144. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

578/2021 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira abeltzaintzako toki azpiegiturak sortzeko eta hobetzeko laguntzen 2021eko deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 566829.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren helburuak dira, besteak beste, titularitate eta erabilera publikoak dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak, abeltzaintzarekin lotutakoak, sustatzen laguntzea. Nafarroako toki erakunde askoren eskaria da abeltzaintzako tokiko azpiegituretarako laguntzen deialdia egitea.

Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duenak, 17. artikuluan, “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria ezartzen du.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean aktibo fisikoetan egindako inbertsioetarako emanen diren gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro sozioekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapenerako Programan (Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko azken C 8143 (2015) Erabakiaren bidez onetsia) 4. neurria sarturik dago, “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izenekoa, eta berariaz 04.03.04 eragiketa, “Abeltzaintzako tokiko azpiegituretarako inbertsioak” izenekoa. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, basogintzaren sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek bideraturik daude Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, neurri hau bat dator Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin: “ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta erraztasunak ematea horiek berregituratzeko eta modernizatzeko” (1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.a) artikulua).

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinaren bidez osatzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Deialdiaren eranskinetan sartutako hautapen irizpideek 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programaren Jarraipen Batzordearen adostasuna dute, eta 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren Kudeaketa Agintaritzak berrikusi ditu.

Nafarroako 2022ko aurrekontu orokorretan izanen da 2021eko aurrekontuko 710006 71500 7609 414300 partida, “Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020. Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak” izenekoa, zeina 2022ko gastu aurrekontuan gaituko baita baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago. Xede izanen du aurre egitea ebazpen honetako I. eranskinean araututako deialdiari, zeinaren helburua baita abeltzaintzako toki azpiegiturak sortzea eta hobetzea.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak 2021ean gobernatuko dituzten oinarri arautzaileak onesten dira, I. eranskinean jasotzen den moduan, bai eta II.etik XV.era bitarteko eranskinak ere, ebazpen honetan jaso bezala.

2. Deialdiaren onespena.

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen 2021eko ekitaldiko deialdia onesten da.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei erantzuteko, 1.147.439 euroko gastua baimentzen da 2022ko gastu aurrekontuan horretarako gaitzen den partidaren kargura, zeina izanen baita 2021eko aurrekontuko “Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020. Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak” izeneko 710006 71500 7609 414300 partidaren baliokide; hori guztia, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago, aurre egiteko ebazpen honetako I. eranskinean arautzen den deialdiari.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea irekita egonen da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2021eko azaroaren 30era arte, egun hori barne.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, bete beharko da Europako Batzordeak 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programaren 04.03.04 neurriari buruz (“Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak”) xedatutakoa. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Eskualde menditsuak eta muga naturalak dituzten beste eskualde batzuk.

Nafarroako eskualde menditsuen eta muga naturalak dituztenak dira 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programako 13. neurriko (“Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”) zerrendetan agertzen direnak.

7. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

8. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa jartzea.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 27an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen 2021eko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri arautzaile hauen xedea da 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programako abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak arautzea 2021erako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregeamenduaren 17. artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin eta 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin, neurri honen azken xedea da 2021ean titularitate eta erabilera publikoko azpiegiturak eta ekipamenduak, abeltzaintzarekin lotutakoak, sustatzen laguntzea.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira, lagungarriak direlako, zalantzarik gabe, Batasunak 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.a) artikuluan adierazitako lehentasunetarako, bultzatzen baitute Batasunaren landa garapenerako lehentasun hau: “ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta erraztasunak ematea horiek berregituratzeko eta modernizatzeko”.

3. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroako toki erakundeek eskuratzen ahal dituzte ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzak.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Aurreko oinarrian deskribatutako entitateak izaten ahal dira neurriaren onuradun, inbertsioak Nafarroan egiten badituzte eta jarduketa diruz lagungarri baten xedeko lurren edo eraikuntzen titularrak badira edo haiek erabiltzeko eskubidea badute. Lurralde entitateak ez direnek ere jasotzen ahal dituzte dirulaguntzak, erabilera publikoko lurraldea kudeatzen badute.

