144. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1951E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpena aldatzen duena. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen haren bidez, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sar daitezela errazteko dirulaguntzen deialdia onetsi zen. DDBN identifikazioa: 547585.

Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzea Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat da. “Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako programa-akordioa (2019-2023)” delakoan finkatutako helburuetako bat da berariazko neurriak sustatzea lan-eremuan kolektibo kalteberek aukera-berdintasuna izan dezaten. Koronabirusaren krisiak pertsona kalteberenen lan-egoera okertu du, lan-merkatuan berriz sartzeko zailtasunak areagotu egin zaizkielako. Langabeziaren areagotzeak, lan-merkatuaren ziurgabetasunak eta enpresen ezegonkortasunak lana lortzeko aukerak murrizten dizkiete zenbait kolektibori. Horregatik, pertsona horiendako lan-aukerak sustatzea, beren kontratazioa finantzatuz, oinarrizkoa da lan munduan berriz sar daitezen, bereziki egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean.

Politika publikoen ikuspegitik, desgaitasuna duten pertsonek bereziki garrantzizkoa den kolektiboa osatzen dute, bai kopuruarengatik, bai gizarte-inklusiorako behar duten laguntza espezifikoengatik. Gaur egun, balorazio zerbitzuen datuekin bat etorriz, 32.229 pertsonek daukate desgaitasun ziurtagiria (hau da, %33ko desgaitasun gradua edo handiagoa daukate), hau da, gure biztanleriaren %5ek baino gehiagok. Botere publikoek desgaitasunari buruzko politika zeharkakoak eta integralak bultzatu behar dituzte, desgaitasuna duten pertsonek politika publikoen alor guztietan dauzkaten beharrak kontuan hartuko dituztenak: osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, enpleguan, etxebizitzan, kulturan, aisialdian, parte-hartze sozial edo politikoan; izan ere, bermatu behar dute eguneroko bizitzako eremu guztietarako sarbidea, gainerako biztanleen baldintza berberetan.

2019an, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, Espainia osoan, desgaitasuna duten pertsonen datuak hauek ziren: %34ko aktibitate-tasa, %25,9ko enplegu-tasa eta %23,9ko langabezia-tasa. Zenbaki horiek oso urruti daude desgaitasunik ez dutenen zenbakietatik. Enplegu-tasa bereziki baxua da gaixotasun mentala dutenen artean, eta ezberdintasun handiak daude gizonen eta emakumeen artean.

Horiek horrela, bereziki garrantzizkoa da desgaitasunen bat daukaten pertsonen enpleguaren alde egitea ohiko lan merkatuan, haiek kontratatzea erraztuz eta kalitateko enplegua bultzatuz.

Hori dela eta, bidezkoa da deialdi hau aldatzea, desgaitasuna duten langabeekin lan prebentiboa egitea eta neurri zabalagoak hartzea posible izan dadin, kopuruak emendatuz eta behin-behineko kontratuei dirulaguntzak emanez, enplegua aurkitzeko epeak handiagoak izan daitezen.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Desgaitasuna dutenak lan merkatu arruntean sartzeko dirulaguntzak emateko deialdia aldatzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsia, ondoren esaten den moduan:

1.1.–2.1. oinarriak testu hau izanen du:

1. Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sustatzeko neurriak, enpresa arruntetan haiek kontratatuz, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat (haren bidez onetsi zen desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorra):

a.1) Desgaitasuna duten langileak denbora mugarik gabe kontratatzen dituzten enplegu-emaileek edo desgaitasuna duten pertsonekin enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek edo desgaitasuna duten pertsonekin izenpetutako prestakuntzarako kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek dirulaguntzak eskura ditzakete, 6.1 oinarrian ezartzen diren zenbatekoen arabera.

a.2) Desgaitasuna duten pertsonak aldi baterako kontratatzen dituzten enplegu-emaileek, kontratuak gutxienez 6 hilabetekoa eta lanaldiaren %50ekoa bada.

Zailtasun bereziak baldin badituzte lan merkatu arruntean sartzeko, eta zailtasun bereziak izanen dira garun paralisia, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna pairatzea, aitortutako desgaitasun maila %33koa edo handik gorakoa edukitzea, edo desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa %65ekoa edo handik gorakoa edukitzea, 6.2 oinarrian ezarritako zenbatekoak eskura daitezke.

Ondorio horietarako, azaroaren 29ko 2/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4. artikuluan aipatutakoak hartuko dira desgaitasuna duten pertsonatzat.

Desgaitasunaren maila eta, hala balegokio, mota egiaztatzeko, abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiko zaio, horretan ezarrita baitaude desgaitasuna duten pertsonatzat hartzeko irizpideak, abenduaren 2ko 51/2003 Legearen ondorioetarako.

b) Aurreko atalean kontuan hartutako kasuetan, kontratatzen den langile bakoitzeko, orobat, laguntzarako eskubidea izanen dute, lantokia egokitzeko, babes ekipoetarako edo oztopoak eta trabak kentzeko, 6.2 oinarrian zehazten diren zenbatekoekin.

1.2.–6. oinarriak testu hau izanen du:

6.1. Lan enpresa arruntetan desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko neurrietarako eta haien kontratazioa sustatzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoak honako hauek dira:

KONTRATU MOTA

ZENBATEKOA

Mugagabea

7.500

Mugagabe bilakatua

5.200

Aldi baterakoa

4.000 (*)

Kontratua emakume bati egiten bazaio, zenbatekoa %10 handituko da.

