143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKABARTE

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Ezkabarteko Udalak, 2020ko abenduaren 21ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Dirulaguntzen ordenantza orokorra.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 8an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, ordenantzaren onespena behin betikotzat jotzen da, eta haren testu osoa iragarki honen bidez argitaratzen da, dagozkion ondorioetarako.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

Ezkabarten, 2021eko maiatzaren 18an.–Alkatea, Pedro Lezaun Esparza.

EZKABARTEKO DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

ZIOEN AZALPENA

Publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.

Toki entitateek ematen dituzten dirulaguntzen esparru juridiko orokorra ezarrita dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Ordenantza orokor honen xedea da indarrean dauden legeei egokitzea dirulaguntzak emateko prozedura Ezkabarteko Udalean, horretarako ezarriz esparru orokor bat, Udalak alor desberdinetan onesten dituen deialdi guztiei aplikatzeko modukoa.

ARTIKULUAK

1. artikulua. Araubide juridikoa.

Ezkabarteko Udalaren dirulaguntzak arautuko dituzte, batetik, Ordenantza honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (aurrerantzean DLO) eta Dirulaguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan (aurrerantzean DLOren Erregelamendua) jasotako preskripzioek; bestetik, eman litezkeen ordenantzek edo oinarri espezifikoek, unean uneko udal aurrekontua betearazteko oinarriek, emakumeen eta gizonen berdintasunerako araudiak eta dirulaguntza horiei aplikatu beharreko gainerako arauek.

2. artikulua. Dirulaguntzen xedea.

Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat: Ezkabarteko Udalak emandako dirua, ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskura ditzaketen pertsonen aldekoa, betiere honako inguruabar hauek betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila (jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin bat gertatzea; eta onuradunari ezarritako betebehar material eta formal batzuk betetzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak izan behar du onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Dirulaguntzen kudeaketa printzipio hauen arabera egin beharko da: berdintasuna, diskriminaziorik eza, publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

4. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. DLOren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatu ahal badituzte, edo dirulaguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta DLOren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

4. Dirulaguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Ezkabarten egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematea nahiz jarduerak egitea, nahitaezkoa eta baztertzailea izan daiteke hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

5. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Entitate laguntzailetzat jo ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak (baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko organismo edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena), baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

2. Entitate laguntzaileen kaudimena egiaztatutzat joko da finantza-erakundeen aldeko txostena aurkeztuta, non eta ez den eskatzen deialdian bertan beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko.

3. Entitate laguntzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten jardueren zerrenda aurkeztuko da, ez bada deialdian beste bitartekoren bat jartzen.

4. Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoeran daudenak.

6. artikulua. Debekuak.

1. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin eta, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, dirulaguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea.

b) Konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtso-egoeran egotea, kontu-hartze judizial baten pean, edo desgaitua Konkurtsoari buruzko Legearen arabera, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartuak izan direnak, auziren batean erruduntzat joak izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak ez egotea Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean, ezta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean ere, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, galdu izana dirulaguntzak lortzeko ahalbidea, ordenantza honen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren, Tributuei buruzko Lege Orokorraren edo Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren arabera.

Ezin dira onuradun bilakatu ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

2. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

3. Artikulu honen 1. apartatuko b), d), e), f) eta g) paragrafoetan eta 2. apartatuan ezarrita dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute.

4. Artikulu honen 1. apartatuko a) eta h) paragrafoetan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarritakoa izanen da debekuaren iraupena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da iraupena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

5. Artikulu honen 1. apartatuko c) paragrafoan dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.

6. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bide hauetakoren bat erabili ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapena, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

7. artikulua. Xedea.

Diruz lagungarriak dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Euskara.

–Musika.

–Kirola.

–Hezkuntza.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Hirugarren adina.

–Osasuna eta gizarte-laguntza.

–Giza eskubideak, laguntza humanitarioa eta garapenerako lankidetza.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Turismoa.

–Jasangarritasuna eta ingurumena.

–Hirigintza eta industria.

–Herritarren partaidetza.

–Onuradun izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, Udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

8. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean tramitatuko da, esan nahi baita, aurkezten diren eskaerak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza adjudikatuko zaiela, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

Banakako ebaluazioaren sistemaren bidez eman ahal da dirulaguntza; haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko, eta aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

Ezkabarteko Udalak dirulaguntzak emateko irizpide orokor gisa balio dezakete, besteak beste, honako hauek:

a) Dirulaguntza eskatzen duenaren ahalmen ekonomikoa.

b) Proiektuaren bideragarritasuna.

c) Ekintzaren justifikazioaren, jarritako helburuen eta proposatutako jardueren arteko koherentzia.

d) Jardueraren edo proiektuaren sormena, prestatze maila, berrikuntza, originaltasuna eta interesa.

e) Proiektuan genero-ikuspegia kontuan hartzea.

f) Proiektu edo jardueratik eratorritako ondorioen iraunkortasun-maila.

g) Beste entitateekiko koordinazio eta lankidetza maila.

h) Esperientzia izatea antzeko proiektuetan.