2. Inbertsioak diruz lagungarriak izanen dira baldin eta onartuak izateko baldintza hauek betetzen badira laguntza eskaera (II. eranskina) Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten den egunean:

a) Diruz lagungarriak izanen dira agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondotik egindako gastuak soilik, salbu eta proiektua edo memoria teknikoa erredaktatzeko gastuak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira kostu diruz lagungarriak:

a) Urez hornitzeko jarduketa txikiak, abeltzaintzari eta abereen elikadurari lotuak, sustatzea, hala nola askak, putzuak eta beste.

b) Bide publikoak eta larreetarako eta abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzea. Ez da dirulaguntzaren xede izanen lurzatiak biltzeko jarduketetan egindako bideak hobetzea, baldin obrak entregatzeko ebazpenak edo agiri baliokideak ez baditu 15 urte baino gehiago.

c) Abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegiturak.

d) Udal eskortak eraikitzea.

e) Abeltzaintzarekin zuzenean lotutako zerbitzuen ekipamendu publikoetarako eraikinak egin edo zaharberritzea.

f) Abeltzaintzako ustiategien guneentzako instalazioak, hornidurak edo azpiegiturak sustatzeko, adibidez elektrifikazioak, telefonia, ur hornidura, hondakin urak hustea, etab.

g) Herri-basoetako larreei lotutako azpiegiturak eta hornidurak: idoiak, itxiturak, ur hodiak, tratamendu-eskortak, langa kanadarrak, etab. Itxituren mantentze-lanak ez dira diruz lagunduko, hauek baldin badira: alanbreak tenkatzea, aske dauden alanbreak jostea edota granpilloiak ezartzea.

2. Dokumentazio teknikoari dagokion dirulaguntza ordainduko da baldin eta espedientean sartutako ekintza bat, gutxienez, ordaintzen bada.

3. Kostuen moderazioa obra proiektuei aplikatuko zaie ebazpen honen 14. oinarrian jasotako erreferentziak kontuan hartuta.

4. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza hauek banatuko dizkie ebazpen honetako baldintzak betetzen dituzten toki erakunde eskatzaileei:

a) Nafarroako eskualde menditsu gisa eta muga naturalak dituzten eskualde gisa jasotako toki erakundeen kasuan, hau da, 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programako 13. neurriko (“Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”) zerrendetan agertzen direnen kasuan, inbertsio diruz lagungarriaren %60. Inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izanen da espediente bakoitzeko.

b) Gainerako toki erakundeentzat, inbertsio diruz lagungarriaren %40. Inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da espediente bakoitzeko.

c) Espedienteak ez dira diruz lagungarriak izanen baldin eta diruz lagungarria den inbertsioaren zenbatekoa ez bada 4.000 euro baino handiagoa.

7. oinarria.–Gastu diruz lagungarria.

1. Gastu diruz lagungarria izanen da gastu hauen benetako kostua, BEZik gabe: obra exekutatzeko gastuak; proiektua edo memoria teknikoa idazteko gastuak; obra zuzentzekoak; segurtasun eta osasunekoak; saiakuntza teknikoak; higiezinak, makineria eta ekipamenduak lortzekoak, bai eta, kasua bada, teknologia erostearekin lotutako inbertsio materialekoak ere.

Proiektua edo txosten teknikoa idazteko gastuei dagokien gastu diruz lagungarria Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak moderatzen duen kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren %5 izanen da, gehienez, eta obra zuzendaritzari dagokion gastu diruz lagungarria Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak moderatzen duen kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren %6 izanen da, gehienez.

Kontrata bidezko exekuzio aurrekontuak bere baitan hartzen du administrazioak onartu duen inbertsio moderatua (obra gauzatzeko aurrekontua), gehi gastu orokorrak (horiek, gehienez ere, obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren %10 izanen dira) eta industria mozkina (gehienez ere, obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren %5 izanen da).

2. Inbertsioak, osorik edo hein batean, norberaren baliabideekin edo auzolanean egiten badira, gastu diruz lagungarrietan ez dira sartuko, dagokien proportzioan, eskulanaren kostua, gastu orokorrak eta industria mozkina. Aurrekoa argi eta garbi zehaztuko da aurkeztutako proiektuaren separata batean, eta dagokion laukitxoa markatuko da laguntzen eskaeran (II. eranskina). Auzolantzat hartuko dira herriko biztanleek egindako lanak, herriarekin kontratu-harremanik izan gabe.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuko dira (gehienez ere 80 puntu lortzen ahalko dira):

a. Jarduketak kontserbazio bereziko eremuetan. Kontserbazio bereziko eremuetako jarduketei 5 puntu emanen zaizkie gehienez ere. Puntuazioa lortzeko prozedura hau izanen da: 5 puntu bider obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren ehunekoa, obrak KBE batean daudenean.

