonomia erkidegoen eskumenen esku uzten du neurriak ezartzea.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

8/2020 Foru Lege-dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak xedatzen du arau horren eraginkortasuna egoera epidemiologikoaren araberakoa dela, haren neurriak berariaz ondoriorik gabe uzten ez diren bitartean.

Horrenbestez, indarrean jarraitzen dute Nafarroak 2020ko udan zeukan egoera epidemiologikoan hartutako neurri horiek, baina ez datoz bat Nafarroak uda honetan daukan egoera epidemiologikoarekin.

Bi egoera epidemiologikoak desberdinak dira, nagusiki, COVID-19aren kontrako txertaketa aurreratuagatik; 2020ko abenduan jarri zen abian eta 2021eko ekainean hasi da lehendabiziko dosiak ematen 30 urtetik 39ra bitarte dituztenei. Horrek eta pandemian zehar hartutako prebentzio neurriek ekarri dute kutsatzeak murriztea, eta, batez ere, presio asistentziala apaltzea, pertsona zaurgarrienek txertaketaren pauta osoa jasoa baitute. Gauzak horrela, 2021eko ekainaren 18an, 17 dira ospitaleratuta daudenak (ospitalean berean edo etxean) eta beste 9, berriz, ZIUn daudenak.

Ildo horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egin txostenean jasotzen da ezen, kontuan harturik zein den egoera epidemiologikoa Nafarroako Foru Komunitatean, bai eta, beraz, haren alerta maila ere, gutxinaka malgutzen ari direla zenbait esparrutan hartutako neurriak (ostalaritzako ordutegiak, gaueko aisialdia, ekitaldi jendetsuak, etab.), aldez aurretik zehaztutako ibilbide orria betez.

Txosten horrek dio ezen, aintzat harturik hemendik gutxira hartu gogo diren malgutze neurriak, baldin eta egoera epidemiologikoak espero bezala eboluzionatzen badu, neurriok kontra egiten diotela 8/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoari; beraz, beharrezkoa da arau horren zati bat indargabetzea.

Bukatzeko, txostenean proposatzen da indarrean jarraitzea, bakarrik, eremu publikoan alkohola kontsumitzea (kale zurruta eta antzekoak) mugatzen duten neurriek (6. artikulua), edo, pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko tartea errespetatu ezin denean, eremu publikoan edo aire zabaleko lekuetan erretzea mugatzen dutenek.

Bide publikoetan, parke eta plaza publikoetan eta bestelako igarobide publikoetan alkohola kontsumitzea debekatu behar da osasun publikoarentzat dakartzan arriskuengatik. Izan ere, horrelakoetan, pertsonak kontrolik gabe pilatzen dira eta segurtasun neurriak eta urruntze fisikorako neurriak ez dira betetzen edo erlaxatzen dira.

Indarrean jarraitzen du eremu publikoan edo aire zabaleko lekuetan erretzeko debekuak, baldin eta pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko tartea errespetatu ezin bada, birusa aerosolen bidez kutsatzen delako, eta jarduera horrek berekin dakar, noski, maskararik gabe egotea eta kea ahotik botatzea.

Bukatzeko, indargabetze horiek bat egiten dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan erregulazio onari buruzko printzipioekin. Hauexek, hain zuzen: segurtasun juridikoa, beharra, proportzionaltasuna. Hitz batean, arauen kalitatea areagotzen du, ordenamendu juridikotik kentzen baititu zaharkitutako arauak.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak eta Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko ekainaren hogeita batean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Indarrik gabe uztea.

Bat. Indarrik gabe uzten da 7/2020 Foru Lege-dekretua, uztailaren 22koa, zeinaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartu baitziren koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Bi. Indarrik gabe uzten da abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretua, ohiz kanpoko neurriak onetsi zituena Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko. Salbuespenak dira 6. artikulua (Baimenik gabeko alkohol kontsumoa bide publikoan) eta 11. artikulua (Tabakoaren eta parekoen kontsumoa).

Hiru. Indarrean jarraituko dute abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuaren 6. eta 11. artikuluek, harik eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte osasun arloko organo eskudunaren adierazpena, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txosten-proposamena eman ondoren, non adieraziko baita COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak eboluzio ona izan duela eta neurri horiek ez direla beharrezkoak.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko uztailaren 2an hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko ekainaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2109909