i) Entitatea zenbat kidek osatzen duten eta jarduerak zenbateko eragin soziala duen, jarduera horietan izena eman duten partaideen kopuruaren arabera.

j) Pertsona edo erakunde onuradunaren gaitasun teknikoa, antolakuntzazkoa eta kudeatzekoa.

k) Proiektua zer neurritan egokitzen zaien baldintza sozialei, kulturalei edo dagokion garapen-esparruko beste baldintza batzuei.

l) Kalitate teknikoa.

m) Kalitate artistikoa.

n) Dirulaguntza eskatzen duen pertsona edo entitatea autofinantzatzeko gai izatea eta finantzatzeko beste funts batzuk edukitzea.

o) Programatutako proiektuaren edo jardueren jarraipena eta ebaluazioa.

p) Iritzi publikoaren sentsibilizazioari egiten dion ekarpena.

q) Jardueren erabilgarritasun maila Ezkabarteko biztanleentzat.

r) Proiektu edo jardueraren garapenean parte hartzen duten boluntarioen portzentajea.

s) Proiektuak edo jarduerak laguntzen ote dien biztanleria-hartzailearen bizi-kalitatearen hobekuntza ekar dezaketen prestakuntza edo heziketa alderdiei.

t) Diruz lagundutako jardueraren hartzaile den biztanleriaren partaidetza aktiboa.

2. Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez, eta horren bitartez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ere onetsiko dira, DLOren 23. artikuluaren arabera.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean dagokien gastua baimendu beharko da.

3. Deialdia publikoa izanen da.

Dirulaguntzen deialdiak denbora nahikoarekin argitaratu beharko dira pertsona edo entitate onuradunak behar adinako denbora eduki dezan jarduera eraginkortasunez garatzeko eta ondorengo justifikazioa egiteko. Beharrezkoa bada, aurreko aurrekontu-ekitaldian emanen zaio hasiera espedienteari, DLOren Erregelamenduaren 56. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

4. Oinarriak argitaratu ondoren, dirulaguntzetarako eskabideak aurkeztu ahalko dira deialdian horretarako zehaztutako eredu normalizatuaren bidez, oinarriak eskatzen dituzten agiriekin batera. Eskabideak aurkezteko epea dagokien deialdietan zehaztuko da eta ezin izanen da 20 egun naturaleko epea baino laburragoa izan.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, halakorik egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egin diola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera aurretik ebazpena emanda, Lege beraren 68. artikuluan agindutakoari jarraituz.

5. Eskaerak aurkeztuta, honela jokatuko da:

a) Instrukzioa egiten duen pertsonak (oinarri arautzaileek adieraziko dute zein den) eskaeren balorazio txostena eskatuko du, kasuan kasuko dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan edo deialdian ezarritako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Kide anitzeko organo batek eginen du balorazio hori; hura oinarri arautzaileetan adierazten diren kideek osatuko dute. Kide anitzeko organoak instrukzioa egiten duen pertsonari txostena igorriko dio; hartan zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza.

b) Instrukzioaz arduratzen den pertsonak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, behar bezala arrazoitua. Organo horrek hamabost eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

c) Ebazpenak honako hau adierazi beharko du:

–Dirulaguntza hartzeko proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera hau jakinaraziko die interesdunei, haiek onartuz gero, administrazio organoak emakida egintza berri bat eman dezan.

–Jarduera bat finantzatzeko helburua duten dirulaguntzetan, emakida ebazpenek zehaztuko dute haiek zein epetan garatu behar diren, kontuan izanik, hala badagokio, pertsona edo entitate onuradunak egindako proposamen edo lanen programa eta aurrekontu-kredituen behin-behinekotasunetik eratorritako mugak.

–Zein errekurtso jar litezkeen beraren kontra, errekurtso horiek zein organo administratibo edo judizialen aurrean aurkeztu behar diren eta haiek jartzeko epea, kalterik egin gabe interesdunek egoki deritzoten beste edozein errekurtso jartzeko ahalmenari.

Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Administrazioaren aitzinean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Dirulaguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa dakar. Deialdietan aurreikusten ahalko da ezen, baldin-eta dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren helburua den zenbatekoa baino, azken zenbateko hau onuradunen artean hainbana dadila doitutako proiektuen aurrekontuen edo onartutako programen proportzioan, betiere dirulaguntzaren baldintzak, helburu eta xedea aldatu gabe. Hala ere, onuradunak edo proiektuak, bakoitzak bere aldetik, jaso beharreko kopurua nahikoa ez bada dirulaguntzak eraginkorrak izateko, ez da hainbanaketarik eginen.

6. Dirulaguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, sei hilabete izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izan ahalko da lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europako Batasunaren araudian horrela jasotzen bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat jo beharko da.

7. Dirulaguntza emateko ebazpena publikoa izanen da. Ez da beharrezkoa izanen onuradunaren datuak argitaratzea baldin eta, dirulaguntzaren helburuaren arabera, pertsona fisikoen ohorea, beraren eta familiaren intimitatea ez errespetatzea edo ez babestea ekar badezake, bat etorriz Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan xedatutakoarekin, eta bere araudi erregulatzailean hala ezarrita badago.

9. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea.

Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

1. Udalaren aurrekontu orokorrean beren izenekin datozenak.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, dirulaguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako dirulaguntzak; horiek onuradunarekin sinatutako hitzarmen bidez gauzatuko dira, hartan, honako hauek zehaztuko beharko direlarik: dirulaguntzaren xedea eta haien onuradunak, aurrekontuko diru-izendapenaren arabera; gastua aurrekontuko zer kredituri egozten zaion eta dirulaguntzaren zenbatekoa; bateragarritasuna beste administrazio publikoek edo Europar Batasunak ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerekin; dirulaguntza ordaintzeko epeak eta modua, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, baita onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea ere; dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako funtsak aplikatu direla frogatzeko onuradunak dituen epea eta modua.

2. Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3. Salbuespen gisa, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

10. artikulua. Urte anitzeko dirulaguntzak.

Ezin da baimendu dirulaguntzak deitzea, gastua egozten bazaio laguntza horiek emateko ebazpena adierazi ondorengo ekitaldiei (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 225. artikulua).

11. artikulua. Aurretiazko tramitazioa.

1. Deialdia onar daiteke horren gaineko ebazpena egiten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldi batean, gastua betearazten bada dirulaguntza ematen den urte berean, eta honako inguruabar hauetako bat betetzen bada:

a) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa egon ohi bada, dena delako gastua aurrekontu bidez estaltzeko.

b) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa baldin badago hurrengo ekitaldiari dagokion aurrekontu proiektua egiterakoan; bertan gastu konpromisoa hartuko da, dirulaguntza emateko ebazpena onestearen ondorioz.

2. Kasu horietan, deialdian agertzen den gehieneko zenbateko osoa zenbatetsia izanen da; horregatik, laguntza hori ematea ebazterakoan, bertan adierazi beharko da espresuki dirulaguntzak ematea kreditu egokia eta behar adinakoa izatera baldintzatua dagoela. Aurrekontu orokorrean onetsitako aurrekontu kreditua hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa den kasuetan, organo kudeatzaileak erabakitzen ahalko du deialdiari hori aplikatzea edo ez, ebazpenaren aurretik dagokion gastu espedientearen izapideak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3. Deialdiaren aurretik tramitatzen den gastu espedientean, behar adina kreditu dagoela egiaztatzen duen agiria ordeztu eginen da kontu-hartzailetzaren ziurtagiri batekin; bertan agertuko da artikulu honen 1. apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat badela.

4. Gastu espedientean emandako tramite egintza guztien ondorioak honen arabera baldintzatuak daude; laguntza ematea ebazterakoan, ekintza horiek egin zirenean zeuden egitatezko eta zuzenbidezko inguruabar berberek iraun behar dute.

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

1. Dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

2. Udalaren aurrean frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

3. Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egin ditzaketenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketei buruz eska diezaioketen informazio guztia ematea.

4. Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Udalari.

5. Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak egunean dituztela frogatzea.

6. Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatu ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

7. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

8. Behar bezala iragartzea finantzazio publikoa izan dutela dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek.

9. Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da jasotako dirua.

13. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Dirulaguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, honako agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren memoria.

c) Justifikazioko kontua, jatorrizko fakturekin edo gastua justifikatzen duten fakturen fotokopia konpultsatuekin batera, eta dagokion ordainketaren egiaztagiriekin batera. Fakturak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak izan daitezke, dagokion deialdian hala zehazten bada.

Justifikazio ekonomikoaren ordez, kontu-ikuskari akreditatu batek egindako kontu-ikuskatzea aurkez daiteke, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Ezkabarteko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako dirulaguntzarik ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, baita zer erakundek eman dituen ere; orobat adierazi beharko da Udalak emandako dirulaguntzak, bestelako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Betiere, deialdien oinarrietan zehaztuko da aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

2. Dirulaguntza arautzen duen oinarri bakoitzak ezarri ahal izanen du konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera. Aukera hori espresuki adierazi beharko da dirulaguntza arautzen duen deialdian:

–Konturako ordainketak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egin ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatituak izan daitezke, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahala, eta aurkeztutako frogagirietako zenbatekoa ordainduko da.

–Ordainketa aurreratuak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, ordainketa aurreratuak ere egin ahalko dira, hau da, gastua frogatu aitzin dirua ematea, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa. Oinarri arautzaileek aurreikus dezakete emandako funtsen gaineko bermeen araubidea.

14. artikulua. Laguntza itzuli beharra.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta DLOren 38.2 artikuluan finkatutako zenbatekoaren arabera, DLOren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

15. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean norberaren diruarekin finantza dadila eskatzen ahalko da dirulaguntza arautzen duten oinarrietan. Diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan norberaren dirua jarri dela frogatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan aplikatu izana zehaztuko dira.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

3. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, baldin eta dirulaguntzari buruzko arauetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

16. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzen publizitatea DLOren 18. eta 20.8 artikuluei jarraituz eginen da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta Estatuko 19/2013 Legean ezarritakoa alde batera utzi gabe.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoak dira.

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza honek jasotzen ez duen guztian aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua ere.

Azken xedapenetako bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2108667