b. Jarduketak antolatutako larreetan. Larreko baliabideak antolatzeko proiektua, Nafarroako Gobernuak onetsia, duten larreetako azpiegituretako inbertsioak, gehienez ere 5 puntu. Puntuazioa lortzeko prozedura hau izanen da: 5 puntu bider antolatutako larrean egin beharreko obrak gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren ehunekoa.

c. Eskualde menditsuetan dauden edo menditsuak izan gabe naturak bereziki mugatutako eskualde batean dauden toki erakundeek egindako inbertsioak (2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapeneko Programako 13. neurriko –“Mendialdeetarako eta muga natural berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”– zerrendetan agertzen da zein diren eskualde horiek): 5 puntu.

d. Ukitutako ustiategietako AzLUak (azienda larriko unitateak). Jarduketek ukitutako abeltzaintzako ustiategiek dituzten eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Ofizialean inskribatuta dauden AzLUen baturak 10 puntu jasoko ditu gehienez ere. X. eranskinaren bitartez eskatuko da. Egiaztatuko da zein ziren, deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean, toki erakunde eskatzailean kokatutako abeltzaintzako ustiategiak eta haien AzLUak, eta, lortutako zifren arabera, graduazioa hau izanen da:

• < 150 AzLU: 3 puntu.

• ≥ 150 AzLU eta < 750 AzLU: 7 puntu.

• ≥ 750 AzLU: 10 puntu.

e. Aprobetxamendu kanona. Herri-ondasunen aprobetxamenduaren kanona ezarrita daukaten toki erakundeek, eskaera aurkeztu aurreko 3 urteetan aplikatutakoa, 5 puntu. Puntuak ematen zaizkie herri-ondasunen aprobetxamendu kanonaren ziurtagiria aurkezten duten toki erakundeei soilik.

f. Interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa. Proiektuetan abeltzaintzaren sektorerako interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa duten jarduketak sartzen dituzten toki erakundeek gehienez ere 50 puntu eskuratzen ahal dituzte:

f.1) Abeltzaintzako ustiategien guneen zerbitzuko azpiegiturak: 50 puntu bider abeltzaintzako ustiategien guneen zerbitzuko azpiegitura jarri edo hornitzeko obra gauzatzeko aurrekontu (OGA) diruz lagungarriaren ehunekoa.

f.2) Behi-aziendan tuberkulosia kontrolatzen laguntzen duten ur hornidurarako azpiegiturak: 45 puntu, bider OGA diruz lagungarriaren ehunekoa. Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuari proposatutako jarduketetarako aldeko txostena eskatuko zaio.

f.3) Suak kaltetutako itxiturak eraikitzea eta udal eskortak birgaitzea, baldin laguntzen deialdi hau NAOn argitaratu aurretik komunikatu bazaizkio kalteak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari: 45 puntu bider suak kaltetutako itxiturak eraikitzeko eta udal eskortak birgaitzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

f.4) Abereen elikadurarekin eta beste helburu batzuk dituen ur hornidurarekin lotutako azpiegiturak: 25 puntu, bider abereen elikadurarekin eta beste helburu batzuk dituen ur hornidurarekin lotutako azpiegituretan inbertitzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa, azpiegitura horiek tuberkulosiaren kontrolerako ez direnean.

f.5) Udal eskortak eta abeltzaintzako ekipamendurako eraikinak eraiki edo zaharberritzea, bai eta herri mendietan larreak hobetzeko azpiegitura eta ekipamendua ere: 20 puntu, bider udal eskortak eta abeltzaintzako ekipamendurako eraikinak eraiki edo zaharberritzeko, baita herri mendietan larreak hobetzeko azpiegitura eta ekipamenduetarako ere, OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

f.6) Abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegiturak: 15 puntu, bider abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegituretarako OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

f.7) Bide publikoak eta larreetarako edo abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzea: 15 puntu, bider bide publikoak, abelbideak eta larreetarako edo abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Bi proiektu edo gehiagoren artean puntuetan berdinketarik gertatuz gero, baremoko apartatu honetan puntu gehien lortu dituztenei emanen zaie dirulaguntza: Interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa.

