143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

555/2021 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntzen deialdi bat onesten baita, 2021. urterako, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko. DDBN identifikazioa: 566285.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 111/2016 Foru Aginduaren bidez (maiatzaren 11ko 165/2017 Foru Aginduak aldatu zuen), abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren.

Arau hau onetsi aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen Espainiako agintariek (Nafarroako Foru Komunitateak) igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.44606 (2016/XA) laguntza zenbakiarekin.

2020an, hasierako aurrekontua handitzearren, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek adierazi zuen Nafarroako Foru Komunitateak igorritako informazioa SA.59328 (2020/XA) laguntza zenbakiarekin erregistratu zuela.

Abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26.9. artikuluan kokatzen dira; izan ere, erregelamendu horrek nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Laguntzen araubide honek 2020ko abenduaren 31ra arte izanen du indarra, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat etorriz (erregelamendu horrek nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen du), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Aplikazio aldia gorabehera, kontuan harturik NPEa berritzeko legegintza prozedura ez dela bukatu, eta denbora pixka bat joan daitekeela esparru juridikoa onartu arte (horren ondoriozko ekintza eskuordetuak eta betearazleak barne), 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko abenduaren 8ko 2020/2008 (EB) Erregelamenduaren indarraldia (erregelamendu horren bidez 702/2014 (EB) Erregelamendua aldatu zen, aplikazio aldiari dagokionez).

Nafarroako Foru Komunitateak, ikusirik luzatu direla 2020ko abenduaren 31n iraungi ziren estatuko laguntzetarako tresna eta araubideak, behar den deialdia onetsi asmo du, 2021eko ekitaldiari begira, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, 2021. urterako, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko.

2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

4. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. Ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko, 130.000,00 euroko gastua baimentzea 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren partida honen kargura: “Nahitaez hildako umetarako behiak ordezteko laguntzak” izeneko 710004 71310 7700 412203 partida.

6. Deialdi honetan aplikatzekoak izanen dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 111/2016 Foru Aginduan aurreikusitako arauak; izan ere, agindu horren bidez abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren (foru agindu hori maiatzaren 11ko 165/2017 Foru Aginduaren bidez aldatu zen).

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 25ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2108704