Kontratatu den pertsonak zailtasun bereziak baditu lan merkatu arruntean sartzeko, zenbatekoa %20 handituko da.

Kontratazio mugagaberako dirulaguntzen zenbatekoak, aurreko a) letran adierazitakoak, 2.000 eurotan gehituko dira, kontratazioa lehen langilea kontratatzen duten langile autonomoek egiten dutenean, edo desgaitasuna duten langileak lan-enklabe batetik datozenean. Azken kasu horretan, beharrezkoa izanen da enpresa laguntzaileak kontratazioa etenik gabe egitea, eta langilea enklabera itzuli zenetik gutxienez hiru hilabeteko epea igaro beharko da.

Halaber, gehikuntza berdina aplikatuko da desgaitasuna duten langileak enplegu-zentro berezietatik datozenean zuzenean, lan-enklabe batetik pasatu gabe, eta egiaztatzen dutenean urtebeteko antzinatasuna dutela enklabeetan, gutxienez, eta ez direnean pasatu hiru hilabete baino gehiago baja eman denetik enplegu-zentro berezian, baja emateko arrazoia edozein izanik ere.

(*) Zenbateko hori 12 hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratu bati dagokio. Iraupena edo kontratuari dagokion lanaldia laburragoa bada, zenbatekoa proportzionala izanen da.

Diruz lagungarriak izaten ahalko dira hasiera batean diruz lagundu diren eta iraupena 12 hilabetekoa baino gutxiagokoa zuten kontratuei egindako luzapenak. Gutxienez ere 3 hilabetez luzatuko da kontratua.

Luzapen horretarako eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi eta biharamunetik hasita.

6.2. Lanpostua egokitzea, babes pertsonalerako bitartekoak hornitzea edo oztopo arkitektonikoak kentzea: 2.340 euro arte.

Lanaldi partzialeko kontratuetan eta aldizkako langile finkoen kontratuetan, 1., 2. eta 4. puntuetako laguntzen zenbatekoa hainbanatuko da, benetan lan egindako denboraren arabera.

Hasiera batean mugagabeak diren lan kontratuen kasuan, bi enplegu-emailek edo gehiagok kontratazioaren egun berean egiten dituztenean, 1. eta 2. puntuetako laguntzen zenbatekoa hainbanatuko da enplegu-emaileen artean, benetan lan egindako denboraren arabera. Zenbateko hori ezin da gainditu kontratu guztien artean.

1.3.–8.1.1 oinarriak testu hau izanen du:

8.1.1. Kontratazio mugagabearengatik ematen diren laguntzen eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, kontratua hasi edo aldi baterako kontratua mugagabe bihurtu eta biharamunetik hasita, baldin eta gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren kargura izanen dira aurreko urteko azaroaren 1etik abian den urteko urriaren 31ra bitarte egindako kontratazioei edo aldaketei dagozkien eskaerak.

1.4.–9. oinarria aldatzea, honela:

Honela zioen tokian:

1.1. Desgaitasuna duten langileak mugagabe kontratatzeko eskaerak edo kontratuak mugagabe bihurtzeko eskaerak eredu normalizatuei jarraikiz aurkeztu beharko dira, ondoko dokumentazioarekin batera:

–Lan kontratu mugagabea, edo mugagabe bihurtutakoa, bai eta aldatu den aldi baterako kontratua eta haren luzapenak ere.

Honako hau behar du:

1.1. Desgaitasuna duten langileak kontratatzeko eskaerak eredu normalizatuei jarraikiz aurkeztu beharko dira, ondoko dokumentazioarekin batera:

–Aldi baterako lan-kontratu, edo mugagabea edo mugagabe bihurtutakoa, bai eta bihurtzen den aldi baterako kontratua eta haren luzapenak ere.

1.5.–Deialdiaren 16.1) eta 16.2) oinarriek testu hau izanen dute:

1. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

Kontratua garaia baino lehen bukatzen bada eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarrietan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.

Ezinbesteko kasuetan, borondatezko bajen kasuetan edo bidezko kaleratzeen kasuetan, dirulaguntzaren parte bat baizik ez da itzuli beharko, hau da, diruz lagundutako kontratazio mugagabean edo mugagabe bihurtzeko kontratazioan eskatutako hiru urteko epea betetzeko falta den denboraren araberakoa, berandutze-interesak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.i) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, non eta enplegu-emaileak ez duen pertsona hori ordezten, gehienez ere hilabeteko epean, desgaitasuna duen beste pertsona batekin. Ordezkatzaileari dagokion edozein inguruabarren ondorioz, dirulaguntza emandakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren eta hiru urteko epea betetzeko falta denaren arabera, berandutze-interesak barne. Ordezkapena Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.

Ondorio horietarako, ezinbesteko kasuak izanen dira Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluko e), f), g), h) eta i) ataletan ezarritakoak.

Bidegabeko kaleratzearen ondorioz uzten bada lana, ez da ordezkapenik eginen. Onuradunak itzuli beharko ditu emandako dirulaguntza eta berandutze-interesak.

2. Kontratazio mugagabearen kasuan, lanaldiaren ehunekoa gutxitzen bada hiru urteko epea bete aurretik, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren eta hiru urteko epea betetzeko falta denaren arabera, berandutze-interesak barne.

Lanaldiaren ehunekoa gutxitzen bada aldi baterako kontratazioaren diruz lagundutako epea bete aurretik, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren eta epea betetzeko falta denaren arabera, berandutze-interesak barne.

2.–250.000,00 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 28an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2109047