Berdinketak jarraituz gero, baremoko apartatu honetan puntu gehien lortu dituztenei emanen zaie dirulaguntza: jarduketek ukitutako abeltzaintzako ustiategien zerrenda. Inskribaturik behar dute, deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan, eta toki erakunde eskatzailean izan behar dute helbidea.

Berdinketak irauten badu, bere mugartean erregistro horretako abeltegi gehien dituen entitateari emanen zaio dirulaguntza.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntza emateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 24 puntu lortzea.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradun diren toki erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Inbertsioko obrak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera adjudikatzea. Hala ere, toki erakundeak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte azpikontrata dezake.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatzeko.

3. Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, ez urratzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Bestela, ez da laguntzarik emanen.

4. Ebazpen honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

5. Diruz lagundutako inbertsioen iraunkortasun konpromisoa: onuradunak konpromisoa hartzen du 5 urtean ez duela inbertsioan aldaketa garrantzitsurik eginen, onuradunarentzako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik, salbu eta hondamendi naturalen ondorioz edo ezinbestez, 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluaren arabera. Aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira inbertsioaren izaera edo laguntza emateko baldintzak ukitzen dituztenak.

6. Xede berarekin beste dirulaguntzaren bat jasoz gero, jakinaraztea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari. Ez bada jakinarazten, dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, toki erakundeak behartuak daude gardentasun arauak betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero. Betebehar hori bete dela joko da erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezten denean, non adierazten den bete direla toki erakundeen gardentasunaren arloko betebehar orokorrak (XV. eranskina).

2. Ez baldin bada betetzen 1. puntuan adierazitako moduan, gardentasun betebeharraren eredua aurkeztu beharko da betebehar horiek bete direla frogatzeko. Esteka honetan eskura daiteke eredu hori:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

12. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta, onuradunarentzako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik.

2. Espediente eta onuradun guztientzat, gerora bete beharreko konpromisoa da inbertsioaren izaerari edo gauzatzeko baldintzei eragiten ez dien inolako aldaketa garrantzitsurik ez egitea.

3. Oinarri honen 1. apartatuan aipatzen den konpromisoa ez betetzat joko da baldin honako hau gertatzen bada bost urteko epean (behin onuradunaren inbertsio edota gastuetarako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik):

a) Inbertsioaren izaera, funtzionaltasuna edo gauzatzeko baldintzak aldatzea.

b) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea.

c) Diruz lagundutako inbertsioaren erabilera aldatzea edo etetea.

d) Diruz lagundutako inbertsioen obra unitateak murriztea.

4. Aurreko apartatuan aipatzen den konpromisoa ez betetzea mailakatuko da jarraian zehaztuko diren irizpideen arabera, eta, horren arabera, laguntzak itzultzeko portzentajeak sortuko dira, eta, kasua bada, legez ezarritako interesak gehituko dira:

a) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

b) Diruz lagundutako inbertsioa abeltzaintzakoa ez den erabilera batera aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

c) Diruz lagundutako inbertsioen erabilera etetea: laguntzaren %50 itzuli beharra. Hilabeteko epean erabilera berriro hasten ez bada, laguntzaren %100 itzuli beharko da.

d) Diruz lagundutako inbertsioen unitateak gutxitzea, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko baldintzak izaten direnean (1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluaren arabera): gutxitutako unitateei dagokien laguntzaren %100 itzuli beharra. Hilabeteko epean unitateak berrezartzen badira, berrezarritako unitateen laguntzaren %50 itzuli beharko da.

13. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskabideak aurkezteko epea irekita egonen da deialdi hau aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2021eko azaroaren 30era arte, egun hori barne.

2. Eskaera Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko da. Destinoko unitatearen kodea: Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua 10003649. Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala: 10003657. Teknikoki ezinezkoa baldin bada, eta hala justifikatzen bada, eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan aurkezten ahalko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoarekin. Eskabidea erregistratu ondoren, gordekina posta elektronikoz bidaliko da helbide honetara: infrganaderas@navarra.es.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, egin gogo diren jarduketa guztiak azaltzen dituena.

3. Eskabidea deialdi honetako II. eranskinean ezarritako inprimakian bideratuko da.

4. Gainera, eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntzaren xede den jarduketaren proiektu teknikoa, teknikari kualifikatu batek egina, non azalduko baita zein den dirulaguntza jasoko duen jarduketa, eta frogatuko baita lotura zuzena duela abeltzaintzarekin eta, kasua bada, abeltegiekin. Proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak sartuko dira. 30.000 eurotik beherako obra gauzatzeko aurrekontua duten inbertsioen kasuan, memoria tekniko baloratua aurkezten ahalko da. Bi dokumentu horiek III. eranskinean deskribatutako gutxieneko edukia izan beharko dute. Berariaz aipatuko dira tuberkulosia kontrolatzeko premiak eta euri urek, suteek edo uholdeek eragindako kalteak.

b) Behar diren baimenak eta lizentziak:

b.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ingurumen baimena, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin, beharrezkoa den kasuetan (aipatu legearen 10. eta 25. artikuluetan zehaztutakoak) edo jarduera sailkaturako udal lizentzia (aipatu legearen IV. eranskina). Baimena deialdi honetara aurkezten den proiekturako emanen da.

b.2) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ingurumen baimena, bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearekin, beharrezkoa den kasuetan, adibidez: baso lurzoruaren gainean bide azpiegitura berriak eraikitzea, edo azpiegitura horien kaxa zabaltzea, baso lurzoru berria okupatuta, eta baso lurzoruaren gainean idoi berriak eraikitzea, baita horien ur hodiak ere. Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera (10. eta 25. artikuluak) baimena behar duten jarduerak eta instalazioak.

b.3) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren baimena, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluarekin.

Artikulu horren arabera, jarduketa hauek salbuesten dira lege honen esparruko baimena eduki behar izatetik:

–Lehendik dauden eraikin edo instalazioetako esku-hartzeak, non ez diren jarduera edo erabilera aldatzen, bolumena handitzen, eta non ez den beharrezkoa zerbitzuak berriz eskatzea.

–Instalazio edo eraikin txikiak eraiki edo ezartzea, lanabesak gordetzeko edo etxeko abereei aterpea emateko, baldin eta guztira 15 metro koadroko azalera gainditzen ez badute.

–Lurzatiaren itxiturak.

–Lehendik dauden nekazaritza- edo abeltzaintza-instalazioen zabalpenak, baldin eta, orokorrean, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren baimenaren bidez eraikitako azalera %20 handitzen ez bada eta zerbitzu berririk eskatzen ez badute.

–Lurrei eusteko lanak, lur mugimenduak eta mendiko pistak edo bideak irekitzea, baldin eta ez badaude lotuta eraikuntzako jarduera edo erabilerak ezartzeari, erauzketa lanei edo hondakindegiak ezartzeari.

Aurreko kasu horietan guztietan, gerta daiteke aipatutako baimenak ez edukitzea dirulaguntzak eskatzeko unean. Hala bada, aurkeztu beharko da dagokion administrazio unitateari igorritako baimen edo lizentzia eskabidearen kopia. Edonola ere, ezin izanen zaie dirulaguntzaren xedeko lanei ekin harik eta aldeko baimena eta dagokion lizentzia eduki arte.

c) Toki erakundearen ziurtagiria, adierazten duena badagoela herri-ondasunen aprobetxamendua erregulatzen duen ordenantza bat, azalduta Nafarroako Aldizkari Ofizialeko zer zenbakitan eta zer egunetan argitaratu zen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera. Lurralde entitateak ez diren toki erakundeen kasuan, larreen aprobetxamenduari buruzko barruko ordenantzak aurkeztu beharko dira (VII. eranskina).

d) Konpromisoen inprimakia eta aitorpena (IX. eranskina).

e) Kostuen moderazioa frogatzeko inprimakia (V. eranskina). Proiektuaren partidak eranskin horretan definitzen diren unitateei egokituko zaizkie.

f) Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria, zeinetan adierazten baita badaukala lurren edo eraikinen titulartasuna edo erabilera (VIII. eranskina).

g) Lurzatien zedulak edo inbertsioen xede diren lurzatien edo eraikinen titulartasuna frogatzeko agiriak, edo lurrak edo eraikinak erabiltzen ahal dituztela frogatzen duten agiriak. Bideak eta itxiturak egin edo hobetzeko obretan ez da beharrezkoa izanen lurzatien zedulak aurkeztea.

Toki erakunde eskatzaileek titulartasuna ez duten finketan edo eraikinetan inbertsioak egiten direnean, lurrak edo eraikinak erabilgarri daudela frogatzen duen agirian erabilgarritasun horren epea jarri beharko da. Inbertsioaren amortizazio teknikoaren epearen adinakoa izanen da epe hori gutxienez. Horretarako, VI. eranskinean (“Inbertsioak amortizatzeko epeak, lurren edo eraikinen erabilera izatearen ondorioetarako”) ezarritakoa beteko da.

Eredu ofizialik ez duten gainerako agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira; proiektuaren edo memoria teknikoaren aurrekontua, berriz, Excel formatuan, eta kartografia ETRS89 proiekzioan eta SHP formatuan. Planoak PDF formatuan aurkeztuko dira, erabat bukaturik eta behar diren legendekin. Agiriak ez dira izanen 8 megabytetik gorakoak.

5. Nahi izatera, honako dokumentazio hau ere aurkez daiteke, eta, hala, baremoko puntuazioa handitu:

a) Toki erakundearen ziurtagiria, non herri-ondasunen aprobetxamenduaren kanona agertuko baita (XI. eranskina), eskabidea aurkeztu aurreko 3 urteetakoa.

b) Ukitutako abeltzaintzako ustiategien zerrenda, deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon eta toki erakunde eskatzailean helbidea dutenena (X. eranskina).

14. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak moderatuak direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Ondorio horietarako, eta bermatzeko kostuen moderazioaren printzipioa aplikatzen dela, instrukzio organoak erreferentzia hauek erabiliko ditu, aplikatzeko lehentasun ordenaren arabera:

a) “Inbertsio moduluak” izeneko IV. eranskinean aipatutako erreferentziak.

b) Beren ezaugarriak direla-eta “Inbertsio moduluak” izeneko IV. eranskinean sartuta ez dauden inbertsioak indarrean dauden Nafarroako baso tarifekin baloratuko dira. Hemen daude ikusgai:

https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Montes/Tarifas+forestales.htm

c) TRAGSA enpresa publikoaren indarreko tarifak.

Baldin aurkeztutako memoria edo proiektuan agertzen diren prezioak eta inbertsio modulukoak (IV. eranskina), Nafarroako baso tarifetakoak edo TRAGSAren tarifak ezberdinak badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du ezberdintasuna, eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du.

d) Eskatutako inbertsioak ez baldin badaude inbertsio moduluetan (IV. eranskina), Nafarroako baso tarifetan edo TRAGSAren tarifetan, aurrekontua justifikatu egin beharko da, gutxienez ere proformako hiru fakturaren bidez, hura baliozkotzat hartzeko.

15. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari dagokio; atal hori atxikita dago Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

2. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak eskatzaileen zerrenda bat osatuko du dokumentazio osoa duten eta jarduketa diruz lagungarriak biltzen dituzten eskaerekin, eta Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoari emanen dio, eskaerekin eta horiei erantsitako agiriekin batera, ebaluatu ditzan, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz.

16. oinarria.–Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoa.

1. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoari, 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabeteko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita.

2. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoa kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Obra Bulegoko burua.

Idazkaria: Nekazaritzako Azpiegituretarako Laguntzen Bulegoko burua.

Batzordeko kide bakoitzak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

3. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak eskaerak ebaluatu, eta honako hauek ukatzea proposatzen ahalko du: jarduketak ebaluatzea galarazten duten akats teknikoak dituztenak, moduluak gainditzen dituzten obra-unitateen neurketak eta prezioak dauzkaten aurrekontuak dituztenak, eta laguntzak arautzen dituen Europar Batasuneko edo Foru Komunitateko araudiarekin bat ez datozenak.

4. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak proposamena jakinaraziko dio Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

5. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, laguntza edo dirulaguntza esleituz lortutako puntuazioaren arabera, kontsignatutako aurrekontuko kreditua agortu arte.

Azken onuradunari esleitu gabe geratzen den saldoa emanen zaio; beraz, aurrekontuko diru kopurua nahikoa izan balitz berari zegokiokeen dirulaguntza baino gutxiago emanen zaio. Horren berri emanen zaio onuradunari, eta hark proiektua igorri beharko du, aldatua eta onartutako inbertsio lagungarrira egokitua, onartua izan dadin; proiektuaren baremazio berria ez da inola ere izanen baremazio prozesuan lortutakoa baino txikiagoa.

6. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean gehienez.

Epe hori bukatzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

17. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, egiaztatuko da ea baduten eskatzen den dokumentazio guztia. Behar izanez gero, 10 eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo espedientea bideratuko dela agiriak bere horretan daudela.

2. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea eska dezake unitate erantzuleak. Behar izanez gero, 10 eguneko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, espedientea bideratuko dela agiriak bere horretan daudela.

5. Eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoaren txostena ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari igorriko.

7. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

8. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

18. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik edo oinarri arautzaile hauen 9. oinarriaren 3. puntuan eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez erdiesteagatik, edo oinarri arautzaileetan ezarritako nahitaezko dokumentazioa ez aurkezteagatik. Kasu guztietan, adieraziko da zer puntuazio eman zaion horietako bakoitzari, 8. oinarrian (“Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak”) ezarritako balorazio irizpideen arabera.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

19. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Gerta daiteke toki erakunde onuradunak, arrazoi justifikatuengatik, beharrezkotzat jotzea aldaketa nabarmen bat egitea, 18.3 puntuan definitu den moduan, hasiera batean onetsitako proiektuan. Horrelakoetan, aldatzeko eskabidea aurkeztu beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari. Eskabide hori gaitutako formatuan aurkeztuko da (XII. eranskina), inbertsioa gauzatu aurretik, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago. Aurkeztu beharko da, era berean, aldeko ingurumen baimena edo ingurumen baimenaren eskabidea.

2. Proiektua nabarmen aldatzen duten eskaerak onartzeko edo ezesteko, instrukzio organoak haien balorazioa eginen du, eta, gero, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onetsi beharko ditu.

3. Honako hau hartzen da aldaketa nabarmentzat: kokapenean edota neurketan %10etik gorakoa dena, edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen duten unitate berriak sartzen dituena. Teknikoki justifikatutako aldaketa nabarmenak soilik onetsiko dira, eraginik ez dutenak inbertsioaren helburuaren eta izaeraren gain, eta gutxiagotzen ez dutenak horiek emateko oinarritzat hartu zen baremoaren puntuazioa (puntuazio berriak ezin du izan onuraduna izateko beharrezkoa den gutxieneko puntuazioaren azpitik).

4. Gerta daiteke onetsitako proiektuaren aldaketa ez-nabarmen batzuk sartuta egotea bukaerako ziurtapenean (%10etik beherakoak, kokapenean edota neurketan; edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen ez duten unitate berriak). Horrelakoetan, aldaketa horiek ordaintzen ahalko dira baldin eta ez bada gainditzen emandako laguntzaren guztizkoa, eta baldin eta, obra berriko unitateen kasuan, prezio kontrajarrien akta badago. Gainera, obra berriko unitateen zenbateko horiei deialdiko 14. oinarrian ezarritako kostuen moderazioa aplikatuko zaie.

20. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, laguntzak ordaintzeko eskabidea aurkezteko modua eta epeak.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2022ko irailaren 2a izanen da 2021eko kanpainako laguntza eskaerentzat.

2. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin frogatuta esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik harik eta aurkezten diren arte haren bukaeraren ziurtapena eta inbertsioaren gauzatzea frogatzen duten ordainketen fakturak eta agiriak.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko dira, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Laguntzak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

5. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal zaizkie entitate onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

6. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 21. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

7. Ez da onartuko baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.

8. Laguntzak jasotzeko, onuradunak ordainketa eskabidea aurkeztu beharko du (2022ko irailaren 16ra arte izanen du horretarako, egun hori barne). Eskabidearekin batera aurkeztu beharko ditu obra ziurtagiriak, fakturak eta gastu zein ordainketa frogagiriak, eta hornitzailearen aukeraketaren frogagiria (XIV. eranskinaren 1. dokumentua). Baldin obrak esleitu badira 40.000 euro baino gehiagoko kontrata bidezko exekuzio aurrekontuarekin (BEZik gabe), eta 15.000 euro baino gehiagoko laguntza teknikoko aurrekontuarekin (BEZik gabe), aurkeztu beharko dira, aurretik aipatutakoez gain, XIV. eranskinaren 2. dokumentua eta kontratazio espedientearen kopia PDF formatuan. Gerta daiteke onuradunek eskabidearen kopia soilik aurkeztu izana eskabideak aurkezteko unean, eta beharrezko lizentziak eta baimen sektorialak aurkeztu ez izana. Hala bada, beharrezko baimen eta lizentzia onartuak aurkeztu beharko dituzte une honetan.

Ordainketa-eskabidea deialdian adierazitako epean aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; eredua Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoan dago eskura (www.nafarroa.eus). Hala aurkeztu ezean, dagokion dirulaguntza galduko da.

9. Jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko frogagiriak erantsi beharko dira.

10. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak 2022ko abenduaren 31 baino lehen emanen du ordainketaren ebazpena.

21. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 20. oinarriko 1. apartatuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. Inbertsioa bukatu ondoren, gauzatu denaren kostua inbertsioaren adjudikazio zenbatekoaren %70etik beherakoa bada, ordainketa doitu eginen da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko zigorra aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean, baldin eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikarien iritziz inbertsioak bere funtsezko ezaugarriei eusten badie, laguntzaren xedeko helburuak betetzen segitzen badu, eta kontzesioa ekarri zuen baremoa murrizten ez badu.

3. Onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ikuskapenaren ondoren kudeatzaileak zehaztutako zenbatekotik kenduko da. Murrizketa ez da izanen laguntzaren zenbatekoa baino handiagoa.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak (1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren arabera), edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

7. Kontratazio publikoarekin lotutako arauak betetzen ez badira, Batzordearen abenduaren 19ko 9527 EE Erabakiaren (2013) eranskinean ezarritako portzentajeak aplikatuko dira. Horren bidez ezartzen eta onesten da zer jarraibide bete behar diren Batzordeak, kudeaketa partekatuaren markoan, Batasunak finantzatutako gastuei zuzenketa finantzarioak aplikatu behar izanez gero, kontratazio publikoaren arloan arauak betetzen ez diren kasuetan (ikus XIV. eranskina).

8. Xede berarekin beste dirulaguntzarik jaso bada eta ez bazaio horren berri eman Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari, laguntza osoa galdu eta itzuli eginen da.

22. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

Gerora bete beharreko konpromisoa ez betetzea laguntza ematen duen ebazpenaren ondorengo bost urteetan, jarraian zehaztuko diren irizpideen arabera mailakatuko da, laguntzak itzultzeko portzentajeak sortuko ditu, eta, kasua bada, legez ezarritako interesak gehituko dira:

a) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

b) Diruz lagundutako inbertsioa abeltzaintzakoa ez den erabilera batera aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

c) Diruz lagundutako inbertsioen erabilera etetea: laguntzaren %50 itzuli beharra. Hilabeteko epean erabilera berriro hasten ez bada, laguntzaren %100 itzuli beharko da.

d) Diruz lagundutako inbertsioen unitateak gutxitzea, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko baldintzak izaten direnean (1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan definitu dira baldintza horiek): gutxitutako unitateei dagokien laguntzaren %100 itzuli beharra. Hilabeteko epean unitateak berrezartzen badira, berrezarritako unitateen laguntzaren %50 itzuli beharko da.

23. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta gardentasuna.

1. Onartutako inbertsioak 808/2014 (EB) Erregelamenduaren III. eranskineko 2. puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, onuradunak behar diren publizitate neurriak hartuko ditu, hain zuzen ere aplikatzekoak diren Europar Batasuneko arauetan aurreikusitakoak eta arau haiek garatzeko arauetan edo arau haien transposizioa egiteko arauetan aurreikusitakoak.

2. Guztira 10.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duten eragiketen kasuan, eta finantzatutako eragiketaren arabera, informazio panel bat ezarri beharko du, eragiketari buruzkoa (gutxienez ere A3 –297x420– tamainakoa), non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean.

3. Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duen eragiketa baten kasuan, onuradunak azalpen-plaka zurrun bat ezarri beharko du (gutxienez ere A0 –841x1189– tamainakoa), proiektuari buruzko informazioarekin, non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela.

4. Onuradunak proiektuaren edo eragiketaren deskribapena egiten duen bereizgarri bat jarri beharko du, horren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, orri honetan dauden arau grafikoen arabera: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Harekin batera, goiburu hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: 2014-2020 aldian Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

5. Azkenik, laguntza hauen entitate onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2108789